Teresa Valero, informazioaren eta zabalkunde zientifikoaren arloko zuzendaria Nutrizioaren Espainiako Fundazioan

"Eskolako menuan aukera gutxi izaten da arrain urdinetan, eta fruta eta barazki errazioak ez dira aski"

Ia bi milioi haur eta nerabek eskolako jantokian jaten dute egunero, halaxe dio Espainiako Estatistika Institutuak. Zifra handituz doa urtetik urtera, eta baita elikagaien kalitatearekin kezkatuta dauden gurasoen kopurua ere. Eskoletako menuek badute zer hobetua, egia esan, baina, hala ere, egoki betetzen dituzte nutrizio arloko baldintzak. Askotan, etxean baino gehiago kontrolatzen da haurrek zer, nola eta zenbat jaten duten.
1 iraila de 2018
Img entrevista 2 listado 401

Ongi jaten al dute eskolako jantokia darabilten haurrek?

Gure iritziz, eskolako jantokia kudeatzeko moduak baldintzatzen du hori. Ez da gauza bera jantokia eskolako planean barneratua duen ikastetxe bat, heziketarako beste elementu bat bezala, bere sukaldearekin, elikagai hurbil eta ekologikoekin, edo cateringa edo lerro hotza duen ikastetxe bat, jantokitik urruti dagoen sukalde batekin eta plastiko barrenean birberotzen diren elikagaiekin, kozinatu eta handik egun batzuetara.

Zergatik kritikatzen duzue hainbeste lerro hotzeko janaria, zeina sukalde zentral batean prestatzen den eta hozkailuan gordetzen ikastetxeetan jan arte?

Garai batean, ikasleek tokiko elikagaiak jaten zituzten ikastetxeetan, zentroan bertan eginak, eta urte gutxian, ikastetxetik hainbat kilometrotara prestatutako produktuak jatera pasatu dira, munduko edozein bazterretatik datozenak, eta hor nabarmen apaltzen da janariaren kalitatea. Cateringaren edo lerro hotzaren sistemarekin, kaltetu egin daitezke elikagaien ezaugarri organoleptikoak (kolorea, zaporea, usaina, testura), eta horiek funtsezkoak dira jaten ikasten ari direnentzat. Plater bat ona ez badago, azkenerako bota egingo dute. Lerro hotzak aukera ematen du egunean milaka menu prestatzeko eskala handian. Ikastetxeetara astean behin edo bitan banatuta, murriztu egiten dira garraio kostuak. Uste dugu, aipatu ditugun arrazoiengatik, horrek zaildu egiten duela ikasleak modu osasungarrian elikatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoan, jantokien %72k cateringa darabilte. Andaluzian %67k, eta Gaztela eta Leonen %47k. Eskolan Arduraz Elikatzearen aldeko Plataformaren ustez, ikasle horiek okerrago jaten al dute?

Ezaugarri organoleptikoetan izaten den kalteaz gain, catering ereduaren beste arazo handi bat da plastiko asko erabiltzen duela. Zenbait ikerketak nabarmentzen duenez, plastikoak izaten dituen disruptore endokrinoek berotzean migratu egin dezakete plastikotik elikagaira da, plastikoaren substantzia toxikoak janarira pasa litezke; hormonen jokabidea imitatzeko gai diren konposatuak dira horrako horiek, eta sail horretakoak dira, besteak beste, A bisfenola edo ftalatoak. Ikerketa horien artean dago INMA proiektua (Haurtzaroa eta Ingurumena), zeinak amen eta haurren datu baserik handiena kudeatzen duen Espainian haurdunalditik hasita (hamalau ospitalek, unibertsitatek eta osasun erakundek gidatzen dute). Osasunaren Mundu Erakundeak ere ohartarazi du plastikoaren konposatu horiek arriskutsuak direla osasunean duten eraginagatik. Eta ez ditut aipatu ontzi horiek ingurumenean dituzten ondorioak.

Orduan, zuen ustez, eskolako jantokiak ez du lortzen neska-mutilek ohitura osasungarriak ikas ditzaten?

Neurri handian, ez. Catering sistema asko ari da hedatzen, eta eredu horrek murriztu egiten du hurbileko elikagai freskoen kontsumoa. Horretaz gain, autonomia erkidegoen araudietan dauden aldeek ez dute laguntzen, zeren zerbitzuen ikuskaritza eta kontrolak ez baitira berdinak leku guztietan, eta kontratuen lizitazioak arautzen dituzten klausulen pleguak ere ez.

Eskolako jantokien gaian, ba al da gurasoentzat kezkagarria den beste alderdirik?

Bai. Garrantzitsuena da ziurtatzea eskolako jantokiko elikagaien kalitatea onena izango dela, eta platerak erakargarriak izango direla jaten ikasten ari direnentzat. Baina gurasoentzat kezkagarria da, halaber, errazioak batzuetan eskas samarrak izatea, halaxe erakusten dute guregana iristen diren kexuek, eta prestatzeko modua ere batzuetan ez da ahal bezain askotarikoa. Eskoletako jantoki askok, gainera, ez du gaitasunik eskari guztiei erantzuteko, eta jantokian jateko beharra duten ikasle batzuek ez dute modurik izaten. Beste kexu bat izaten da jantokietan zarata handia egoten dela, eta ikasleek askotan ez dutela izaten behar adina denborarik jateko.

Zer-nolako jantoki mota eskatzen dute, orduan, gurasoek?

Bere sukaldea eta jantokiko langileak izango dituen ikastetxea, eta han bertan kozinatzen den janaria, hurbileko elikagaiekin.

Zure iritziz, ikastetxeek zer-nolako zeregina eduki behar lukete haurrak eta nerabeak elikaduraren arloan hezteko?

Eskolako jantokia funtsezko atala da tokiko elikadura sistemak eraikitzeko, betiere jasangarritasun irizpideetan oinarritzen badira ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik. Baina beharrezkoa da hezkuntza komunitate osoa inplikatzea.

Zer behar da lortzeko?

Curriculumeko eduki gisa txertatu behar litzateke elikadura ikastetxeen hezkuntza planetan, eta irakasle espezializatuak jarri jantokietan, Mediterraneoko dietaren transmisio eta ikaskuntza plataforma gisa joka dezaten, zeinak, gizateriaren ondare ez-materiala izateaz gain, prebentzio lana egiten baitu gizentasunaren aurka. Baina gurasoek ere badugu gure zeregina. Dena ez daiteke utzi erakundeen esku, zeren neska-mutilak elikatzeko zeregina denona baita.

Eta zer egin dezake guraso batek, edo ikasle batek, iruditzen bazaio eskolak eskaintzen duen menua kaskarra dela, ez dituela errespetatzen arauak ezartzen dituen nutrizio irizpideak

Ez gaitezke gelditu besoak gurutzatuta. Guraso elkarte eta federazioek eta Guraso Elkarteen Espainiako Konfederazioak salaketa eta kontrol lana egin dezakete eta zerbitzu egokia eman dezaten borrokatu daitezke. Horretaz gain, administrazio organo independenteak sortu behar dira, lehiaketa irabazi duten enpresen menuak kontrolatu ditzaten, erabiltzaileen kexuak zentralizatu eta aztertu, osasun eta nutrizio arloko kontrolak hobetu eta ikuskaritza horien emaitzak argitaratu.

Zure iritziz, zein dira alarma seinaleak, eskolako jantoki bateko janaria txarra izan daitekeela susmarazten dutenak?

Aurrez prestatuta dauden elikagaiak bakarrik zerbitzatzea, birberotuak, izoztuak, latako janaria eskaintzea edo opil industrialak, hori bada alarma pizteko arrazoia. Zaindu egin behar da, halaber, jantokiak arraina eskaintzen duela astean bitan gutxienez, eta ez dadila izan ez panga eta ez beste espezie arazotsuren bat. Eskola jantoki on batek sasoiko fruta eman behar luke astean hirutan gutxienez, eta berdura egunero (plater gisa edo guarnizio gisa).

Orduan, zein izango litzateke jantoki eredugarria haurrentzat?

Horietako bat Granadan dago, Albaicín auzoan. Gómez Moreno ikastetxe publikoko jantokia gurasoek kudeatzen dute orain dela hamar urtetik hona, eta ekoizpen ekologikotik datoz eskaintzen dituen elikagaien %80. Bere sukaldea dauka, eta gehiegizko pisuaren eta gizentasunaren tasa probintzia osoko apalena da, eta sari asko jaso ditu horregatik. Eredu hori lortu behar dugu guztientzat.