Jeroni Boixareu, Kataluniako Liburu-saltzaileen Gremioko lehendakariordea

"Jendea prest dago objektu fisiko bat hiru aldiz gehiago ere ordaintzeko, eta ez birtual bat"

1 uztaila de 2012
Img entrevista listado 801

Liburu-saltzaileek nola begiratzen diozue mundu digitalerako trantsizioari?

Oro har, une zailean gaude; jabetu gara formatu berrietara egokitu behar dugula, baina zalantza handiak sortzen dizkigu etorkizunak. Badakigu liburu elektronikoa izango dela gure sektorearen etorkizunaren zati handi bat, baina gaur egungo fakturazioak ez dira hain handiak ere, eta ezin erabateko apusturik egin horren alde. 2010. urtean, sektoreak egindako fakturazioaren % 2 soilik izan zen, eta datozen urteetan % 3 eta % 5 artean ibiliko dela uste dugu. Indartsu hedatzen ari den formatua da, baina ez negozio-eredua iraultzeko bezain indartsu. Arlo digitalean buru dabiltzanek esaten dutenez, zerbitzari bat erostea, web-orri bat egitea, kopien aurkako sistemak jartzea… lokal bat alokatzea bezain garestia da ia.

Lehen adina liburu saltzen al duzue?

Ez, jaisten ari da, baina krisiaren eraginez.

Antzeman al duzue papera atzera egiten ari dela ‘e-book’-aren eraginez?

Papera atzera egiten ari da eta formatu elektronikoaren salmentak ugaritzen ari dira, baina kopuruak oraindik ez dira adierazgarriak. Ameriketako Estatu Batuetan bai, egonkortu egin da liburu digitala, eta fakturazioaren % 20 ere hartzen du zenbait kasutan, baina hemen goiz da oraindik. Dena den, arrasto ona da norantz goazen jakiteko.

Egunetik egunera gero eta liburu-denda gutxiago daude hirien erdigunean. Interneten eragina da hori ere edo presa gehiegirekin bizi garelako?

Nire aitak beti esaten zuen etxe sail honetan zortzi liburu-denda eta kafetegi bat zeudela lehen. Gaur, berriz, liburu-denda bat eta zortzi kafetegi daude. Presaka bizi gara, eta hori antzeman egiten da gure irakurketa-ohituretan.

Zerk bultzatzen du irakurle bat paperezko liburua erostera eta ez digitala?

Iruditzen zait erabiltzaile-esperientzia guztiz desberdina dela formatu batean eta bestean. Bestalde, frogatuta dago paperean erosoago eta kontzentratuago irakurtzen dela. Eskandinaviako zenbait unibertsitatetan egin dituzten ikerketek esaten dute paperezko edukiak hobeki barneratzen direla pantailakoak baino, elementu gutxiagok galarazten digutelako arreta eta ikusmena gutxiago bortxatzen dugulako. Gainera, pantailak ez du eskaintzen paperak ematen duena, zentzumenen bidezko kultura hori, zentzumenetatik sartzen dena, usaindu egiten dena, ukitu…

Aldatu egingo al da kultura ulertzeko modua?

Paperean, liburua eduki egiten da, eta liburu digitalean, liburura sartu. Ez da gauza bera, eta ondorioak ere baditu, ongi kuantifikatuak: jendea prest dago objektu fisiko bat hiru aldiz gehiago ere ordaintzeko, eta ez birtual bat. Edukia berbera da, baina gure garunak uste du birtualak gutxiago balio duela.

Hau da, balio gutxiago ematen zaio kulturari formatu digitalean.

Ez nuke esango balio gutxiago ematen zaionik gertakari kultural gisa, baina bai objektu gisa, jabe bat, egile bat duen sorkari gisa. Iruditzen zaigu formatu digitalean dagoen lanak ez daukala jatorri zehaztu bat eta, azkenerako, ez dugu ulertzen zergatik ordaindu behar ote dugun gorputzik ez duen zerbaiten truke. Baina atzean bada egile bat, sortzaile bat. Birtualtasunak, nire iritziz, pirateria digitala sustatzen du, jendeari iruditzen baitzaio lan horri ez dagokiola jartzen zaion prezioa.

Jende asko kexu da paperezko liburuek BEZ murriztua dutelako, % 4koa, eta digitalek, aldiz, % 18koa…

Objektu kulturalei ezartzen zaizkien zergak direla eta, nik gure bezeroei ematen diet arrazoia. Nire ustez, zerga zenbat eta txikiagoa, hainbat hobeki, objektu kulturalek balio erantsi garrantzitsuak ematen dizkiote-eta gure gizarteari. BEZa aipatu duzunez, ohartxo bat egingo dizut: paperezko liburuen zerga Espainian geratzen da, baina Amazonek saltzen dituen liburuan BEZa Luxenburgora joaten da…

Desagertu egingo ote dira paperezko argitalpenak eta, horrekin batera, liburu-saltzailearen lanbidea?

Liburu-denden merkatua asko murriztuko da. Handientzat errazagoa izango da jarraitzea, baina ertainok eta txikiok batu egin beharko genuke plataforma batean, eta Amazonekin, Googlerekin edo Applerekin lehiatu… Dena dela, datu interesgarri bat nabarmendu nahi nuke: Ameriketako Estatu Batuetan, liburu-denda fisiko gehien desagertu ziren lekuetan, izugarri apaldu zen liburu digitalen salmenta. Kalean paperezko libururik ikusi ez, eta jendeak erosteari utzi zion. Agian, eredu misto bat ikusiko dugu, non liburu-denda fisikoak izango diren eta Sarean erosteko aukera ere bai.