Pere Marquès, DIM ikerketa taldeko zuzendaria Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (Didaktika, Berrikuntza, Multimedia)

"Bideo-jokoek ezaugarri on ugari dituzte, eta, ongi erabilita, tresna bikainak izan daitezke"

1 abendua de 2012
Img entrevista 2 listado

Bideo-jokoak ikasgelan, bai ala ez?

Bideo-jokoek ezaugarri on asko dituzte, eta, ongi erabilita, tresna bikainak izan daitezke gaitasunak lantzeko eta ikasteko, baina gehiegikeriarik egin gabe erabili behar dira.

Zer-nolako berezitasunak dituzte bideo-joko hezigarriek?

Ikasteko tresna gisa erabiltzen direla, horretara bideratuta daudela.

Bideo-jokoak, tabletak… Badirudi ikastea gero eta dibertigarriagoa dela.

Tabletak etxean jolasteko, bideoak ikusteko edo txateatzeko erabiltzen dira, baina ez dira tresna ludikoak huts-hutsean. Erabilera anitzeko gailuak dira, eta horiei eskerrak ikasleei atseginagoak gertatzen bazaizkie ikasketak, arrazoi gehiago izango dituzte ikasteko. Gainera, irakasleek gauzak ongi egiten badituzte, haiek ere proposatuko dituzte tabletekin edo ordenagailuekin egiteko jarduerak, eta ez dute beti ludikoak izan beharrik.

Jolastea eta ikastea da kontua?

Irakasleek azalpenak ematen jarraitu behar dute eta paperean ariketak egiten ere jarraitu beharra dago, baina denbora gutxiago eskaini behar zaie, zeren beste gauza batzuk ere egin behar baititugu ikasleak ongi prestatzeko, aktiboagoak izan daitezen eta ikasten dutenari buruzko erabakiak har ditzaten. Teknologiak aukera ematen du jarduera askotarikoagoak egiteko.

Ikasliburuen aroa amaitzen ari ote da?

Hurrengo hamarkadan, ikasliburuak eta liburu digitalak elkarren ondoan egongo dira, baina eredu hibrido baterantz joko dute. Ikasliburuak izango dira oinarria, Interneterako konexiorik ez den lekuetan funtsezkoak direlako, baina txikiagoak izango dira, informazio gutxiago izango dute eta QR kodeak edukiko dituzte bideoak ikusteko eta autozuzentzekoak diren ariketetara sartzeko. Baina, jakina, horiek erabiltzeko, ikasle bakoitzak gailu digital bat eduki beharko du, eta hor dago koska: oraindik zain egon beharko dugu.

Eta zer egin daiteke zain gauden bitartean?

Ikasgelan, arbel digitala ezinbestekoa da, zeren harekin liburu digitala erabil baitaiteke. Etxean, gehienek badaukate ordenagailua eta Internet, eta, beraz, hor erabili ahalko dute.

Posible al da ikasgela bakoitzean arbel digital bat izatea?

Arbel digital sinple batek 300 euro balio du. Bideoproiektagailu bat izaten du ordenagailu bati konektatuta, eta halakorik gabe, ez dago modurik ahalmen didaktiko handia duten hainbat jarduera egiteko. Eta pena da horiek guztiak galtzea 300 euro gorabehera.

Aipatuko zenuke era horretako jardueraren bat.

Ikasleak hobeki ulertzen du ikasgaia, bideo motibagarri batekin hasten bada. Horretaz gain, dokumentu-irakurgailu bat ere erabiltzen bada, etxeko lanak paperean egin ondoren, arbel digitalean proiektatzen dira eta berehala zuzentzen.

Zuk gidatzen duzun ikerketa taldeak egiaztatu du, hiru irakasletatik biren iritziz, ikasleek gehiago ikasten dutela eduki digitalekin. Notak ere hobetzen al dira?

Ikasleek gehiago ikasten dute, baina irakasleen % 50-60k soilik baieztatu dute notak hobetu egiten direla. Teknologia berriek lagundu egiten dute gaitasunak eta trebetasunak lantzen, baina ez dute balio memoria handitzeko. Eta egungo azterketak memorian oinarritzen dira. Guk guztiok smartphoneetara jotzen dugu zerbait jakin nahi dugunean, eta eskolan zergatik eskatzen da hainbeste memorizatzeko. Curriculum bimodalak orekatzen ditu bi alderdiak, bereizi egiten baitu ikasleak zer memorizatu behar duen eta zer jakin behar duen egiten.

Espainiako eskola-porrota Europako handiena da. Zuk esan duzuna entzunda, teknologia berriek hobetuko dituzte gauzak.

Gezurrezko eskola-porrota dugu. Gaur egun eskatu behar ez diren gauzak eskatzen dizkiegu ikasleei. Horrexegatik jo behar dugu tradizioaren eta berrikuntzaren arteko orekarantz.

Nola lor daiteke ikasle batek arretarik ez galtzea ordenagailuarekin?

Irakaslea eserita jartzen bada, gelan batetik bestera ibili beharrean, oso handia izaten da postari begiratu bat emateko tentazioa edo txateatzen hastekoa, eta ikasle batzuek, zalantzarik gabe, hori egingo dute. Funtsezkoa da irakasleei prestakuntza egokia ematea, baina ez da hainbeste teknologia nola erabiltzen den sakon erakustea, hura erabiltzeko metodologia didaktikoa erakustea baizik, eta balio erantsia eskainiko dion jokabide-protokolo bat.

Zer gertatzen da gurasoekin?

Funtsezkoa da informazioa ematea eta teknologia arloan prestatzeko ekintzetan parte hartzea. Nola kontrolatuko eta gidatuko dute seme-alabek nola darabilten Internet, ezer gutxi baldin badakite?

Baina etxeko lanak kopiatu egiten dituzte Internetetik.

Horri ere eman diogu irtenbidea. Irakasleei gomendatzen diet utz dezatela Internetetik kopiatzen, baina aurkezpen multimedia bat edo power point bat eska dezatela diapositiba kopuru jakinarekin. Ikasle edo talde bakoitzari lan bat aginduko zaio, eta arbel digitalean aurkeztuko diete gainerako ikaskideei, diapositibak irakurri gabe. Hori egiteko, bildu egin beharko dute eta bakoitzak zer esan behar duen erabaki eta ikasi. Internet biblioteka bat da, eta ikasleek hori egiten badute, ikasi egingo dute, seguru.