Conchita García, gerontologiako medikua eta Osasun Asistentziaren Ataleko idazkaria Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkartean

"Egoitza pribatuaren prezioa garestia izan daiteke pentsioekin alderatzen bada"

Espainiako Estatuan 65 urtetik gorakoak dira 8 milioi pertsona baino gehiago, populazioaren %18. Eta Adineko pertsonen profila izeneko ikerlanaren arabera (CSIC erakundeak egiten du urtero), 2051. urtean herritarren %35ek gaindituko dute adin hori. Guztioi ematen digu zer pentsatua gaiak: Nola egingo diogu aurre bizitzako aro horri? Zer da hobea, egoitza batean bizitzea edo etxean laguntza jasotzea?
1 ekaina de 2018
Img entrevista listado 1249

Hirurogeita bost urtetik gorakoak dira ehun herritarretatik ia 20. Zer-nolako erronkak dakartza gero eta adineko pertsona gehiago izateak?

Erronka nagusia da horien guztien bizi kalitatea hobetzea.

Espainiako Estatuan adinekoentzat dauden 5.387 egoitzetatik %24 baino ez dira publikoak. Nola funtzionatzen dute egoitzek Espainian? Berdinak al dira guztiak?

Zentro horietan, medikuak eta geriatriako eta gerontologiako beste espezialista batzuk aritzen gara adinekoak zaintzen, arreta eskaintzen, eta saiatzen gara haien bizi kalitatea hobetzen. Oso ongi funtzionatzen dutela iruditzen zait. Baina, jakina, guztiak ez dira berdinak: zentro bakoitzak bere ezaugarri bereziak ditu. Hori dela eta, familiei gomendatuko nieke ongi bila dezatela, ziurta dezaten hautatu duten zentroak ongi betetzen dituela pertsonak dituen beharrizanak.

Jar dezagun adibide jakin bat: 85 urteko gizonezko bat, bakarrik bizitzeko gauza ez dena. Familiak zalantza dauka egoitza batera eraman edo etxerako zaintzaile bat kontratatu. Nondik hasi behar lukete informazio bila?

Familiak geriatrian espezialista den mediku bati galdetu behar lioke. Beti komeni da pauso hori ematea, hark informazioa eta jarraibideak emango baitizkie beren senitartekoak dituen beharrizanen eta eskakizunen inguruan. Hortik aurrera, aukera eta zentro egokia aurkitu behar da.

Batez besteko pentsioa hilean 926 eurokoa da Espainian, eta egoitza baten prezioa bi halako izan daiteke, nahiz eta adinekoak bere pentsioaren ehuneko bat ordaintzen duen, hileko diru sarreren arabera. Nola jakin pentsioarekin iritsiko ote den?

Zuk diozun bezala, badira diru laguntzak egoitza publikoak ordaintzeko. Egoitza pribatuetan, berriz, egia da prezioa handia izan daitekeela, bereziki egungo pentsioekin alderatuta.

Zergatik dira egoitzak hain garestiak?

Pentsa liteke kostu handia dutela, baina kontuan hartu behar da zer-nolako zerbitzuak eskaintzen dituzten. Egunetik egunera hobetu egiten dute arreta espezializatua, zaintza talde osatua izaten dute, non medikuak dauden, erizainak, ospitaleetako bideokontsultak osasun arazoei aurrea hartzeko, terapia okupazionaleko jarduerak, fisioterapia, psikologia, podologia; hori guztia, eta, gainera, oinarrizko zerbitzuak.

Aski baliabide bideratzen al da egoitzetara?

[Barreak] Ez, jakina. Baliabideak beti dira gutxi; non inbertitu asko dago hobetzeko.

Edozein adinekok eskuratu al dezake kalitatezko leku bat?

Egoitza publiko batean sartzeko puntuazioa ematen dutenean, kontuan hartzen da nolako pentsioa duen, zenbat higiezin dituen eta zein den familiaren egoera. Baina balorazio hori autonomia erkidegoetan egiten dute, gizarte laneko atalean.

Adinekoak zaintzen aritzen diren elkarte batzuek diote egoitza publiko edo itundu batean sartzeko itxaronaldia bi urte arterainokoa ere badela erkidego batzuetan.

Ez da izaten urtebetetik gorakoa, baina egia da itxaronaldia aldatu egiten dela autonomia erkidegoaren arabera.

Beste aukera bat da egoitza pribatuetara jotzea; hilean, batez beste, 1.829 euro kostatzen da, eta hori ez dago familia askoren eskura.

Halakoetan, seme-alabek edo senitartekoek jartzen dute pentsioari falta zaion dirua egoitza pribatu bateko sarbidea ordaintzeko, gu txienez egoitza publiko batean sartzeko lekua lortu bitartean. Beste egoitza pribatu batzuek aukera ematen dute leku bat eskuratzeko ondasun higiezin baten truke, baina ez dakit nola funtzionatzen duen azken aukera horrek.

Nola jakin zentro egokia hautatzen ari garela? Zeri begiratu behar zaio?

Geriatrari galdetzeak lagundu egiten du horretan. Adibidez, adinekoak aldaka hautsi duelako ari bagara egoitza bat bilatzen, fisiologia zerbitzu on bat duena aukeratu beharko dugu. Baina jokabide gorabeherak dituelako nahi badugu egoitzara eraman, horretan espezializatuta dauden langileak eta instalazio egokiak dituena aukeratu behar dugu. Hori litzateke, adibidez, dementzia hasi berri zaion adineko baten kasua, zeinak entrenamendu psikologikoa eta memoria lantzeko jarduerak beharko dituen. Dementzia aurreratuagoa dagoenean, autonomia sustatzeko unitateak dituen zentro bat beharko da.

Zer-nolako seinaleek esaten dute adineko batek etxeko zaintzaile bat behar duela edo egoitza batera joatea komeni zaiola?

Erabakia hartzeko seinale orokorra izaten da etxean eman ezin zaizkion zaintza batzuk behar dituela ikustea. Orduan, beharrezkoa izango da egoitzara eramatea.

Noiz hartu behar da egoitzara eramateko erabakia eta noiz izaten da aski etxeko zaintzaile batekin?

Zaila da asmatzea, kontua ez da hobea zer den eta okerragoa zer den erabakitzea. Lekurik onena bere etxea da edozein adinekorentzat, eta, horregatik, lehen aukera izan liteke zaintzaile bat kontratatzea, arreta indibidualizatua emango diona. Aukera horrek ez badu funtzionatzen edo ez bada bideragarria, egoitza izan daiteke irtenbidea.