Juan Torres Lopez, Sevillako Unibertsitateko katedraduna

"Gastuari murrizketak ezartzea zentzugabea da ekonomia suspertu nahi bada"

1 urtarrila de 2015
Img entrevista listado 985

Zenbait erakundek eta estamentuk iragarri dute 2015ean hazkundea izango duela ekonomiak.

Aurreikuspen okerrak dira. Gobernuei ezartzen dizkieten neurriak zilegiztatzeko egiten dituzte, baina denbora pasatzen denean, argi gelditzen da ia inoiz ez dutela asmatzen. Normala da.

Normala?

Okerreko politikak ezartzen dituzte, eta ezin bete iragartzen duten hori. “Begietako ideologiko” handi-handiekin gobernatzen dute, eta ez diete uzten errealitatea egoki ikusten. Interesik boteretsuenak pozik uztea baino ez da bilatzen, eta ezarritako politikek horrexegatik ematen dute ematen duten emaitza ondasunen banaketari dagokionez: gero eta gehiago pilatzen da esku gutxi batzuetan. Eta, horretarako, erabat gezurrezkoa den diskurtsoa sortu dute, esperientziak erakutsi duen bezala.

Urtarrilaren 1ean, zerga aldaketa ugari sartu dira indarrean hainbat arlotan: PFEZarenak, kaleratzeagatiko kalte-ordainak, alokairua, dibidenduak… Zure ustez, nola eragingo diete herritarrei?

Baliteke irudipena izatea diru sarrera gehiago dagoela, baina ez da erreala izango. Enpresei finantzaketa bermatu gabe, beren zorra ezeztatzeko aukera emango dien jokaleku bat eskaini gabe, kontsumora bideratuta dauden diru sarrerak igo gabe eta Estatuak inbertsio sozialei babes ezinbestekoa eman gabe, miraria izango da “kaleak” egiaz antzematea egoerak hobera egin duela.

Lan merkatuari dagokionez ere, itxaropentsu egoteko arrazoiak daudela dirudi.

Ez dakit zergatik. Berriz diot, eskaria handitzen ez bada, eta ez da handitzen ari, zaila izango da enpleguak ugaritzea. Gertatzen dena da lan harremanetan egiten ari diren aldaketak (enplegu finkoak enplegu partzial eta aldi baterakoak bihurtuz) parekatu egin nahi direla enpleguaren hazkunde garbiarekin. Enplegu igoerak ekonomiari bere osoan eragin diezaion modu positiboan, beharrezkoa da aldi berean soldatadunen masa ere handitzea, eta, hori, zoritxarrez, orain gertatzen ari denaren justu kontrakoa da.

Kontsumo pribatua ere handitu egingo delako aurreikuspena ere okerrekoa al da?

Gustatuko litzaidake okerrekoa ez izatea. Inguruan jende asko daukat sufritzen ari dena, lanik gabe. Nahiago nuke oker egon eta ikusiko banu suspertzen ari dela kontsumoa, inbertsioa eta ekonomia bere osoan. Baina ez dut ikusten daturik esateko errentak igo egingo direla eta horrek kontsumoaren eta salmenten igoera ekarriko duela eta, bide batez, inbertsioarena eta enpleguarena.

Batzuek diote gehiago kontsumitu behar dela krisiari aurre egiteko. Beste batzuek, aldiz, murrizketen alde egiten dute. Zer diozu zuk?

Enplegua sortzeko, beharrezkoa da enpresek inbertsio pribatuak egitea. Inbertsio publikoa ere behar da, batez ere, azpiegitura sozialean. Inbertsioak egiten dira salmentak daudenean, hau da, egiazko eskaria dagoenean, eta behar adinako diru sarrerak. Hortaz, kontsumoa behar da. Gastuari murrizketak ezartzen erabat zentzugabea da ekonomia suspertu bahi bada. Nolanahi ere, kontsumo oro ez da desiragarria eta ez du eragin bera ekonomian. Gure gizarteak azken hamarkadetan sustatu duen kontsumo modua ez da izan ez eraginkorra, ez jasangarria eta ez oso baliagarria ere gizartearen beharrizanak benetan ase ahal izateko.

Europak etengabe gomendatzen dio Espainiari bankuen diruak herritarrengana iritsi behar duela. Uste al duzu 2015. urtean mailegu gehiago emango zaizkiela enpresaburu txiki eta ertainei?

Ez dut argi ikusten. Banku sektorea oso ukituta dago eta kontabilitatean darabilten nolabaiteko disimuluak bakarrik estaltzen du haien ondarezko egoera ahula. Aurrezki kutxak merkatuan uzten ari diren hutsuneak ere ez die aukerarik ematen bankuei oreka berreskuratu eta behar den moduko finantzaketa eskaintzeko. Gainera, enpresak eta familiak “balantzeen atzeraldian” daude, hau da, gehiegizko zorpetzearen osteko egoeran. Horren ondorioz, zorra txikitzeko erabiltzen da likidezia osagarria, eta, hortaz, segur aski ez da nahikoa izango bankuek iturria irekita ere. Beharrezkoa da beste bide batzuk aurkitzea egoera birmoldatzeko, eta bide horiek ez daitezke izan haien zorrak berregituratzea besterik.

Orduan, nola egin aurre urtarrileko aldapari?

Hori bai eragiketa bihurria! Batez ere, gogoeta behar da, neurritasuna eta oreka. Adimena ere bai, eta inguratzen gaituenarekiko daukagun jarrera aldatzea. Beharrezkoa da geure buruari galdetzea zer den benetan behar duguna.