Constanza Tobío, Carlos III Unibertsitateko Soziologia katedraduna, bateratze-gaietan aditua

"Espainian ahal den bezala ezartzen dira bateratze-neurriak"

1 urtarrila de 2013
Img entrevista 2 listado

Zer-nolako osagaiak behar dira bateratze-errezeta perfektua lortzeko?

Berdintasuna behar da. Alde batetik, generoena, gizonen eta emakumeen artekoa. Baina baita bateratzearen bi poloen artekoa ere: pertsona batzuk zaintzeko zeregina dago batean (haurrak, adinekoak, ezinduak, gaixoak) eta lan-mundua bestean. Arazoa da, orain artean, ekoizpenaren munduak izan duela lehentasuna.

Bateratzeari buruz hasten zarenean, zein da burura datorkizun lehen hitza?

Berdintasunik eza, jakina. Esan behar dut, hala ere, bateratze hitza ez zaidala askorik gustatzen.

Zuk zer termino erabiliko zenuke?

Agian, erantzunkidetasuna. Emakumeen eta gizonen artean ardurak partekatzea esan nahiko luke. Baina baita erakundeen artean ere: Estatua, gizarte-eragileak…

Generoa, familia eta enplegua dira zure gaiak, horretan zara aditua. Bateratzearen kontuak generoari lotuta jarraitzen du Espainian? Emakumeentzat zailagoa al da?

Aldatzen ari da. Gizonak modu eraginkorrean hasi dira zaintza-zereginak egiten. Aldatzen ari da aitatasunaren irudia. Baina orain, aldarrikatu egin behar dute euren eskubidea dela etxeko zereginetan aritzea eta haurrez arduratzea. Bateratzearen gaia garai batean baino hobeki dago. Pauso erraldoia eman zuen 2004tik 2010era, aitatasun-baimena 15 egunera luzatuta eta Berdintasun Legea onartuta.

Zein dira bateratzearen inguruko puntu beltzak Espainian?

Haurrei dagozkienak aipatuko ditut. Lanean ari diren amek lau nabarmentzen dituzte. Lehena, haurren ohiko gaixotasunak (gripea, gastroenteritisa…), eskolara joaten uzten ez dietenak. Gaixotasun larrientzat izaten dira baimenak, baina ez beste horientzat. Bigarrena, laneko ordutegien eta eskolakoen arteko koordinazio falta. Eta haurren oporrak, askoz luzeagoak baitira. Azkenik, Educa3 plana bertan behera uztea, zeinak plazak sortzen baitzituen 0-3 urte arteko eskoletan. Izugarrizko arazoa dugu adin horretako haurrak zaintzeko orduan.

Enplegu eta Bateratze Gaietarako Ministroa izango bazina (halako kargurik ez dago Espainian), nondik hasiko zinateke?

Ministro gisa, zerbitzu publikoetan oinarrituko litzateke nire programa; haur-eskolak sortuko nituzke, ludotekak, goizeko gelak… Eta bateratze-baimenak luzatu egingo nituzke, batzuetan motz geratzen dira eta. Baina, horretarako, dirua behar da. Estatuak zerga-oinarri sendoak behar ditu gizarte-politikei eusteko. Eta horien artean, bateratzearen arlokoei. Arazoa da krisi ekonomiko honekin hondoratzen ari direla.

Itxuraz ona den datu bat emango dizut. 2008. urtean, emakumeak % 5 ziren Ibex 35eko enpresen administrazio kontseiluetan. Gaur egun % 12,5 dira, Nafarroako Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera. Bateratzearen eta berdintasunaren aldeko pausoak al dira? Oraindik ere gutxiegi al da?

Izango ez da ba gutxiegi! Baina arrakasta handia ere bada. Berdintasunak transbertsala izan behar du, zeharkakoa: genero-bortizkeriaren aurka egitea da kontua, baina baita administrazio kontseiluetan parekidetasunaren alde ere.

Zu ezkorra zara. Adierazi izan duzu, gizarte-politiketan egiten ari diren murrizketen eraginez, gerta daitekeela emakumeak etsi eta lan-mundurako bideari uko egitea.

Arriskua benetakoa da. Emakumeek, gizonek bezala, zailtasunak dituzte lana aurkitzeko. Era berean, soldatak gero eta apalagoak dira, eta gizarte-politikak gero eta murriztaileagoak. Beraz, gero eta zailagoa da bateratzea gauzatzeko aukera emango duten bitartekoak aurkitzea. Soldatak apalak badira eta haurtzaindegi-zerbitzua ordaindu egin behar bada lanean ari garenean, ez da harritzekoa uneren batean emakumeak pentsatzea ez duela merezi lanera joatea eta lan egiteari uztea.

Zuk zeuk nola ikusten duzu bateratzearen gaia: gauzatzeko modukoa da, edo ameskeria baino ez?

Beharrizan bat da. Emakumeek lan egitea ere beharrizan bat delako. Emakumeek prestakuntza hobea dute gizonek baino. Eta aurreikuspen arabera, prestakuntza handia eskatzen duten arloetan sortuko da lana. Emakumeen ekarpena funtsezkoa da eta, beraz, baita bateratze-neurriak ere.

Zure iritziz, bateratzen al da Espainian?

Ahal bezala bateratzen da. Familiako sareek neurrigabeko protagonismoa dute. Aitzitik, enpresek eta Estatuak komeni baino esku-hartze txikiagoa dute. Zerbitzuak falta dira, eta bateratze-politikak ere bai.

Bukatzeko, irudimen-ariketa bat jarriko dizut. Bost urte barru, adibidez, non egongo da Espainia bateratze kontuetan

Jokalekua aurrerantzean ezin da izan Espainia. Europa mailan jardun behar da. Honetatik ateratzekotan, estatuen batura baino zerbait gehiago izan beharko du Europak, eta aldarrikatu egin beharko du haren protagonismo politikoa, ekonomikoa eta soziala. Europaren finantza-egoeraren araberakoa izango da bateratzearen auzia.