Ignazio Ofizialdegi Lopez, polarista eta biologoa

"Antarktidan eguraldi ederra zeroz azpitik 35 gradu da"

1 uztaila de 2006
Img entrevista

XXI. mende honetan zerk bultza dezake pertsona bat ezezagun den mundu hori arakatzera?

Saltsa hauetan zergatik sartu naizen gure logikaren arabera ezin azal dezaket. Erraietatik datorkidan zerbait da hau, ene baitan zegoena eta hazten utzi dudana. Estekatu egiten nau horrek: bertan kirolak, bizi-filosofiak, jakingura zientifikoak eta bestek bat egiten dute. Baina, ez: horretarako arrazoi sakon-sakonik ez dago. Dirudien baino soilagoa da kontua, gustatu egiten zait.

Ipar Polora joan zinen aurrenik, Hego Polora ondoren. Txiripa ote?

Ipar Polora joatea lagun-talde baten ekimena izan zen. Gure ustez den-dena ez dago idatzia, badira hor zehar zeure buruari plantea diezazkiokezun -eta bete ditzakezun- erronka pertsonal eta kolektiboak, ilusioa oroitzapen bihurtu arte. Lurraren bira-guneraino iritsi nahi genuen guk. Behin ere ez gara ahantziko Arktikoan utzi gintuen helikopteroa zeruertzetik desagertu zen uneaz. Elkarri begiratu eta esan genion: “Tira. Orain, egin nahi genuena egitea baizik ez da falta”.

Antarktidara, ordea…?

Espedizio haren anima mater eta nazioartean ospe handiko polarista (munduko hiru hoberenetako bat, hain zuzen) den Ramon Larramendik inbitatu ninduen. Haizeak bultzaturiko katamaran batekin Antarktidako eskualde iristezina zeharkatzea otu zitzaion Ramoni, eskimalekin eginiko txangoetan. Aspaldi zebilkion ideia hori buruan bueltaka; ametsa praktikan jartzeak, ostera, beste hainbat urte kendu zizkion. Finantzaketa lortzea ez da kontu zail bakarra, batzuetan amaierarik ez bide duten tramite burokratiko asko bete egin behar dira. Toki hura inorena ez bada ere, mundu zabaleko herrialde handiek berebiziko interesak dauzkate bertan.

Jabetu al zineten zeuen helburuaren konplexutasunaz?

Erronka zaila zela bagenekien, jakin: hornidurarik gabe, kanpo-laguntzarik gabe, garraio-indar gisa haizeaz bakarrik baliatuz… Dena den, bestelako arazoak ere topatu genituen bidean: topografia aldetik lautada dirudien arren, astrugi izeneko bi metroko tontor horiek, harria bezain gogorrak, erabateko zuritasunean ezkutatzen dira gain-gainean egon arte. Naufragatzeko arriskua bene-benetakoa da. Lera hautsi eta istripu larria izan dezakezu. Areago, laguna galdu eta agian ez zara konturatuko handik tarte bat igaro arte…

Zeharkaldiak iraun zuen bi hilabete luze haietan zer izan zen latzena?

Hotza, inondik ere. Zero azpitiko 50 graduraino heldu ginen. Gorputzeko berotasunari heltzea zen kontu behinena. Badakizu aurpegiak eta hatzek sufrituko dutela baina enborrean ezin gal dezakezu tenperatura amiñik ere, bertan baitaude funtsezko organoak. Hotza nozitzean, utzi atalak berotzeari. Eguraldi ederrekin zeroz azpitiko 35 graduko gozamena izaten genuen. Arazoa, ordea, ez zara zeu bakarrik, zeroz azpitiko 40 gradutan ezerk ez baitu behar bezala funtzionatzen: materialak ez dabiltza ongi, mugimenduak traketsago bihurtzen dira, eskularrua kendu eta hatzak ia-ia automatikoki erretzen zaizkizu. Abandonatzen ez zaituen sentsazioa da hotza: etengabe nozitzen duzu, behin ere ez du atsedenik hartzen.

Eguneko hogeita lau orduz eguzkipean bizitzeak ez al zaitu nahasten?

Ikaragarri. Ordutegirik nekez taxu daiteke eta, gainera, ez dakizu zein ordutan bizi zaren, etengabe meridiano batetik bestera igarotzen ari zarelako. Ordena eta antolamendua helburu hartuta joan ginen gu, baina ez genuen horrelakorik lortu. Lo eginarazi behar diozu zeure buruari baina atseden hartzeko obligazioa eta haizeaz baliatuz aurrera egiteko gogoa elkarren kontra doaz beti. /imgs/20060701/img.entrevista.02.jpgLera muturrean dagoen kanpin dendan sartu eta begiak ixtea ia-ia sakrifizioa bada ere, zenbaitetan derrigorrezkoa duzu, izotz zurian islatzen den eguzki argitatik ihes egiteko. Argia etengabe izatea, nolanahi ere, sekulako abantaila da, gaua ez baita adiskide aproposa.

Indar fisikoaren muga-ertzetan zabiltzate baina, nola babestu egonkortasun mentala?

Espero ez bezala erreakzionatzen du gorputzak horrelakoetan. Muturreko egoeretan bere burua gainditu egiten du. Beste gauza bat, ordea, bizi-premiarik izan gabe, mugaraino gerturatzeko bezain kementsua izatea da; dena den, gutxieneko prestakuntza baduzu, zeure buruaz espero zenukeena baino askoz ere hobeki diharduzu. Ni gehien izutzen ninduena lorik ezin egitea zen: gure seme-alabak txikiak zireneko gaualdi haiek gogora etortzen zitzaizkidan eta, zinez, gaizki pasatzen nuen. Biharamunean, noski, ez nintzen pertsona. Poloan, berriz, bi egun osorik egon ginen begirik itxi gabe eta, azkenean, lo eginarazi egin behar izan genion geure buruari.

Nolako harremana du taldeak?

Taldea ez da auzitan jartzen. Behin ere ez dago arriskutan. Horixe da helburua erdiesteko klabea. Aipatu ere, ez duzu hori aipatzen. Hitz gutxi eta lan asko egin behar: gauza ugari baitaude egiteko: jostea, janaria, jatea, ura urtzea, kometa zuzentzea, hodeiertza zaintzea. Muturreko ingurune batean sekula egin den distantziarik luzeena egitea zen gure asmoa: hori talde lanean bakar-bakarrik egin daiteke.

Zergatik leran?

Arktikoan Larramendik duen eskarmentu luzeak zerbait erakutsi zuen: izotz-elurretan nabigatzeko ibilgailurik eraginkorrena lera eskimala da, noiznahi konpon daiteke-eta. Soken bitartez estekaturiko egurrezko tramankulua baizik ez da lera. Hori mugitzeko, ordea, indar-iturria behar genuen: haizea. Hortik sortu zen kometa egiteko ideia. Ondoren, asmakuntza hark funtziona ote zezakeen ikusi behar zen. Bihotz-bihotzez esango dizut: proiektua bideragarri izango ote zen ez genekien hasieran. Hala izatea desiratzen genuen, bai, baina bazitekeen oker ibiltzea ere.

Egun, den-dena produktibitatearen arabera neurtzen den garaiotan, zertarako balio ote du balentria horrek, norbera asetzetik edo kirol markak haustetik haratago?

Antarktidan sartzeko moduak auzitan jarri nahi izan ditugu, nolabait. Gasolinarik gabe ezin ibil daitezkeen beldar-ibilgailuak eta hegazkinak darabiltzate ikertu beharreko espazio birjina horretan (Lurrean geratzen den atzenekoa, seguruenik). Zergatik ez baliatu petrolioaz bestelako energiak? Zergatik ez izan koherente garapen iraunkorraz hedarazi dugun propaganda horrekin? Katamarana (egurrak, sokak eta haizea) postulatu abangoardistenak egiten dituen zientziarentzat ere baliagarria dela frogatzea zen gure asmoa. Datorren urtean Nazioarteko Urte Polarra ospatuko denez, hamaika proiektu jarri dira martxan baina, ene ustez bederen, energia alternatiboez horietako gutxi baliatuko dira. Guk, geure aldetik, haizearen indarrak eta material nobleek konponbide egoki-egokiak ematen dituztela frogatu dugu.

Eguneroko bizimodura itzultzea samurra izan al da?

Berotasunera eta etxera ostera etortzea ez da bat ere kostatzen. Gurean, behintzat, zeharkaldia onuragarri gertatu da, alderdi fisiko eta mentalak suspertzeko, abentura atzean utzi eta kontatzeko gogoak biltzeko hilabete osoa izan baikenuen. Epe horretan egokitu ginen berriro gizarte honetara. Gure familientzat ere mesedegarri izan zen, hamazortzi kilo gutxiago ginela, aurpegia zartatu eta zauriturik, bederen ez baikintuzten ikusi.

Rwandako ospitale bateko gerentea izan zara, gerra aurreko giroan. Zein gogorapen egiten zaizu latzena?

Zaire zen hartakoak, dudarik eta gabe. Rwandan zernahi egitea du gizakiak erronkarik neketsuenetako bat. Han estres batean bizi ginen beti, zeure burua osorik emanarazten dizun estresean. Bizialdi hura, ostera, epe jakin baterakoa izan zen. Bost lagun espainiar (arrazoirik gabe, nonbait) asasinatu zituztelako eta emaztea haurdun nuelako alde egin behar izan nuen handik. Bizimodua hemen daukat orain, emazteak eta biok familia osatu dugun toki honetantxe. Rwandak toki zabala betetzen du ene gomutan baina bertan ez bizitzea erabaki nuen nik eta horretan nago. Loturak sendo dirauen arren, ez dut nozitzen Rwandarekiko herriminik: bertatik atera nituen irakaspenekin koherentziaz jokatzen saiatzen naiz.

Ontzi izotz-hauslea, zain

2006ko urtarrilaren 12. Ontzi izotz-hausle errusiarrak Antarktida hego-mendebaldean atrakatu du. Ignazio Ofizialdegi, Ramon Larramendi eta Juanma Viuk osaturiko taldearen deiaren zain dago. Hitzarturiko ordua: arratsaldeko bostetan. Ontziko komunikazio-gelak ez du seinalerik jaso. Egonaldia ezin luza dezakete asko. Errusiarrentzat honakoa bidean geldialdia da, nabigazioan hilabetea eginik base zientifikora iritsi behar dute-eta.

/imgs/20060701/img.entrevista.03.jpg

Orain 63 egun abiatu zen Espainiako Espedizio Transantarktikoa kontinenteko iparraldetik behin ere inork arakatu ez duen Lurreko eskualde bakarra zeharkatzeko. Inor behin ere ez da iritsi Hego Poloko bi gune ezin iritsizkoetara kanpo-laguntzarik eta laguntza mekanikorik gabe. Kostaldetik -bai kontinenteko ertzetik, bai Hego Polo geografikotik ehunka kilometrotara dauden izotz barreretatik- urrutien dauden bi tokiak dira eta bertan ez dago izaki bizidunik, ezta bakteriorik ere. Neguan hotza zeroz azpitiko 60 gradutara iristen da. Orain, udan, tenperatura -35ºC inguruan dabil. Honelako baldintzetan, gaurik gabeko egunez (eguzkia ez da desagertzen 24 orduetan), espedizioaren helburua 4.500 kilometro egitea da, egurrez eta sokez fabrikatutako katamaran batekin. Haizearen indarrak mugitzen du ibilgailua, izotzetan barrena herrestan dakarren kometa batek tiraka. Poloak zeharkatzeko modurik hoberena horixe delakoan daude bidaiariak; areago, beraien iritziz, misio honen arrakastak ikerkuntza zein kirol alorretako espedizioen iraultza ekarriko du, sistema garatu bezain iraunkorra delako hau.

Arratsaldeko zazpiak erlojuan. Ontziko kubiertatik tripulazio errusiarra, eraztun gisa Antarktida inguratzen duten izotzen gainetik hegan egingo duen helikopteroari so dago. Zubian daudenen aurpegiek geroz eta kezka handiagoa erakusten dute. Menturazaleen arrastorik ez dago.

Ignacio, Ramon eta Juanma zailena eginak daude. Sekulako hotzak nozitu, haizerik gabeko egun etsigarri asko pairatu, horizonte zuri-zurian ikusi ez arren, bidean gerturatu ahala milaka agertzen diren hiru metroko tontor ezin gogorragoak saihestu eta estepa omen zen hura uhin geldiez josiriko itsaso izoztu bihurtu zaie. Egun bakar batean ibilitako distantzia antarktikoaren marka hautsi dute, 311 kilometro eginik. Baina, irabazle zirela jakinik eta nabigatzeko ordu bakan batzuk geratzen zitzaizkiela, ohartu egin dira: ez dakite non, ez noiz ere, irrati-baliza, eguzki-plakak, filmaturiko materiala, ura urtzeko te-ontzia eta beste hainbat gauza… galdu egin dituzte.

Badakite errusiar ontzi izotz-hauslea hitzarturiko ordura arte bertan izango dutela zain, baina itxaronaldia ezingo du biziki luzatu. Honezkero atrakatu egingo zuen. Ezin balia dezakete frantziar basea (aurreko egunean ez zien laguntza eman nahi izan), ezta italiarra ere (frantsesak baino diplomatikoago jokatuz, deiari erantzun ere ez zuten egin). Baina ezinezkoa dute zeharkaldia amaitu, materiala galdurik. Katamaranean daukatena estekatu egin behar dute eta aztarnei erreparatu, galdutako materialaren peskizan abiatzeko. Bi ordu, besterik ez. Hirurak bakarrik. Tarte horretan materiala aurkitzen ez badute, bideari ekingo diote ostera. Abiatu egin dira. Handik hiru ordutara, zuria ez den zerbait omen dago: galdutako trasteak, noski. Orain, bizi-bizi jardun behar, errusiarrak asper daitezke eta. Orduan? Hobe horrekin ez pentsatzea, eman!