Felix Lobo, Elikaduraren Segurtasunerako Espainiako Agentziaren presidentea

"Ariketa egin eta energia gastatzea geroz eta zailago bihurtzen ari da"

1 martxoa de 2006
Img img entrevista listado

Haurren obesitatea tradizioz elikagaien kalitate higieniko-sanitario eta beste hainbat konturekin -elikagaien ondoriozko toxiinfekzioekin, behi eroek edota koltza-olioak sorrarazitako krisiarekin, etc.- lotu izan dugu baina orain kontzeptu hori elikaduraren segurtasuneko arazo bihurtu da: zer dela-eta?

Une hauetan, OMS erakundearen diktamenak agindutakoa betetzeko, “XXI. mendeko epidemia” deritzonari -hots, adin guztietan eta profil sozial guztietan obesitate indizeak hedatzeari- saihets egiteko ahalegin eskergak egiten ari dira. Arazo hori tartetik arras kentzean eredu bihurtzeko konpromisoa bereganatu du Espainiak eta Agentzia da egintzak koordinatzen dituena, Europar Batasunean finkatua dagoen printzipio batetik abiatuz: elikabide osasungarria zaindu eta indartu behar duten eragileak osasun publikoko profesionalak dira. Eragile horiek, era berean, obesitateak dakartzan arriskuetatik herritarra zaintze-lanetan espezializatu beharko dute./imgs/20060301/entrevista02.jpg

Nola eragotz daiteke obesitate indize horien aurrerakuntza kezkagarria?

Obesitateari langak jartzea aski lan konplexua da, kontu zaila. Elikadura bakarrik zaintzea ez da nahikoa, energiaren kontsumoa ere -energia kontsumitzea, kirola praktikatzeaz gainera, beste zeinahi jarduera fisikotan aritzea ere bada- kontuan hartu behar da. Ehun bat urtean bakarrik sekulako jauzia egin dugu: populazioaren %80 nekazaritzan edo desgaste handia eragiten duten lanbideetan zebilen eta egun, berriz, populazio horren %2k baizik ez dihardu nekazaritzan. Areago, etxegintza lana eta antzekoak dezente hobetu direnez, sektore horietan ere energi gastua urritu egin da. Etxekoandrearen lanetan ere beste horrenbeste gertatu da: ez da gauza bera arropa eskuz edo ikuzgailuan garbitzea. Kaloriak gastatzea geroz eta jarduera nekezago dugula esan nahi dut, hitz batez. Kontua ez da gizakiak egunetik egunera nagi edo alferrago bilakatu dela pentsatzea, energia gastatu ahal izateko jendeak geroz eta ahalegin handiagoak egin behar dituela ikustea baizik. Egungo bizimodu eta erritmoak lantokira egunero oinez joan edo eskailerak oinez igotzea bultzatu ordez, galarazi, oztopatu egiten du. Asmo edo borondate kontua bakarrik ez da, eta horrelaxe azpimarratu nahi dut: seme-alabari afaria prestatu behar dion gurasoak ez du astirik sukaldea jangai freskoez hornitzeko edo behar bezain ongi kuzinatzeko, elikabidea ahalik eta orekatu eta osasuntsuen gerta dadin. Umeei afaria eman behar die eta, bere mugen barnean, ahal den modu hoberenean aritzen da: maiz, prestaturiko janari industrial edo izoztua atera behar izaten du, ez bere burua eta bere senideak ongi elikatzerik nahi ez duelako, sutondoan aritzeko astirik eta energiarik ez duelako baizik.

Horren gaizki elikatzen ote gara?

Elikagai osasuntsuenak garestitu eta kaltegarrienak merkatzen ari dira etengabe. Jatetxe batzuk, otorduen kalitate alorrean jardun ordez, kopuruan oinarritzen dira lehiatzeko. Espainian, zorionez, tamaina handiko anoa baldreskeriatzat jotzen denez, korronte hori ez da oraingoz oso jendetsua, baina etorkizunean izan daiteke. Horri guztiari elikagaiak bestelako formulez osatzeko premia erantsi behar zaio, merkatuak berak osasun handiagoa erdiesteko aukera eman dezan, elikagai batzuen osaketan gantz aseen edo gatzaren proportzioa urrituz, adibidez.

Zer dio horretaz elikadura industriak?

Hasi berri bagaude ere, orain artekoan oso errezeptibitate ona atzeman dugu. Prozesuak aurrera egin ahala ere, sintonia mantenduko dugula espero dugu.

Inkestek diotenez, espainiar gazteen %38k bere burua sedentariotzat dauka, aisialdiko praktikei dagokienez. Espainia da, gainera, kirol gutxien praktikatzen den Europako herrialdeetako bat. Joera horiek aldatzeko modukoak al dira?

Dieta hobetzea, kirola praktikatzea… horrek ohiturak arras aldatzea agintzen du, baina lortzeko moduko helburua da. Kirol instalazioak hobetu badira ere, ezin esan dezakegu bertara edonor irits daitekeela erraztasun osoz. Horregatik, tekla asko jo behar izaten dira aldi berean. Dena den, arrakastaz jarduteko aukerak badaudela frogatzen duen adibidea jarriko dut: pediatren lana erabatekoa izan zen, ama jendeak haurtxoei bere esnea eman ziezaieten premia transmititzeko, ezin osasuntsuagoa zen ohitura hura, hauts esneen mesedetan, ospe gabetua izan zen garaietan. Obesitatea ere osasun kontua da eta, osasuntsu bizitzea garrantzi handi-handiko balioa izateaz gainera, gure gizartean finkatua dagoela oinarritzat harturik, joera hori aldatzeko gauza izan behar dugu.

Horren larria al da potolo egotea?

Gehiegizko pisuak osasunean du eragina, bizitza laburtu eta kaskartu egiten baitu. Oso datu adierazgarri eta kezkagarria da, adibidez, 2 motako diabetesa (hots, sortzetikoa izan ordez, bizi-azturen ondorioz garatzen den gaitza) ugaldu izana. Orain dela bost urte arte ez zegoen horrelako diagnostikorik haurretan baina egun, gaizki elikaturiko haur diabetikoen kasuak agertzen eta ugaltzen hasi dira. Haur horien bizi kalitatea eskasagoa izango da, intsulinaren mendeko bilakatuko baitira eta, gainera, diabetesak itsutasuna eta nekrosia ondorioztatu eta, areago, sexualitatean ere eragina izan dezakeelako. Bestetik, zientifikoki aski frogatua dago obesitatea eta gaitz kardiobaskularren arteko lotura.

Obesitateari dagozkion osasun arazoek, beste aldetik, Gizarte Segurantzari gastu eskerga eragiten diote.

Hori, egia bada ere, ez da epidemia saihesteko motibo nagusia. Obesitatea prebenitzea, gehiegizko pisurik ez hartzea eta gorputz masaren indizean balio egokian mantentzea aski erraza da, aise lortzeko modukoa, azturei eta egoeraz jabetzeari dagokiena, batik bat. Obesitatea sendatzea zail-zaila ez ezik, biziki garestia da eta sekulako ahaleginak eskatzen dizkie herri diruari eta pazienteari. Hoberena prebenitzea da, inondik inora.

Behi eroen krisiaren amaiera arrakastatsuaren klabea zein izan zen?

Errespetu osoz eta EEBren ondorioz hil zirenak gogoan, krisi haren konpontzea elikadura alorrean eginiko sakoneko erreformari esker lortu zen. Elikadura-katea askoz ere serioago hartu genuen eta, azken emaitzan edo industrian ez ezik, prozesu osoan barrenako kontrolak ere izugarri ugaldu eta zorroztu ziren. Horren agerpenetako bat, akuikulturako elikaduran egun dagoen zaintza da, adibidez.

Beste gai bati heltzeko, hegaztien gripeaz ematen den informazioa aldatuz doa, datu berriak ezagutu ahala. Aresti, gripea hegazti migratzaileen bideetan transmititzen zela uste genuen; orain badakigu hori ez dela horrela bakarrik, epidemiaren hedakuntzak hegazti exotikoen komertzializazioarekin duen lotura atzeman da, bestelakorik baztertu gabe.

Behingoz, argi eta garbi esan dezagun: hegaztien gripea animalien osasunari dagokio, ez elikagaien segurtasunari. Gaixotu diren pertsonak ez dira gaixotu hegaztiak kontsumitzearren, gaixo zeuden animaliekin bizitzearen ondorioz baizik. Gizakiengan hegaztien gripe kasuak atzeman diren herrialdeetan jendea eta animaliak elkarrekin bizi dira, toki berean, hemen orain dela mende erdia gertatzen zen legez. Beraz, animaliak gizakia kutsatzeak ez gaitu biziki harritu behar. Ganadua etxean bizi zen eta horrelaxe bizi dira mundu zabaleko toki asko eta askotan; beraz, animaliena den gaixotasun horri bidea galarazteko irtenbidea ez da gizakiak txertatzea, infektatuak dauden animaliak akabatzea baizik.

Zergatik, ordea, txertoa bilatzeko seta hori?

Txertoa ezin dugu diseinatu eta ekoitzi akabatu behar dugun birusaren laginik eduki ezean; oraingoz, behintzat, gizakia kutsa dezakeen birus alderako mutaziorik ez omen da gertatu. Birusaren kanpo aldean dagoen proteinaren itxura zeinahi dela ere eragina izan beharko lukeen txertoa ere dezente aipatu da. Egun egin behar dena, ordea, animalien legez kanpoko trafikoa eta birusa nozitzen duten herrialdeetako hegaztiak kontrolatu eta hegazti migratzaileen aurrean erne egotea da.

Kontsumitzaile askotxoren kezka, egun, elikagaietan elementu transgenikoak agertzea da.

Esakune zientifiko eta zehatza “genetikoki eraldaturiko organismo” da; hori, dudarik gabe, azaldu beharra dago, kontsumitzaileak informatua egon nahi eta behar duelako. Espezie transgenikoek -landarezkoek, batik bat- gizakiaren osasunean eragin kaltegarririk ez dutela dioten ikerkuntza zientifikoak egunetik egunera indartzen ari badira ere, hau arazo korapilatsua da, eraldaketa genetikoak aztertu ahal izateko, aldaketa horiek gertatu behar izan dutelako. Sail hori arautu beharra dago, zentzuzkoa da, baina horiek aurrerakuntza zientifikoak dira eta, historiak dioskunez, mesfidantza handia izan dugu beti horien aurrean. Nolanahi ere, aukeratze genetikoa betidanik izan dugun kontua da: lehen, txahal gehien ekar zitzakeen behiaren bila zebiltzan, esate baterako. Baina iraganeko horiek ez zituzten eraldaketa genetikoak bezainbeste alarma pizten; horren aurrean Europak zuhurtzia handiko jarrera hartu du eta beste herrialde batzuetako eskarmentua -Estatu Batuetakoa, bereziki- izan du orain artekoan bidelagun. Kontua, berriro diogu, ez da hor zehar egiten diren kontrolak mespretxatzea: kontsumitzaileak elkartzeko mugimendua Estatu batuetan sortua da, ez ahaztu, indar handia du eta erne dabil. Esperimentuak egiteko arau eta legeak Europakoak baino malguagoak dira baina, elikagaien banakuntzan eta kalitatea determinatzean, berriz, zorrotz-zorrotzak dira. Erne egon gaitezen, beraz, eta iker dezagun. Ikerkuntza zientifikoen emaitzei esker populazio ugariago batek kalitate hobeko elikagai gehiago eduki ahal izango du, kostu merkeagoan.

Bai gai honetan, bai osasun eta elikadurarekin zerikusia duten bestetan ere, erakunde publikoek, enpresek eta hedabideek emaniko informazioaren aurrean mesfidati agertzen da kontsumitzailea. Ez al da modurik, elikagaien segurtasun eta antzeko gai larrietan gauzak nornahirentzat argi azaltzeko, are kontu hauek batez ere zientifiko eta tekniko direla kontuan izanik?

Hori ez da kontu erraza baina ahaleginak egin behar dira kontsumitzaile, enpresa eta herri erakunde autonomiko zein estataletaraino informazio objektiboa irits dadin. Gure Agentziak estatu mailako erreferentzi gune gisa dihardu elikadura-arriskuen ebaluazioan, kudeaketan eta jakinarazpenean, krisi eta larrialdietan, bereziki. Geure buruari ahots bakarra eta mezu bakar eta bera agertzea agindu diogu; beste aldetik, autonomi erkidegoei aholkularitza eta beren premietan artapena eskaintzen diegu. Era berean, hainbat sektorerekin eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteekin dihardugu elkarlanean.