Concepción Ornosa, Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakaslea, erleetan aditua

"Beharrezko diren neurriak hartzen badira, erleek ez dute zertan desagertu"

1 azaroa de 2014
Img entrevista listado 971

Zergatik sortu da kezka erleen inguruan?

2006. urtean, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) eta beste herrialde batzuetan “kolonien kolapsoa” antzeman zen, hau da, erlauntzak erlerik gabe gelditzen hasi ziren bat-batean. Laboreen polinizazioak diru asko mugitzen du AEBetan, eta alarma guztiak piztu ziren, eta ehunka ikerketa egiten hasi ziren mundu guztian. Erle espezie bakarra ez da eztia egiten duena (Apis mellífera): 20.000 basa espezie baino gehiago daude, eta horietako batzuek garrantzi gehiago dute ekosistementzat. Erlastarrek, adibidez, hobeki polinizatzen dute-eta ezti-erleek baino. Horietatik guztietatik, asko desagertu dira mundu guztian, eta beste batzuk arrisku kritikoan daude. Iberiar penintsulan, galdu egin dira orain dela 30 urte bazeuden espezie batzuk.

Zergatik dira hain garrantzitsuak erleak?

Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen arabera (FAO), gure janariaren bi heren polinizatzen dituzte erleek. Ezti-erleek egiten duten polinizazio lana gizakiok egin beharko bagenu, urtean 30.000 milioi euro kostako litzaiguke mundu guztian. 2012. urtean, FAOk kalkulatu zuen kostu hori 265.000 milioi eurokoa izango litzatekeela erle guztientzat.

Erlerik gabe gizateria desagertu egingo litzatekeela esan da. Egia al da hori?

Baieztapen hori Einstein-en ahotan jarri da, hark egiaz zer esan zuen jakin gabe. Hori ezin da frogatu, eta segur aski ez dira guztiak desagertuko, beti izango da-eta espezieren bat beste baten lekua hartuko duena. Baina bioaniztasuna galtzen da, eta hori sekula ez da ona. Florako espezie batzuk arriskuan daude, erle batzuek espezie horiek bakarrik polinizatzen dituztelako eta desagertzen ari direlako. Beharrezko diren neurriak hartzen badira, erleek ez dute zertan desagertu.

Zergatik desagertzen dira?

Hainbat faktorerengatik: malnutrizioa; monokultiboak daudelako eta laborantza intentsiboa hedatu delako, zerealarena adibidez, zeinarekin ez baitaitezke elikatu; pestiziden erabilera, bereziki neonikotinoideena; erlauntzetan azkar transmititzen diren parasitoak, Varroa akaroa eta Nosema caranae onddoa, esaterako; larreak eta belardiak galtzea; giza eraikuntzak eta paisaia homogeneizatzea.

Zenbaterainokoa da “kolonien kolapsoa”?

Herrialde batzuei gehiago eragiten die beste batzuei baino. STEP Europako proiektuak esaten duenez, Finlandiak eta Erresuma Batuak polinizaziorako behar dituzten ezti-erleen %25 baino ez dauzkate. Frantzian eta Alemanian, %25aren eta %50aren artean dabiltza. Espainian, oraindik %70ari eusten zaio. Egoerarik larrienetan, beste leku batzuetako erleak erabili beharko dira arazoari aurre egiteko, eta prebentzio neurriak ere hartu beharko dira.

Espainian, zein faktorek dakar mehatxurik handiena erleentzat?

Marchamaloko Nekazaritza Zentroak (Guadalajara) frogatu du, ezti-erleetan, Nosema ceranae onddoa dela garrantzitsuena. Erlastarrentzat, berriz, pestizidak eta larreak galtzea.

Europako Batasunak (EB) galarazi egin ditu hiru pestizida neonikotinoide. Zer neurritan dira kaltegarriak?

Edozein intsekturen erantzun neurologikoei eragiten diete, ez laboreek izaten dituzten izurriteei bakarrik. Nekazariek erruz erabili dituzte azken urteetan, gizakiarentzat ez direlako toxikoak. Zenbait ikerketak diote behar baino bi heren gehiago erabili direla. Gainera, landare guztian sartzen dira, uraren eta haizearen bidez transmititzen dira, eta horien eraginek asteetan irauten dute, eta hilabeteetan ere bai. Erleek jaten eta biltzen duten polen eta nektar kutsatua habiara heltzen denean, gainerako erleek jan egiten dute eta horiek ere hil egiten dira.

Nekazaritzaren sektoretik kritikak egin zaizkio EB-ri.

EBk agindu duen luzapenak galarazi egiten du bederatzi neonikotinoideetako hiru erabiltzea hiru urtez, zer-nolako bilakaera gertatzen den ikusteko (nahiz eta jakina den egiaz egiten dutela kalte). Nekazariek bestelako sistema batzuk dituzte izurriteei aurre egiteko, adibidez kontrol biologikoa erabiltzea parasitoen aurkako intsektuekin. Gainera, ez dezakete gehiegikeriarik egin plagizidekin, batez ere loreak ireki ez direnean, eta saihestu egin behar dituzte airetik egindako fumigazioak.

Zer-nolako neurriak hartu behar lirateke erleen egoera hobetzeko?

Pestizidak murriztu, ikertzen jarraitu, larreak, belardiak eta paisaia naturalak lehengoratu, landatuta dauden alorretan landaredi naturala sartu tokiko florarekin, edo espezie autoktonoetako polinizatzaileak berrezarri desagertu edo murriztu egin badira.

Zer egin dezakete herritarrek?

Erleak errespetatu; oro har, intsektuek duten garrantzia baloratu. Gaizki hezi gaituzte, eta beldurtu egiten gara intsektuekin. Erle batek ez du izaten gu ziztatzeko asmorik. Beldurtu eta eskuarekin uxatzen badugu, agian bai. Geldirik bagaude, ez digute kasurik egingo.