Inmaculada Gonzalez-Carbajal Garcia doktorea. Mediku Homeopaten Espainiako Federazioko lehendakaria

"Homeopatian ez gara ari inoren kontra, medikuntzaren testuinguruan dagoen aukera bati helduta baizik"

1 otsaila de 2014
Img entrevista2 listado

Badirudi Espainiako Osasun Ministerioak arau berri bat aterako duela sendagai homeopatikoak erregulatzeko. Zer deritzozu?

Behin-behinean erregulatuta zeuden 1994. urtetik, eta orain behin betiko egingo dira, eta beti Europako irizpideei jarraituz. Xehetasunak jakitea falta da balorazio osoa egiteko, eta hobe da zuhurrak izatea eta baldintza guztiak jakin arte itxarotea.

Zer osagai dituzte sendagai homeopatikoek?

Landare-jatorriko, animalia-jatorriko edo jatorri mineraleko substantzia bat izaten da, homeopatiak duen protokolo espezifiko bati jarraituz esperimentatu dena, zer-nolako ahalmen terapeutikoa duen jakiteko. Sendagaiak laborategietan prestatzen dituzte, eta botiketan banatzen. 2006ko Sendagaiaren Legeak berariaz aipatzen ditu, eta ofizialki onartzen ditu haien ezaugarri espezifikoak.

Batzuek diote plazebo efektuan oinarritzen direla…

Europako zenbat herrialdetan Gizarte Segurantzan daukate homeopatia. Eskaria handitzen ari da, egunero, haur txikiekin lortzen ari diren emaitza onengatik. Mundu mailako sistema terapeutiko gisa finkatu da eta 300 milioi erabiltzaile baino gehiago artatzen ditu, Osasunerako Mundu Erakundeak ofizialki onartzen du. Errealitate konplexu hori ez daiteke modu sinplista batean azaldu, plazeboa baino ez dela esanez.

Zer-nolako argudioak daude homeopatia medikuntza dela esateko?

Lehen argudioa da oraindik ere indarrean dagoela berrehun urte baino gehiago igaro ondoren. Bigarrena, zalantzarik gabe, eraginkorra dela hainbat koadro klinikotan: zefaleak, asma, dermatitisa, errinitisa, bronkitisa, infekzio koadro errepikariak, gaixotasun kronikoak (artitris erreumatoidea, esklerosi anizkoitza, fibromialgia…). Hirugarrena lan esperimentalek ematen dute, bai maila klinikoan egiten direnak, bai maila fisiko eta kimikoetan egiten direnak, eta bai farmazia arloan ere. Berdin gertatzen da albaitaritzako oinarrizko ikerketan eta zelula hazkuntzetan, eta animaliekin eta begetalekin egin diren ikerketetan ere bai.

Zergatik dago hainbeste jende homeopatiaren kontra?

Ez dira hainbeste, eta ez dakit zer arrazoi ezkutuk daraman jende bat oinarririk ez duten gauzak esatera homeopatiaren aurka. Zer-nolako argudioak erabiltzen dituzten ikusita, bistan da ezagutza eskasa dutela gaiaren inguruan. Gainera, zaila da hitz egitea bera ere, aurreiritziek elkarrizketarako aukera oro blokeatzen dutenean.

Mediku homeopata izateak medikuntza konbentzionala baztertzea al dakar?

Argi utzi nahi dut medikuak garela gauza guztien gainetik eta hainbat arrazoirengatik homeopatia hautatu dugula, medikuntza modu horrek jokaleku jakin bat eskaintzen digulako gure lanbidean jarduteko. Gure artean espezialista asko dago, familiako medikuak, doktore tesia egin duten pertsonak… Homeopatian ez gara ari inoren kontra, medikuntzaren testuinguru orokorrean dagoen aukera bati helduta baizik. Eta, kasu askotan, elkarren osagarri gisa ere bai.

Zure ustez, zer falta zaio homeopatiari, zientzia gisa, medikuntza konbentzionala adina errespeta dezaten?

Garrantzitsua litzateke aukera ekonomikoak izatea arlo honetan azterlan gehiago egiteko. Hala ere, ezagutzen ez dugun zerbaiten aurrean, errespetuz jokatzea izan behar luke lehenbizikoa…

Zer esango zenieke aurka daudenei?

Ez dut inolako mezurik emango, ez nagoelako inoren kontra. Gaur egun kausa zintzo asko dago borroka egiteko. Une zailean gaude, eta energia guztiak dira beharrezko, jende asko dago-eta laguntza premian.

Nork arautzen du prezioa?

Laborategiek eta sendagai homeopatikoen ekoizleek doitzen dituzte prezioak, elaboratze kostuak kontuan hartuta.

Arau berriarekin, errezeta beharko da horientzat ere?

Pauso hori emateko dago oraindik, eta mediku homeopatok beharrezko jotzen dugu sendagai homeopatiko batzuentzat.