Catherine L'Ecuyer, hezkuntzaren arloko dibulgatzailea eta 'Educar en el asombro' liburuaren egilea

"Ez da ezinbestekoa haur bat eskolara joan dadin 6 urte egin aurretik"

1 urtarrila de 2017
Img entrevista 2 listado 349

Zein litzateke adinik onena eskolan hasteko?

Hori gurasoek erabakitzen dute. Ez da ezinbestekoa haur bat eskolara joan dadin 6 urte egin aurretik. Lehenago badoa, ez da nahitaezkoa delako edo beharrezkoa zaiolako, gurasoek lan egiten dugulako baizik eta dauzkagun ordutegiak dauzkagulako. Haur batek garai horretan gehien behar duena da atxikimenduzko lotura bat sortzea bera gehien zaintzen duenarekin, ez adimena estimulatzea. Haurren hezkuntzan omen dagoen “aldi kritikoa” eta inguru aberastu baten beharra mitoak baino ez dira. Heziketaren neurobiologian aditua den edonork gauza bera esango du. Dena den, adin horretan eskolatu beharra badugu, ahal dugun guztia egingo dugu esperientzia hori ona izan dadin. Eskolaurreak saiatu behar du etxeko ordutegiaren luzapena izaten, leku bat eskaintzen haurrak aurki ditzan bere beharrizan afektiboentzako erantzunak.

Zer da “aldi kritikoa”?

Garai bat da, zeinetan nahitaez landu behar den trebetasun edo gaitasun jakin bat; behin joanez gero berri itzuliko ez den aukera bat. Ez dago ebidentzia zientifikorik esateko heziketan badirela aldi kritikoak. “Neuromito” bat da, zeren gaur egun bai baitakigu garunaren plastikotasuna bizitza osoan gauzatzen dela (nerbio sistemak duen gaitasuna da, bizitzan zehar bere egitura eta funtzionamendua aldatzeko inguruko aniztasunari erantzunez).

Ez al dago trebetasunik garai horretan errazago lantzen denik?

Bai, hizkuntzak. Hogeita hamar urterekin ere ikas daitezke, eta are gehiago erabateko murgiltzean, baina bi urterekin baino gehiago kostako da. Zientzialariek nahiago dute “aldi sentiberez” hitz egin, zeinetan ikaskuntza batzuk errazagoak diren beste aldi batzuetan baino.

Animalietan eta landareetan zenbait ikerketak frogatu dute badirela aldi kritikoak.

Bai, animalietan edo landareetan erabili diren estimulu gabezia erabatekoez baliatu izan dira esateko gizakion heziketan badirela aldi kritikoak. Baina hutsegite metodologikoa da hori. Estimulu gabezia erabatekoak kalte itzulezinak sortzen dituelako, ez dezakegu ondorioztatu gainestimulazioa onuragarria dela, eta are gutxiago gizakiarentzat eta heziketaren testuinguruan. Haurra normalean egoten den testuingurua ez da inolako estimulurik gabea, non eta ez badute lotuta edukitzen gela ilun batean. Dan Siegel amerikar neurobiologoak dioenez, “haurrek gutxieneko estimulu kopuru bat behar dute, inguru normal batean”. Hori erraz asko eman dezake etxe batek.

Handitu al daiteke haurren adimena estimulazio goiztiarrarekin?

Ez. Estimulazio goiztiarra iruzur hutsa da. Ameriketako Estatu Batuetatik 80ko hamarkadan ekarri zuten metodoa da, Doman-ek eta Delacatok asmatua, garuneko lesioak zituzten haurren tratamenduan. Gero heziketaren eremura zabaldu zuten. Neurology erakundeak (neurozientzien arloan munduan dagoen autoritate gorena da), Ameriketako Pediatria Akademiak eta nazioarteko beste elkarte batzuek nabarmentzen dute ez duela oinarri zientifikorik eta ez duela emaitzarik ematen. Are gehiago, gaur egun badakigu garun bat behar baino gehiago gainestimulatzea kaltegarria izan daitekeela.

Zure liburuan diozu “harriduran eta errealitatean hezi” behar dela? Zer da hori zehazki?

Haurrak harridurarekin jaiotzen dira, eta horrek esan nahi du mundua ez ematea egintzat eta jakintzat. Errealitatearen edertasunak harritu egiten du. Haurrek behar dute, gizakion garuna errealitate bidez ikasteko egina baitago. Neurozientziaren arloan egin diren azken ikerlanek baieztatu egiten dute haurrek ez dutela ikasten diskurtsoetatik, fitxetatik edo pantailetatik, eta egiazko esperientziak eta pertsona arteko harremanak behar dituztela, zuzenekoak.

Zein dira zure lanetan aipatzen dituzun “neuromito” nagusiak?

“Lehenbiziko hiru urteak kritikoak dira ikaskuntzarako”, “gure garunaren %10a bakarrik erabiltzen dugu”, “adimen mugagabea dugu”, “inguru abestuak lagundu egiten du ikaskuntza”, “ikaskuntza estiloek garunaren dominantziaren mende egon behar lukete (eskuina edo ezkerra)”, eta abar. Berriki egin den ikerlan batek esaten du irakasle askok sinetsi egiten dituztela. Horregatik da garrantzitsua beste aditu batzuei ere ahotsa ematea, gai zientifikoei buruz hizkuntza ulergarrian hitz egiten dutenei.

Eskolaz kanpoko hainbeste ekintzarekin eta etxeko lanekin, haurrei haurtzaroa lapurtzen ari al gara?

Ez nago etxeko lan neurtuen aurka, baina haur hezkuntzan sekula ez luke egon behar etxeko lanik. Jolas desegituratuaren adina da, eta funtzio exekutiboak lantzeko balio du, zeinak garrantzitsuak baitira haurrak bilakaera egokia izan dezan. Garrantzitsua ez da inguruak jartzea haurra martxan, haurra inguruaren bidez martxan jartzea baizik.

Haurrek estimulu gehiegi al dute gaur egun?

Zalantzarik gabe. Jaitsi egin behar da estresa, frenesia, kontsumoa. Errespetatu egin behar dira beren barne erritmoak, beren etapak. Natura gehiago, misterio gehiago, errealitate gehiago, motela delako eta haurra baretu egiten duelako; edertasun gehiago…