Juan Barcena, Ekologistak Martxan

"Airearen kutsadura kezkatzeko modukoa da Espainian"

1 otsaila de 2013
Img entrevista listado 853

Zer diozu Espainian arnasten den airearen kutsadurari buruz?

Kezkatzeko modukoa da, baina inguruko herrialdeen antzekoa hala ere. Beste herrialde batzuetan, ordea, arazoa onartu eta neurriak hartzen dituzte, baina Espainian erakundeek ez dituzte herritarrak behar bezala informatzen eta gutxietsi egiten dute arazoa. Ezin da jakin zehazki zenbat pertsonari eragiten dion edo bizitza zenbat hilabetetan laburtzen duen, baina inolako zalantzarik gabe esan daiteke heriotzak eragiten dituela.

Erakundeek ez al dute ongi informatzen?

Espainiako Ingurumen Ministerioak (MAGRAMA) esaten du eskumen hori autonomia erkidegoei eman zaiela, eta ez du informaziorik ematen (nahiz eta inork ez dion galarazten). Autonomia erkidegoek datu gordinak argitaratzen dituzte, adituek bai baina jende arruntak ulertzen ez dituenak. Erkidegoetako arduradunek ziurtatu egiten dute airearen kalitatea ona dela, eta erkidego bakoitzak asmatzen dituen irizpideak hartzen dituzte aintzat hori esateko. Alemanian ere lander direlakoei emana diete eskumena, baina badute leku bat herrialde osoko datu historiko ulergarriak eskaintzeko eta denbora errealean jakinarazteko.

Zuek egindako txostenak dionez, legeak onartzen dituen kutsadura-mugak gainditzen dituen airea arnasten dute Espainiako herritarren % 22k, baina OMEren irizpideak erabiliz gero, % 94 izango lirateke.

Osasunari egiten zaizkion kalteen froga zientifikoetan oinarritzen da OME. Europako Batasunak bertako kide diren estatuei ezartzen dizkien mugetan, alderdi ekonomikoak eta politikoak era hartzen ditu aintzat. Adibidez, PM2,5 partikula esekientzat -horiek dira kaltegarrienetakoak- legeak batez besteko muga bat jartzen du urte osorako, 25ekoa hain zuzen, baina Ameriketako Estatu Batuetan 15ekoa da muga hori eta OMEk 10ean jartzen du. Eta 2013. urtean berraztertu egin behar dira mugak. Ingurumenaren Europako Agentzia (AEMA), zeinaren txostenak gureak baino kritikoagoak diren, presioa egiten ari da muga horiek zorrozteko, eta Belgikako Gobernua ere bai. Arazoa, izan ere, gero eta larriagoa da.

Larriagoa?

Bai, gauza gehiago jakin ahala eta datuak berrikusi ahala. Smog delakoak, Londres 1952an kutsatu zuen laino hark, 4.000 lagunen heriotza eragin zuen bere garaian egindako kalkuluen arabera. 2002. urtean, berrikusi egin zuten, eta 16.000 hildako atera zitzaizkien. Europako Batzordearen eta MAGRAMAren dokumentuetan, Espainian urteko 16.000 heriotza goiztiar izaten zirela onartzen zen garai batean. Azkenekoz eguneratu dutenean, 20.000ra joan dira (70.000 EB guztian). Baina egiazko zifra handiagoa izango da segur aski. Garai batean berdin gertatu zen tabakoarekin, eta gaur egun inork ez du ukatzen haren eragin kaltegarria.

Herritarrak kexu dira lehen baino asma gehiago dutelako, alergia gehiago… Kutsadura atmosferikoaren erruz gertatzen al da hori?

Espainiako Alergologia Elkarteak dio zerikusi handia duela horrek.

Erakundeek diote azken hamarkadetan hobetu egin dela Espainiako airearen kalitatea.

Kutsatzaile asko murriztu egin dira, baina beste batzuk ugaritu. Joan den mendeko 50eko hamarkadan, orain baino txarragoa zen airearen kalitatea, hiri erdi-erdian izaten zirelako industria kutsatzaileak, ikatz-galdarak bazirelako, beruna zuen gasolina, eta abar. Hori dezente murriztu da. Baina oraingo kutsatzaileek, PM2,5 delakoek, adibidez, arnas aparatuko eta bihotz-hodietako gaixotasunak sortzen dituzte, eta substantzia kantzerigenoen sailean ere sartu dituzte berriki.

Nork sortzen du kutsadura?

Hirietan, autoek gehienbat. Nitrogeno dioxidoak (NO2) dira arazotsuenak, baita PM2,5 eta PM10 direlakoak ere, eta ozono troposferikoa ere bai. Azken hori ez da ihes-hodietatik ateratzen, baina hiri inguruei eta landa-eremuei eragiten die, ustez aire garbia dagoen lekuei; Madrilgo mendilerroari, adibidez.

Auto-ekoizleek diote murriztu egin dituztela isuriak.

Baina, baina gero eta gehiago daude, eta, azkenerako, kutsadura ere bai. Eta beti ez dute murrizten: ikusi da autorik berrienek NO2 gehiago isurtzen dutela aurrekoek baino, proba teknikoak ez zituztelako egin egiazko egoeretan. Dena ezin dugu utzi neurri teknologikoen esku. Arazoaren muinera jo behar da: hirietako zirkulazioa murriztera.

Salatu izan dute jokabide okerrak erabili dituztela zenbait hiritako airearen kalitatea neurtzen duten kontrol-postuetan.

Zaila da kutsadura mailak neurtzea, baina badago pikareska, bai. Madrilen izan zen polemika. Baina berdin dio non jartzen diren, beti gainditzen dira OMEren mugak. Hor ez gara sartzen, baina bai Zaragozan gertatu zenarekin, adibidez: urte batetik bestera, araudia ez betetzetik betetzera pasatu zen. Horregatik eskatu genion MAGRAMAri autonomia erkidegoen jarraipena egin dezala. Araudia betetzen ez bada, EBk zigor espediente bat abiarazten du. Espainiak pilatu ditu batzuk, eta isunak jasoko ditu. Gainera, kutsadura murrizteko plan bat abian jartzera behartzen du.

Zein hiritako airea da kalitate txarrenekoa?

Zaila da alderatzea, oztoporik ez da falta eta. Dena den, hiri handiek, zirkulazio ugari dutenek, kutsadura gehiago dute. Industria gehien duten inguruak datoz ondoren, eta landa-eremuak gero, ozono troposferikoaren eraginez.

Zer egin dezakegu herritarrok?

Informatu, arazoa zenbatekoa den jabetu eta autoa ahalik eta gutxien erabili. Baina hori erraztuko duten neurriak ere behar dira, jakina.