Javier Bergara, Gipuzkoako Albaitarien Elkargoko presidenteordea

"Animaliaz inguratua dagoen haur bat zoriontsuagoa da"

1 martxoa de 2015
Img entrevista listado 1001

“Maskota bat nahi dut!”. Haurrek gisa horretako eskariak egiten dituzte lehenago edo geroago. Zer egin behar dute gurasoek: adoptatu edo ez adoptatu?

Haurrak zer adin duen. Sei urte baino gutxiago baditu, ongi pentsatu behar da animalia bat adoptatu aurretik, agian hobe da itxarotea. Baina haurra gai bada txakurra paseatzeko, zaintzeko eta haren ardura hartzeko, orduan aztertu dezakegu, baina betiere arduraz. Animalia batek ardura eskatzen du, gastuak eragiten ditu eta denbora eskaini behar zaio. Ez daiteke adoptatu haurrari apeta hori sartu zaiolako.

Zenbait ikerketak erakutsi dute garrantzitsua dela haurrek animaliekin harremanak izatea. Indartu egiten du haien autoestimua eta lagundu ere egiten die eskolako lanetan kontzentratzen, AEBetan egindako zenbait ikerketaren arabera. Zein da txakurrek eta katuek haurrei erakusten dieten ikasbiderik garrantzitsuena?

Txakurrek eta katuek haurrengan eta haurtxoengan duten eragina oso ona da, betiere familia egiturak aukera ematen badu. Animaliek lagundu egiten diete haurrei naturara hurbiltzen eta lagungarriak dira beste pertsona batzuekin sozializatzeko eta harremanak izateko.

Txakurrekin eta katuekin bizi diren haurtxoek alergia gutxiago izaten dituzte, indartsuago hazten dira eta beren immunitate sistema sendoagoa izaten da, Finlandiako Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera. Gainera, haurren artean gehiegizko pisua murrizten ere lagundu dezaketela dirudi. Zuk zer iritzi duzu?

Intuitiboki bada ere, animaliak onuragarriak dira haurrentzat. Ematen duten afektibitateak, eskatzen duten ardurak eta haiekin paseatzeak eta jolasteak dakarren ariketa fisikoak on egiten diete haurren aldarteari eta egoera fisikoari. Irribarre gehiago egiten ere laguntzen digute maskotek: bai haurrei eta bai helduei ere. Gauzak beste modu batez ikusten erakusten digute animaliek, zoriontsuagoak izaten.

Espainiako Estatuan egin berri den ikerketa batek adierazten duenez, hamar haurretatik zortzik nahiago dute beren katuarekin edo txakurrarekin jolastu bideo-jokoekin baino. Zein da zure errezeta maskotak eta haurrak ongi bizi daitezen elkarrekin?

Txakurra edo katua bizi osorako laguna izaten da haurrarentzat. Haurrak eta maskotak oso ongi moldatzen dira. Ez dute inolako arazorik elkarrekin harremanak izateko, ongi konpontzen dira eta biei egiten die mesede bizikidetzak: elkarrekin jolasten eta nekatzen dira. Errezeta da haurrei erakustea zer den txakur bat edo katu bat: zer-nolako ohiturak dituzten, zer jaten duten, nola bizi diren, nolako harremanak izaten dituzten inguruarekin, zer-nolako sexualitatea duten… Beren animalia ulertzen laguntzen badiegu, haurrek ikasi egingo dute den bezala maitatzen. Eta animaliaren bizitza ere zoriontsuagoa izango da, behar duena emateko moduan egongo gara eta.

Txakurrak eta katuak zaintzeko lanean haurrek ere parte har dezaten gomendatzen duzu?

Jakina! Haur zaharrenek txakurra paseatzeko eta arau batzuk erakusteko ardura har dezakete. Seme-alabek janaria ere jar diezaiekete, eskuilatu egin ditzakete eta beren animaliarekin jolasten ikasi: ez baita gauza bera katu batekin jolastea edo txakur batekin.

Haur batentzat arriskutsua izan al daiteke animalia batekin bizitzea?

Inondik inora ere ez. Ez da arriskutsua. Albistegietan entzuten ditugun istripuak edo eraso larriak salbuespenak dira, jabe txarrak dituztelako gertatzen direnak. Eta txakur batek haur bati kosk egitea edo katu batek atzamarka egitea ere ez da ohikoa. Animaliak oso azkarrak dira. Ez badaude gustura, gehienean, saihestu egiten dute haurra. Bai txakurrek eta bai katuek ere izugarrizko pazientzia dute. Ezagutu egin behar dira eta haurrei erakutsi egin behar zaie haiekin interakzioan aritzen, horixe da aholkua. Osasunari dagokionez, animaliari kendu egin behar zaizkio parasitoak eta txertatu egin behar da: albaitariak emandako argibideak jarraitu besterik ez da egin behar.

Ba al da maskotaren bat haurrekin bizitzeko egokiagoa denik besteren bat baino?

Bai. Animalia bakoitzak bere nortasuna du: adibidez, txakur batzuk zaintzaileagoak dira eta beste batzuk gozoagoak. Eta badira haurrak hainbeste atsegin ez dituzten txakurrak ere, horregatik eskuratu behar da informazioa. Gomendioa da familia egiturarekin bat datorren maskota hautatzea. Albaitariari galdetzea da onena.

Orduan, zure gomendioa da haurrak txakurrez edo katuz inguratuta hazi daitezela?

Bai, jakina! Animaliaz inguratua dagoen haur bat zoriontsuagoa da. Baina gauzak ongi egin behar dira, jakinaren gainean eta aholkuak aintzat hartuta. Bestela, hobe da ez adoptatzea. Txakurra eta katua ez da garajean utz dezakegun motor bat: zaindu egin behar da, laztandu, harekin egunero jolastu. Ardurazko ariketa bat da.