Blanca Ruiz López, "Red Acoge" elkarteko koordinatzailea

"Inmigranteak lana bilatzeko utzi du herria, ez arazoak ekartzeko"

1 apirila de 2005
Img entrevista listado 345

Red Acoge delakoak urte mordoa darama inmigranteen harrera munduan, Espainiako inmigrazioaren bilakaeraren lekuko behinena da: nolako aldaketak nozitu ditu hastapenetik egun arte?

Sare hau 1970 inguruko giro nahasi eta korapilatsuan hasi zen ehuntzen: beraien artean antzekotasun gutxi izan arren, kristau elkarteek eta ezkerreko mugimenduek sentsibilitate eta asmo berbera agertzen zuten, baliabiderik gabe Espainiara iristen ziren inmigranteei harrera egitearen aurrean. Horrek horrelaxe segitzen du eta, egun ere, desberdintasun ugari dagoen arren -zortzigarren eta bederatzigarren hamarkadetako migrazioen artean edo, areago, azken bost urteotan gertatu direnen artean, batez ere-, babes gabeziaren ondoriozko zailtasunak beti-beti antzekoak direnez, aurreneko uneetan babesa agertu eta laguntza emateko premia lehenesten da. Kontua da, hitz batez, arazoei konponbidea ematea, gorabehera politikoak zeinahi direla ere, eskakizunetara begira baina, aurki gizarte horretako kide izango diren (beraz, oraintxe emango zaien laguntza gizarteari itzuliko dioten) pertsona horiei prestazioak zerbitzu publikoek eman diezazkieten saiatuz. Zuloak tapatzea dugu lana, ados, baina Administrazioa zulo horiek betetzeko gauza denean ez dugu bere lehiakide izan nahi. Horregatik espezializatu gara, adibidez, zerbitzu juridikoen eskaintzan: horrelakorik ez baitute erakundeek bideratzen.

Geroz eta arazo kezkagarriagoa da inmigrazioa: zergatik hautematen dugu horren irudi negatiboa?

Akatsa hartu dugu abiagune: oraintxe inmigrazioa iritzi publikoaren objektu da lanabes politiko bihurtu duelako norbaitek. Europako beste hainbat herrialdetan bezala, 2000 urteaz geroztik, inmigrazioa hauteskundetako arma gisa baliatzen da, inmigrazio irregularra eta delinkuentzia loturik daudeneko ideia transmititzen hasi zaio gizarteari, kartzela-munduko datuek horrelakorik erakusten ez duten arren. Horrek berebiziko kaltea eragiten dio inmigrazioari eta, azkenean, fenomenoa arazo bihurtzen da, jendearen iritziz.

Ba al da lotura zuzenik delinkuentzia eta legez kanpoko inmigrazioaren artean?

Lotura hori hasiera-hasieratik ukatu zuten erakunde sozialek eta horrela onartu dute atzenean maila goreneko estamentu politikoek ere. Delinkuentziaren parterik handiena bazterreko sektore sozialekin dago lotua baina horrek ez du zuzeneko zerikusirik -are gutxiago, izaerazkorik- inmigrazioarekin. Inmigrante gehien-gehienak sorterritik lana bilatzera irten dira, ez arazoak inora eramateko. Aukera hauxe baliatu nahi nuke garrantzi handiko zerbait argitzeko: estatistika batzuek Poliziak eginiko atxiloketei buruzko datuak ezagutarazten dituzte, delinkuentzia-kasuak kontabilizatzeko xedez, baina atxiloketa eta zigor judiziala, edo prozedura judiziala, arras gauza desberdinak dira. Pertsona bat Espainian izatea legeztatzen duten paperak ez edukitzearren irekitako kanporatze-espedientea kausa poliziala dira baina horrek ez du inongo zerikusirik delitu zibil edo penalak egitearekin. Lege-hauste administratiboa izango da, gehienez ere, gaizki aparkatzearren isuna ez ordaintzea bezala, alegia: horrek ez zaitu delinkuente egiten, ez zaitu harrera egin dizun gizarte horrentzat arriskutsu bihurtzen.

“Nahiz bestelako migrazioa” esakunea darabil zure sareak. Abiagunea bera negatiboa izaki, nola bihurtu itxaropentsu?

Bere ingurunean geratzeko aukera duen edonork horixe hautatzen du. Abenturazaleen kasuan izan ezik, joera naturala sorterrian jarraitzea da; inmigranteak, berriz, europar ametsa du lorbide, jaioterrian erdiets dezakeena baino bizimodu hobearen -hainbat mailatan: errenta, segurtasuna, hezkuntza, osasuna…- premiak eta desirak mugitzen dute. Gizaki ausartak dira, ekimen handikoak, langileak, eta hona horretaraxe etorri dira, lan egitera eta familiaren euskarri izatera; hori egin daiteke gaur egun, ez ahantzi, lan merkatuan toki zabala dagoelako jende horrentzat, hau da, harrera egiten dien herrialdeak inmigrantearen presentzia nahitaezkoa du.

Inmigrazioak jatorrizko herrialdeetan dituen ondorioak: hitz gutxi harrotzen duen arren, biziki arazo kezkagarria da hau, ezta?

Hegoamerikako eskualde batzuetan populazio aktiborik gabe geratzen ari dira. Ekuadorri dagokionez, ikaragarriak dira hango zifrak, ez baita hutsune kuantitatibo hutsa: gizon-emakume gazteak joan dira, joaten ari dira oraino, hau da, aktiboenak, prestakuntza hoberena dutenak, ekimen handienekoak. Herrian, herria lan-esku treberik gabe altxatzeko, haurrak eta zaharrak bakarrik geratu dira.

Emigranteek beren herrietara bidaltzen duten laguntza ekonomiko eta enpresa-inbertsio alorrekoa Lehen Munduak igortzen duena baino mila aldiz handiagoa dela agertu dute datuek. Mesedegarria al da errealitate hori?

Hasteko, esan dezagun dirua aurreztu eta bidaltzeko gaitasuna edo jarrera norberaren kontua dela. Hori argiturik, diru-igorpen horrek duen alderdi kaltegarria bistan da: herrialde horietako agintariak, lehen lasai bazeuden, orain eta lasaiago, ustelago bihurtzen dira eta emigraturiko herrikideek sorterrira bidalitako diru hori barne produktu gordinaren osagaitzat jotzen dutenez, gizarteari ongizate sozial eta ekonomikoa emateko obligazioa ahulago beteko dutelako.

Horrek emigranteen itzulera zaildu, eragotzi egingo luke, baina… ba ote dute itzultzeko asmorik?

Duela urte batzuk sorterrira itzultzeko asmoz, atzerriko egonaldia behin-behineko irteera (edo epe ertainerako txango) gisa hartzen zuten pertsonak gehiago ziren baina, kontuan har dezagun, garai hartan bakarrik, banan-banan etortzen ziren. Orain, berriz, familia osoak emigratzen du, senar-emazteak bere seme-alabekin edo seme-alabarik gabe eta, azkenean, bigarren nazionalitatea hartzen dute.

Arazoak arazo.

Hasteko, pertsona inmigrantearenganako enpatia pittin bat eskatuko nuke nik: familia, jaioterria, lagunartea, oroitzapenak, ohiturak bertan behera utzi eta, asko-askoan, familia horren euskarri ekonomiko bihurtzeko kemen handia behar da. Atzerriko lurra zapaldu ordurako eragozpenak dituzu nonahi_ lehen-lehenik, inmigrante izatearen ondoriozkoak, ingurunea eta batzuetan hizkuntza ez ezagutzea, bestelako ohiturak, sustraien galera… horrelako arazoen aurrean egokitzeko gaitasun aparta erakutsi behar dute, herritik ekarritako kontzientzia sendo-sendoa baitute. Ondoren, herrialdean bizi den kanpoko zein bertako beste inoren bizimoduko arazoak datoz: etxebizitza duina aurkitzea, segurtasun eta lasaitasun iturri izango den lana bilatzea. Inmigranteak, jakina, enpleguan bigarren mailako lanak egin beharko ditu. Hori baliteke hasiera batean arazo ez bihurtzea, hots, gehienok lan-bizitzari hasiera behe-behetik eman diogu hasiera, lanbidean eta bizitza profesionalean gora egiteko asmoz, baina pertsona inmigranteak ez du perspektibarik, igeltsero-peoi izatetik langile-arduradun izateko aukera gutxi ditu, horrelako postuak betetzeko aski eskarmentua badu ere. Ezagutzen duena ere ez zaio hobekuntzara begirako prestakuntza gisa hartzen, lanpostuetan gora egiteko, adibidez. Hamaika aldaketa atzeman eta bideratu behar dira, beraz.

Inmigrazioaz ari garenean, mundu zabaleko kultura eta erlijioak ere agertu ohi dira. Horietako batzuk besteak baino errazago integra daitezke mendebaldeko gizarte hauetan: nola ezkon daitezke erlijio edo kulturaren ikuspegitiko bizi-planteamenduak?

Islamaz ari zarelakoan nago. Argi dezagun, hasteko, prentsako izenburuetan agertzen den islamismoa Islamaren interpretazio jakin bati dagokiola. Demokrazia eta islamismoa elkarrekin uztartzeko ahaleginetan dabiltza emakume musulman asko eta asko; zehazkiago esateko, beste hainbat erlijiotan dauden korronteak bereizteko gauza garen bezala, Islamen barruan daudenak elkarrekin ez nahasteko kontuz ibili behar dugu. Giza Eskubideak gida modukoa izan dezakegu, ados, baina honelako funtsezko printzipioak urratzearen aurrean erantzutea zaila da, ezin izan gaitezke soilegi edo axaleko, arazoari aurre egiteko garaian. Egin dezagun kontu, adibidez, aspaldiko gai ezagun batekin: ablazioarekin. Nola aurre egin ohitura horri Bartzelona batean? Irtenbide bat izan liteke Espainiako Kode penala bakarrik hartu eta, horren arabera, ablazio egintza, burututakoan, banan-banan zigortzea. Dena den, inork ez du auzitan jartzen horrelako ohiturak egin ditzakeen komunitatean hezkuntza-lanean jarduteak emaitza hobea jasoko duenik. Bestela esateko, neurri konplexuagoak, atseginagoak, itxaropentsuagoak garatu behar ditugu.

Non ote dago, ordea, horrela integratzeko eta elkarrekin bizitzeko oinarrizko arauak onartzeko klabea?

Espainian, aresti arte, gizarte eta erlijio kontuak zirela, alor zibilean gizasemearen mendeko zen emakumea: ez zen gauza bera emakume adulteriogilea eta gizonezko adulteriogilea; areago, emakumeak, bere lan-kontratua sinatu ahal izateko, gizonezkoren bati (aitari, nebari, senarrari, tutoreari…) eskatu behar izaten zion baimena. Horrekin esan nahi dut alderdi horretan aurrera egin dugula eta aurrerakada hori beste hainbat alderditan ere lortzeko modukoa dela.

Kulturaniztasunaren bila ari garela esan daiteke?

Termino hori ez da errealitate bilakatu. Kulturak era jakin batean antolatzen badira, beti egongo dira aldez edo moldezko sailkapenak, beti egongo da lehen, bigarren eta azken tokia. Eskoletan umetxoek ez dute integratzeko inongo arazorik, ikaskidea nongoa den berdin dio. Eskolatik irtetean, ordea, asteburuko jardueretan, ez dira ohiko ikaskideekin elkartzen, beste inmigrante batzuen seme-alabekin baizik. Gure hizkuntzan mintzatzen diren eta gure ohiturak dauzkaten pertsonekin elkartzeko ohitura dago, batez ere, arazo berberak partekatzen dituztelako, dela etxebizitza merkea bilatzea, dela (areago) gizakiak elkar gainka pilaturik bizitzea.

Iazko martxoaren 11z geroztik Espainia eredu izan da, ez da arrazakeriaren atzamarretan amildu. Nola interpretatzen duzu hori?

Oso positiboa da, inondik ere. Batez ere, mediterranear kostaldearekin batera, Madril ere inmigrazioaren harrera-gune behinena dela kontuan hartuta. Gizartea interes eta demagogien gainetik dagoela erakutsi uste dugu, antolatu gabeko eta borondatezko jarduera eredugarria gauzatuz.