Guillermina Yanguas, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa (MAGRAMA)

"Espainian kalitate hobea du aireak Europako Batasuneko beste herri batzuetan baino"

1 otsaila de 2013
Img entrevista 2 listado

Nolakoa da airearen kalitatea Espainian?

Esku artean ditugun datuek esaten digute, besteak beste Europako Ingurumen Agentziak (AEMA) emandakoek, duela hamar urte baino hobea dela. Espainia, EBko beste herrialde batzuekin alderatuta, ez dago okerrago; hobeto dagoela ere esango nuke. AEMAk mapa batzuk argitaratzen ditu gune “gorri” batzuekin, eta horrela adierazten du kutsatzaileek non sortu duten egoerarik txarrena, besteak beste partikulek edo nitrogeno dioxidoak (NO2). Espainian bakanak dira. Garapen maila bertsua duten Europako beste herri batzuekin alderatuta, antzera gaude. Hala ere, badugu zer egin.

Hori helburutzat hartuta, zer-nolako planak dauzkazu?

Urte honetan, airearen kalitatea hobetzea da nire sailaren lehentasunezko politika. Aire Plana jarri dugu abian, Airearen Kalitatearen Plan Nazional berria, aurrekoa baino anbizio gehiagokoa eta errealistagoa. Neurri zehatzak txertatu ditugu, administrazioek modua izan dezaten egoerarik arazotsuenak hobetzeko.

Dirudienez, irizpide bat edo bestea erabili, egoera hobea edo okerragoa da: Ekologistak Martxan erakundeak nabarmentzen du Espainiako herritarren % 94k arnasten duen airea Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen duena baino txarragoa dela.

Guk Europako Legediaren balioak erabiltzen ditugu. Balio horien arabera, ez da egia herritarren % 94k kalitate txarreko airea arnasten dutela. Ez dugu alarmistak izan behar. EBk aintzat hartzen du OME, baina baita irizpide sozio-ekonomikoak edo geografikoak ere. Ez da gauza bera Espainiako klima edo Europa erdialdekoa. OMEren balioak helburutzat hartu behar dira airearen kalitatea hobetzeko.

AEMAk eskaera egin die Europako erakundeei, zorrotzagoak izan daitezela legez ezarri beharreko mugekin, egoera okerragoa da-eta egungo ezagutza zientifikoen argira.

Mugak gero eta zorrotzagoak izango dira, eta hori akuilu bat izango da gure lanerako.

Erakunde horrek berak esaten zuen, EBko herrialdeen artean, Espainia zela zenbait kutsatzaileren mugak gehien gainditzen zituenetakoa.

Oraingo egoera ez da hori. Ez dugu uste AEMA bereziki kritikoa denik Espainiarekin. Horrek ez du esan nahi lasaitu egin behar dugula, zeren ustez betetzen ditugun mugak aldatu egin baitaitezke bihar. Europako komisarioa etorri zenean, lehentasunezko politika zela esan zigun, eta guretzat ere hala da. Horren adibide da Aire Plana. Espainiako ekonomia beste herrialde batzuetakoa baino okerragoa izango da segur aski, baina ez airearen kalitatea.

Duela urte batzuk, Espainiako Ingurumen Ministerioak onartzen zuen kutsadura atmosferikoak 16.000 heriotza goiztiar eragiten zituela Espainian.

Ez dut datu horien berririk. Guk darabiltzagunek esaten dute harreman argia dagoela airearen kalitatearen eta osasunaren artean, eta kalitate txarrak kalte egiten diela arnasbideei eta abar. Osasun Ministerioarekin koordinatuta ari gara lanean, bereziki haiekin, baina baita Barne Ministerioarekin ere.

Ekologistak Martxan erakundeak adierazi du airearen kalitatea neurtzeko eskumena duten autonomia erkidegoek ematen dituzten datuak ulergaitzak direla herritarrentzat. Hori dela eta, MAGRAMAri eskatzen diote Espainia osoari buruzko informazio jar dezala herritarren eskura.

Gure web-orrian urtero jartzen dugu txosten bat erkidegoen informazioarekin. Neroni ere ez naiz teknikaria, baina ulertzen dut. Madrilgo Erkidegoan lan egiten nuenean, ez zitzaidan iruditzen ematen genuen informazioa txarra zenik; adibidez, alerta-sistema. Hobetu daiteke, zalantzarik gabe. Planaren helburuetako bat da, baina informazioa hortxe dago, denen eskura.

Erakunde ekologista horrek Alemaniaren adibidea jartzen du. Han, herrialde osoko datuak ematen dituzte denbora errealean, modu eskuragarri eta argian.

Guk ez dugu horrelakorik. Seguru nago alemaniarrek sistema paregabea dutela. Zein den esate badigute, eta oso garestia ez bada, oso pozik kopiatuko genuke.

Salatu izan dute zenbait hiritako airearen kalitatea neurtzen duten kontrol-postuak kendu egiten dituztela gehien kutsatzen duten tokietatik edo hain kutsatuta ez dauden inguruetara eraman dituztela. Egia al da hori?

Ez. Estazio horien inguruko araudia oso zorrotza da. Kritikak jaso dituzten autonomia erkidegoetan, orain arteko kutsadura mailarik handienak antzeman dituzte estazio berriek. Guk dakigunez, neurriak fidatzekoak dira. Autonomia erkidegoak ahal bezain ongi ari dira, baina, gauza guztiak bezala, bada zer hobetua. Urte honetan indar egin nahi dugu administrazioen arteko koordinazioa hobetzeko.

Zein lekutako airea da kalitate txarrenekoa?

Eskualderik populatuenak, non garraiobide jakin batzuk erabiltzen dituzten, eta inguru bereziki industrializatuak, horiek dira arazotsuenak. Eta ez dezagun ahaztu jatorri naturaleko kutsadura.

Zer egin dezakete herritarrek?

Norberak gauza asko egin ditzake bere lanbidean eta eguneroko ohituretan. Horrek ez du esan nahi Administrazioak ez duela berebiziko ardura neurriak hartzeko orduan.