Jordi Martinez, finantza heziketako zuzendaria Finantza Ikasketen Institutuan

"Dirua zertan joaten den jakiteko modurik onena tiketak gordetzea da"

1 azaroa de 2016
Img entrevista listado 1145

Espainiako herritarren %70ek diote ez dutela aski diru zerbait aurrezteko, halaxe ageri da INE Espainiako Estatistika Institutuaren datuetan. Ba al dago modurik gure finantzetan ordena pixka bat jartzeko? Nondik hasi?

Aurrezteko orduan ez daiteke orokortu. Zoritxarrez, Espainian familia asko dago inolako diru sarrerarik gabe, eta horientzat ameskeria hutsa da aurrezteko aukera. Hala ere, aurrezteko orduan, etxeko aurrekontua egitea izaten da abiapuntua, zenbateko diru sarrerak ditugun ikusi eta zer-nolako gastuei aurre egin behar diegun kontuan hartu.

Zer egin dezakegu etxean gure finantzak planifikatu eta gaurtik bertatik aurrezten hasteko?

Aurrezteko asmoa badugu, nik gomendatzen dut ingelesez pay yourself first esaten diotena egitea, hau da, ordaindu lehendabizi zeure buruari. Metodo horrekin, diru sarreran zati bat bereizi egiten da kobratzen den unean bertan, eta aurreztera bideratzen da. Demagun, adibidez, hilean 1.600 euro jasotzen duen bikote batek pentsatu duela diru sarreren %10 aurreztuko duela; bada, kobratzen duen egunean, 160 euro bereizi beharko ditu, beste ordainketa finko bat balitz bezala. Eta, hortik aurrera, gelditzen zaizkien 1.440 euroekin, hilabetea pasatzeko antolatu beharko dute.

Jabetzen al gara gure dirua non gastatzen dugun?

Ez beti. Ez dakigu gure gastuen zati bat nora joaten den. Tiketak gordetzeak lagundu egiten du zertan gastatzen dugun jakiten, eta oso ariketa ona da. Ordainagiriak gordetzearekin bakarrik eta kalkulu orri batean idaztearekin, jabetu egiten gara zenbat eta zertan gastatzen dugun.

Beste batzuetan ere aipatu izan dut ogi barraren kontua. Zer da?

Ogiaren adibidea egiazkoa da. Bikote batek erabaki zuen etxeko aurrekontu bat egiten hasiko zela dirua zertan joaten zitzaien jakiteko, eta hilabeteko ordainagiri guztiak gordetzen hasi zen. Batuketa egiten hasi, eta ohartu ziren ia 100 euro gastatu zituztela ogitan. Baina diru gutxiko erosketa zenez, ez zioten garrantzirik ematen. Dirua zertan joaten den jakiteko modurik onena tiket guztiak gordetzea da, erosketa txikienenak eta handienenak, eta hilabete bukaeran berrikustea. Ariketa hori sekula egin ez badugu, segur aski ezusteko bat hartuko dugu eta ideia bat baino gehiago bururatuko zaigu dirua aurrezteko.

Nola egin daiteke zuk proposatzen duzun finantza planifikazioa?

Finantza planifikazioak lagundu egiten digu aurreikusten zer garaitan egin beharko diegun aurre ordainketei. Era horretan, aurrea hartzeko modua izango dugu. Garrantzitsua da jakitea zein helburu ditugun bizitzan, horien atzean finantza helburu bat izaten baita maizenik. Adibidez, nire asmoa bada leku batean baino gehiagotan bizitzea (bizitzako erabaki bat), agian ez zait komeni izango etxe bat erostea (finantza erabakia).

Zer da aurrekontu pertsonal bat eta nola egiten da oso modu errazean?

Gure diru sarrerak eta gastuak zehatz zein diren jakitea da aurrekontu pertsonal bat. Gaur egun badira mugikorrerako aplikazioak gastuen jarraipena egin eta horiek ordenatzeko. Aurrekontu pertsonal bat egiteko beste modu bat izaten da gastatzen dugun guztiaren ordainagiri edo fakturak gordetzea. Ondoren, ordenatu egin behar dira gastuak, finkoak batetik, aldakorrak bestetik, bereziak… Interneten ere badira sailkapen hori egiteko tresnak, adibidez www.finanzasparatodos.es webgunea, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordearena eta Espainiako Bankuarena.

Nagusiki zer-nolako akatsak egiten ditugu aurreztu nahi dugunean?

Diru sarrerak dituen norbaitek aurreztu egin nahi duenean, hutsegiterik handiena izaten da hilabete bukaera arte itxarotea, kontuan zenbat gelditzen den ikusteko. Lehen esan dudan bezala, ona da hilabeteko lehen egunean aurreztea edo dirua sartzen diguten egunean. Gogoan izan behar dugu, hala ere, familia askok ez dutela diru sarrerarik, eta egoera horretan ez daiteke aurreztu.

Rastreator.com atariak ikerlan bat egin du, “On-line konparazio-azterketa, modu burutsuan aurrezteko bidean” izenekoa, eta hor esaten da Espainiako herritarren %66 gai izango ginatekeela hilabete bukaeran zertxobait aurrezteko, hobeto antolatuko bagina. Zer behar dugu zenbaki gorriak saihesteko?

Nire aholkua da hilabete hasieran heldu den gastu finkotzat hartzea aurrezkia. Bestetik, ideia ona da aparteko pagak edo ordainsariak aurreztea ere (halakorik izanez gero).

Orduan, zein da denok aurreztuta eduki behar genukeen gutxieneko hori?

Komeni izaten da hiru eta sei hilabete bitarteko gastu finko eta aldakorrei dagokien kopurua edukitzea, ustekabeko bat etorrita ere, denbora izan dezagun aurre egiteko.

Gaur egun egiaz aurreztu ote daiteke?

Jende askorentzat odisea bat da, diru sarrerarik ez dutelako; hori dela eta, ez gaitezke aritu orokorkerian eta kontu hutsala balitz bezala hizketan.