Begoña Blazquez: Kontsumitzailearen Europako Zentroak Espainian duen aholkularia

"Erreklamazioa jartzea akigarria izan daiteke kontsumitzailearentzat"

1 uztaila de 2016
Img entrevista listado 1121

Espainiako Estatuko hamar herritarretatik sei prestakizunak egiten ari dira udako oporraldiarekin gozatzeko, Espainian batzuk eta handik kanpo beste batzuk, halaxe dio “Europarren oporrak 2015” barometroak, Europ Assistancek eginak. Zein izaten dira arazorik ohikoenak halakoetan?

Arlorik kritikoenak aire garraioa eta ibilgailuen alokairua izaten dira oporraldietan. Alokairuko autoekin arazoak hasten dira ibilgailuak kalteren bat izan duenean eta konpainiak guri kobratu nahi izaten digunean. Horrekin batean, zenbait konpainiak ez dute eskaintzen ibilgailua azken prezioarekin, merkeago baizik, edo saia daitezke gu konbentzitzen nahitaezkoa ez den aseguru bat egin dezagun.

Espainiako bidaiarien %76k maleta galtzeko beldurra izaten dute erregistratu ondoren, hori dio inkesta digital batek. Aire-konpainia batek ekipajea galtzen badu, zer egin behar da lehenik eta behin?

Lehenengo pausoa konpainiari erreklamazio bat bidaltzea da, eta lehenbailehen gainera. Errespetatu egin behar dira Montrealgo Hitzarmenak erreklamazio batentzat ezartzen dituen epeak: zazpi egun dira maleta kaltetuentzat eta hamar egun maleta atzerapenarekin jasoz gero. Epe horiek errespetatzen ez baditugu, konpainiak ez du kalte-ordaina emateko erantzukizunik.

Hegaldiak atzeratzea, bertan behera gelditzea eta overbookinga -aire-konpainiak behar baino txartel gehiago saltzea- ohiko arazoak izaten dira oporretan. Udako hilabete batean, Europan 4.500 hegaldi gelditzen dira bertan behera batez beste, eta 98.000k atzerapenen bat izaten dute. Flightstats bidaia atariak eman ditu datu horiek. Zer egin behar da halakoetan?

Atzerapena hiru ordukoa edo hortik gorakoa bada, eta hegaldia zenbat kilometrokoa zen kontuan hartuta, eskubidea dugu laguntza eman diezaguten, txartelaren dirua itzuli edo beste garraiobideren bat jarri eta ordaina eskaini. Gainerako kasuetan, Kontsumitzailearen Europako Zentroak Espainian duen bulegoak egingo du bitartekari lana herrialdetik kanpoko konpainiekin. Eta Espainiako enpresa bat bada, Kontsumitzailea Informatzeko Udal Bulegora joan daiteke kontsumitzailea, bere udaletxera, edo bere autonomia erkidegoko Kontsumo Zuzendaritza Nagusira.

Eta erreklamazioa konpainiari egin eta pozik gelditzen ez bagara?

Aire Segurtasunaren Estatuko Agentziara jo behar da, eta hark ikertuko du zer gertatu den eta txosten bat egingo du (enpresaren esku dago hori errespetatu edo ez). Hala ere pozik gelditzen ez bagara, beti dugu auzitara jotzeko aukera.

Uda guztietan gertatu ohi dira gisa honetako egoerak: bidaia bat kontratatzen da agentzia batekin eta, hotelera iritsitakoan, ez dago logelarik edo ez da agindu zutena bezalakoa. Legezkoa al da hori? Zer eskatu behar du bidaiariak?

Ez, ez da legezkoa. Horregatik, oso garrantzitsua da agentziak ematen dizkigun esku orri eta iragarki guztiak gordetzea, bidaia kontratatu aurrekoak eta ondorengoak. Horretaz gain, unean bertan aurkeztu behar zaio kexua agentziari edo handizkako saltzaileari, hark konpondu dezan. Egoeraren berri eman badiegu eta ez badigute arazoa konpontzen, lehenbizi agentzian jarri behar da erreklamazioa eta ondoren Kontsumitzailea Informatzeko Udal Bulegoan edo Kontsumitzailearen Europako Zentroan, kalte-ordaina lortze aldera.

Bidaiariak prest egon behar du aireportuetan segurtasun kontrol zorrotzak egin diezazkioten. Gaur egun eskubide gutxiago al dituzte?

Ez, kezka dago sistema aldatzeko, eta norabide egokian ari dira pausoak ematen.

Urtero bi milioi lagun inguruk jasaten dituzte Espainian atzerapenak, hegaldi ezeztatzeak, overbookinga edo ekipaje galerak, baina erdiek baino ez dute aurkezten erreklamazioa, datu hori eman du Airhelp enpresak. Zergatik aurkezten ditugu hain erreklamazio gutxi?

Erreklamazio jartzeak lan gehiago ematen du egiaz pairatu den kaltea baino. Kontsumitzaileari iruditzen zaio ez duela merezi: lehenbizi jakin behar duzu nora joan, zer dokumentazio behar den, eta abar. Bidaiariak badaki erreklamazioaren prozesua luzea izango dela. Kontsumitzaile askok atzera egiten dute, eta bidean gelditzen dira erreklamazio gehiegi.

Zer gomendatzen duzu?

Informatu egin behar da eta pazientzia eduki. Erreklamatzea guztion borroka da; zenbat eta kontsumitzaile gehiagok erreklamatu, orduan eta kontzientzia handiagoa sortuko dugu norabide egokian arautzen joateko. Enpresak ere behartuagoak egongo dira legea betetzera, gaizki jokatzen dutenek badakitelako ez direla hain erraz geldituko zigorrik gabe.