Sergio De Otto, Renovables Fundazioaren burua

"Berriztagarriei esker, kontsumitzaileek ez dugu izango konpainia handien beharrik"

1 urria de 2011
Img entrevista

Zein dira energia berriztagarrien abantaila nagusiak?

Tokian tokikoak dira, ez dugu zertan inportatu hemen ez dauzkagun erregai fosilak, ez-berriztagarriekin alderatuta, petrolioarekin, adibidez, oso-oso eragin txikia daukate ingurumenean, eta aberastasuna eta dozenaka mila lanpostu sortzen dituzte gure herrialdean. Baina berriztagarriekin batera, aurrezpen- eta eraginkortasun-plan berriak sustatu behar dira, eta horrek zera ekarri behar luke, adibidez: Espainian dauden hogei milioi eraikinak energetikoki zaharberritzea.

Hain onak badira, zergatik ez dituzte gehiago laguntzen?

Lehenik eta behin, jendeak ez dituelako ezagutzen. Eta ohiko energia-enpresak eginahalak egiten ari direlako aldaketa hori gerta ez dadin edo ahalik eta mantsoen gauzatu dadin. Dena den, kezkagarriena hauxe da: Gobernuak horien interesei amore ematea. Etorkizuna berriztagarria izango da % 100ean, baina batzuen eta besteen arteko sokatira horren mende dago lehenago edo geroago egin dadin.

Energia berriztagarriekin soilik hornituko gara?

Zalantzarik gabe. Horri data jartzea, horixe da kontua. Europako zenbait erakunde aukera hori aztertzen ari dira 2040. urterako. Eguzkiak energia asko bidaltzen digu, guztiok estatubatuarren gisa kontsumituta beharko genukeena halako 300 eta gehiago, eta haiek kontsumitzen dute gehien. Ez gaude kondenatuta petrolioa, gasa edo ikatza erretzera.

Nork bere etxean sortzen duen energia berriztagarriarekin hornitu ahalko gara?

Bai, posible izango da. Ikerketa bat aurkeztuko dugu datozen hilabeteetan, Energiaren demokratizazioa, non azalduko dugun nola pasatuko garen energia-kontsumitzaile izatetik, energia-ekoizle, -kudeatzaile eta -erabiltzaile izatera.

Ez dirudi utopikoa?

Duela 15 urte norbaitek esan izan baligu berriztagarriek gure egitura elektrikoaren % 40 hartuko zutela, utopia bat zela esan izango genukeen, baina horixe da egungo egoera. Bide horri jarraitu behar zaio. Ez ditugu behar iraganeko teknologiak, eta uste den baino azkarrago ordezka ditzakegu.

Energiaren negozio handia galduko al dute konpainia handiek?

Beste betekizun bat edukiko dute, baina beti egon litezke haientzat egoki diren jarduerak.

Zuek adierazi duzuenez, hala ere, Gobernuak egindako plan berriak, Energia Berriztagarrien 2011-2020 Planak (PER), gerarazi egingo du teknologia horien bilakaera.

Halaxe da, oso helburu apalak jartzen dituelako. Plan hori egina dago gas asko kontsumitzeko argindarra sortzerakoan, ohiko sektoreak lasaitzeko, eta guk hori salatu dugu.

Plana ez al da egin, bada, horien hazkunde eutsiezina saihesteko eta kontsumitzaileek ez dezaten behar baino gehiago ordaindu horiengatik, Gobernuak adierazi duen bezala?

Berriztagarriak ez dira askorik hazi funtsezko bi arrazoirengatik: klima-aldaketaren erronkarekin jarraitzen dugulako (Kyotoko Protokoloa ez betetzeko zorian dago Espainia), eta kanpoko energiaren mendekotasun handiena duen herrialdeetako bat garelako (% 90ekoa dugu).

Berriztagarriek ez al dakarte kostu gehigarri handiegia kontsumitzaileentzat?

Hori dioena errealitatea desitxuratzen ari da. Berriztagarririk ez balego, energiaren prezioa igo egingo litzateke. Gasa inportatzeari utziz aurreztuko genukeenarekin ordain litezke ia berriztagarrien primak. Zer da hobea? Milaka milioi euro horiek Espainian inbertitzea eta lanpostuak sortzea, edo gasa eta petrolioa ekoizten duten herrialdeetan egitea. Gainera, argiaren fakturan badaude gauza askoz larriagoak kontsumitzaileentzat, berriztagarrietarako primak baino. Eta ez gara askorik oroitzen gasolina iaz baino % 15-20 garestiago ordaintzen dugula.

Zehazki, zenbat ordaintzen dute kontsumitzaileek?

Ohiko etxebizitza batek 18-20 euro ordaintzen du urtean. Kontsumitzaileek jakingo balute zer-nolako abantailak dituzten, poz-pozik ordainduko lukete. Petrolioa eta gasa igo egingo dira, bai ala bai, eta berriztagarriak, aldiz, gero eta merkeagoak dira. Ez bada horien alde apustu egiten, kontsumitzaileek gero eta faktura garestiagoak ordainduko dituzte, seguru.

Kritikak izan dira zenbait parke eolikoren inguruan. Oinarririk gabeak al dira?

Gure herrialdean 800 parke eoliko baino gehiago daude, eta baliteke baten bat leku ez oso egokian eraiki izana. Hala ere, epai aski kezkagarriak ateratzen ari dira parke eoliko batzuen kontra, nahiz eta sustatzaileek ongi bete dituzten administrazio-tramite guztiak eta ingurumen-baimenak eskuratu.