Juan Felipe Carrasco, Greenpeace-k transgenikoen kanpainarako duen arduraduna

"Geldiarazi egin behar litzateke transgenikoen ekoizpena, kalte egiten baitiete ingurumenari eta osasunari"

1 azaroa de 2011
Img entrevista

Transgenikoek kalte egiten al diote ingurumenari?

Zientziak aski ongi frogatu du ingurumenari eta bioaniztasunari zer-nolako kaltea egiten dieten Genetikoki Eraldatutako Organismoek (GEO): beste espezietako geneak sartzen dituzte, Bt geneak sortzen dituen toxinek kalte egiten diote bioaniztasunari, handitu egiten da herbizidekiko erresistentzia, bigarren mailako izurriteak agertzen dira… Latinoamerikan, nekazaritza iraunkorra suntsitzen ari dira, jendea landa-eremutik bidaltzen eta hiru enpresaren esku jartzen gizateriaren baliabideak. Frantziako Gobernuak, Alemaniakoak eta Austriakoak, adibidez, kontuan hartu dute hori guztia, eta geldiarazi egin dituzte euren lurraldeetako landaketak.

Eta osasunari?

Ikertzen duenak soilik aurkitzen du, eta gaur egun, Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agentzia arduratzen da horretaz % 99an, eta erakunde publiko hori oso estu lotua dago transgenikoen industriara. Hala ere, zenbait ikerlari ausartek egin dituzte ikerketak, eta frogatu dute kalte egiten dietela giltzurrunari, gibelari, ugalketa-sistemari, immunologia-sistemari… Datu horiek balio behar lukete transgenikoak geldiarazteko, eta, batez ere, Espainian landatzen den Bt artoaren landaketak.

Zuei aurpegiratzen dizuete zientifikoki frogatu gabeko datuetan oinarritzen zaretela transgenikoei eraso egiteko. Aipatzen dituzuen ikerketak argitaratuta al daude zientzia-aldizkarietan?

Europan transgenikoentzat luzamendu edo atzerapen bat eskatzen duten zenbait zientzialarik salatu dute presio izugarriak jasaten dituztela beren emaitzak argitara ez ditzaten edo ikertzeari utz diezaioten.

Baina ikerketa horiek metodo objektiboei, zientifikoei jarraituz eginak al dira?

Greenpeaceren webgunean badago artikulu-bilduma bat, zenbait herrialdetako zientzialariek kalteen gainean egin dituztenak. Baina esango dizut, gure mundu honetan, desagertu egin dela zientzia neutroaren eredu hori, eta beste eredu bat nagusitu da, industriak gidatzen duen eredua, hain zuzen. Ikerketa publikoa desagertu, eta multinazionalen proiektuek hartzen dute horien lekua, unibertsitatearen bidez mozorrotuta. Eta zernahi onartzen da. Gainera, edonork eman dezake transgenikoen inguruko iritzia, bai ikasketarik ez duen etxekoandre edo etxekogizonak, eta bai mantal zuriko zientzialari ustez orojakileak ere.

Espainiako Estatuan kontsumitzen al da transgenikorik?

Duela hamarkada bat baino gehiagotik. Espainian transgenikoak landatzen dira, Monsanto multinazionalaren arto mota bat, iruzur eginez onartu zena, gainera. Aurten 97.000 hektareataraino iritsi da. Europako Batasunean transgenikoak landatzen dituen herrialde bakarra da, salbu eta Portugalgo eta Eslovakiako hektarea gutxi batzuk. Aldiz, artoa estrategikoa den zazpi herrialdek luzamenduak edo atzerapenak planteatu dituzte. Wikileaks-ek frogatu du elkar hartuta daudela zenbait politikari eta transgenikoen industria.

Beste produkturik bai?

Zuzenean edo zeharka, arto hori jaten duten animalien bidez iristen zaigu. Kanpotik ere ekartzen dute artoa, Ameriketako Estatu Batuetatik, Argentinatik eta Brasildik, eta soja kopuru ikaragarriak ere bai. Espainian erabiltzen den sojaren % 60-70 Monsantorena da.

Zenbat transgeniko iristen dira Espainiara?

Urtean sei milioi tona transgeniko inportatzen ditu Espainiak, eta gure elikagaietan agertzen dira. Lezitinetan aurkitzen ditugu, irinetan, almidoietan, sojaren eta artoaren eratorrietan… Horiek guztiak, kontrakorik frogatzen ez badigute, transgenikoak dira. Horrexegatik argitaratu genuen Elikagai Transgenikoen Gida Gorri eta Berdea. Bi zerrenda ageri dira gida horretan, eta produktu, marka eta ekoizle bakoitzak transgenikoen inguruan zer politika darabilen, alde batean edo bestean agertuko dira. EROSKI, adibidez, zerrenda berdean dago. 2012. urtean, merkatuko produktu guztien artean batzuk hautatuko ditugu, ausaz, eta horien analisia argitaratuko dugu.

Guk jakin gabe kontsumitzen al ditugu transgenikoak?

Bai. Europako legediak behartu egiten du etiketan argi adieraztera elikagaiek baduten edo ez transgenikorik edo horien eratorririk. Hala ere, gobernu zentralak eta autonomikoek ez dute aplikatzen behar bezala. Gainera, legedi horrek ez du esaten transgenikoak jan dituzten animalietatik datozen produktuei ere jarri behar zaiela etiketa: haragiari, esneari, arrautzei…

Zer egin dezakete kontsumitzaileek?

Produktuen ekoizleei eska diezaiekete ez dezatela erabil transgenikorik, eta bi modutan egin dezakete hori: erabiltzen dituztenei ez erosiz, eta erabiltzen ez dituztenei erosiz. Horrez gain, tokiko produktuak ere kontsumi ditzakete, ekologikoak, freskoak, GKE ekologistak lagundu, tokian tokiko politikariekin hitz egin dezakete udalerriak transgenikorik gabeko ingurutzat jo ditzaten… Aukera asko daude, baina ez da erraza. Ezein borroka ez da.