Tamara Garcia Cid, Animaliekiko Jokabidea eta Bizikidetza arloko irakaslea Madrilgo Unibertsitate Autonomoan

"Gurasoek gainbegiratu egin behar lukete animalien eta haurren arteko harreman oro"

1 martxoa de 2015
Img entrevista 2 listado 195

Espainiako Estatuan, urtean gutxienez 142.000 txakur eta katu abandonatzen dituzte, Affinity Fundazioaren Behatokiak egindako azterketa baten arabera. Gurasoek adoptatu egin behar al dute haurrek maskota bat eskatzen dietenean?

Zoragarria da familia animalia batekin handitzea, baina erabakiak ardura bat dakar eta ez daiteke hartu arinkeriaz. Aztertu egin behar da eta haurrari ulertarazi egin behar zaio aldaketak gertatuko direla eguneroko errutinan eta maskotak zeregin berriak ekarriko dituela. Animalia batekin bizi den ezagun baten etxera bisitan joateak lagundu egin dezake erabakia hartzen; balioko digu jakiteko ea apeta baino ez den edo sakonagoa den gogoa.

Maskotentzako Elikagai Ekoizleen Europako Federazioak dio Espainiako etxeetan 5,4 milioi txakur bizi direla eta 4 milioi katu. Zer-nolako ikasbideak ikasten dituzte haurrek animaliekin?

Bizitza animalia batekin partekatzea esperientzia handia da haur batentzat. Animalia bat maitatzea, zaintzea, laztantzea, harekin lo egitea, jolastea… horrek estimulu sentsorialak, mentalak, motorrak eta emozionalak eragiten ditu, oso garrantzitsuak direnak haurren bilakaeran. Animaliak motibazio iturri ere badira haurrentzat: etxeko lanak egiteko garaian, adibidez, esan diezaiekegu bukatzen dutenean maskotarekin jolastu daitezkeela.

Zein da errezeta animaliak eta haurrak ongi bizi daitezen elkarrekin?

Osagai hauek ditu: paseoak, jolasak, estimulazioa eta atxikimendua. Haurrek partaide izan behar dute animalien heziketan, eta hura zaintzeko ardura hartu. Haurrek izena eman dezakete maskotarekin egitekoak diren talde jardueretan, adibidez agility delakoan: oztopoak dituen pista batean ibilbide bat egiten da, eta uztartu egiten ditu kirola egitea eta txakurrarekin jolastea. Horretaz gain, profesionalaren lana ezinbestekoa da animaliak etxean izan ditzakeen jokabide arazoei aurre hartzeko eta horiek zuzentzeko, horiek izaten baitira abandonatzeko arrazoi nagusiak.

Zer erakutsi behar zaio haur bati bere animaliaren inguruan?

Badira ariketa batzuk haurrentzat lagungarriak direnak beren maskotaren aldartea identifikatzen laguntzeko: isatsa mugitzen duenean zer esaten ari den asmatzea, belarriak aurrerantz jartzen dituenean, atzerantz… Jolas erraz horien bidez, haurrak deszifratu egiten du bere animalia noiz dagoen pozik edo triste, noiz joan nahi duen edo noiz jolastu nahi duen. Gurasoek ulertarazi egin behar diete haurrei zein diren maskotaren beharrak, azaldu egin behar diete zer egin dezaketen eta zer ez.

Haurrek ere parte hartu behar al dute txakurrak eta katuak zaintzeko lanean?

Bai, eta zenbat eta gehiago, hainbat eta hobeki. Zereginak, dena den, haurraren adinaren araberakoak izango dira. Lan errazekin hasi behar da, adibidez maskotari ura edo jatekoa jarri, sariak eman. Animaliarekin egiten diren irteerak ere garrantzitsuak dira haurrentzat: erakutsi egin behar diegu horiekin gozatzen eta uhaletik nola paseatu tiraldirik egin gabe eta minik eman gabe.

Zein da gurasoek egiten duten hutsegiterik ohikoena etxean haurrak eta animaliak elkarrekin bizi direnean?

Ez gainbegiratzea seme-alaben eta animalien arteko harremana. Erabat fidatzen gara gure maskotekin, baina horiek altxatu egin daitezke, ikaratu, umea erorarazi egin dezakete edo hankarekin nahigabe eman eta kalteak eragin. Gurasoek gainbegiratu egin behar lukete animalien eta haurren arteko harreman oro.

Haur batentzat arriskutsua izan al daiteke animalia batekin bizitzea?

Bai, arriskutsua izan daiteke. Horregatik da hain garrantzitsua gainbegiratzea eta haurraren eta maskotaren arteko interakzioa gidatzea. Haur baten gehiegizko maitasuna itogarria izan daiteke animalia batentzat, eta gerta liteke bere burua babesten saiatzea hortzak erakutsiz edo kosk eginez. Txakurrek jakinarazi egiten dute ez daudela gustura, baina gurasoek ez badakite irakurtzen, gerta liteke azkenean kosk egitea askatzeko beste modurik ezean.

Ba al dago txakur eta katu haurzalerik?

Bai, baina animalia guztiak ez dira hain mainatiak, eta guztiei ez zaie gustatzen uki ditzaten. Horregatik, ez dugu utzi behar animaliaren itxura fisikoak eraman gaitzan; haren izaerari begiratu behar diogu, eta dakienaren aholkuak aintzat hartu. Horretaz gain, txakur txikiekin errazago moldatuko direla pentsa dezakegu, baina mugitu ere gehiago egiten dira. Txakur handiak, berriz, lasaiagoak izaten dira, eta hobeki jasaten dituzte haurren besarkadak eta ukituak.

Orduan, zure gomendioa da haurrak txakurrez edo katuz inguratuta hazi daitezela?

Bai, zalantzarik gabe! Baina aipatu ditugun alderdi horiek guztiak kontuan hartuta, bestela arrisku handia dago gaizki ateratzeko.