Javier Andaluz, ingurumen Zientzietako lizentziaduna eta Klima eta Energia Saileko koordinatzailea Ekologistak Martxan taldean

"Energiaren egoera aldatu egin da eta argi naturalari probetxua ateratzeak ez du esan nahi gutxiago kontsumituko dela"

Ordularia atzeratu edo aurreratu beharra dagoen aldiro, hortxe azaltzen da eztabaidarako gaia, onuragarria ote den edo kaltegarria. Aldekoek diote murriztu egiten dela energia kontsumoa; kontrakoen esanetan, aldiz, sinbolikotik gehiago du eraginkorretik baino. Orain, Europako Batzordeak behin betiko kentzeko asmoa azaldu du
1 urria de 2018
Img entrevista 2 listado 409

Zergatik zaude ordu aldaketaren aurka?

Zalantzan jartzeko modukoa da eraginkorra ote den energia aurrezteko. Zerbait aurreztuko balitz ere, oso-oso gutxi litzateke. Eta, aldiz, pertsona askori aldarazi egiten dizkio ziklo biologikoak, eta hori bai, hori nabarmena da. Energia aurreztu egin behar dugu, baina modu sendoagoan, egiaz aurrezteko balioko duten neurriekin, adibidez eraikinen isolamendu termikoa hobetuta edo energia eskaria murrizten duten beste neurri pasibo batzuk ezarrita.

Zergatik diozu energia gutxi aurreztea lortzen dela?

Goizean aurrezten duguna arratsaldean xahutzen dugulako argiztapenean. Oso goiz iluntzen duenez, lehenago piztu behar izaten dira argiak. Ordulariaren orratzak urtean bitan mugitzeak ez du esanahi energia aurrezten denik. Udazkenean ordua atzeratzen denean, enpresek eta familiek (goizean goiz mugitzen badira), argiak ordubete gutxiagoz beharko dituzte. Eta goizetik lan egiten badute, horiek aurreztu egingo dute. Baina familiei gertatuko zaie ohi baino ordubete lehenago iluntzen duela, eta ordutegien errutinak bere horretan jarraitzen duenez, arratsaldetik gastatuko dute goizen aurreztu duten (edo aurreztu ez duten) ordu hori. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera lan egiten duten enpresek eta bulegoek ere ez dute aurreztuko. Saltoki askok, bestalde, 10:00etan irekitzen du, eta horiek ez dute goizetik aurrezten, baina arratsaldetik ordubete gehiagoz beharko dute argiztapena, eta horiei mesedez ez, kalte egiten die. Argindar kontsumoa, gainera, hori baino konplexuagoa da. Jokabide arduragabea dagoenean izan ezik -adibidez, argiak egun osoan piztuta uztea-, ez du argiztapenak eragiten energia kontsumorik handiena etxeetan. Hain zuzen, LEDarekin hobetu egin da argiztapenaren eraginkortasuna, eta, ondorioz, apaldu egin da kontsumoa, eta, aldiz, handitzen ari dira, adibidez, kontsumo teknologikoak smartphoneetan, telebistetan eta ordenagailuetan.

Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) esaten du, hala ere, ordu aldaketak %5eko murrizketa dakarrela energia kontsumoan…

IDAEren ikerketa proiekzioetan oinarritzen da, eta %5 hori kalkulatzen du ordu aldaketarik gabe gertatuko litzatekeena kontuan hartuta. Baina urte osoko kontsumo datu egiazkoak alderatuta, eta aurreko 10 egunetan eta ondorengo 10 egunetan izaten den kontsumoa aztertuta, datuak aldatu egiten dira: urte batzuetan murriztu egiten da energia kontsumoa, eta beste batzuetan handitu. Horrek erakusten du energia aurrezteko garaian badirela ordu aldaketak baino eragin handiagoa duten faktoreak.

Eta zer gertatzen da familiekin? Haientzat merezi al du?

Ez, ez dute aurrezten. Ez bakarrik ordu aldaketak eragin txikia duelako edo batere eraginik ez duelako, baita ordu bakoitzeko kontsumitzen den kilowattaren (Kw/h) prezioa faktore nahiko bazterrekoa delako ere argindarraren faktura osoa kontuan hartuta. Ordu aldaketarekin, gainera, lanegunari dagokion energia kontsumoa eguzkia dagoen orduetan egiten da, eta etxekoa, berriz, gaueko orduetarako uzten da; ondorioz, ustez aurrezten den ordua enpresen kontsumoaren mesedetan izaten da eta ez familien mesedetan, horiek ordubete handitzen baitute argi kontsumoa.

Orduan, enpresek eta industriaren arloak bai, horiek murriztu egiten dute energia kontsumoa ordu aldaketarekin?

Bai, horiek dira onuradunak, argi eta garbi, energia kontsumoa gutxitzeko aukera handiagoa eduki baitezakete. Aurrezten dena, nolanahi ere, gutxi litzateke, eta neurtzeko garaian, betiere osotasuna hartu behar litzateke kontuan, hau da, ordu aldaketak langileengan izaten duen eragina ere sartu behar litzateke hor.

Aditu batzuek diote, ordutegia aurreratzen edo atzeratzen denean, argiztapenean aurrezten dena beste alde batetik joaten dela, berogailutan edo aire girotutan gehiago gastatzen delako, urte sasoiaren arabera. Zer deritzozu?

Hala da, giroko faktoreek eragin handiagoa dute energia kontsumoan ordu aldaketak baino, eta horrela, muturreko tenperaturak izaten diren garaietan (hilabeterik hotzenetan eta beroenetan), energia kontsumoa asko handitzen da berogailuekin edo aire girotuaren gailuekin. Handitu egiten da energia kontsumoa, eta ez da igoera elektrikoa bakarrik izaten, beste hornigai fosil batzuena ere handitzen baita.

Ordu aldaketa 1974. urtean hasi zen orokortzen, eta gaur egun Europako Parlamentuak ere zalantzan jarri du. Neurri zaharkitua dela iruditzen al zaizu?

Bai, orain arte esan dudan guztiagatik, baina, batez ere, energia kontsumoak gaur egun ez duelako zerikusirik 1974koarekin. Egoera aldatu egin da: ugaritu egin dira teknologia berriak eta beste sistema elektriko batzuk, eta garai hartan ez zen halakorik; bestalde, hobetu egin dira argiztapen sistemak, eta horrek azaltzen du argia dagoeneko zergatik ez den batez besteko familia baten argindar kontsumoaren erdigunea

Ez bada lortzen modu eraginkorrean aurreztea, zergatik mantentzen dugu?

Inertziagatik eta ohituragatik.

Zer-nolako neurriak proposatzen dituzu energia aurrezteko?

Batez ere, nahitaezkoak ez diren kontsumoak desagerraraztea eta eraikinen isolamendua hobetzea. Eta aurrezteko neurri pasiboak ere ezarri beharko lirateke (adibidez, murriztu egin behar lirateke aire korronteak edo filtrazioak dituzten guneak), eta arreta berezia jarri behar litzaieke kolektiborik ahulenei.

Zure ustez, ba al dago egiazko borondaterik energia aurrezteko?

Energia benetan aurreztu dadin, klima aldaketaren bilakaera geldiarazteko adina, nabarmen murriztu behar litzateke energia fosilen eskaria. Beharrezkoa da energia berriztagarrien instalazioa ahalik eta etxerik gehienetara zabaltzea. Gaur egun lan handia dago egiteko autokontsumoaren alde. Garrantzitsuena litzateke etxe batean kontsumitzen ari ez den energia sarera sartzea; neurri horrek lehentasunezkoa izan behar luke energia trantsizioa lortzeko.