Pilar Varela, Psikologoa

"Gizakia da bere lehen psikologoa"

1 abendua de 2007
Img entrevista listado 437

Psikologoak psikologoengana joaten al dira?

Bai, jakina.

Zu zeu joan al zara noizbait?

Ez, ez naiz inoiz joan bizitzan zortea izan dudalako, optimista izatea eta osasuntsu egotea tokatu zait eta. Halere, garbi daukat, behar izango banu joango nintzateke, bai horixe.

Orain jendeak ez dio beldurrik Psikologoari?

Ez, orain ez diote bat ere beldurrik. Are gehiago, batzuetan komunikabideak justu kontrakoa zabaltzen ari gara, eta dena dira sindromeak edo sintomak, esaterako bizitza bera edota bizitzaren alde ilunak, hau da, tristurarekin edo melankoniarekin zerikusia duen guztia.

Zure ustez, psikologoarengana joatea gizartearen garapenaren adierazgarria al da?

Bai, hala da. Orain dela bi hamarkada, medikuarengana joan eta medikuari deprimituta zeundela esaten bazenion, medikuak “tira, tira, aurrera egin behar da” esaten zizun. Kontuan hartu behar da medikuarengana doazen hamar pertsonatik zazpik antsietate arazoak izan ditzaketela. Bakarrik antsietatea, ez depresioa, depresioa arazo konplexuagoa eta sakonagoa baita. Eta horrek, esaterako, orain dela bizpahiru hamarkada garrantzirik ez bazuen, orain badu eta konpondu ere konpondu daiteke horretarako behar diren bitarteko guztiak erabilita. Psikofarmakoak ere asko hobetu dira.

Zein da psikologo, psikiatra eta psikoanalistaren arteko aldea?

Psikiatra arazo emozionalak eta portaerarenak tratatzen dituen medikua da eta, psikologoarekin konparatuta, honek medikamentuak hartzeko agindu dezake. Psikologoa, gizakien portaera eta emozioak aztertzen dituena da, osasuntsu daudenengan zein osasuntsu ez daudenengan. Gizakien portaera eta portaera horrek eremu askotan duen aplikazioa aztertzen ditu, lehenengo zoriontasunaren errebindikazioan eta gero hezkuntzan, haurtzaroan, politikan, publizitatean, bai eta adimen artifizialean edo astronauten bizitzan ere. Eta psikoanalista zer den zailagoa da esaten: Freuden teorian oinarrituta eta, beraz, psikoanalisiaren printzipioez baliatuta (Nia, Zera eta Supernia, ametsen interpretazioa, etab.) gizakiaren garapena behatzen dute eta, oro har, haren bizitza ere bai. Mundua interpretatzen dute, psikoterapia egiteaz gain. Sendabidea, gehienetan, luzea ohi da. Psikoanalista batek ez dizu arazoa hiru edo sei hilabetetan konpontzen. Bezeroa sofan etzanarazi eta bi, hiru, sei, edo bederatzi urte ere eman ditzakete hura sendatu arte. Esan daiteke, errespetu osoz, beraien metodoa ez dela oso eraginkorra arazo emozionalak sendatzeko.

Beraz, zeu ez zenuke argentinarren eredua gomendatuko, hau da, ez zenioke inori esango “jar ezazu terapeuta bat zure bizitzan”.

Alde batetik, ondo da jendea behar duenean psikologoarengana joatea, baina, beste alde batetik, ez dut uste beharrezkoa denik denbora guztian psikoterapeuta bat ondoan izatea; gizakia da bere lehen psikologoa, eta haurtzaro osasuntsu izateko zortea izan badugu eta munduaren aurrean indartsu eta ausarta izaten erakutsi badigute, eta gero ez bazaigu bizitza oso txarto joan, agian ez dugu psikologoaren beharrik izango, eta, seguruenik, onkologo batena ere ez.

Zuk nahiago duzu psikologoen “kontsumo moderatua” gomendatzea.

Beno, ezin dugu ahaztu psikologoak autoaren haizetako-garbigailuen modukoak garela; jendeari bidea hobeto ikusten laguntzen diogu, baina bakoitzak bere bidea hartu behar du.

Dirudienez, psikologo, psikiatra eta psikoanalisten arteko harremana ez da oso osasuntsua. Errementariaren etxean zotza burruntzi, ala?

Hori esan ohi da beti, bai, baina gaur egun, ospitale bateko psikiatriako zerbitzu batean psikologoak ere aurkitzen ditugu eta psikologoen kontsulta pribatuetan psikiatraren bat ere bai, zenbait arazotarako psikofarmakoak hartzeko agindu beharra dagoelako. Beraz, gero eta handiagoa da talde bien artean dagoen integrazioa, oraindik ere gizarteak psikiatrak hobeto ulertzen dituen arren.

Medikuek ariketa fisikoa egitea gomendatzen dute gorputza ondo edukitzeko. Zer gomendatzen dute psikologoek burua eta izpiritua ondo edukitzeko?

Nik ere ariketa fisikoa gomendatzen dut. Nire liburuan, Ansiosa-mente izenekoan, azkeneko zatian diot antsietatearen aurka egiteko ez dela komeni automedikatzea, eta ona dela gure elikadura zaintzea eta ariketa fisikoa egitea. Ariketa fisikoa oso ona da denerako, burua eta gorputza banaezinak direlako. Burmuina 350 gramo materia gris da eta barruan ez duzu aurkituko, bilatuta ere, ez adimenik ez emoziorik; halere, burmuinik gabe ez dago ez bata ez bestea. Hortaz, gure gorputza ondo entrenatuta badago, arina bada, haizea eta argia hartzen badu, nekatuta ez bagaude eta pisu gehiegirik ez badaukagu… hobeto egongo gara. Gainera, denok ezagutzen ditugun endorfinak daude, dantza, barre, korrika edo ariketa fisikoa egiten dugunean burmuinak askatzen dituen morfina natural moduko horiek. Ariketa fisikoaren aldekoa naiz oso.

Etsenplurik ematen al duzu zuk?

Bai horixe, eta ondo etorri zait gainera.

Ba al dago besterik burua ondo edukitzeko?

Bai, oso garrantzitsuak dira giza harremanak, barre egitea, beti umore ona izatea, etxetik ateratzea. Sare sozialak oso onak dira horretarako, osasuntsu egoten laguntzen dizute neurri batean. Fuster kardiologoak zioenez, espainiarrak, bereziki emakume espainiarrak, munduko beste edozein herrialdeetakoak baino gehiago bizi garela, gehiago hitz egiten dugulako. Ni berarekin ados nago, hitz egitea, berriketa egitea, lagunarteko harremanak izatea komeni da …. lagunak zaintzea benetan merkea da. Halere, batzuetan ez ditugu lagunak zaintzen, uste dugu haurtzaroko edo gazte-gaztetako kontuak direla, eta gero, mutil lagunarekin edo neska lagunarekin bizitzera goazenean edo ezkontzen garenean badirudi buru belarri aritu behar garela alboan dugun horrentzat edo seme-alabentzat, edo lanerako, eta hori ez dago ondo. Adiskidetasuna balio bat da, Aristotelen esanetan, naturak oparitutakoa, betiko. Bizitzaren gauzarik interesgarrien guztiak doan dira, eta adiskidetasuna horietako bat dugu, eta bizitzan aurkitzen dituzun oztopoak gainditzen eta hartzen dituzun kolpeei erantzuten lagunduko dizuten sareak eratzeko balio du. Lur jota bazaude, lagunek lagunduko dizute zulotik pixka bat ateratzen. Batzuetan, kolpeak ikaragarriak dira, baina frogatuta dago une latzenetan ere edozeinek aurrera egin dezakeela, beste pertsona batzuekin harremanetan egonda eta besteen kontsolamenduari esker.

Gabonak gainean ditugu; guztiok gogoko ditugun egunak dira batik bat, baina bada jendea Gabonetan gaizki eta kezkatuta dagoena. Zergatik hori?

Ondo ulertzen ditut Gabonetan deprimitzen direnak eta Gabonak gustuko ez dituztenak. Neuri ere ez zaizkit asko gustatzen jai hauek, baina ez dut ezer esaten, mundu guztiak bezala, Gabonetan “derrigorrez bete beharreko” rolak daude eta. Denok etxekoiak izan behar dugu, “onak”, eta asko kontsumitu behar dugu. Kontsumismoa erabatekoa da, mozorrotuta dagoen arren. Eta gero, badira batzuk, Gabonetan etxera bueltan etortzen zaien inor ez dutenik eta benetan bakarrik sentitzen direnak.

Bakardadea gaixotasuna al da?

Ez, zoritxarrez bakardadea hor dago eta batzuek ez dakite nola irten bakardade horretatik. Uste dut Carmen Alboch zela zioena bakarrik bizitzea eta bakarrik egotea ez zirela gauza bera. Eta alderantzizkoa ere bai: ikusi izan da badirela senar-emazteak, edo elkarrekin bizi edo ezkonduta dauden pertsonak, beti elkarrekin daudenak baina daramaten bizimoduaz bat ere pozik ez daudenak, eta galdetzen zaienean bakarrik sentitzen diren ala ez baietz erantzuten dutenak. Gainera, gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago dira hala sentitzen direnak.

Gabonetako errezetaren bat bakardadeari aurka egiteko?

Campoamor elkarrekin dauden bi lagunen bakardadeari buruz ari zen. Izotza baino hotzago bazara, agian ez zara konturatuko zer pasatzen ari den zure inguruan, baina ez bazara hain hotz eta Gabonetako erritualak, komunikabideetako bonbardaketak, eragiten badizute, hauxe da nire aholkua Gabonetarako: elkartu zaitez edozeinekin, beti dago-eta zure egoeran dagoen besteren bat. Eta elkar ezagutzen ez diren biren arteko besarkada bat, ezagunak diren biren artekoa bezain indartsua eta maitekorra izan daiteke.

Jendearen artean konfiantzarik ez egotea bultzatzen duen gizarte honen moduko batean, ez dirudi zure errezeta posible denik.

Bai, halaxe da, baina ezezagunari ematen diozun besarkada hori tentsio emozional handiko unetan ematen diozu.

Konfiantza ezaren aurka ba al dago zer edo zer egiterik?

Tira, ez dut uste gure seme-alabak mesfidati egin behar ditugunik. Bizitzaren gako handienetako bat hezkuntza da, hezkuntzaz jasotzen diren balioak. Horietako asko berreraiki edo ezabatzen badituzu ere, beste asko barruan gelditzen zaizkizu. Heziketa betiko da, ezin dituzu zure seme-alabak mesfidati, gaizto, koldar egin. Ezin dugu utzi bizitza gauza txartzat har dezatela, ez guretzat ez beraientzat, ezta futbol partida batera doazenean ere. Ezin da etsairik sortu aurkarien arteko jolasa baino ez dagoen tokian. Kirola heziketarako oso bide bitxia da, kirolaz hezten ari zarela ematen ez duen arren, hezte lana egiten ari zara, eta lan handia gainera.

Mundu osoa ona dela pentsatu behar al dugu?

Seme-alabek ulertu behar dute, hasiera-hasieratik, mundua ona dela eta gizakiak borondate onekoak. Hori ez da guztiz egia, baina bizitzak beste aldea erakusten dizunean, orduan heldua zara. Zoritxarrez, orain txarrak, erasotzaileak daude modan. Mutil onak “babaloreak” dira. Antza, ona izatea ez dago modan. Zakarra, erasotzailea izan behar da, hori da eskatzen dena. Borondatea eta ontasuna gizakien altxorrik handienak dira.

Kontsumoa terapia psikologiko ona al da?

Berehalako terapia bai. Gaur triste samar bazaude eta denda batera bazoaz eta zapata batzuk erosi, agian ez zara hain triste itzuliko etxera. Dena den, nik ez dut uste oso ondo dagoenik, are gutxi gutxiago orain Gabonak hurbil ditugunean eta kontsumoak izugarri hazten denean. Kontsumoko psikologoek diotenez, saltoki handietan egiten diren erosketen %40 baino gehiago jokabide inpultsibo batek eraginda dira. Kontuz ibili behar da, erosketak egitea ekintza konpultsibo bihur daiteke eta.

Non dago muga?

Nik ez dakit zein den muga. Erosketak egitea autoak gidatzea bezala da: ekintzak benetan esan nahi duena baino gehiago da. Gidatzeak ez du esan nahi bakarrik “hemendik Bilbora noa”, hauxe ere esan nahi du: “auto handiagoa daukat, diru gehiago daukat, politagoa naiz, azkar noa, honekin haserretzen naiz, bizilagunak ikusiko naute…” Autoa gidatzea leku batetik beste batera joatea baino askoz gehiago da, eta niri motorrak gustatzen zaizkit eta badakit abiadurak zer nolako plazera ematen duen. Erosketak egitean gauza bera gertatzen da.

Eta nola lagundu dezake psikologiak arduraz edo zentsuz kontsumitzen?

Ni ez nago kontsumitzearen aurka. Ni neu pozik dagoena gutxiago kontsumitzen duelakoan nago, baina badakit eguneroko bizimoduan aurrerapen handiak ditugula eta bizitza errazten diguten oso produktu onak aurkitzen ditugula. Psikologiak hori esanaz lagundu dezake.

Garrantzitsua da “ezetz” esaten jakitea. Zergatik?

“Ezezko” guztiak ez dira berdinak; denak ez dira ez onak ez txarrak. Zure eskubideak, zure iritzia defendatzeak ez du esan nahi besteari aurka egin edo bestearekin gaizki portatu behar duzunik, baina askok ez dakite hori egiten eta jasan egiten dute.

Lotsa, beraz, zerbait negatiboa al da?

Lotsa txarra da ona baino. Lotsatiak maitekorrak dira, normalean jendeak babestu egiten ditu, atseginak dira, diskretuak dira, ez dira gaizki hezitakoak. Horiexek dira abantailak, baina galdetu benetako lotsati bati ea lotsati izateari utzi nahi dion ala ez, eta ikusiko duzu zein den bere erantzuna. Izugarri gustatuko litzaioke lotsarik ez izatea, izan ere, benetan lotsatiak direnek, oin bereko zapata bi emanda ere, ez lituzkete zapatak dendara itzuliko. Benetako lotsa gauza serioa da, oztopo bat.

Nola ikasi positibo izaten?

Berriro, etxean ematen den heziketari ematen diot garrantzia. Baina, hauxe irakurtzen ari den baten batek erabakiak hartzeko gaitasuna pixka bat sendotu nahi izango balu, psikologo batengana joateko esango nioke, psikologoak bai irakatsiko baitio norbere izaera sendotzen, jende artean hitz egiten, ezetz esaten, eta autoestimua, oso elementu garrantzitsu dena, indartzen.

Antsietatea eragiten duten arrazoi nagusietako bat, hain zuzen ere, ezetz esateko arazoak dira, zure liburu batean agertzen denez gero. Antsietatez betetako gizarte batean bizi ala gara?

Bai, gure gizartean oso antsietate maila handiak daude.

Tila batzuk hartzeaz gain, zer egin genezakeen antsietateari aurre egiteko eta, barkatu egidazu, psikologoarengana joan beharrik ez izateko?

Lehenengo, antsioso gaudela antzeman behar dugu; izan ere, pertsona asko beti urduri antzean daude baina beraientzat hori normala da. Dena dela, eta oro har, antsietatea sendatu daiteke eta azkar gainera.

Maiteminak, berriz, ez dira hain azkar eta hain ondo sendatzen. Maiteminak dira, hain zuzen ere, zure beste liburu bateko gaia, eta, bertan esaten duzunez, maitatzen ikasi ahal da. Honen gainean klase magistralik eman ahal izango zeniguke labur-labur?

Lehen, gorputza zaintzen genuela esaten zenuen. Hala da, bai, koipe gutxi hartzen saiatzen gara kolesterola ebitatzeko, makillatu egiten gara emakumeok, dentistarengana goaz arazoren bat badugu, behar bezala lo egiten dugu,… baina maitasuna ez dugu bat ere zaintzen, uste dugu bakarrik funtzionatzen duela. Eta oso azkar, bikote batean dagoen maitasuna edo haien arteko bizitza arriskuan egoten da; arriskuak asko dira, esaterako monotonia, asperdura, eztabaidak, leialtasun eza, hain zehatuta ez dauden beste arrisku batzuk… ugalkortasun eza, eta beste horien guztien aurretik topikoak. Amodioaren inguruan topiko ugari aurkitzen dugu: abestiek, literaturak, asko edertu dute amodioa eta jendeak amodioa eta maiteminduta egotea nahasten ditu. Maitemintzea amodioa da, bai, baina lehenengo fasean baino ez. Amodioaren fase hori oso azkar pasatzen da, batez ere filmetan agertzen zaigu, oso erakargarria da, benetan polita… Pilar Mirok zioenez, gizakia, maiteminduta dagoenean eta maite duen pertsonaren amodioa duenean, dago hoberen. Eta neu, iritzi berekoa naiz, baina maitemintze lehenengo fase hori desagertu eta eraldatu egiten da. Une horretan, agian, amodioa desagertu egiten da, baina, “gerokoak gero”, hain liluragarri ez den arren bizitzarako oso garrantzitsua den beste gauza bat bihur daiteke eta. Amodioak, nik uste, asko balio du, oso narriatuta badago ere, eta horregatik defendatzen ahalegindu behar gara, defentsarik gabe, orduan bai, amodioa desagertzen delako. Eta eztabaidak azpimarratu nahi ditut, jendeak eztabaidei garrantzia ematen ez dietela dakidan arren. Gaur eztabaidatzen dut, bihar ere, etzi ere,…eta, azkenean, gerta daiteke bikote bateko kideen artean elkar ulertzeko modua eztabaida, borroka baino ez izatea. Eta horrela, aurkari bihurtuko dira, lankide izatetik urrun. Badira bikote batzuk, non bikotekideak beraiek diren elkarren etsairik handienak.

Nola konpondu daiteke?

Lehenengo gertatzen ari denaz jabetu behar dugu. Pertsonak konturatu behar dira maitasuna izugarrizko aberastasuna dela, hain aberastasun handia non bizitzako garrantzitsuena ere baden, dudarik gabe. 11S egunean hegazkinetan zihoazenek eta hil egingo zirela jakin zutenek mezuak bidali zituzten telefonoz. Mezu guztiak amodiozko mezuak ziren: bikotekideei, seme-alabei, etxekoei? Azken unean, garrantzia duen beste ezer ez dagoenean, hortxe dago amodioa, amodioa beti baita garrantzitsua. Abesti espainiar batek dioen moduan egin behar da: nor maite duenak zaindu dezala, zaindu dezala. Bada, nor maite duen inork hauxe irakurtzen balego, jakin dezala alboan duen emakume hori edo burusoil hori, bere printze edo printzesa urdina dela, bizitza osoan maite edo zaindu egingo duena. Ikaragarria da alboan maitatzeko norbait izatea, horrelako laguntza izatea, ez bakarrik zuri laguntzeko, zuk berari laguntzeko ere bai. Benetan izugarri ederra da norbait izatea, hari daukazun guztia emateko, zure zainketak, zure grina, zure talentua, zure laztanak…, baina komeni da horretaz konturatzea.

Elikagaien kontserbatzaile nagusiak gatza eta azukrea direla uste badugu, zer dira eztia eta azukrea amodioaren kasuan?

Begira, gatza eta azukrea hauxe lirateke: elkarrizketak, eztabaidak ebitatzea eta, eztabaidatzen bada, enpatiako jarrerak bilatzea, bestearen lekuan jartzea…zeren eta besteak arrazoi pixka bat izango baitu seguru aski- eta elkarren arteko desberdintasunak handitu ez daitezen saiatzea eta, gainera, eztabaidak ohitura bihur ez daitezela ebitatzea. Amodioa erakusten duten keinu guztiak: laztanak, muxuak, besarkadak, hitz politak, denak dira oso garrantzitsuak; izan ere, hasieran horrelako keinuak asko dira, ondoren gero eta gutxiago dira eta, azkenean, nola zaude bihotza… esaten edo agurtzeko muxu bat ematen ere ez gara ausartzen, lotsatzen garelako. Oso ikerketa interesgarri batek dioenez, lanera joan aurretik musu batez agurtzen diren bikoteak zoriontsuagoak dira, lanean arrakastatsuagoak dira eta bizi ere denbora gehiago bizi ohi dira. Beraz, Jar itzazu laztan batzuk zure bizitzan!.

Neurozientziak dioenez, amodioa kimika hutsa da, baina hitzez hitz, ez zentzu metaforikoan. Hori horrela, zer gelditzen zaigu?

Denok gara kimika hutsa, gorputza garen neurrian. Halere, badago elementu magiko bat animaliengandik bereizten gaituena, animaliak baino askoz ere adimentsuagoak gara eta, horren ondorioz, askoz ere gaiztoagoak, onagoak, artistagoak… amodioa, sormena bezala, kimika da. Ezin da azaldu zergatik, baina hala da.

Orain arte zure lanaren zati azpimarragarri bat komunikabide batekin batera egin duzun elkarlana izan da. Zer nolako eraginak dituzte komunikabideek, prentsak, irratiak, telebistak edo Internetek, pertsonen osasun emozionalean?

Aipatu berri dituzu gaur egun bizitarako erabat ezinbestekoak diren lau gauza.Ezin da gaur egun bizitza ulertu prentsa, telebista, irrati eta internetik gabe. Arazoa, komunikabide horien abusua edo erabilera okerra da. Ordu asko telebista aurrean ematen dituzten umeek, denbora gutxiago ematen dute beste ume batzuekin kalean jolasten, eta horretarako kenketa baino ez da egin behar. Eta bestetik, egia da umeek telebista ikusten ordu asko ematen dutela eta telebistan biolentzia asko dagoela. Nik beti Suediako lagun baten anekdota kontatzen dut; lagun honek zera esan zidan: pertsona batek “amona hil da” esaten dio bost urteko alabari eta alabak halaxe erantzuten dio: Nork hil du? Haurrak ez zuen ulertzen heriotzak naturalak izan zitezkeenik.