Dolua pandemia: garaian urrutitik agurtu behar

Koronabirusaren izurriak egoera pentsaezinak sortu ditu; bakartuta egon beharrak ezinezko egin du gaixo terminalen ondoan egotea eta hil direnei aurrez aurre agur esatea. Covid-19ak hurbileko norbait hil duenean, zaildu egin da dolu osasungarri bat egitea egoera normalekin alderatuta; zailtasunak zailtasun, ordea, ez da ezinezkoa.
1 ekaina de 2020
Person Throwing Flowers In Sea

Dolua pandemia: garaian urrutitik agurtu behar

Maite dugun norbait hiltzea beti da gogorra, eta zailtasunak eta mina handitu egiten dira osasun larrialdi batek egoera guztiak baldintzatzen dituenean. Covid-19aren pandemiak dozenaka mila pertsona hil ditu Espainiako Estatuan, eta horrekin batean, bakartuta egotera behartu du jendea, inoiz pentsatuko ez genuen moduan. Ondorioz, jendeak ezin izan du egon gaixo terminalen ondoan, hildakoak ezin izan ditu aurrez aurre agurtu eta hileta erritualak ere ezin izan dira egin koronabirusa etorri aurreko garaietan bezala. Lagun bat edo familiako norbait galdu dutenei dolu bereziki zaila egin beharra egokitu zaie; Espainiako Osasun Ministerioaren arabera, egoerak badu “arriskua”, izan ere “heriotzaren inguruko gertaera guztiak traumatikoak izan dira” eta “gizartearen babesa falta izan dute”. 

Kontakturik ez, frogarik ez, erriturik ez

Joan den martxoaren 30ean, hil-beilak eta hileta ospakizunak galarazi egin zituzten birusa ez zedin hedatu. Alarma egoeran, hiru kidek bakarrik parte har zezaketen ehorzketetan edo errausteetan, eta Covid-19aren erruz hil bazen, poltsa hermetiko batean sartu behar zen gorpua eta hilkutxak itxita egon behar zuen. Pandemiaren erruz gaixotu direnek ere ez dute modurik izan etxekoekin egoteko azken orduetan, eta haien laztanak eta besarkadak jasotzen ere ez diete utzi, eta horrek bestelako galera batzuk sortu ditu, adibidez agur esan ezina, ondoan egon eta zaindu ezina, konpondu gabe zeuden kontu batzuk argitu gabe utzi beharra, eskerrak eman ezina edo galderak egin nahia. Ospitaleetan haiekin egoten utzi ez dutenez, ez dakite nolakoak izan ziren hildakoaren azken orduak, eta horrek ezinegona sortu die, zer gertatu ote zen, nola artatu ote zuten eta egiaz zer sentitu ote zuen bere azken orduetan… Horiekin batean, pentsamendu katastrofistak eta erruduntasun handia ere agertu izango zaizkie. Horri guztiari erantsi behar zaio Covid-19aren denborak barneratzeko eta kudeatzeko erronka, askoz ere laburragoak baitira beste gaixotasun hilgarri batzuk baino. Baita heriotza prozesua aparteko bakardade egoera batean bizi beharraren zailtasuna ere, hurbilekoen gertuko babesik gabe, herritarren aitortzarik eta hileta erriturik gabe. Horiek, azken batean, hildakoari estimua azaltzeko moduak dira, adituek azpimarratzen dutenez.

Faseak baino gehiago, emozioak

“Trauma handi bat erantsita daukaten doluak ikusten ari gara, eta baita trauma bat baino gehiago ere”, adierazi du Valeria Moriconok, zeina Madrilgo Psikologia Elkargo Ofizialean aritzen den, Dolua Laguntzeko Zerbitzuan. 70 espezialista baino gehiago ari dira boluntario gisa eta haiekin harremanetan jarri gaitezke ayudaduelocopm@ cop.es helbidean, telefonoz deituta edo bideokonferentzia bidez, eta batez beste bost saio egiten dituzte paziente bakoitzarekin. Abian jarri eta lehenbiziko hilabetean, 350 familia lagundu zituen larrialdi zerbitzu horrek, eta horien artean “asko eta asko izan dira Covid-19ak hildakoen seme-alabak, baina baita adineko pertsonen bikotekideak, bilobak eta zaintzaileak ere”, azaldu du.

Testuinguru horretan, “jendeak batzuetan uste du ez duela baimendik dolua egiteko”, azaldu du psikologoak, eta nabarmendu du egoera are gehiago larritzen dela pandemiak herritar guztiengan eragin duen kolpe emozionalaren ondorioz. Hurbileko norbait galdu duen pertsona babestu behar duen gizarte sarea ere kili-kolo dabil, hura ere jokaleku traumatikoan barneratuta eta larrituta. Bai, Elizabeth Kübler-Ross suitzar psikiatrak 1969an ezarri zuen eredu ospetsuaren arabera, dolu betean dauden guztiek pasatu behar izaten dituzte fase batzuk: ukapena, haserrea, negoziazioa, tristura eta onartzea. Arriskua izaten da horietako batean harrapatuta gelditzea. “Adibidez, ukapenak luze irauten badu, arazotsua izan daiteke, handitu egiten baita irrealitate sentimendua eta zaildu egiten du lan emozionala”, adierazi du Moriconok, zeina elkargoak argitaratu duen gidaren egileetako bat ere baden: Guía de acompañamiento al duelo Covid-19 (Covid-19aren doluari laguntzeko gida). 

Haren esanetan, gaur egun psikologo askok nahiago du emozioez hitz egin faseez baino, eta, gainera, ez kronifikatzen saiatu. “Kontsultan ohartu naiz fase horiek jazarri egiten dituztela dolu egileak: uste izaten dute elkarren segidan etortzen direla eta guztiak pasatu behar dituztela, baina ez da horrela izaten. Dolua ez da lineala, uhin baten gisakoa baizik. Lehenik sentimendu bat izan dezakete, gero bestea eta, denbora baten buruan, lehenbizikora itzuli”, argitu du. Bestalde, emozio horietako bakoitza normala da eta hainbat ñabardura izaten du, eta horiei ere arreta jarri behar zaie. “Erru mota asko dago: egon behar zen lekuan ez egoteagatik, saihestu zitekeela pentsatzeagatik, norberak egindako zerbaitengatik, berriz ere bizitzari atxikitzeagatik… Baita haserre mota asko ere: norbere buruaren aurkakoa, besteen aurkakoa, medikuen aurkakoa…”. 

Pertsona bakoitzak modu batean erreakzionatzen du gertaera traumatiko baten aurrean, eta bere denborak behar izaten ditu mina lantzeko. Horrexegatik da hain arriskutsua dolu konplexu edo patologiko bat zer den definitzen saiatzea. Nahiz eta prozesu osasuntsu batek ez duen ezaugarri eta iraupen jakinik, Buruko Nahasmenduen Diagnostikoaren eta Estatistikaren Eskuliburua lanaren azken argitalpenak zehazten du kezkagarria izan daitekeela dolu egile batek ez badu bizimodu normala egiten 12 hilabete pasatu ondoren (Ameriketako Psikiatria Elkarteak argitaratu du lan hori, eta biblia gisako bat da profesionalentzat).

Sentitzeko baimena ematea geure buruari

Hori gerta ez dadin, psikologoen gomendioa da emozio guztiak onartzea, datozen bezala. Haien aholkua da dolua egiten ari direnek sentitzen duten guztia adieraz dezatela, izan tristura, beldurra, amorrua edo haserrea. Eta lagunekin eta familiakoekin partekatu dezatela eta, beharko balitz, profesionalekin ere bai. Bakartuta edo berrogeialdian gaudelako inora joaterik ez badugu, garrantzitsua da geure burua ez isolatzea. Eskura dugun edozein bitarteko erabil daiteke norbaitekin egoteko eta berotasuna sentitzeko, adibidez telefonoa, bideokonferentziak edo mezularitzako aplikazioak. Uneotan ez diogu gehiegi eskatu behar geure buruari, baina dolua egiten ari denaren erantzukizuna da bere burua zaintzen jarraitzea (ongi jan, garbitu, atseden hartu), eta, aldi berean, baimena eta denbora hartzea negar egiteko eta minarekin konektatzeko. Dolua egiten ari direnen ondoan egon nahi duten pertsonei eta beren maitasuna adierazi nahi dutenei, profesionalek gomendatzen diete adieraz dezatela hor daudela laguntzeko prest, baina inor ito gabe. Psikologoek, erizainek eta gizarte langile espezialistek eskuliburu bat egin dute, Guía para las personas que sufren una pérdida en tiempos de coronavirus (Koronabirus garaian galera bat izan duten pertsonentzako gida), eta hor esaten dute zenbait esaldi baztertu egin behar liratekeela: “Izan indartsua”, “animatu”, “egizu seme-alabengatik”, “bizi legea da”, “orain ez du sufrituko”, eta gisakoak. Horien ordez, horrelako zerbait erabil daitekeela nabarmentzen dute: “Nahi nuke zerbait egokia esan zure mina arintzeko, baina ez dut aurkitzen hitzik. Jakin ezazu hemen nagoela eta askotan oroitzen naizela zurekin”.

Nola kontatu haurrei 

Heldu askok uste du haurrei heriotza ezkutatzeak babestu egiten dituela sufrimendutik, baina alderantziz izaten da. Ezinezkoa da haurrei min guztia saihestu nahi izatea eta, beren bizitzetan funtsezkoa den gertaera batetik baztertzen ariko ginatekeenez, gerta daiteke etorkizunean ez gaitasunik izatea horri aurre egiteko. Halaxe azaltzen du Mario Losantos del Campo fundazioak argitaratu duen lan batek: Hablemos de Duelo. Manual práctico para abordar la muerte con niños y adolescentes (Hitz egin dezagun doluaz. Eskuliburu praktikoa haur eta nerabeekin heriotzaz hitz egiteko). Jarraibide espezifi koak ematen ditu adin bakoitzerako, eta doan deskargatu daiteke Interneten. Aholkuen artean, gomendatzen dute adingabeei gezurrik ez esatea, albistea zintzo eta patxadaz jakinaraztea, ulertaraztea beti norbait izango dutela ondoan zaintzeko, familiako erritualetan parte hartzen uztea, beren tristura adierazten laguntzea edo argi uztea ez dela haien errua, zeren pentsa baitezakete pertsona hori hil dela eurek zerbait txarra egin dutelako. “Haurrek, helduek bezala, mina edo emozioak partekatzeko beharra dute”, baieztatu du Zaintza Aringarrien Espainiako Elkarteak. “Garrantzitsuena da eusten dieten eta gauzak ulertzeko moduan adierazten dieten pertsonen maitasunak ematen dien segurtasuna”.

Non eska daiteke doako arreta psikologikoa
  • Espainiako Osasun Ministerioa eta Psikologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusia
    917 007 989 (09:00etatik 20:00etara) 
  • Gipuzkoako Piskologia Elkargo Ofiziala
    692 566 160 (10:00etatik 14:00etara) 
  • UNEDeko Psikologia Aplikatuko Zerbitzua
    spa@psi.uned.es eta 660 695 469 (Al-Or, 10:00-14:00/16:00-20:00) 
  • IPIR institutua. Doluak eta galerak
    Bete inprimakia ipirduelo.com edo info@ipirduelo.com helbidean 
  • Tienes mi ayuda mugimendua
    tienesmiayudacovid19@gmail.com 
  • #escuchasolidaria herri ekimena
    escuchasolidaria@gmail.com 
  • La Caixa Fundazioa (osasun arloko profesionalentzat bakarrik)
    900 670 777 (09:00etatik 20:00etara) 
  • Alares Fundazioa (adineko pertsonentzat bakarrik)
    900 877 037 (24 orduz) 
  • Niakara (on-line topaketak norbait galdu dutenen artean) 
  • Bete inprimakia niakara.org helbidean

“Geure buruari baimena eman behar diogu sentitzen ari garena sentitzeko”

Alba Payàs, Psikoterapia Barneratzaile Erlazionalaren Institutuko zuzendaria (IPIR)

Alba Payàs espezialista da doluaren tratamenduan, eta zuzendari aritzen da IPIR institutuan (dolua egiten ari diren familiei arreta espezializatua eskaintzen die eta profesionalak trebatzen ditu). Horretaz gain, berak idatziak dira Las tareas del duelo eta El mensaje de las lagrimas liburuak. 

Koronabirusak aldatu egin al du heriotzarekin dugun harremana? Orain dela hilabete batzuk, inork ez genuen pentsatuko gure familia arriskuan zegoela, baina orain gehienok zalantza eta kezka hori daukagu. Pandemiak hurbildu egin digu heriotza ustekabean etor daitekeelako bizipena. Eta agerian utzi du, halaber, zein garrantzitsuak diren erritual kolektiboak, Covid-19arekin egiterik izan ez direnak. Maite ditugunak zaintzeak eta bizitzako azken garaian laguntzeak ahalmen sendagarria du, eta zentzua ematen du. Hiletetan sentitu egiten da hildakoak nolako eragina izan duen komunitatean eta gorpua hor izateak modua ematen du errealitateari aurre egiteko eta onartzen joateko. Oro har, errituek adierazi egiten dute errealitate berri batean sartu garela eta, horiek gabe, dolua egiten ari diren pertsonak errudun sentitzen dira ezin izan diotelako agur esan, eta horrekin, indartu egiten da irrealtasun sentipena. Faktore horiek arriskuz betetzen dute dolua, eta horiei erantsi behar zaie etorkizunak sortzen duen ziurgabetasuna eta inguruko gizartearen babes falta, zeren pertsona sare hori ere aski ukitua eta kaltetua utzi baitu egoera orokorrak. 

Zer ikusten duzu pandemiak norbait kendu dien pertsonetan? Tristura handia, inpotentzia eta erruduntasun sentimenduak, hildakoaren ondoan ez egoteagatik. Baita haserrea ere sistemarekin, arauekin, maite zuten hori hil den bezala hil delako edo informazio gehiago eskuratu ezinagatik. Bestalde, trauma asko ikusten ari gara, egoerak gainezka egin duelako irudipena, irrealitate eta bakardade sentipenak. 

Zein unetan eskatu behar litzateke laguntza espezializatua? Aipatu ditugun egoeretan. Eta dolu honek nolako arriskua izan dezakeen ikusita, zenbait sintoma bi edo hiru hilabetez luzatzen badira ere bai: errua, haserrea, sinesgaiztasuna, abaildura eta tristura sakona. 

Zer-nolako faseak pasatzen ditu hurbileko norbait galdu duenak? Dolua fasetan banatzen duten ereduak zaharkituta daude. Eta dolua agur esatea dela pentsatzea ere uste okerra da: ez dira nahasi behar agurra eta hileta. Nahiz eta batzuentzat lagungarria den, gehienek ez diote agur esan nahi maite duten norbaiti, loturak hor jarraitzen duelako. Erronka izango litzateke lotura jarraituak, osasungarriak eta emankorrak lantzea joan denarekin. 

Zer-nolako aholkuak emango zenizkioke dolua egiten ari denari? Onar dezala bizi izaten ari dena eta bere buruari baimena eman diezaiola sentitzen ari dena sentitzeko. Normala da haserre egotea edo gainezka egitea. Ez du esan nahi erotzen ari garenik. Garrantzitsuena da pertsonak oreka bila dezala mina saihesteko bidea ematen dioten bitartekoen eta minarekin konektatzen dutenen artean, eta horiek ongi bereizten jakitea. Alde batetik, doluan denak denbora pasatzeko gauzak egin behar lituzke, bere burua zaindu eta lasaitu, eta, adibidez, ez lituzke etengabe bilatu edo jaso behar oroitzapenak berrituko dizkioten albisteak edo irudiak; betiko errutinan jarraitu behar luke, modu osasungarrian jan, kirola egin, babes sareari eutsi edo atseden hartu. Bestetik, denbora tarte bat hartu behar luke sufrimenduarekin eta gertatu denarekin konektatzeko, eta babes sarera jo behar luke pena, haserrea edo errua kanporatu eta partekatzeko. 

Nola lagundu dezakete lagunek eta familiakoek? Sarri askotan babes sarea ez da eskura egoten pertsonek zailtasunak izaten ditugulako mundu emozionalarekin konektatzeko, eta, ondorioz, isiltasunezko harresiak eraikitzen dira doluan diren pertsonen inguruan. Eraitsi egin behar dira, familiek gurekin partekatu dezaten zer sentitzen duten eta guk ere haiekin gauza bera egin dezagun. 

Zer egin daiteke konfinamenduaren ostean agurra lantzeko? Babes sarea indartzea: familia guztiarekin eseri, hitz egin, besarkatu, nola bizi izan dugun partekatu. Garrantzitsua da kontakizunak elkarri esatea eta historia berreraikitzen saiatzea, bereizita egon baikara, eta zatiak baino ez dauzkagu, nork berea. Uste dut konfinamendua bukatzen denean orain egin ezin izan diren hileta asko ikusiko dugula. Nahiz eta denbora pasatu izango den eta gorpua ez den han egongo, erritualak esanahi bera du eta ahalmen sendagarri berdina.

Zer-nolako zeregina dauka teknologiak eta nola erabili behar dugu? Zortea dugu sareak erabil ditzakegulako, baina horiek ere badituzte mugak. Ez da aurrez aurre egotea bezala. Laguntza psikologikoa Interneten bilatzen duen pertsona askok mesede baino kalte gehiago egiten duten ereduak aurkitzen dituzte. Eta norbaitek profesinal bat behar badu eta Sarean bila ari bada, gomendatuko nioke espezialista bat aukeratu dezala, eta irizpide gisa haren curriculuma erabil dezala eta ingurukoen gomendioak. 

Zer-nolako ondorioak eduki ditzake esperientzia gogor hau gailu teknologikoen bidez bizi izateak? Aurreikusten dugu hilabete batzuetan dolu zail asko izango dela. Epe ertainera baliteke desordenak agertzea dolu luzatuekin, eta pertsona abailduta eta itxaropenik gabe sentitzea, egunean egunekoa aurrera atera ezinik. Diagnostiko klinikoa da, osasunean ondorioak dituen desordena batena eta joera handiagoa eragiten du depresiorako, substantziak hartzeko, suizidiorako edo aukera gehiago bihotzhodietako gaitzak eta minbizia agertzeko.

10 aholku galerari aurre egiteko
  1. Bila ezazu oreka minarekin konektatzearen eta deskonektatzearen artean. Egun guztia galera oroitzen egotea bezain kaltegarria da lana, aisialdia, kirola… erabiltzea ihes egiteko, edo hain ‘onak’ ez diren beste bide batzuetara jotzea.
  2. Jarraitu errutinekin eta ohitura osasungarriekin. Saia zaitez ongi jaten, hidratatzen, kirol egiten eta atseden hartzen. Garbitu eta apaindu ezazu zeure burua.
  3. Ez erreprimitu zure emozioak, eta zeure burua ez alderatu hildakoaren beste senitarteko batzuekin. Zuk sentitzen duzun hori normala da eta zilegi da.
  4. Bilatu babesa maite dituzunetan. Telefonoak, bideokonferentziek edo mezuek lagundu egin dezakete partekatzen. Baina har itzazu zeure baitara biltzeko uneak ere.
  5. Bila ezazu sufrimendua bideratzeko modu bat. Sormena lantzeko jarduerak, adibidez marraztea, musikaz gozatzea edo dantzatzea, terapeutikoak izan daitezke eta lagundu egin dezakete une horiei zentzu bat ematen.
  6. Laguntza behar baduzu, eska ezazu. Jarri harremanetan lagunekin eta familiakoekin. Baita laguntza doan ematen duten profesionalekin ere.
  7. Ez izan oso zorrotza zeure buruarekin. Emaiozu baimena bete-betean ez egoteko. Utz ezazu gerorako erabaki garrantzitsuak hartzeko zeregina.
  8. Ez egon albisteei adi une orotan. Neurtu itzazu telebista, egunkariak, irratia eta sare sozialak.
  9. Egiozu omenaldia maite zenuen hari. Aurrerago izango duzu errituala egiteko aukera. Bestelako modu batzuk ere sortu ditzakezu, adibidez argazkiak biltzea edo pasadizoak partekatzea.
  10. Jabetu zaitez krisiak nolako mugak ezartzen dizkigun. Mundu mailako pandemia baten aurrean gaude. Ezin izan diozu agur esan eta oso gogorra izan da, baina baita eskuzabaltasun eta maitasun ekintza bat ere, maite zenuen hura ohoratzeko erabil dezakezuna. 

Iturria: Guía para las personas que sufren una pérdida en tiempos de coronavirus (Koronabirus garaian galera bat izan duten pertsonentzako gida), Osasun Ministerioa, Zainketa Aringarrien Espainiako Elkartea eta doluan espezialistak diren profesionalak.

10 consejos para afrontar la pérdida

  1. Busca equilibrio entre conexión y desconexión con el dolor. Tan poco saludable es estar todo el día recordando como evadirse con el trabajo, el ocio, el deporte… o ayudas menos ‘buenas’. 
  2. Mantén rutinas y hábitos saludables. Trata de comer bien, hidratarte, hacer ejercicio y descansar. No dejes de asearte y arreglarte. 
  3. No reprimas tus emociones, ni te compares con otros familiares de la persona fallecida. Lo que sientes tú, en concreto, es normal y legítimo. 
  4. Apóyate en tus seres queridos. El teléfono, las videoconferencias o los mensajes ayudan a compartir. Pero reserva también espacios de recogimiento solo para ti. 
  5. Encuentra una manera de canalizar el sufrimiento. Actividades creativas, como dibujo, música o baile, pueden ser terapéuticas y contribuir a dar un sentido a estos momentos. 
  6. Si necesitas ayuda, pídela. No dudes en contactar con amigos y familiares. Incluso con profesionales gratuitos de apoyo. 
  7. No te exijas mucho a ti mismo. Concédete permiso para no estar al 100%. Deja para más adelante la toma de decisiones importantes. 
  8. Evita sobreexponerte a las noticias. Dosifica televisión, periódicos, radio y redes sociales. 
  9. Rinde homenaje a tu ser querido. Ya harás el ritual más adelante. Puedes improvisar otros, recopilando fotos o compartiendo anécdotas. 
  10. Sé consciente de las limitaciones que te impone la crisis. Estamos ante una pandemia mundial. Renunciar a la despedida fue muy duro, pero también un acto de generosidad y de amor que puedes dedicar a tu ser querido para honrarle. 

Fuente: Guía para las personas que sufren una pérdida en tiempos de coronavirus, Ministerio de Sanidad, Sociedad Española de Cuidados Paliativos y profesionales especialistas en duelo.