Sergio Cortés, Cink aholkularitza etxearen sortzailea (sare sozialak optimizatzeko aholkuak ematen dizkie enpresei)

"Koherentea izan behar da argitaratzen denarekin, eta gure gardentasun maila kudeatzen jakin"

1 otsaila de 2015
Img entrevista listado 997

Nola aldatu digute bizimodua sare sozialek?

Aldaketa nagusia da asko zabaltzen dituztela gure harreman sozialak eta pertsonalak: orain askoz jende gehiago ezagutzen dugu eta lagun berriak egiten ditugu, nahiz eta ez diren oinarritzen aurrez aurreko harremanean eta hurbiltasun fisikoan. Bestalde, Interneteko handitasun neurrigabe horretan, harreman horiek lagundu egiten digute bizi dugun espazio digital hori testuinguru batean sartzen. Orain kontua ez da bilaketa batean informazio masiboa jasotzea, orain zure solaskideei galde diezaiekezu edo entzun egin dezakezu haiek ere Interneten jasotzen dutena. Solaskide guztien artean, iragazki bat egiten dugu gaininformazio digitalarentzat.

Hobeki informatuta al gaude iragazki horri esker?

Bai, izan ere aukera ematen digu bahetzeko zer informazio komeni zaigun jakitea edo interesatzen zaigun infozabor guztiaren artetik, bestela agian ez baikenuke modurik izango informazio hori eskuratzeko. Besterik da sareetan iristen zaigun informazioaren sakontasunaren gaia. Egia da hemendik pixka bat irakurtzen dugula eta handik beste pixka bat. Lehen, paperezko egunkari batean, goitik behera irakurtzen genuen guztia, baina kontua da informazio kopurua oso mugatua izaten zela gaur egun daukagunaren aldean. Ez nuke jakingo esaten hobeki informatuta gauden, baina informatuagoak gaudela bai.

Erabaki burutsuagoak hartzen al ditugu?

Printzipioz, bai. Gure solaskideek egiten dutenari buruzko informazioaren iragazki lanak aukera ematen digu argiago jakiteko zer nahi dugun edo zeren bila gabiltzan, eta, gainera, errazago kontrastatu ditzakegu hainbat iturri. Gero, norberak iruditzen zaion bezala aztertzen du informazioa, baina tresnak berdinak dira guztientzat.

Ona al da informazio pertsonala partekatzea?

Ikusi egin behar… Gai polemikoa da. Koherenteak izan beharra dago argitaratzen dugunarekin, eta jakin egin behar da eduki nahi dugun gardentasun maila kudeatzen, zeren, bestela, arriskuan egon baikaitezke, gure bizitza aztoratzeraino. Baina, halaber, ohartu behar dugu sare sozialetan, era batera edo bestera, edukiak partekatzen direla, izan esperientziak, izan emozioak edo izan informazioak. Ez bazaude prest zure bizitzari edo pentsatzen duzunari buruzko deus partekatzera, ez du zentzu handirik sare sozial jakin batean egoteak.

Zein da modurik onena sare sozialei etekina ateratzeko, haren alde ilunak kalterik eragin gabe?

Alde iluna esaten badiogu pribatutasuna galtzeari edo iristen zaigun informazioa axaleko izateari, horrek ez du konponbiderik. Lehenbizi, ongi hautatu zure solaskideak: zaletasunen arabera, baina baita lortu nahi duzun informazioaren arabera ere. Horregatik, komeni izaten da solaskide batek zer esaten duen entzutea eta horren arabera erabakitzea onartu nahi duzun edo ez. Bigarrenik, saiatu jabetzen zer-nolako sareetan zabiltzan; bakoitzaren testuinguruan jokatu, eta ez guztietan berdin eta modu automatikoan guztietan. Horrek balioa eransten du. Hirugarrenik, ongi aztertu zer saretan sartzen zaren eta, batez ere, argi eduki nola erabiltzen duten zure informazio pertsonala. Ondoren, erabaki zer argitaratu dezakezun eta zer ez zure jarraitzaileak kontuan hartuta, zure informazioa nori irits dakiokeen aztertuta, eta abar.

Sare sozialetan botatzen diren iritziak off-line gizartearen isla dira edo ñabardurak egin behar zaizkie?

Off-line eta on-line dagoen gizarte bat baino gehiago, esango nuke gure nortasunaren dimentsio berri bat dela, gu mugitzeko eremu berri bat, ez oso desberdina gimnasiotik, zaletasunetatik, lanetik, familiatik… Gu garenaren isla dira, mundu digitalaren berezitasunekin, non dena alderik alde dabilen joan-etorrian eta eferbeszentzia handia hartzen duen, baina bada, era berean, dena oso azkar jaisten den lekua eta nolabait garrantzia galtzen duena.

Sare sozialek erakusten al dute, nolabait, nolakoa izango den etorkizuneko gizartea?

Bai, gure ohiturak aldatzen ari diren heinean, informazio-ohiturak, kontsumokoak, komunikatzekoak, lanekoak eta beste asko. Gainera, gero eta leku gehiago hartzen dute gure egunerokoan, eta, hori dela eta, funtzionatzeko duten modu berezi horrek harrapatu egingo du era batera edo bestera gure gizarte-jokabidearen osotasuna.

Izan al daitezke gaur egungoa baino gizarte antolaketa handiagoa lortzeko oinarria?

Bai, nahiz eta zaila den nola jakitea. Ez nago seguru demokrazia zuzena, erabakigune publikoak, gobernatzeko gune parte-hartzaileak edo denbora errealean funtzionatzen dutenak eta gisako lorpenak gauzagarriak ote diren gauetik goizera; agian, bideragarriak ere ez dira izango. Baina sareek asko lagundu dezakete gizarte egiturak hobetzen alderdi askotan, hain muturreko kontzeptuetara iritsi gabe. Hain zuzen, egun erabiltzen dira elkartasuna sustatzeko, hondamendietan komunikazioa zabaltzeko, enpresei erreklamazioak egiteko eta baita enpresa proiektuentzat finantzaketa bilatzeko ere.