Jose Maria Gonzalez Cano, pediatra eta 'Víctimas de la Lactancia Materna' liburuaren egilea

"Biberoia ematen duten emakumeak ez dira ama txarrak"

1 maiatza de 2015
Img entrevista listado 1023

Zuk bularra hartu zenuen edo biberoia?

Liburua irakurri ez duen jendeak leporatzen dit “biberoikoa” naizela, baina gezurra da. Bularra ematea bikaina da lehenbiziko hilabeteetan, baina amak bularrik eman nahi ez duenean edo ezin duenean, gaur egungo esneak izugarri fidagarriak dira nutrizioaren ikuspegitik.

Zer aholkatuko zenieke ama izan berri direnei?

Bularra emateak onurak dakartza nutrizioaren ikuspegitik, defentsak ere ematen ditu eta atxikimendua sortzen du larruazal bidezko kontaktuak. Baina onura horiek, ikuspegi zientifiko batetik, haurraren lehenbiziko hilabeteetan baino ez dira egiaztagarriak. Nik amei aholkatuko nieke saiatu daitezela lau hilabeteetara iristen bularra bakarrik emanez eta, hortik aurrera, mantso-mantso has daitezela bularra emateari uzten. Hori bai, bularra ematea oso zaila egiten bazaie, nire aholkua da esne egokitua ere ematen has daitezela.

Baina OMEren gomendioa da haurrak sei hilabete egin arte bularra bakarrik ematea.

Bularra berandu kentzeak arazoak sortzen dizkie haurrei, zeren hain tematuta egoten dira titiburuarekin, askok ez dute ahirik nahi izaten. Horrek ahuldadea dakar, adin horietan esnea ez baita aski haurrak egoki garatzeko behar dituen energia eta proteinak emateko. Nire irizpidea da, lau hilabetetik aurrera, lehenbiziko zereal ahiarekin hastea, eta bosgarren hilabetean fruta sartzea. Era horretan, askoz errazago onartzen dituzte ahiak. OMEren gomendioak hirugarren munduko herrialdeentzat eginak dira, ez Europarako eta AEBetarako. Bizitza asko salbatu dituzte herrialde horietan, baina egoera horrek ez du zerikusirik gurearekin.

Adostasunik ez dago bularra kentzearen inguruan. Gastroenterologia Pediatrikoko, Hepatologiako eta Nutrizioko Europako Elkartea (ESPGHAN siglak ditu ingelesez) ez dator bat OMErekin, eta elikadura osagarriarekin lehenago hasteko aholkatzen du: haurtxoak 17 eta 26 aste artean dituenean.

Elkarte zientifikoak ez dira ausartzen garbi esatera horien kideek beren kontsultetan dagoeneko egiten duten hori. ESPGHANek berak ere gomendatzen du-eta haurrak lau hilabete egindakoan hasteko elikadura osagarriarekin!

Hiru hilabeteko haurren %52k baino ez dute hartzen amaren esnea bakarrik, eta zifra hori %36ra murrizten da haurrak sei hilabete betetakoan, Espainiako Pediatria Elkartearen arabera. Zergatik uzten dute hainbeste emakumek?

Zifra horiek ere puztuta daudela esango nuke. Beren esnearekin bakarrik elikatzen dituztela dioten ama askok ere biberoi batzuk sartzen dituzte tartean. Isilean gordetzen dute egia, inork ez esateko “ama txarrak” direla. Ez dut uste %25era iritsiko denik hiru hilabeterekin bularra baino hartzen ez duten haurren portzentajea. Bularra ematea gogorragoa da biberoia baino. Zenbaitetan, hipogalaktia izaten da, arrakalak titiburuetan, titiburu alderantzikatuak, ugatzeko abzesoak eta bularra ematea asko zailtzen edo ezinezko egiten duten beste patologia batzuk. Halakoetan, bi aukera izaten dira: haurra desnutriziora irits dadin utzi edo formula egokitu bat eman. Beste batzuetan, lanean hasi beharra izaten da, bularren itxura estetikoari garrantzia ematen zaio, jasanezina gertatzen da egun guztia haurra bularrean egotea… Ama bakoitzak ditu bere arrazoiak, eta errespetatu egin behar dira guztiak. Ez daiteke onartu inork presio egitea eta are gutxiago “ama txarrak” edo “kaskarinak” direla esatea. Onartezina da: bularra ematearen biktima bihurtzen ditu horrek, eta galdu egiten da autoestimua eta ama-haurren arteko lotura.

Arriskutsua al da haurtxoak lau hilabete egin baino lehen uztea bularra emateari?

Ez. Egungo formula egokituak giza esnearen kopia berdin-berdinak dira ia, badute laktoferrina, lisozima, probiotikoak, omega 3 gantz azidoak… Bularra eman nahi ez duen edo ezin duen ama batek lasai eman diezaioke haurrari esne egokitua.

Eta, alderantziz, edoskitzealdia luzatzeak izan al dezake arriskurik ez bada ongi kontrolatzen edo medikuak ez badu jarraipena egiten?

Haurrei sei hilabeterekin hasten zaizkie hortzak ateratzen, eta, hortaz, urtebeteko haur osasuntsu bat denetik jateko moduan dago, nahiz eta zertxobait birrindua izan edo erabat birrindua. Urtebetetik aurrera bularra emateak ez zentzurik ez nutrizioaren ikuspegitik eta ez defentsen ikuspegitik ere. Nahiz eta horrek ez duen esan nahi adin horretan ez daitekeenik bularrik eman. Ama gustura badago, errespetatu egin behar da haren erabakia. Zuhurtasuna, oreka eta zentzua erabiltzea da nire gomendioa.