Santiago Niño-Becerra, Egitura Ekonomikoko katedraduna (IQS School of Management-Ramon Llull Unibertsitatean

"Erretiro pentsioek, orain arte ezagutu ditugun bezala, oso urte gutxi iraungo dute"

1 maiatza de 2014

Bizitza itxaropena handitzen ari da eta Gizarte Segurantzako kotizazioak, aldiz, murrizten… Zer-nolako etorkizuna datorkigu?

Ez zait iruditzen bizitza itxaropena denik arazoa: hori ere murriztu egingo da gizarte babeserako diru sariak gutxitu ahala, batez ere osasun arlokoak. Arazoaren muina da diru sarreren bilakaera gastuenaren atzetik joango dela: ugaritu egingo dira kotizazio apalak dituzten onuradunak, batez besteko soldatak txikiagoak izango direlako langabezia estruktural handiaren eraginez eta aldi laburreko lanek gero eta pisu handiagoa hartzearen eraginez. Etorkizuna? Pentsioak jaitsi egingo dira.

Kalkuluek diotenez, 2040. urtean, lan egiteko adina izango duen pertsona bakoitzeko, lanerako adinik ez duen beste bat egongo da. Iritsiko al da erretiro saririk kobratu ezingo den eguna?

Erretiro pentsioek, orain arte ezagutu ditugun bezala, oso urte gutxi iraungo dutela iruditzen zait. Alde batetik, diru sarrerak falta dira, lehen esan bezala; bestetik, ez dira nahitaezkoak, orain ez baita beharrezkoa ‘langile klasea lasaitzea’ Gerra Hotzaren garaian zen bezala; eta, bestetik, kontsumo masiboan oinarritzen den hazkundea atzera geratu da orain dela urte batzuk. Beti jasoko da pentsio motaren bat, ordena publikoa zaintzeko besterik ez bada ere, baina uste dut oinarrizko errenta unibertsal baten itxura izango duela gehiago.

Eta izango al da dirurik pentsioak ordaintzeko?

Espainiako Gizarte Segurantzak (nagusiki pentsioek eta langabezia sariek) %1,8ko defizita izan zuen iaz; hau da, erreserba kutxari esker iraun zuen. Azken urteetako erritmoan, lauzpabost urterako dirua dago kutxan, eta hortik aurrera murrizketak izugarriak izan daitezke.

Egungo krisi ekonomikoak pentsioetan izango duen eragina urte batzuen buruan sumatuko omen da… Noiz eragingo die eta nola?

Pentsiodunek lehenik sumatuko dutena izango da -dagoeneko sumatzen hasiak dira- erosteko ahalmena galtzen ari direla; gero diru saria murriztuko diete. Eta, tarte horretan, kalkulatzeko sistema aldatuz joango dira: lan-bizitza osoa hartuko dute kontuan, luzatu egingo dute pentsioak jaso ahal izateko kotizazio aldia…

Gobernu askok erabaki dute erretiratzeko adina atzeratzea. Neurri eraginkorra al da?

Politikariek hartzen duten ohiko neurria da, kolore batekoek eta bestekoek: arazoa atzeratzea, biharko uztea. Erretiratzeko adina atzeratuta, murriztu egiten da pentsioetan guztira ordaindu beharrekoa. Erretiratzeko adina atzeratzeak, gaur egungo testuinguruan, non lan eskaria dagoen, baldintza apalagoetan izanik ere, oztopatu besterik ez du egiten gazteak lan merkatuan sartzeko aukera. Neurri horrek izan dezakeen gauza on bakarra da zenbait pertsonak errenta handiagoa jasoko dutela lanean ari diren bitartean, gero jasoko luketen pentsioarekin alderatuta.

Espainiako Estatuko herritarren ia erdiak kezkatuta daude zer-nolako etorkizuna izango ote duten erretiroa hartu ondoren, baina “kezkatu pasiboak” esaten diete, ez dutelako deus egiten. Zer egin behar lukete?

Espainiar gehienek ez dezakete deus ere egin, erosteko ahalmenak ez dielako ematen aurrezteko adina. Alde batetik, espainiarren %50en soldata mila eurokoa edo txikiagoa da; bestetik, pentsiodunen %60k familiari lagundu behar diote; eta bestetik, pentsio-funtsetara egiten diren ekarpenen %90 abenduan egiten dira eta zerga-kenkariak lortzeko izaten dira… eta onura horiek galtzeko arriskua dago, gainera. Espainian jende gutxik aurreztu dezake pentsioa osatzeko, horixe da egoera.

Aurreztea izango bada espainiarren aukera bakarra, noiz hasi behar lukete?

Ahal dutenek modua izan bezain laster hasi behar lukete planifikatzen, baina aurrezki-funtsen baldintzek malguak izan beharko dute, pertsona askok aldi baterako eta/edo aldi laburreko kontratuak izango baitituzte.