Miguel Ángel Lureña, aholkularia eta zientzia dibulgatzailea, elikagaietan aditua

"Elikagaiek ez dute arazten, nahiz eta irabiaki berde gisa hartu eta hamar euroan litroa"

1 iraila de 2017
Img entrevista listado 1217

Elikagaiak sekula baino seguruagoak al dira?

Zalantzarik gabe. Elikagaiak sekula ez dira izan egun bezain seguruak. Bitxia da, zeren hori hala den arren, askotan entzuten da pozoitzen ari zaizkigula janariarekin, antibiotikoekin, hormonekin, pestizidekin, metal astunekin, gehigarriekin edo transgenikoekin, eta iragan atenporal baten ideia idilikoa sustatzen da, non dena hobea zen. Egiaz, gero eta gauza gehiago dakigu elikagaiei buruz eta horietan aurki daitezkeen arriskuei buruz. Gaur egun, gainera, kontrol sistemak askoz zorrotzagoak dira garai batean baino. Ezinezkoa da segurtasun oso eta erabatekoa lortzea, baina lasai egon gaitezke: elikadura arloko segurtasun arazoak gero eta ezohikoagoak eta arinagoak dira.

Baina esaten da sekula ez dela jan gaur egun bezain gaizki. Zergatik?

Horixe da paradoxa handia. Eskura ditugun elikagaiak seguruak dira. Arazoa da sarri askotan aukera desegokia egiten dugula, eta osasungarriak ez diren produktuak hautatzen ditugu, ugari ematen dituztenak azukrea, gatza, irin finduak edo gantz baztergarriak. Faktore askok eragiten dute hautu horretan: ezagutza falta, desinformazioa, publizitate engainagarria, legedi urria edo kontu fisiologikoak, apetituarekin eta ordain sistemekin zerikusia dutenak. Horri gehitu behar zaio produktu osasungaitzak bazter guztietan daudela eta, gainera, merkeak direla eta zapore bizi eta erakargarriak dituztela.

Alerta mezu asko entzuten da elikagaien, osagaien eta baita proteina jakinen inguruan ere, adibidez glutenaren inguruan. Zer iritzi duzu horri buruz?

Boladan jarri da elikadurari buruz hitz egitea. Komunikabide askok etekina ateratzen diote horri, polemikaz polemika ibilita: haragia, anisakisa, azukrea, palma olioa, akrilamida, ziguatera… Kontua zera da: kezka eragiten duen gai bat aurkitu eta agortu arte zukutzea, eta ondoren beste bati heltzea. Elikaduraren inguruan badira gauza kezkagarriak, nola ez, baina zorroztasun eta zuhurtzia gehiagorekin landu behar lirateke.

Zergatik da hain erraza mezu alarmista horiek aurkitzea nutrizioari buruz?

Beldurrak saldu egiten du, eta askok probetxua ateratzen diote horri. Egunero ikusten dugu hainbat komunikabidetan, batez ere digitaletan, non goiburuak gero eta alarmistagoak diren: hirugiharra jatea erretzearen parekoa dela, ziguatera anisakis berria dela… Goiburu horiek, egiazkotik gutxi duten arren, bisitari asko eta asko erakartzen dituzte, eta iragarleak lortzeko balio die. Enpresa batzuek ere jokatzen dute alderdi horrekin, eta laktosa herritarrentzat zeinen txarra den nabarmentzen dute edo gehigarriak kaltegarriak direla iradokitzen dute. Bestalde, guru asko dago nutrizioaren arloan, eta beldurra zabaltzen dute beren erremedio miragarria saltzeko. Adibidez, produktu horiek argaldu egiten dutela esaten da, detoxifikatu egiten dutela, eta minbiziaren gisako gaixotasunak sendatzen dituztela esatera ere iritsi dira. Ez dago esan beharrik ere erremedio miragarririk ez dagoela.

Zer-nolako elikagaiei atxikitzen zaie sendatzeko gaitasuna?

Landare jatorriko elikagaiekin egiten da. Bistan da, osasungarria da landare jatorriko elikagai gutxi prozesatuetan oinarritzen den dieta egitea. Baina sendatzeko gaitasuna dutela esatea, hori gehitxo da. Elikagai mota horretan, batez ere produktu exotikoak sustatzen dira, adibidez gojiko baiak, chia edo guanabana haziak, baina baita erabat arruntak diren beste batzuk ere, esaterako limoi ura, brokolia edo irabiaki berdea. Nolanahi ere, gaur egun dakigunez, elikagaiek ez dute gaixotasunik sendatzen, horiei aurrea hartzen lagundu baizik.

Zer diozu detox irabiakiei buruz?

Gure organismoa detoxifikatzeko, hortxe ditugu birikak, giltzurrunak, gibela eta larruazala. Elikagaiek ez dute arazten, nahiz eta irabiaki berde gisa hartu eta hamar euroan litroa. Garbi-garbi utz dezaketena diru zorroa da, hori bai. Batzuek, gainera, arriskuan jar dezakete gure osasuna. Urrutiago joan gabe, Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritzak (EFSA) ohar bat atera zuen iaz, eta gorabidean doan arrisku gisa sailkatu zituen irabiaki berdeak, azido oxaliko ugari dutelako eta horrek areagotu egin dezakeelako giltzurrunetan harriak agertzeko joera.

Zein dira traturik bidegabeena jasotzen duten elikagaiak?

Uste dut lehenbiziko postuak frutarentzat izan behar duela. Fruta osasungarria da eta, oro har, eragozpenik gabe jan daiteke (eta jan behar da). Gugana iristen diren mezuek, ordea, nahasi egiten gaituzte batzuetan, hainbeste ezen eragozpenak ikusten baitizkiogu udare bati, eta itsumustuan jotzen dugu txokolatezko opil baten bila. Batzuetan baztertu egiten ditugu sagarrak edo limoiak, “lehortu egiten dutelako”; aranak, “urdaila arintzen dutelako”; sandia, meloia edo laranja, “gauez kalte handia egiten dutelako”; edo bazkalondoan fruta jatea, “urdailean hartzitu egiten delako”. Eta iruditzen zaigu, gehienez ere, egunean bost errazio fruta eta berdura jan behar ditugula, nahiz eta iragarki kanpaina ospetsua gutxieneko kopuruari buruz ari den, ez gehienez jan behar denari buruz.

Zure blogean aurka egiten diezu nutrizioaren arloko mito eta kondairei. Zein egin zaizkizu zailenak baliogabetzeko?

Mitoei buruz ari garenean, denetarik izaten da. Batzuk oso baldarrak dira eta ez dute oihartzunik, inork ez dielako ematen sinesgarritasunik, adibidez esaten denean merkatuan dauden laranja batzuei odola injektatu dietela hiesaren birusarekin. Beste batzuek, ordea, zabalkunde handia lortzen dute. Azken horiek, gehienean, zenbait elementu izaten dute elkarrekin. Bideoak izaten dira, eta hurbilekoa egiten zaigun pertsonaia bat agertzen da; beste inork jakin ez duen ustezko arrisku batez ohartarazten gaitu, konspirazioaren teoria bat planteatuz eta xehetasun teknikoak emanez, ohiko ikusle batek baliogabetu ezin dituenak, ez duelako horretarako tresnarik edo ezagutzarik. Horixe gertatu zen, adibidez, 2015ean ospetsu egin zen bideo batekin, non gizon bat ageri den sagarrak arraspatzen eta esanez oso arriskutsua dela hortik askatzen den substantzia. Gaur-gaurkoz, 23 milioi aldiz ikusi da bideo hori.

Jendeak zein gaitan jarri dizu erresistentzia gehien?

Batzuk bereziki polemikoak dira eta eztabaida beroak eragiten dituzte, adibidez elikagai ekologikoek zer-nolako abantailak eta desabantailak dituzten, transgenikoak edo gehigarriak seguruak ote diren, edo esnea, haragia edo glutena hartzea komeni ote den edo ez. Arazoa da, halakoetan, pertsona batzuk pasiotik aritzen direla argudio oinarrituetatik baino gehiago. Informazioa dugunean, denok uste dugu arrazoi dugula, hori horrela da. Kontua da informazio hori zorrotza den edo ez.

Hainbesteko zurrunbiloan, kosta egiten da bereiztea zer den informazio fidagarria eta zer ez. Nola antzeman iruzurrak?

Zaila da. Arau orokor gisa, nik beti esaten dut hau: zerbaitek egia izateko baino sinesgaitzagoa badirudi, segur aski ez da egia izango.

Nutrizio arloko informazioak argitasun gutxi al du oraindik ere kontsumitzaileentzat?

Nire iritziz, nutrizio arloko informazioak zenbait arazo dakartza. Lehenbizikoa, pertsona askok ez dakitela egoki interpretatzen. Baina, hori baino gehiago, egiazko arazoa da informazio horrek huts egitera eraman dezakeela jendea. Adibidez, txokolatezko opil bat egiten badugu azukre gutxikoa eta bitaminak eta mineralak eransten badizkiogu, gerta liteke nutrizio arloko taulak pentsaraztea produktu hori osasungarria dela, nahiz eta, egiaz, txokolatezko opil bat izaten jarraitu; hau da, produktu osasungaitz bat, noizbehinka baino ez duguna jan behar. Eta horri guztiari gehitu behar zaio nutrizio arloko informazioak gabezia batzuk ere badituela.

Nola hobetu liteke?

Legediak ez du behartzen trans gantzen berri ematera edo produktuak berez dituen azukreak eta azukre erantsiak bereiztera. Lehenbizikoa aspaldiko eskaera da baina gauzatu gabe dago, eta bigarrena berriki proposatu da eta herrialde batzuetan hasiak dira egiten, adibidez Ameriketako Estatu Batuetan. Nutrizio arloko informazioa hobetzeko beste modu bat litzateke nutrizio arloko semaforoa esaten zaiona erabiltzea: kolore kode bat, gorriz markatuko lituzkeena, adibidez, azukrea, gatza, irin finduak edo gantz baztergarriak kopuru handietan ematen dituzten produktuak, eta berdez osasungarriak diren produktuak. Arazoa da badaudela moduak trikimailuak egiteko eta gauzak berez diren bezala ez ulertarazteko, adibidez errazio txikiak hartzea eredutzat egunean hartu beharreko kopuruarekin alderatzeko.

Honako ideia hau ere aski zabaldua dago: “Azkenerako, ez daiteke ezer jan”.

Ados nago. Nahasmen handia dago, eta askok pentsatzen dute dena txarra dela eta ezin dela ezertxo ere jan. Eta badago asperdura moduko bat ere, zeinak beste ideia honi ematen dion indarra: “Zerbaitekin hil behar dugu, eta leporaino jarriko naiz”. Guztiok hilko gara, esan beharrik ere ez dago, baina egun hori ahalik eta gehiena atzeratzeko eta egun horretara egoera onean iristeko, bizimodu osasungarria egin behar dugu eta, horren barrenean, dieta egokia. Baina zer da dieta egokia? Hortxe sortzen dira zalantzak, batez ere egunero albiste kontrajarriak aurkitzen ditugulako komunikabideetan. Eta hortik datoz pertsona askok egiten dituzten aipamenak, “lehen zera esaten zuten arrain urdina txarra zela eta orain, zer da eta, ona omen da”, “haiek ere ez dira ados jartzen”, eta abar.

Zer diozu kontraesan horien inguruan?

Bi arrazoi daude horretarako: lehena da zientziaren aurrerabideak ezagutza berriak eskaintzen dizkigula, eta, batzuetan, baliogabetu egiten dutela lehendik genekiena, eta bigarrena, sarri askotan interes ekonomikoak sartzen direla tartean, hau da, modu ezkutuan babestuta dauden albisteak ateratzen direla produktu batzuen ustezko onurak hauspotzera. Dena den, zalantzarik sortzen ez duena, eta hori ez da aldatu azken hamarkadetan, hauxe da: dieta osasungarriak gutxi prozesatuta dauden produktuetan oinarritu behar duela, eta landare jatorrikoei eman behar zaiela lehentasuna: frutak, berdurak, barazkiak, lekaleak eta fruitu lehorrak. Hortaz, gauza asko daude guk jateko modukoak, erruz.