Maria Remedios Belando Montoro, Madrilgo Complutense Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko irakaslea

"Etxeko lanak funtsezkoak dira bere neurrian"

1 iraila de 2015
Img entrevista listado 1043

Etxeko lanak, bai edo ez?

Etxeko lanak funtsezkoak dira bere neurrian. Ikasle bakoitzaren egoerari eta beharrizanei egoki behar litzaizkieke, baina horrek giza baliabide eta baliabide material asko eskatuko lituzke, eta, zoritxarrez, ikastetxerik gehienek ez dute halakorik.

Zer-nolako funtzioa izan behar dute etxeko lanek?

Etxeko lanekin, finkatu egiten da ikasitakoa. Horretaz gain, modua ematen dute ikasle bakoitzari gehien interesatzen zaizkion alderdietan sakontzeko, eta hori funtsezkoa da motibaziorako eta arrakasta akademikoa lortzeko. Horrekin batean, diziplina, antolaketa eta ardura sustatzeko ere balio dute, nahiz eta zenbaitetan estresa edo autoestimua galtzea ere ekar dezaketen ikasleei zailtasunak sortzen zaizkienean etxeko lanak egiteko.

Egokia iruditzen al zaizu eskolan hasi eta lehenbiziko astean bertan bidaltzea etxeko lanak?

Ikusi egin behar da zein den heziketa zikloa, baina iruditzen zait lehenbiziko asteak sarrera egiteko izan behar lukeela eta, hortaz, ez dira beharrezkoak. Lehenbiziko egunak egokitzekoak dira eta ikasleei ez zaie eskatu behar etxeko lan askorik.

Finlandian -hango hezkuntza eredua jotzen da gorentzat-, ikasleek 15 eta 30 minutu artean ematen dituzte egunero etxeko lanak egiten. Espainian, ikasle bakoitzak, batez beste, bi ordu ematen ditu egunero. Gehiegizkoa iruditzen al zaizu?

Berriz ere, ikusi egin behar da zein den heziketa zikloa, baina lehenbiziko urteetan bai, gehiegizkoa iruditzen zait. Dena den, gehiegizkoa iruditzen zait haur askok eskolaz kanpoko ekintzetan ematen duten denbora ere. Haurrek denbora eduki behar dute besterik gabe etxean lasai irakurtzeko eta anai-arrebekin edo lagunekin jolasteko, besteak beste.

Zein da unerik onena etxeko lanak egiteko?

Etxeko lanak egunero egin behar dira. Asteburua gairen bat sendotzeko erabil daiteke, baina, batez ere, familiarekin eta lagunekin gozatzeko; nahiz eta hori aldatu egiten den ikaslearen adinaren arabera. Bigarren Hezkuntzako ikasleek (DBH) eta Batxilergokoek bai, horiek asteburuan ere ordu batzuk eman behar lituzkete ikasten.

Gurasoek lagundu behar al diete seme-alabei etxeko lanekin?

Azken urteetan, nabarmen handitu da seme-alabei etxeko lanekin laguntzeko joera, eta hori nekez azaltzen da kontuan hartuta gurasoen helburu nagusietakoen artean dagoela seme-alabak gero eta independenteagoak izan daitezen laguntzea. Gurasoek laguntza eman diezaiekete oso ariketa jakinetan; adibidez, haurrak gairen bat ozenki “kantatu” behar badu azterketa baten aurretik. Baina haurrek ikasi egin behar dute beren zalantzak konpontzen eta oztopoak beren kabuz edo ikaskideen laguntzarekin gainditzen. Heltzeko prozesu ororen zati da hori.

Hezkuntzan dagoen hizkuntza aniztasunak zailtasunak eransten al ditu etxeko lanak egitean?

Bistan da zailtasunak erantsi ditzakeela, baina aberastasun bat ere bada. Irakasleek jakin egin behar dute ikasgelan aniztasuna erabiltzen ikasleak motibatzeko eta haien ikaskuntza aberasteko. Etxera iristean, ikasle horiek ez dute izaten gurasoen laguntzarik, eta haiek egin behar izaten duten ahaleginak ondorio positiboak ekar ditzake, funtsezko konpetentzia batzuk lantzen baitituzte beren garapen osoaren mesedetan, ez soilik garapen akademikoaren mesedetan. Azken urteetan, zenbait ikerketak erakutsi dute egoera horretan dauden ikasleek eskolan arrakasta izaten dutela.

Internet tresna lagungarria al da etxeko lanak egiteko?

Gaur egun, denontzat da beharrezkoa Sarerako sarbidea, baina adingabeei kontrolatu egin behar zaie erabilera. Internet bidez, informazio eta ezagutza eguneratua ez ezik, motibatzeko balio duten hainbat tresna eta material ere eskuratzen dira, ikaskuntzarako ahalmen handikoak. Gaur egun, Sarerako sarbidea ia unibertsala da Espainian; izan ere, etxean bertan ez izan arren, ikastetxe publiko askok doako sarbidea eskaintzen dute.