Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: Dieta zetonikoa: Nik 10 kilo galdu nituen hirugiharra janda

KETO DIETAN AHALIK ETA GEHIENA MURRIZTEN DIRA KARBOHIDRATOAK, ETA LEHENTASUNA EMATEN ZAIE GANTZEI. INTERNETEN HORIXE BILATZEN DU GEHIEN JENDEAK, ETA ARGALTZEKO IRTENBIDE BERRITZAILE GISA AURKEZTEN DUTE. BAINA HALA AL DA? AZTERTU EGINGO DUGU ZER PROPOSATZEN DUEN ETA NOLAKO ERAGINAK DITUEN.

Ia ehun urte

Dieta zetogenikoak ia ehun urte bete ditu. 1921ean sortu zuen Russell M. Wilder mediku eta ikertzaile estatubatuarrak, zeinak zenbait patologia ikertu zituen, tartean diabetesa. Erdi ahaztuta bezala eduki dugu hainbat hamarkadatan, salbu eta populazio talde oso jakin batzuek (adibidez, tratatu ezin den epilepsia dutenek, horiei onuraren bat egin liezaieke eta). 2016. urtean hasi zen jendea dieta horri buruzko informazioa bilatzen, 2018an izugarri zabaldu zen eta 2019ko urtarrilean eskuratu zuen ospe gorena. Baita Espainiako Estatuan ere; urte honetan, izan ere, sekula baino interes eta gaurkotasun handiagoa lortu du dieta zetogenikoak. Berritasuna ez da dieta bera, sortu duen interesa baizik. 

Zergatik orain? Zer aldatu da? Testuingurua, ez gehiago (eta ez gutxiago). Oraintsu arte gantzak ziren arazoen iturburu, ia denak berdintzat hartzen ziren eta era guztietako produktuak zeuden gantzak saihesteko, light, low fat, %0 Koipeki… Orain, berriz, karbohidratoak daude jomugan, bereziki azukreak. Azken urteetan, ikerketa zientifikoek, elikadura arloko industriaren berrikuntzek, erakundeen kanpainek eta iragarkien mezuek erdierdian jarri dute azukrea-gizentasuna binomioa. Eta kontsumitzaile gisa ditugun kezkak ere aldatu egin dira. 

Google bilatzailearen estatistikek diotenez (ikus beheko grafikoa), gantzen inguruko informazioa bilatzeko interesa nagusi ageri da 2017ko abendua bitarte. Une horretan, karbohidratoen eta azukreen inguruko interesa handitu eta gantzen parera iritsi zen, eta hortik aurrera, bilaketa gehien horien inguruan egin izan da. Batez ere azukrearen inguruan. Beste hitz batzuetan esanda: azukreen gaineko kezka hedatzen den garai berean hasten da dieta zetogenikoaren inguruko interesa zabaltzen, karbohidrato gutxien daukana izaki.

Karbohidrato onak eta txarrak

Karbohidratoak dira gure energia iturri nagusiak, baina guztiak ez dira berdinak. Eta ospe onik ez duten arren, behar-beharrezkoak dira organismorako. Gantzen multzoan bezala, karbohidratoetan ere badira onak eta txarrak.

ONAK

Azukre gutxi daukatenak eta zuntz ugari; hau da, frutek izaten dituztenak, berdurek, haziek eta fruitu lehorrek. “Elikagai horiek mantenugai garrantzitsuak izaten dituzte, adibidez zuntz dietetikoa, bitaminak, mineralak eta oligoelementuak. Gorputzak mantenugai horiek behar ditu digestiorako, metabolismorako, zelulak hazi eta lehengoratzeko, eta garuna, bihotza, giharrak eta nerbioak babesteko”, zehaztu dute Claire Collins eta Rebecca Williams ikertzaileek (Newcastle-ko Unibertsitatean aritzen dira). 

  • Frutak
  • Berdurak
  • Lekaleak
  • Haziak
  • Fruitu lehorrak

TXARRAK 

Azukre asko eta zuntz gutxi daukaten elikagaiek izaten dituzte, oso prozesatuta daudenek: opilak, freskagarriak, ultraprozesatuak, gosaritan hartu ohi diren zerealak (oso azukretsuak izaten dira). Berriki egin den berrikusteka zientifiko batek dioenez, zenbait gaixotasun izateko arriskua murrizte aldera (bihotz-hodietako arazoak, 2 motako diabetesa eta zenbait minbizi), maizago hartu behar genituzke karbohidrato onak eta baztertu egin behar genituzke txarrak. Eta halaxe berresten du Sara B. Seidelmann-ek berriki argitaratu duen meta-analisi batek ere (Lancet Public Health aldizkarian).

  • Opilak
  • Aurrez kozinatuak
  • Freskagarriak
  • Gosaritako zerealak

Dieta zetogenikoaren arazoa da ez dituela bereizten karbohidrato batzuk eta besteak, eta guztiak kentzen dituenez, eragotzi egiten du elikagai osasungarriak jatea.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak