Manuel Leginetxe, kazetari, bidaiari, idazle eta guda-berriemailea

"Bidaiak apalago egin behar gintuzke eta munduan bakarrik ez gaudela ohartzeko balio behar luke"

1 uztaila de 2000
Img entrevista listado

Zergatik egiten dugu bidaia? Zerk eramaten gaitu mundua ikusteko etxetik irtetera?

Galdera horrek erantzun asko eduki du beti eta guztiak oso desberdinak dira. Zenbaitek argiago izaten du zer utzi duen zer bilatzen duen baino. Hobeto jakiten dugu zergatik goazen (estresa, bizimodua aldatzea…), han zer aurkituko dugun baino. L. R. Stevenson-ek esan zuen bezala, “zerua buru gainean eta lurra nire oinen azpian, besterik ez dut behar”. Pertsona bakoitzak arrazoi desberdin batengatik egiten ditu bidaiak: postalak bidali eta auzokoari bizitza zein ondo doakion jakinarazteko egiten dituzte batzuek bidaiak. Baina nire ustez gehienetan gauzak ezagutzeko egiten dugu eta gaur egun era masiboan egiten da, bidaia demokratizatu egin baita, merkeagoa da… eta bat batean, mundua gure esku dago.

Leku exotikoak (Tailandia, Seychelles…) bisitatu dituztenek, “arriskuan bizi izateko” lekuak bilatzen dituzte, Himalaian zehar piraguan ibiltzea, Zambezeko ur-jauzietan puenting egitea, eta beste batzuk sufritu nahi dutelako eta emozio handien bila, gerrateak dauden lekuetara joaten dira. Badira zenbait agentzia -nik Hong Kong eta Londonen ezagutu ditut- leku arriskutsu horietara gerrako berriemaile bazina bezala bidaltzen zaituztenak. Baina hori salbuespena da. Nire ustez, orokorrean geure burua berritzeko egiten ditugu bidaiak, kultura berriak ezagutzeko, mundu erretzaile eta konplikatu honetan etena egiteko, eta orain esaten duten bezala, “txipa aldatzeko” beharrak eraginda.

Baina bidaiari batzuk etxean zein ondo egongo liratekeen akordatzen egoten dira beti.

Batzuk ez dira gai aurrekoa albora uzteko: ase ezinik erosten jarraitzen dute eta zein gaizki jaten den kexatzen pasatzen dute denbora guztia. Baina, nola nahi duzu 12.000 kilometrora joan eta etxean moduan jatea! Jendea ez da konturatzen askotan oso herrialde pobreak direla. Beste batzuek, bidaian dabiltzala, Athletic edo Barçak zer egin duten galdetzen dute aukerarik txikiena dutenean; tira, ez dute loturarik apurtzen eta beren zilborrera begira jarraitzen dute. Bidaiak apalago bihurtu behar luke jendea eta munduan bakarrik ez gaudela eta gizaki guztiok gauza berdin asko dugula ohartzeko balio behar liguke.

Zer iruditzen zaizkio zu bezalako bidaiari bati turista arruntaren arazoak: overbooking-a eta hegaldien atzerapenak edo hondartza-hondartzan eta jaten ondo ematen duen ostaturik aurkitu ezina?

Askotan, errealitatearen mozorroa saltzen da, hondartza bakartia eta kokondoak. Eta bertara iristean, dena oso bestelakoa dela ikusten da. Guztiok bilatzen dugun baina sekula agertzen ez den paradisuaren mitoarekin jokatzen du turismoaren industriak eta azkenean, errealitate etsigarriarekin egiten dugu topo. Bestalde, bidaiak masifikatu egin dira. Gaur egun, mundu guztiak hegazkinean egiten ditu bidaiak, estuasunak daude, hegaldi-erreserbetan salmenta larregia eta horrexek eragiten du overbooking delakoa.

Eta hori gutxi balitz, aireportuak eta herrialde askotako azpiegiturak ez daude prestatuta hainbeste bidaiari hartzeko. Nik arau hauxe daukat: “Ezusteko bati -atzerapenak eragiten didan haserreari adibidez – gaina hartzen uzten badiot, nire bidaia joan da pikutara”, eta beraz, albora uzten ditut protesta horiek guztiak, izan ere bien bitartean bidaiak aurrera jarraitzen du eta ezin da dena pikutara bidali logelako argia itzali zaizulako. Garapen bidean diren herrialdeak ez daude ekonomikoki gure mailan eta, beraz, larrua aldatu beharra dugu, sugeek bezala, herrialde horietara joateko. Eta bidaiaren plazerra bilatu, abiatzea bizitzea baita. Beti haserre egon nahi duena ez dadila arduratu: bizitzak emango dio nahi adina arrazoi haserretzeko.

Bidaia antolatuek ematen dute aukerarik herrialde horietako errealitatea ulertzeko?

Urrutiko herrialdeetara merke joateko aukera ematen dute eta horixe da abantaila nagusia. Eta primerakoak dira gauza ezezagunen aurrean edo herrialde horietan gerta daitekeenaren aurrean beldurra dutenentzat, bidaia antolatuek segurtasun eta erosotasun handiagoa eskaintzen dute eta; lehen bidaietan bereziki, munduan zehar mugitzeko erraztasun apur bat hartu bitartean. Bidaia antolatuen alde ona aprobetxatu eta gero eskemak apurtzearen aldekoa naiz. Adibidez, turistak eskaintzen zaizkion gauza eta oroigarri guztiak eros ditzan antolatzen diren irteera horietara ez joatearen aldeko naiz.

Turismoak diktaduran bizi diren eta giza eskubideak zapaltzen dituzten herrialdeei mesede egiten omen die. Zure iritziz, bidaiariak joan behar al du herrialde horietara, bere diruak hango askatasunik eza iraunarazten lagun dezakeela jakin arren?

Askotan egiten diot galdera hori neure buruari eta erantzuna ez da erraza, dilema handia sortzen baitu. Niri, berriro Birmaniara joatea gustatuko litzaidake, klasikoek esango luketen bezala Ekialdearen lilura sentitzen baitut oraindik; Junta Militarrak ateak ireki dizkio turismoari, baina ez naiz joango, Shu Ki Bakearen Nobel Sariak, etxe barruan preso dagoela, deia egin baitu turismoaren bidez Juntari ez laguntzeko eskatuz. Egia da, bestalde, zenbaiten iritziz turismoak lagundu egiten duela herrialde horien azala aldatzen, bertan bizi den jendea beste ideia batzuez kutsatzen dela eta beste leku batzuetan jendea nola bizi den ikusten dutela.

Hirugarren munduko herrialde horietan bizi izan dituzun eta kontatu dizkiguzun gatazkak direla eta, kazetariak sartu behar al du, jarrera hartu behar al du gerren arazo konplikatuaren aurrean?

Hori ere eztabaida zaharra da. Batzuen ustez hobe da jarrera hartzea, arazoan gehiago sartu eta pasio handiagoz idazten delako, baina hori irakurleak desinformatzeko modu bat da. Gogoan dut Le Monde egunkari frantziarraren sortzaileak esan zidana: “Objektibotasuna ezinezkoa da, baina bada gauza sakratu bat, irakurlearekin garbi jokatzea”. Kanbodian geundela, zenbait kazetari bero-bero eginda zebilen Khmer Gorriekin, iraultza egiteko modu horrek mundua aldatuko zuelakoan eta beren alde jarri ziren.

Gero jakin genuen Pol Pot-en jarraitzaileek garbitu egin zituztela Kanbodiako sei milioi bizilagunetatik bi milioi, munduko genozidio handienetako bat eginez. Gerrako berriemaileak oso zuhur azaldu behar du beti; komentarioak libreak izan daitezke baina gertaerak sakratuak dira. Bistan da, giza eskubideen bortxaketa edo tortura kasu nabarmenetan, salatu egin behar da, baina baliteke Iranen bezala gertatzea eta torturatuak torturatzaile bihurtzea. Gerra batean, 1917an Ipar Amerikako senadore batek esan zuen bezala, lehen biktima egia da. Horixe ikusi dugu Kosovon ere: gertaerei buruz beren bertsioa emateko prest zegoen jendea bilatu zuen NATOk, beren egiarekin kutsatzeko. Orain ikusten ari gara gertaera horiek ez zirela benetan kontatu ziguten bezala jazo.

Gatazka horietan gertatu dena jakin egiten da azkenean ala egiaren zati handi bat ilunetan geratu eta historiako misterio ikertezinen zerrendan geratzen dira?

Gerrateak bukatzen direnean, denbora izaten da datuak ikertu eta kontrastatzeko eta, gainera, azkenean protagonistek gertatu zena kontatu egiten dute, harra barruan dutelako edo dena bukatu delako eta garbi hitz egin dezaketelako. Liburuak, dokumentalak eta erreportajeak argitaratzen dira eta iritzi publikoak gutxi gorabehera zer gertatu zen jakin dezan laguntzen dute, egiaren zati garrantzitsu bat beti ezkutuan geratuko den arren.

Gerra garaiko informazioa eta gatazka horietara bidaltzen diren berriemaileen bizitza asko aldatu da Manu Leginetxek Saigon-etik (Vietnam) kronikak bidaltzen zituenetik?

Bai, asko aldatu da. Golkoko Gerra zuzenean transmititzen zen eta gatazka hartako errealitatea birtual bihurtu zen. Orain, jeneralak tunel batean sartzen dira, pantaila batean botoi bat sakatu eta historiaren norabidea aldatu egiten dute. Hori guztia zuzenean ematen da telebistaz eta, horrenbestez, nire garaiko berriemaile erromantiko eta ibiltariaren lana iraganeko kontua da.

Herrialdeetako armaden eta harreman publikoetarako zerbitzuen dinamika ere ura beren aldera eramaten saiatzen dira eta komeni ez zaien informazioari zentsura ezartzen diote. Vietnamen ez zen horrelakorik gertatzen. Gerra hartan zehar, mende honetako luzeena izanik, ipar amerikarrek askatasun osoa uzten ziguten eta nekazarien herrixka bat nola suntsitu zuten ikustera joateko aukera izaten genuen; beraz, pantailak odolez zipriztintzen zituzten irudiz bete ziren albistegiak. Ipar amerikarrek ongi ikasi zuten ikasgaia eta Grenadako (Karibe) inbasiotik aurrera, zentsura ezarri zitzaien gerrako berriemaileei. Eta argi gera dadila iritzi publikoak onartu egiten duela zentsura hori, estatuaren interesa informazioaren gainetik baitago: adibidez, nahiago dute zer gertatzen den ez jakitea, horrek etsaia komeni ez denaz ez enteratzea edo gerrako edozein gertaera era positiboan interpretatzea esan nahi badu.

Hainbat hamarkadatan zehar gerra gorabeheretan ibili ondoren, atsedena iritsi zaizu. Zer moduzkoa da Libanoko kokapen drusiarrak utzi eta Alcarriako erleen bizitza kontenplatzea?

Fronteetan orain dena masifikaturik dago. Kosovoko gerran zehar, hiru mila kazetari inguru izango zen Pristinan. Hori ez zait ia interesatzen, ez nau dibertitzen eta horregatik etorri nintzen naturara. Orain gertaerak denbora gehiagorekin eta dagoeneko han izan denaren perspektibarekin aztertzea gustatzen zait. Ni Belendizeko (Gernika) baserritar bat naiz, lasaitasun hau eta nekazari-munduarekiko harreman hau oso gustuko duena. Nekazaritzako inguruneak liberatu eta hurbildu egiten ditu pertsonak. Zoriona da lurrean.