Francisco Santolaya, Valentziako Psikologoen Elkargoko Dekanoa

"Ez dugu lehen baino arazo psikologiko gehiago, baina sentiberagoak gara haiei dagokienez"

1 abendua de 2003
Img listado entrevista

Zer ate irekitzen ditu psikologiak?

Sustraia filosofiarekin lotuta duen zientzia antzo, psikearen ezagutzan sakontzen du. Psikologoa prozesuak errazten dituen profesional bihurtu da eta pertsonen zerbitzura jartzen ditu norbere burua hurbiltzeko eta ezagutzeko metodologia zientifikoak, entzutearen, behaketaren, azterketaren, alderatzearen, seinalatzearen eta orientazioaren bidez. Espezialista bat da eta pertsonei, errealitatearekiko harreman gogobetegarriagoa izan dezaten, laguntzea da haren funtzioa.

Nola azaltzen dira psikologoaren kontsultara joateko erreserbak, are beldurra?

Zorionez, psikologoarenganako beldurra, errezeloa eta mesfidantza gutxitu egin dira. Aldi berean, gure profesionalizazioa emendatu egin da, hala onartu behar da, eta horrek eguneroko bizitzan gero eta presenteago egotea dakar. Diziplina baliagarri gertatua zen zenbait eremutan, eta eremuok zabaldu egin dira. Portaera aldatu baten diagnosi, etiologia eta tratamendua hartzen duen psikologia klinikoa izateaz gain, hainbat gizarte-instituziotara sartu da, hala nola bikote-harremanetako edo familiarren arteko gatazketara, edo eskola-arazoetara, eta are, giza baliabideen arloan, enpresari aplikatutako metodologietara, oparotasun ekonomiko eta humanoa lortzea xede, edo psikologia juridikora, arlo horretan diagnosi profesionala gero eta presenteago baitago.

Gero eta ohikoagoa den haurren psikologoen jarduerak ulertaraz lezake gurasoek eta hezitzaileek azkenean espezialisten esku utzi dutela haurrak beren hazkuntzan orientatu eta laguntzeko zeregin tradizionalean dituzten erantzukizunen parte bat. Egungo haurrek behar al dute psikologiako profesional baten laguntza espezializatua?

Helduekin gertatzen den bezala, egun haurren artean ez dago lehen baino kasu gehiago zeinetan psikologo baten lana beharrezko edo baliagarria baita, kontua da orain arazo horiekiko sentiberatasun handiagoa dugula. Gizartea aurreratuz doa, eta aurrerakuntza hori nabari den faktoreetako bat bizitza ulertzeko modua da: orain sakrifizio- eta oinaze-aldi bat baino zerbait gehiago izan dadin saiatzen gara. Haur psikologiari dagokionez, haurtzaroa bizitzako etapa erabakigarria dela frogatu da; izan ere, haurtzaroan eratzen dira etorkizuneko jokaerak eta helduaren nortasuna sustraitzen. Gurasoek badakite psikologoak arazo bat ebatz diezaiekeela harenera joten dutenean, badakite beren seme-alabei eta berei ere jokaera positiboa lortzen laguntzen diela. Ikastetxeetan, psikologo-taldeak ohituta daude haien garapen emozionala eta ikaskuntza-arazoak antzematen, lehenbailehen eta ahalik modu eraginkorrenean gainditu ditzaten.

Nola jakin noiz zaigun beharrezko edo komenigarri psikologoari bisita egitea?

Psikologoaren jarduna emozio- edo jokaera-arazoak dituzten pertsonei laguntzera zuzenduta dago; arazo horiek batzuetan puntualak izango dira, esate baterako pertsona maite baten galera, eta beste batzuetan ez. Halaber, pertsona krisi edo nahasketa une batean dagoenean elkarlana eskatzen dio espezialista bati, lasaitasun eta oreka egoerara itzultzeko. Elkarlana diot, helduak arazoa eta laguntzaren beharra onartzea baita lehen pausua itzulera horretan.

Emakumeak lan merkatuan hasi izanak familiako bizitzari eta haurren zaintzari arreta gutxiago dakar berekin, eta bikotearentzat estres handiagoa, batez bere -oraindik- emakumearentzat. Gizona moldatzen ari al da egoera berrian?

Bai, segur aski. Famili- eta bikote-harremanetan ez dago hutsezinezko formula gisa balio duen jarraibiderik, familia bakoitzak bere berezitasunak baititu; hala ere, seme-alabei eskaintzen zaien denborari dagokionez, kalitateak kantitateak baino gehiago balio du. Emakumeak beti egin izan du lan, etxe barruan edo etxetik kanpo, eta seme-alabekin emandako denbora hori guztia ere baldintzatuta zegoen. Aitak edo amak semeekiko harreman falta edo haienganako arreta falta dela-eta erruduntasun konplexua dutenean sortzen da arazoa. Baina seme-alabekin egoteko baldintzek -denbora laburrean bada ere- bikaintasuneranzko joera badute, harreman horren balioa handiagoa izango da egunero haiekin ordu asko ematea soilik baino.

Etxebizitza erosteko zailtasuna, lan eskasia, bizitza axolagabea, modak eta publizitateak sortutako gaztetasun ia betierekoaren mitoa… gure gizarte-testuinguruak bide ematen dio nerabezaroa hogeita hamar urteak sobera gainditu arte luzatzeari. Egoera hau lot liteke gazteen heldutasun txikiago batekin?

Nerabezaroa beti bizitzako etapa zaila izango dela alde bat utzita, ezin dugu betiereko nerabeez hitz egin. Egia da orain erantzukizunak geroago hartzen direla, baina haiek beren gain hartu beharra ere geroago iristen da. Orain aspaldi ez dela, 20 urteetatik aurrera egiten zinen heldu, familia bat osatu eta ia-ia jubilatu arteko lana hautatzen zenuen. Hori asko aldatu da, baina ezin dugu orokortu gaurko gazteak joan direneko hamarkadetakoak baino heldugabeagoak direla esanez. Berriz diot ideia bera: orain jakitun gara arazo emozionalak edo gaizki konpondutako gatazkak gainditzeko laguntza bila profesional batengana jo dezakegula. Ez gara lehen baino ahulagoak, baizik eta geure ahuleziak naturaltasun handiagoz onartzen ditugu, baita konpondu nahi izan ere.

Zahartzaroa, arlo psikologikoan, etapa zaila da, baina badirudi pentsatzen dugula: “azken batean, bizitzeko urte gutxi geratzen zait…”, edo “honetara ezkero ez dugu izaera aldatu behar”. Gure herriko bizi itxaropen handia kontuan izanda, ez al genuke aldatu behar hain ikuspuntu konformista eta etsia?

Pentsatzekoa da denok adinekoak izatera iritsi nahi dugula eta gure zahartzaroa erosoa izan dadin nahi dugula. Eta ez naiz ari pentsio bat izateaz bakarrik, baizik eta, halaber, gure bizi kalitatea ezin hobea izateaz. Pertsona zaharraren psikologia garapen handiena izaten ari diren arloetako bat da, geure buruarengan inbertitzea da kontua. Tratamendu espezifikoa eskatzen duten patologiak eta adinaren berezko arazoak -Alzheimerra, kasu- bazter utzita, eta zaharra gaixoarekin lotzeari uzten badiogu, konturatu egingo gara haren erabaki-gaitasuna nagusitzen dela, eta beraren arazo psikologikoak bizitzako beste edozein momentutan bezain garrantzitsuak direla eta orduan bezalako sendaketa-ahalegina behar dutela.

Oraindik askok geure buruari galdetzen diogu zein diren psikologo baten eta psikiatra baten arteko diferentziak. Izan ere, ondo ez gaudenean ez dakigu batenera edo bestearenera jo behar dugun.

Elkarren osagarri gara. Guk sendagai edo tratamendu medikoen bidez sendatu behar diren arazoak antzematen ditugun era berean, arazo hori psikologo batek hobeto konponduko duela erabaki dezake psikiatrak, edo sendaketa jarraitzeko terapia psikologiko bat behar dela. Funtsezko ezberdintasuna honako hau da: mediku psikiatrak nerbio-sistema eta giza burmuina sakonki ezagutzen ditu ikuspuntu biologikotik eta biokimikotik eta, horrenbestez, tratamendu farmakologikoak abian jar ditzake; psikologook, berriz, ez gara medikuak eta buruko arazoak konpontzeko balio ere duten teknika psikologikoekin egiten dugu lan.

Zer deritzezu autolaguntza liburu gero eta modakoagoei?

Pertsonak galderak ezagutzen dituen heinean, liburu horiek erantzunetan sakontzen lagun diezaiokete. Obra horiek sinesmenak indartu eta zalantzak ebazten dituzte, eta beti ere ikastea edo epistemologiara hurbiltzea on da, baina ez dugu uste izan behar espezialista bat ordeztu dezaketenik.

Zenbait pertsonak Gabonak, emozioei dagokienez, tentuz ibiltzeko moduko garaitzat dituzte: oroitzapen kutunak, familiarrekin eta maiteegiak ez diren lagunekiko harreman ia derrigorrezkoak, pertsona maiteen absentzia nabarmena, bakardade ikaragarria…

Izan ere, data esanguratsuak, izaera pertsonal zein sozialekoak, tentuz ibiltzeko modukoak gerta daitezke. Erraz litzateke elkarrizketarako, bestearen tolerantziarako eta norberaren sendotasunerako gonbita egitea, baina batzuetan ezin konta ahala energia xahutzen dugu aldaezina dena aldarazten saiatzeko. Beharbada eraginkorragoa litzateke energia hori errealitatea den bezala onartzeko erabiliko bagenu. Aldaezina dena ez onartzetik datoz frustrazio asko.