Dr. Juan Jose Rodriguez Sendin. Espainiako Medikuen Elkargoko presidentea

"Gaur egungo medikuntza modernoa integrala da eta osotasunean tratatzen ditu gaixoak"

1 otsaila de 2014
Img entrevista listado 931

Zer alde dago sendagai konbentzional baten eta homeopatiko baten artean?

Mediku zientifiko konbentzional batentzat zaila da onartzea antzemateko baino diluituagoa dagoen partikula bat eraginkorragoa izan daitekeela gaixotasun bat tratatzeko, sendagai konbentzional baten printzipio aktibo bat baino. Plazeboak baino ez badira, izugarri garesti saltzen dituzte askotan, eta herritarrek ongi informatuta egon behar lukete. Konbentzionalek baldintza batzuk bete behar dituzte, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak ezartzen dituenak, eta homeopatikoei, aldiz, ez diete halakorik eskatzen (kaltegabeak direla soilik frogatu behar dute); ondorioz, ez dute sendagaien kode nazionalik, eta libreki saldu daitezke. Gainera, medikuak behartuta daude, kode deontologikoak hala ezartzen dielako, zientifikoki frogatutako eraginkortasuna duten prozedurak eta botikak erabiltzera.

‘The Lancet’, ‘BMJ’, ‘Pediatría’ eta ‘Chest’ aldizkarietan agertu diren ikerketek eragin positiboak aipatzen dituzte…

Kontraesan handiak daude ondorioetan, eta eraginkortasunari dagozkionak ez dira eztabaidaezinak. Osasunerako Mundu Erakundeak ohartarazten du terapia eta teknika ez-konbentzionalen segurtasunari eta eraginkortasunari buruzko datuen kantitatea eta kalitatea -tartean dago homeopatia- ez direla behar adinakoak eta, ondorioz, ez daitekeela horiek mundu mailan erabiltzearen alde egin. Ikerketa datuak falta zaizkigu, osasun politiken erruz eta ikerketa metodologia egoki bat falta delako. Nahiz eta ikerketa asko egin diren, ez dakigu zenbat esperimentu kontrolatu eta ebaluatu diren, ez baitago estatistikarik, edo ez dakigu zenbatek eman duten emaitza ona. Teoria homeopatikoak sendagaientzat erabiltzen dituen behatze datuak “ziurgabetasun estatistikoa” esaten zaion mugaren atzean geratzen dira, zeina plazebo efektuaren adierazleetako bat baita.

Espainiako Osasun Ministerioak sendagai homeopatikoak arautzeko asmoa agertu du. Zer iruditzen zaizu?

Zentzuzkoa dirudi, zeren sendagaiei buruzko legeak eskatzen duen baimen administratiborik gabe saltzen baitira. Ezin onartuzkoa da, halaber, produktu homeopatikoentzat, inolako ohar terapeutikorik ez izan arren, medikuaren errezeta derrigorrezkoa izatea, zenbait arlotatik proposatu den bezala, eta, aldiz, baimena ematea eta bultzatzea sendagai ahaltsu batzuk errezetarik gabe har daitezen, aspirina adibidez.

Homeopatiaren argudioetako bat zera da: gaixoa modu globalean artatzen duela, eta medikuntza konbentzionalak, aldiz, gaixotasunari soilik begiratzen diola.

Baieztapen horren aurka nago. Gaur egungo medikuntza, modernoa eta oinarri zientifikoa duena, osasun sistema nazional sendoak dituzten herrialdeetan, integrala da, osotasunean artatzen du gaixoa. Ez ditugu artatzen gaixotasunak soilik, gaixoak baizik, eta horietako asko konplexuak dira, adinekoak, mendekotasunak dituztenak, sendagai asko hartzen dituztenak eta ahulak. Ezaugarri guztiak (sozio-ekonomikoak, lanekoak, pertsonalak) eta alderdi guztiak (prebentzioa, laguntza eta errehabilitazioa) hartu behar dira aintzat halako prozesu bati ekitean. Horrek ez du esan nahi langile batzuen jarduna hobetu ez daitekeenik.

Pertsona batzuek esaten dute haientzat balio duela. Ez bada frogatu eraginkorrak direla, zergatik saltzen dituzte botiketan?

Ez gara sartuko sinesteen munduan, herritarrak libre dira nahi dutena sinesteko. Gure kezka da informazioa izan dezatela. Edonola ere, farmazialariek erantzun behar diote horri. Terapia ez-konbentzionalek behar besteko oinarri zientifikorik lortzen ez duten bitartean, horiek erabiltzen dituzten osasun langile guztiak behartuta daude gaixoei informazio argia eta ulergarria ematera, zorrotza eta xehea: zer on egin dezaketen, baina baita zer arrisku duten ere, eta zer beste aukera terapeutiko dauden oinarri gehiagokoak.

Zer mezu emango zenieke homeopatia aukera gisa ikusten duten pertsonei?

Terapia horiek badute eragozpen handi bat: tratamendu konbentzionalen ordez erabiltzen direla. Gaixoek jakinarazi egin behar diote medikuari horiek erabiltzen ari direla. Zenbaitek, ordea, ez dute egiten, beldur baitira horrek kalte egingo ote dion medikuarekin duten harremanari, baina kontuan hartu behar da terapia batzuek oztopatu egin ditzaketela tratamendu konbentzionalak.

Zenbait herrialdetan, Frantzian adibidez, urteak daramatza osasun sistema publikoaren barrenean. Izango dira emaitzak bermatzeko ikerketak, ezta? Ba al dakizu hemen antzekorik egin ote den?

Frantzian, duela urte batzuk erakundeek utzi egin zioten zati bat ordaintzeari, baina berriz hasi dira behin-behinean, horien ebidentzia eta eraginkortasuna frogatzeko 2012tik 2017a bitartean. Ez bada frogatzen, kendu egingo dituzte prestazio publikoen ataletik (produktu homeopatikoen laborategi handienetakoa Frantziakoa da). Europako herrialde batzuek badute beren araudia, baina Espainiak ez. 2010. urteko otsailean, Erresuma Batuko Komunen Ganberako Zientzia eta Teknologia Batzordeak erabaki zuen, ikusiz ez zegoela oinarri zientifikorik plazeboarena besterik, utzi egin behar zitzaiola homeopatia sendagai gisa etiketatzeari. Administrazioen ardura izan behar du arretaz begiratzea horien erabilerak zer-nolako eraginak izan ditzakeen osasun zaintzan, arautzea zer osasun zentrotan erabili behar diren, eta identifikatzea bai nork eta nola egiten duen, eta bai publizitatearen egiazkotasuna ere.