Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: Dieta zetonikoa: Nik 10 kilo galdu nituen hirugiharra janda

KETO DIETAN AHALIK ETA GEHIENA MURRIZTEN DIRA KARBOHIDRATOAK, ETA LEHENTASUNA EMATEN ZAIE GANTZEI. INTERNETEN HORIXE BILATZEN DU GEHIEN JENDEAK, ETA ARGALTZEKO IRTENBIDE BERRITZAILE GISA AURKEZTEN DUTE. BAINA HALA AL DA? AZTERTU EGINGO DUGU ZER PROPOSATZEN DUEN ETA NOLAKO ERAGINAK DITUEN.

Gantzak erregai gisa

Gure organismoaren erregai nagusia gantzetatik etortzeak baditu ondorio metabolikoak. Karbohidratorik ez badugu ia hartzen eta gure glukogeno erreserbak agortzen baditugu, gantzak erabiltzen hasiko gara energia iturri gisa, bai janaritik hartzen ditugunak eta bai guk geuk dauzkagunak. Prozesu horri zetogenesia esaten zaio (ketogenesis ingelesez); horrek ematen dio izena dietari, eta horixe erabiltzen da amu gisa. Deigarriak dira dieta sustatzeko erabiltzen diren aipuak (“gantzak erretzeko makina bihurtuko zaizu gorputza” edo “argaldu zaitez hirugiharra janez”), baina gauzak ez dira hain errazak.

Promesak… eta arazoak

Promesa edo agindu bat baino gehiago izaten da dieta zetogenikoaren inguruan. Hauek dira nagusiak: eraginkorra dela argaltzeko eta kontrolpean jartzen duela 2 motako diabetesa. Zer dio ebidentziak? Berriki egin diren ikerketen arabera, adibidez Harvard Medical School ikastegiak egin zuen meta-analisiaren arabera (2015), karbohidrato gutxiko dietak eta, bereziki, zetogenikoak egokiagoak dira epe motz eta ertainean pisua galtzeko gantz gutxiko dietak baino. Era berean, dietan karbohidratoak murrizteak hobetu egiten ditu markagailu batzuk, adibidez odoleko azukrea, kolesterola, triglizeridoak, guztizko gantzak eta sabelaldekoa. Itxura ona du, ezta? Orduan zergatik ez ote da panazea? Bi arrazoirengatik nagusiki. 

Batetik, dieta egiten den bitartean, badituelako kontrako eragin batzuk (ikus grafikoa). Ondorio ezkor batzuk; onurak, aldiz, urri samarrak. Dieta hori zalantzan jartzen duen bigarren arrazoia ikerketek azaleratu dute, dieta horren onurak nabarmendu dituzten horiexek: epe motz eta ertainean bakarrik frogatu da dieta horren eraginkortasuna (sei hilabete eta bi urte artean), baina ez da frogatu hortik aurrera berdin gertatzen dela. Ez da kontu hutsala. “Pisua galtzeko edo dietaren bidez beste edozein onura lortzeko, gakorik garrantzitsuenetakoa da elikadura planari atxikitzea”, azaldu du Julio Basulto dietistanutrizionistak. Hau da, denboran jarraitutasuna ematea, ez bakarrik sei astez, hamar hilabetez edo hiru urtez, bizitza osoan baizik. Eta hori oso nekez lortzen da elikagai asko baztertzen direnean, tartean osasungarriak diren batzuk, adibidez lekaleak eta frutak. “Dieta zetogenikoa, oso murriztailea izateaz gain, urrundu egiten da dieta osasungarrien eredutik”, azpimarratu du. Horixe da arazo nagusietakoa. 

Horrela, nahiz eta berehalakoan emaitza aipagarriak agertu, “inork ez du nahi pisua galdu eta gero berriz hartu; galera horri eutsi egin nahi zaio urteetan, eta osasunik galdu gabe saialdi horretan”, adierazi du Basultok. Beti gauza bera jateak (edo ez jateak) asperdura dakar, monotonia, eta horrek zaildu egiten du ohitura bat eraikitzea. Askotan, denbora baten buruan, dieta horiek albo batera uzten dira edo betekada bat egiten da galarazia dagoen guztia janez, eta horrek errebote efektua sortzen du. “Dieta horrek onurak dakartza epe motzean, denbora tarte jakin batean, baina ez da arriskurik gabea eta zaila da jarraipena ematen”, laburbildu du Juan Revenga dietista-nutrizionistak. “Hain zoragarria, erraza eta arrakastatsua izango balitz, nolatan edukiko genituzke zalantza hauek?”, galdetu du, eta erantsi du argaltzeko metodo hori, egiaz, oso aspaldikoa dela.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak