Ramon Núñez, zientzia-dibulgatzailea

"Gaur-gaurkoz, ezein herritar ezin da bizi zientziari bizkar emanda"

1 iraila de 2010
Img tema listado 197

Nola erakuts liteke formula kimikoekin gozatzen, eragiketa matematikoekin, familia biologikoekin, lege fisikoekin…?

Zientzian, bistakoa denez, gauza batzuk kontzeptualagoak dira besteak baino, abstraktuagoak eta, oro har, gogorragoak. Zientziaren irakaskuntzak arazo bat zeukan XX. mendearen ardialdean: kimika, askotan, formulazio kimikoetara mugatzen zen, fisika, berriz, formulak ikastea baino ez zen, gero legeak aplikatu eta arazo teorikoak ebazteko. Eta matematika sarri mugatzen zen teorema zail batzuen frogak buruz ikastera. Baina askok ikusi genuen, eta bere garaian horren alde egin ere bai, orain egiten dugun bezala, formulazioa baino askoz gehiago dela kimika, erruz jakin litekeela kimikari buruz formulazioaz tutik ere jakin gabe, fisikak osagai aski erabilgarriak dituela mundu erreala ulertzeko eta matematikak baduela lotura bizitzako hainbat alderdirekin.

Erakutsi egin behar da, beraz, lotuta daudela Zientzia eta eguneroko bizitza.

Bai, hori ezinbestekoa da, era horretan aurkituko ditugulako Zientziak dituen alderdi jostagarriak, pertsonari gehiago parte hartzeko aukera ematen diotenak. Zientzia eta eguneroko bizitza lotzeak erraztu egiten ditu gauzak, eta, horrez gain, erakargarriagoak eta erabilgarriak ere gertatzen zaizkie herritarrei.

Ikuspegi-aldaketa hori gertatu dela esango zenuke?

Poliki-poliki ari da aldatzen. Museoak, planetarioek, Zientzia zentroek, oro har, lan handia egiten du arlo horretan, lagundu egiten dute Zientziaren alderdi erakargarri hori erakusten. Beste jende bat, aldiz, kexatu egiten da, eta esaten du Zientzia guztia ez dela halakoa, eta egia da, baina hori ere bada, eta hori da, hain zuzen, funtsezko alderdia niretzat, horren beharra baitut nik jendeari Zientzia gusta dakion. Eta gero, norbaiti gustatzen bazaio, hura iritsiko da alderdi zailenetara.

Zer behar da zientziarekin gozatzeko, gaitasuna edo jarrera?

Jarrera behar da. Jakin-mina gure ezaugarria da jaiotzen garenetik, eta horixe da Zientziak behar duen lehen osagaia. Garrantzitsua da etengabe galderak egitea, hori da Zientziaren benetako ernamuina eta, oro har, jakintza ororena. Bermatu behar da eskolak ez duela zikiratuko jarrera hori, eta haurrak bere-berea duen jakin-mina eta galdetzeko joera horrek bizitza osoan iraungo duela, eta eskolak sustatu egingo diola, erakutsiz zein atsegina den erantzunak bilatzeko bideetan barrena ibiltzea.

Baina gaitasunaren kontua azpimarratzen da behin eta berriz. Pertsona askok, zailtasunarekin lotzen du Zientzia.

Nik ez. Niretzat, Zientzia da ongi pasatzea, teknologia, berrikuntza, aurrerabidea, arrazionaltasuna. Niri Zientzia ez zait zailagoa egin Filosofia baino, eta askoz errazagoa gertatu zait, adibidez, kulturaren beste eremu batzuk baino, errepikapen memoristiko gehiago eskatzen didaten zenbait arlo baino, esaterako. Egia da, hala ere, Zientziak baduela itzal hori atxikita, baina informazioa falta delako. Jendeak Zientziari buruz duen ikuspegia ez da zuzena, zeren Zientzia lotzen baitio Zientziaren inguruko datuak jakiteari. Hori zela litzateke, musika aipatu, eta jendeak pentsatzea musika dela Joan Sebastian Bach-en bizitza jakitea, zenbat sonata idatzi zituen eta ikasleak zein izan zituen. Hori musikaren historia da, musikaren historiaz jakitea, baina ez badu ezertxo ere entzun, ez daki musikari buruz. Bada, Zientzian ere berdin gertatzen da.

Zientzia, orduan, esperimentatu egin behar da.

Bai. Zientzia erabiltzen dugunean gure bizitzako alderdiren batean, esan dezakegu kultura zientifikoa daukagula; izan liteke erabaki bat hartzeko nire dietaren inguruan, edo sakelako zer telefono erosiko dudan erabakitzeko, edo ulertzeko zergatik utzi behar diodan sendagai jakin bat hartzeari. Zerbaitetarako balio badit, kultura zientifikoa daukadan seinale.

Eta kultura zientifiko hori, zuk ulertzen duzun moduan, hedatua dago gizartean?

Beno, ari da hedatzen gutxika-gutxika. Bada abiapuntu oso garrantzitsu bat, heziketa zientifikoak curriculumean hartzen duen definizioari lotua. Irakasleek nerabeei galdetzen dietenean zer espero duten zientzien ikasgaietatik, honelako erantzunak jasotzen dituzte: Arkimedesen Printzipioa ikastea, uraren formula jakitea, Newtonek zer lege proposatu zituen jakitea… Nik nahiago nuke lehen erantzuna honelako zerbait balitz: espiritu kritikoa edukitzea, jakin-mina izatea, gauzak grafikoen bidez adierazten jakitea, interpolazioak egiten ikastea, behaketa bat zer den eta interpretazio bat zer den bereizteko gai izatea… Alegia, Zientziak bere dituen trebetasun eta gaitasun mota horiek, nire ustez kultura zientifiko bat egituratzeko balio duten horiek. Askoz garrantziagoa da sailkatzen ikastea, sailkapenak ikastea baino.

Jendea harrapatzeko, limurtzeko gaitasuna falta du Zientziak?

Zientziak ez, baina zientzialariek eta dibulgatzaileek bai, agian faltako dugu. Gainerakoan, Zientziak leku gehiago hartuko luke eguneroko bizitzari lotutako adierazpide guztietan, filmetan, antzezlanetan, modako eleberrietan… Zergatik egiten dira film gehiago edo literatura gehiago gerrako gertakariei buruz, Zientziari buruz baino? Oraindik ez dagoelako aski modan.

Modan egongo balitz, beldur gutxiago izango lioke jendeak Zientziari?

Bai, modan egongo balitz, ohikoa irudituko litzaiguke. Literaturak ez du beldurrik ematen, nahiz eta literaturako zenbait lanek eman lezaketen beldurra; zenbait pertsonak ezin izan dute irakurri Joycen Ulises. Baina horrek ez du esan nahi literaturak beldurtu behar gaituenik. Bada jasoagoa eta zailagoa den literatura, filosofikoagoa eta zailagoa, eta berdin esan liteke musikari buruz ere. Ordea, inori ez zaio bururatzen esatea musika zaila dela edo jendearengandik urrun dagoela. Zientziarekin ere halaxe gertatzen da.

“Garrantzitsuagoa da sailkatzen ikastea,
sailkapenak ikastea baino”

Zer tresna beharko lirateke Zientzia erakargarriagoa izan dadin gizartearentzat?

Bezeroaz arduratu beharra dago, komunikatu nahi duzun pertsona horren eskaria eta jakin-mina ase. Haur eskolara iritsi nintzenean, galdera bat egin nuen: “Zakurrek zergatik altxatzen dute atzeko hanka pixa egiterakoan?”. Hauxe erantzun zidan andereño batek: “Zure galdera ez da garrantzitsua”. Instituzio hark, eskolak, halaxe esan zidan: “Zu ergela zara, galdera hori ez da garrantzitsua, hemen garrantzia beste zerbaitek du, Espainiako lurmuturrak ikasteak, Errege-erregina Godoen zerrenda, eguzki-sistemako planetak…”. Eta aintzat hartu nuen haien esana. Horiek guztiak ikasi nituen, haiek esan zidatelako garrantzitsua zela. Holaxe jarraitu nuen gauzak ikasten, iritsi naiz 63 urteetara, eta oraindik ez dakit zakurrek zergatik altxatzen dute atzeko hanka pixa egiterakoan. Gure eskolak hola jarraitzen duen bitartean, ikasleen galderak garrantzirik gabeak direla esanez…

Hala jarraitzen du orain ere?

Nik uste dut zerbait aldatu izango dela nik eskolak ematen nituenetik hona, duela 30 urte baino gehiago, baina askorik ez.

Heziketa-sistema aldatzea da, beraz, gakoa…

Bai, hori da oinarria. Zientzia gustatzen zaien pertsonen eskuetan jarri behar du heziketa zientifikoa, esperimentatu, bizi, atera dadila Hego Afrikako Munduko Futbol Txapelketatik eta gogoa izan dezala baloia ikasgelara eramateko, eta ikusi botea nola egiten duen, zenbat pisatzen duen eta hegan nola egiten duen, eta beste pilota batzuekin alderatu, ping-pongekoekin, golfekoekin. Galde diezaiola bere buruari zergatik egiten diren hainbeste eratako pilotak, eta zergatik diren desberdinak zesta-puntakoak eta palakoak, zenbat bote emango dituen pilota batek metro batetik erortzera utziz gero… Galderak, jakin-mina eta esperimentatu. Baina galderak, liburuetan ez datozen horietakoak izan daitezela.

Zeinek ez dio begiratzen zeini, gizarteak Zientziari edo Zientziak gizarteari?

Gizartetik irteten da zientzia. Gizakiengandik irteten den Zientzia baino ez da existitzen, giza adimenaren fruitu da zientzia, eta, beraz, homo sapiens gizakiaren sorkuntza da. Dena den, zenbait pertsona taldek, bere burua intelektualtzat jotzera ere iritsi direnek, erabat ahaztu dute kulturaren osagai ezinbestekoa dela Zientzia, gure garaiko kulturarena, batik bat. Intelektual gisa hartzen ditugu edo kulturako jende gisa, eta kulturaren eredutzat aurkezten ditugu jendaurrean, baina ez dira. Askotan eta askotan, analfabeto zientifikoak dira. Hain zuzen, intelektualak gurtzeko joera horrek ematen die aukera herritar askori zera esateko, zientziari bizkar emanda ere bizi daitekeela. Eta hori, gaur-gaurkoz, uste okerra da.

Zer konponbide jar daiteke, heziketaz gain?

3 urtetik 13-14 urte bitarteko heziketa zientifikoa da oinarrizko. Garai hori zaindu behar da gehien. Gero badira beste ekintza baliagarri batzuk ere, museoen bidez ikastea, Zientzia zentroetan, planetarioetan, akuarioetan, lorategi botanikoetan… hau da, de facto jendearen eta Zientziaren bilgune izateko balio duten erakunde horietan. Kontuan hartu behar lirateke zientzia jendarteratzeko aldizkariak ere… Zientzia herritarrengana hurbiltzeko lanean ari den kolektibo bat osatzen dute.

Hain zuzen, zuk esana da eta argitaratua eguneroko gauzen atzean dagoela Zientzia; zu sukaldaritza zalea zara, eta sukaldeko hainbat konturekin, adibidez, lotu-lotua dagoela diozu.

Bai, sukaldean Zientzia ugari dago, eta ez soilik elikaduran edo zaporearen fisiologian. Motorzaleekin bezala gertatzen da: asko ez dira ohartzen, baina mordoa dakite teknologiaz.

Gure gizartea, hain justu, teknologikoagoa da; esan liteke zientifikoagoa ere badela?

Gauza batzuetan bai; adibidez, iruditzen zait gizartea gero eta eszeptikoagoa dela, ni ere hala naiz. Horoskopoei gero eta jaramon gutxiago egiten zaie, eta fantasiei eta petrikiloei… gutxitzen ari da horienganako sinesmena, eta horrek adierazten du Zientzia aurrera egiten ari dela. Eta teknologiak behartzen gaitu aukeratzen jakitera, inprimagailu berri bat, eskanerra, sakelako telefonoa… Gazteek asko dakite, eta nola esango diegu ez dakitela Zientziaz. Jendeak asko daki Zientziaz, Zientzia-irakasleek uste duten baino gehiago, nahiz eta ez izan haiek galdetzen dieten hori.

Jendeak asko dakiela diozu, baina zer moduzkoa iruditzen zaizu gure herrialdearen ezagutza zientifikoa, batez beste?

Aurrera egiten ari da, egoki. Ni baikor nago.

Espainian zientzia-dibulgazioan aritu den izen handietako batek, Jose Manuel Sanchez Ron-ek, esan izan du batzuetan sentitu izan duela alfer-alferrik ari balitz bezala, eta, bereziki, gobernu eta erakundeekin hitz egitea egokitu zaionean. Zuk ere sentitu izan duzu hori?

Hein handian bai, baina esan behar dut, 2007. urteaz geroztik -Zientziaren urtea izan zen hura-, zenbait gauza abiarazi zirela Espainian eta bide onean doazela. Programa berriak sortu ziren zientzia-dibulgaziorako ekimenak laguntzeko, Zientzia eta Teknologiaren Museo Nazionala jarri zen abaian. Espainiak zer egoera duen begiratu, eta ikusiko dugu hainbat museo, planetario eta zientzia-dibulgaziorako zentro sortu direla azken 25 urteetan, hogei inguru; herrialdeak zer kultura zientifiko duen adierazten du horrek.

Ezagutza zientifikoak erabilita, nabarmen hobetu da pertsonen bizi-kalitatea, begi-bistakoa da hori. Baina herritar arruntentzat zenbateraino gerta daiteke lagungarri ezagutza zientifiko handiagoa izatea?

Adibide batekin erantzungo dizut. Nik migrainak dauzkat, eta zenbat eta gehiago jakin eritasun horren inguruan, orduan eta neurri gehiago hartzen ditut, tratamendu egokira hurbiltzen naiz, nire lo-orduekin, bizi-erritmoarekin zerikusia duten zenbait aldagairi erreparatzen diet, eta, ondorioz, krisi gutxiago izaten ditut, gutxiago irauten didate eta, azken buruan, niretzat egokiena den tratamendua aurkitu dut. Gauza bera esan dezakegu autoa erabiltzeari buruz, edo eguzki-krema bat.

Pertsona batek ezagutza zientifiko egokia duela esan ahal izateko, zer mailatara iritsi behar genuke?

Pertsona batek kultura zientifikoa izango du, inguruarekin orekan dagoenean, inguru naturalarekin bezala teknologikoarekin. Inguru naturalaz ari garela, kontua da kalterik ez egitea inguruari, eta inguruak zuri ere kalterik ez egitea. Inguru teknologikoarekin orekan egotea, berriz, zera da, inguruan dituzun tresnak erabiltzen jakitea, eta ez sentitzea makinak mehatxu direla, edo aurkikuntza berriak, edo produktu berriak, eta horiek gure buruko eskeman barneratzea mundua ulertzeko. Kultura zientifikoak berekin dakar, halaber, nork bere buruari galdetzea nora doan eta nondik datorren.