LANALDI JARRAITUA EDO ETENA

Jordi Garcia Viña, Lan Harremanen arduraduna Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioan (CEOE)

"Lanaldi etenak sendotu egiten ditu langileen arteko loturak eta saihestu egiten du nekea"
1 otsaila de 2019
Img entrevista 2 listado 425

Lana eta familia bizitza bateratzeko zereginean, Finlandia eta Suedia ageri dira herrialdeen buruan. Atzeko aldean, berriz, Espainia, Letonia eta Portugal daude, halaxe dio Europako Familiaren Bilakaera izeneko txostenak, Familiako Politikaren Institutuak eginak. Lanean beharrezkoa al da lanaldi etena?

Arlo eta enpresa bakoitzak bere berezitasunak ditu. Ez da gauza bera aisialdiari, merkataritzari edo turismoari lotuta dauden arloetan bilatzea bateratze neurriak -horietan bezeroek edo kontsumitzaileek beren eskakizunak ezartzen dituzte ordutegietan-, edo bulegoen edo industriaren arloan egitea, horietan autonomoagoa izan baitaiteke enpresaren planifikazioa. Lanaldi etena beharrezkoa da jarduerak berak hala eskatzen duenean.

Estatuan, langileen %82k lan eta ordutegi zurrunegiak dauzkate. Ba al da modurik lanaldi etena seme-alaben ordutegira egokitzeko haiek eskolak eta jarduerak goiz eta arratsalde dituztenean?

Eskolako eta laneko ordutegiak bateratzea errazagoa izan daiteke herri txiki eta ertainetan, denbora gutxiago behar izaten delako joanetorrietan, eta elkarrengandik hurbilago egoten direlako lantokia, eskola eta etxea. Kasu horietan, egiaz uste dut lanaldi etenak erraztu egin dezakeela ordutegiak bateratzea.

Lan astea 35 eta 40 ordu artekoa da Espainian, eta horrek esan nahi du egunean zortzi ordu direla lanerako, eta beste bat edo bi bazkaltzeko. Herbehereetan eta Danimarkan, berriz, 29 eta 34 artekoa da. Arratsaldeko zazpietan aterata, zaila da seme-alabei kalitatezko denbora eskaintzea.

Bat eta bestea bateratzeko garaian, interes bat baino gehiago sartzen da tartean: langilearenak, haren bikotekidearena eta familiarenak, guztiz zilegi direnak, eta enpresaren ardurak. Baina kontuan hartu behar dira haren lankideenak ere, era batean edo bestean bete egin behar baitituzte besteari utzitako denborak. Eta bezeroen edo kontsumitzaileen interesak ere hor daude: haiek espero dute ordutegi malguagoekin eskainiko dietela arreta eta ordutegi zabalagoak izango dituztela. Enpresarekiko komunikazioa da gakoa, eta interes guztiak bateratzeko irtenbideak bilatzea. Hori bai, enpresa edo arlo bakoitzaren berezitasunen barrenean.

Enpresa txiki eta ertainek eta ordutegi komertziala duten negozioek ba al dute modurik lanaldi etenaren ohiturak aldatu eta lanaldia ordutegi erdi-jarraitu batean biltzeko?

Nahiz eta denak jabetzen diren zein garrantzitsua den bizitzako alderdi horiek bateratzea eta nahiz eta irtenbideak bilatzen dituzten hala izan dadin, mikroenpresa batek edo enpresa txiki-ertain batek ez dauka enpresa handi batek adinako baliabiderik eta tarterik bateratzearen inguruan sortzen diren egoerei aurre egiteko.

Index of Economic Freedom txostenaren arabera (Heritage Fundazioak egina da), laneko ordutegien askatasunari edo malgutasunari dagokionez, Espainia 22. lekuan ageri da EB-n eta 126. ean munduan. Lanaldi jarraitua orokortu al daiteke urte guztirako eta enpresa guztientzat?

Ez, ez dago irtenbide bakar bat arlo eta enpresa guztientzat, ezta langile guztientzat ere. Lan hitzarmenen bidez edo enpresarekin adostuz lortu behar da enpresa eta langilea ados jarri eta lanaldia malgutzea, telelanean aritzea eta bestelako akordioak egitea.

Eta enpresari zer-nolako onura egiten dio lanaldi etenak?

Besteren artean, erraztu egiten du beste konpainia eta profesional batzuekiko bateragarritasuna, baita ordutegi desberdinak dituztenean ere. Gainera, bazkaltzeko egiten diren geldialdiak baliagarriak izan daitezke loturak sendotzeko langileen artean, eta horrek giro ona sortzen du lantokian.

Frantzian, produktibitatea %27 handiagoa da Espainian baino, eta han 35 orduko lanaldia daukate (5 ordu gutxiagokoa). Ordu gehiagoan lan eginda gehiago produzitzen al da?

Ez, bistan da lan gehiago egiteak beti ez dakarrela gehiago produzitzea. Lehentasuna da denbora eraginkortasunez kudeatzea eta jarritako helburuak betetzea.

Zenbait adituk dio lanaldi hori kaltegarria dela langileen osasunerako, errazagoa delako estresa edukitzea, ez duelako behar bezain ongi atseden hartzen edo zaila izan daitekeelako kirola egiteko tarte bat aurkitzea.

Egiaz, lan mota kontuan hartuta, joan-etorrietako denbora eta norbanako bakoitzaren egoerak, beti aurki ditzakegu argudioak lanaldi jarraituaren alde edo etenaren alde. Nire aholkua da enpresarekin negoziatu eta irtenbiderik egokiena bilatzea.

Langileen ongizatea eta motibazioa Europan izeneko txostenak esaten du (Edenred eta Ipsos etxeek argitaratu dute) Espainian lau herritarretatik bat kezkatua dagoela laneko ordutegiarekin. Eta %41ek esaten dute ez daudela pozik lan bizitzaren eta bizitza pertsonalaren orekarekin.

Egin diren aurrerapenak eta ahaleginak eginagatik ere, oraindik ere bide luzea dago alderdi horiek egoki bateratzea lortzeko. Eta lortuko bada, ez da aski enpresen konpromisoa, administrazioena ere behar da, eta behar adina zerbitzu jarri behar dute hezkuntza arloan, eta berdin adingabeei eta mendekotasunak dituztenei arreta eskaintzeko ere; horiek, gainera, edozeinek ordaintzeko modukoak izan behar dute, eta laneko ordutegiekin bateragarriak.

Langileen motibazioa eta laneko produktibitatea lanaldi motaren araberakoa da bakarrik (jarraitua edo etena), edo badira eragin dezaketen beste faktore batzuk ere?

Ez, eragina izaten dute lan baldintzek ere, langileen itxaropenek eta ahaleginaren eta bikaintasunaren kulturarekin zerikusia duten heziketa faktoreek eta faktore sozialek.

BURU-GORPUTZAK ASKATZEKO 3 IDEIA
  1. Jar zaitez sasoian. Eguerdiko tartea oso luzea dela ikusita langile askorentzat, gimnasioak eta osasun etxeak hasiak dira 45 minutuko saio intentsiboak eskaintzen, izerdia atera, dutxa bat hartu eta bulegora itzuli behar duenarentzat. Badira arte martzialetako saioak, yoga egitekoak edo bihotzhodiak lantzekoak.
  2. Eman arnasaldi bat buruari. Meditazioak lagundu egiten du lasaitzen eta deskonektatzen, endorfinak sortzen ditu eta murriztu egiten du arteria presioa. Inora joan gabe, aplikazio batzuek aukera ematen dute zauden lekuan ikasi eta praktikatzeko. Baita laneko geldialdian ere. Headspace izenekoa da ezagunenetakoa, baina badira gehiago: gaztelaniaz, Intimind eta Meditation Now daude.
  3. Ihes egin: buruak eskertuko dizu. Ikerketek diote buruari noraezean ibiltzen uzteak eta norabide finkorik gabe oinez ibiltzeak onura psikologiko asko izaten duela. Nahitaez egin beharreko geldialdi horri probetxua ateratzea da kontua, ezer egin gabe gozatzeko. Beste proposamen bat: ireki ezazu Guy DeBord frantziar filosofoaren liburu bat (psikogeografiaren asmatzailea da), eta haren oharrei jarraituz, egin ezazu ibilaldi bat noraezean.