Luis Rodulfo Zabala, CEPCO Eraikuntza Produktuetako Enpresaburuen Konfederazioko zuzendari nagusia

"Espainiak eraikuntza behar du krisitik ateratzeko"

1 martxoa de 2012
Img entrevista 2 listado

Bidezkoak iruditzen al zaizkizu eraikuntzaren arloari egiten zaizkion kritikak?

Asko eraiki da eta, ziurrenik, azkarregi. Gehien eraiki zen urtean, 690.000 etxebizitza berri egin ziren, eta eskaria 400.000koa edo 500.000koa izango zen, asko jota. Krisiarekin askoz nabarmenago ikusi da eskaria eta eskaintza ez daudela parean. Botere publikoek eta etxebizitza-sustatzaileek erregulazio bat egin behar zuketen, merkatua egokitzeko. Lanposturik ez da sortuko eraikuntza-lanei ez bazaie pizgarri bat azkar ematen.

Gehiago eraiki beharra al dago?

Ohiko eraikuntza arloan ez ezik, baita beste batzuetan ere; adibidez, herri-lanetan, bizitoki ez diren eraikinetan edo zaharberritze-lanetan. Badira egin gabe dauden mantentze-lanak eta azpiegitura berriak, baina ez da dena kolpez egin behar. Eta bizitoki berriak ere behar dira. Etxebizitza Ministerioaren arabera (Sustapen Ministerioa da orain), 25 edo 26 probintzia inguruk lehenbailehen behar dituzte. Horietako batzuetan gerta daiteke prezioak igotzea, eskari handia dagoelako eta eskaintza urria. Egoera horretan daude Kantauri itsasoko ertz guztia, Extremadura, Gaztela eta Leongo probintzia asko edo Madrilgo inguru batzuk. Baina finantzaketak huts egiten du.

Engainagarria al da Estatuko batez bestekoa?

Bai. Adibidez, Castellok 5.700 etxebizitza ditu saldu gabe 100.000 biztanleko, Gipuzkoak 600, Extremadurak 400, Madrilek 1.500.

Zenbat etxebizitza behar dira?

Gure kalkuluen arabera, saldu gabe dauden etxebizitza berriak 1.000 eta 1.500 artean dira 100.000 biztanle bakoitzeko. Horren azpitik dabiltzan probintzia guztiek etxeak behar dituzte.

Espainiak eraikuntza behar al du krisitik ateratzeko?

Eraikuntza arloan milioi bat lanpostu galdu dira. Guk 280.000 galdu ditugu, eta jende horrek, batez beste, 20 urte zeramatzan enpresan eta bazuen nolabaiteko lanbide-prestakuntza. Inork ez du esaten Espainiak erakuntzaren mende egon behar duenik hemendik 25 urtera, baina orain ez dago beste aukerarik.

Zer egiten duzue krisitik ateratzeko?

Eustea lortu dutenak eta eskaria duten herrialdeetara esportatzen dutenak hasi dira gora egiten. Esportatzeko gaitasunik ez dutenak berrikuntzari emanak daude, epe motzean produktu hobeak egiteko. Isolamendu termikoa eta soinu-isolamendua, energia-eraginkortasuna… alderdi horiek asko hobetu daitezke etxeak zaharberrituta, diru asko gastatu gabe, gainera, eta herrialdeari ere mesede egiten dio ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik.

Europako Parlamentuaren Auken txostenak dio Espainian ingurumen-eragin larria ekarri duen urbanizazioak.

Egia da gehiegikeriak izan direla, baina ez da izan orokorra. Galarazitako leku batean hotel bat eraiki eta bota egin behar bada, primeran. Zenbat eta gehiago bete araudi teknikoa eta ingurumenari dagokiona, hainbat hobeki. Era horretan, ongi jokatzen dutenek iraungo dute bizirik eta hobeki aterako gara krisitik. Baina zalantza asko sortu dira Espainian bigarren etxebizitza nahi zuten herritar ingelesengan, alemaniarrengan, eta abarrengan, beste herrialdeetako lehiakideek hala nahi izan dutelako, segur aski.

Egoki betetzen al da ingurumen-araudia?

Araudiaren zati bat ez guztiz ongi. Guk administrazio publikoei eskatzen diegu merkatua zain dezatela, baina esaten digute baliabide gutxi daudela eta eskumenak autonomia erkidegoek dauzkatela, eta horietan, nahi duen bezala egiten du bakoitzak.

Zer-nolako neurriak hartzen dituzue ingurumenean daukazuen eragina murrizteko?

Ingurumen arloko hogei bat legediren mende gaude, eta guztiak betetzeko borondatea daukagu. Orain saiatzen gara erabiltzaileari azaltzen zer-nolako eraikina erosiko duen ingurumen-alderditik begiratuta.

Material ekologikoak aurrera egiten ari al dira?

Ari dira probak egiten arlo batean eta bestean. Artile organikoak aztertzen ari dira, zur zatiekin egindako isolatzaileak, eta abar. Enpresek orain ez dute gaitasun handirik inbertsioak egiteko, baina haien helburua da ekologikoa denari tarte egitea, arrazoizkoa den neurrian eta gizarteak eskatzen duen heinean.

Zergatik ez dira gehiago erabiltzen?

Batzuetan, inertziak eraginda, sustatzaileek eta arkitektoek ezagutzen duten hori erabiltzera jotzen dutelako beti.

Zenbat etxetan erabiltzen dira produktu ekologiko horiek?

Lekua irabazten ari dira merkatuan, baina poliki-poliki. Europako araudi berriaren aginduz, ezinbesteko baldintza da ingurumena errespetatzea. Ekologikoa izan edo ez, produktu bakoitzak bete egin behar du araudia.

Zer irizten diezu eraikinentzako ziurtagiri berdeei?

Horien aldekoa naiz, oraindik gauza berria den arren. Gutxika-gutxika egingo dute bidea. Azken erabiltzailearen araberakoa izango da.

Zer esango zenieke kontsumitzaileei?

Kalitatea eska dezatela. Bestela, metro koadroaren espekulazioarekin jarraituko dugu. Etxe bat erosten dutenean, galde dezatela zer ezaugarri tekniko dituen, ez prezioa bakarrik. Eta zerbait betetzen ez bada, legezko erreklamazioa egin diezaiotela sustatzaileari edo etxegileari.

Ekologikoa garestiagoa dela esaten da.

Eraikuntza arloan, luzera begiratu behar da, eta hor, iraunkorra dena errentagarriagoa izaten da. Gehiegi jokatzen dugu epe motzera. Dena den, frogatu egin beharko da gauzak egiaz direla ekologikoak.