Bittor Rodriguez, Elikagaien Zientzian eta Teknologian doktorea

"Elikagai azukretsuak izan daitezke dieta osasungarriaren zati"

1 azaroa de 2013
Img entrevista listado 913

Azukrea txarra al da?

Ez dago mantenugai onik eta txarrik. Guztiek betetzen dute funtzioren bat, eta, beraz, beharrezkoak dira. Hala ere, mantenugaiak kopuru jakinetan hartzeko gomendatzen dute beti, eta batzuei gehienezko muga bat ezartzen diete, neurriz kanpo hartuz gero osasun arazoak agertzen direlako. Horixe gertatzen da azukreekin. Elikagaiak ulertzeko modurik kaltegarriena horiek sailkatu eta “onak” eta “txarrak” bereiztea da, edo pentsatzea mantenugaiak eta elikagaia bereizita doazela, horrek galarazi egiten baitu dieta osasungarria zer den egoki ulertzea: mantenugai batzuk ugari ematen dituzten elikagaietan oinarritzen diren ereduak. Horrela, bada, badira kopuru handiagoetan hartu behar ditugun elikagaiak, onuragarriak zaizkigulako, eta beste batzuk ez dira hain beharrezkoak gure organismoarentzat eta, neurriz kanpo hartuz gero, arazoak eragin ditzakete. Horiek noizbehinka hartu behar dira, eta neurrian betiere.

Azukreaz ari garela, zer da “neurrian hartzea”? Zer leku behar du gure dietan?

Azukreek ez dute izan behar egunero hartu behar den energiaren %10 baino gehiago. Egunean 2.300 kcal hartzen dituen norbaitek, asko jota, 230 kcal hartu behar lituzke azukreen bidez, 60 gramo baino zertxobait gutxiago. Dena dela, ulertu behar dugu mantenugaiak baino zerbait gehiago direla elikagaiak, beste onura batzuk ere ematen dizkiguten substantziak direla, zentzumenekin gozatzeko plazera adibidez, eta dieta osasungarri baten testuinguruan daukatela beren lekua eta kontsumo-eredu egokia. Dieta osasungarri batek atsegingarria izan behar du. Dieta osasungarria egiteak aukera ematen du produktu azukretsuekin eta gantzatsuekin gozatzeko gehiegikeriarik egin gabe eta kontzientziaren harrak erasan gabe edo osasun arazorik izan gabe.

Kosta egiten da tentazioari eustea…

Azukreak oso gustagarri egiten ditu elikagaiak, eta horrexegatik izaten da hain erraza bekatu egitea. Hori saihesteko sekretua hauxe da: kontrolatu egin behar dira egunero kafeari botatzen diogun azukre kantitatea, jaten ditugun produktu azukretsuak eta, batez ere, elikagaiek izaten duten azukre erantsia. Tentaldiari kostata eusten diotenentzat aukera ona izan daiteke azukrearen ordezkoak erabiltzea, zaporea eman bai baina arazo atxikirik ez dutelako sortzen, nahiz eta beti den hobea gure elikaduraren kontrola geuk hartzea eta ordezko horiekin gehiegikeriak egiteko arriskua saihestea.

Errealista izango al litzateke azukre findu guztiak eztitzaileekin ordezkatzea?

Hori lasai asko egin daiteke, baina ulertu behar dugu horrela ez zaiola errotik heltzen arazoari. Jaki gozo gehiago jan eta osasun arazorik ez izateko egiten duenak bidezidor arriskutsua hartuko du. Zapore gozoak zaletasuna sortzen du (ez mendekotasuna), eta hori eginez gero, ez gara ariko gure ohitura kontrolatzen osasungarriagoak izan daitezen; bestelako bitarteko batzuk erabiltzen ariko gara gehiegikeria bat egiteko. Arrainaren ordezko bat bezain tristea da. Taktikoki, zigarreta elektronikoak ditugunez erretzeari ez uztearen antzeko zerbait izango litzateke, hori bezain zalantzazkoa.

Azukreak al du gizentasunaren errua?

Gizarte aurreratuetan ageri den gizentasuna exogenoa da gehienbat; hau da, gastatzen dugun energia baino gehiago hartzeagatik sortzen da. Ipuin batean, bazkaltiar batek galdetzen dio zerbitzariari ea pasta iritsi ote litekeen gizentzera, eta hark erantzuten dio: “Ez, jauna. Gizentzera zu iritsiko zara behar baino pasta gehiago jaten baduzu”. Fenomeno hori azaltzen duen ekuazioan aldagai asko daude. Produktu azukretsuak neurriz kanpo jatea askoren arteko beste bat baino ez da.

Orduan, ez dagokionaren errua ere egozten zaio nutrizioaren arloan?

Elikagai azukretsuak arriskutsuak izan daitezke, azukre ugari ematen dutelako. Premisa horrek, osasunarekin eta bizi-ohiturekin kezkatua dagoen gizarte batean, ondorio logiko eta aldi berean sinplista batera garamatza: “Azukreak du errua”. Eta hortik beste ondorio batzuk ere ateratzen dira: adibidez, dietatik desagerrarazi egin behar dela. Hori, sinplista izateaz gain, ez doa benetako arazoaren muinera: ez dakigu kudeatzen zer jatea komeni zaigun, zenbat eta zer maiztasunekin. Elikagaiek ez dute deusen errurik. Izatekotan, geuk izango dugu.

Zer iruditzen zaizkizu azukrea pozoiaren parekoa dela ohartarazten duten mezuak?

Burugabekeria onartezina da gisa horretako gogoeta apokaliptikoak egitea elikagaien inguruan, jakinda elikagaiekin egiten dugun erabilera dela arazoa, ez elikagaiak. Guk aukera dugu modu osasungarrian eta atsegingarrian elikatzeko, eta gozoei ere leku egin diezaiekegu; beste leku batzuetan, aldiz, ez azukre pixka bat, jateko zerbait lortzea bera ere hain da zaila, milioika pertsona hiltzen baititu. Paracelsok esango lukeen bezala, “dosiak egiten du pozoia”.