Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Artikulu hau itzulpen automatikoko sistema batek itzuli du. Informazio gehiago, hemen.

Euskarara itzultzeko sistemek aurrerapen handiak izan dituzte azken urteotan, baina oraindik badute zer hobetua. Hobekuntza horren parte izan nahi? Aukeratu esaldi osoak nahieran, eta klikatu hemen.

: Sendabidea: luzea, eta arazoaren araberakoa

Hortz-haginak estutu edo karraskatzeko ohitura gaiztoak, luzera, higatu egiten du hortzeria eta mina eragiten du barailaren edo masailezurraren inguruan

Sendabidea: luzea, eta arazoaren araberakoa

Beste zenbait patologiaren aldean, oso arreta gutxi jartzen zaio bruxismoari, nahiz eta ondorio okerrak ekarri ahal dizkion pairatzen duenari: hortz-haginak urratu dakizkioke, eta erori ere bai. Galera horrek hainbat arazo dakartza berekin, eta murtxikatze-aparatuari ere eragingo lioke; ondorioz, elikatze-arazoak ager daitezke, digestio txarrak, urdaileko ultzerak, eta baita depresioa ere. Gizarte-harremanerako elementu dira hortz-haginak. Horiek galdu dituzten pertsonak deseroso sentitzen dira irribarre egiterakoan, eta ihes egiten diote gizarte-bizitzari.

Diziplina anitzek parte hartzen dute sendabidean, sarri askotan profesional batek baino gehiagok esku hartu behar izaten duelako: odontologo orokorrak batetik, hortzetan oinazea eta tentsioak sumatu eta harengana jotzen baita lehen-lehenik; kirurgialari maxilofazialak, odontologoak harengana bidaltzen du-eta gaixoa; fisioterapeuta eta ATMan espezializatua dagoen odontologoa; eta psikologoa, arazoaren iturburua emozionala denean. Gainera, bi eratakoa izan daiteke terapia: jokabide mailakoa eta medikua.

Psikologoak eta psikoterapeutak erabiltzen dute jokabide mailako sendabidea, eta horren bidez aurkitu nahi izaten dute zerk eragiten dion estresa gaixoari, zerk eragiten dion bruxismoa, azken batean; ordurako, segur aski, ibili izango da otorrinolaringologotan, odontologotan eta neurologotan, besteak beste, eta eremu maxilofazialeko oinazea zerk sortzen dion jakin ezinik geratu izango da. Egiaztatu izan da, gaixoak antsietatea gutxitzen duenean, psikoterapiari esker, bruxismoak hobera egiten duela nabarmen.

Sendabidea jartzeko orduan, kontuan hartu behar da zer erro eta zer neurri duen arazoak: hortz-haginak gaizki kokatuta badaude, deskarga-ferula edo oholtxo bat jartzen dute; hortz edo hagin batzuk higatuta badaude edo erori badira, hortzeria berrosatzen dute koronoplastiarekin, ohiko anatomia lehengoratzeko; eta arazoa masailezurrean edo barailan badago, kokotsa aurrerantz edo atzerantz joana duelako, ebakuntza egiten dute hezur-oinarria zuzentzeko (bruxismo kasuen % 10-15etan egin behar izaten dute hori, eta kirurgialari maxilofazialak esku hartu behar izaten du).

Sendabideak

  1. Deskarga-ferula edo oholtxo erdi-zurruna jartzea. Hortz-haginen goiko lerroaren eta behekoaren artean jartzen duten pieza bat da, hortzek elkar marruskatu ez dezaten. Material akrilikoz egina izaten da, erretxinez adibidez, eta prezioan gorabeherak izan ditzakeen arren, batez beste 500 euro balio du. Oraintsu arte, ordea, oso azkar higatzen ziren pieza horiek, eta urtero aldatu behar izaten ziren. Orain erabiltzen direnek, aldiz, hiru urte inguru irauten dute, eta ahoan eraman behar duenarentzat ere egokiagoak dira, hitz egiteko aukera ere ematen diete eta. Gardenak izan ohi dira, eta egunez eta gauez erabil daitezke (batzuetan, aski izaten da gaueko atsedenaldirako soilik jartzea). Gaixoak zer bilakaera duen eta arazoak zenbateko larritasuna duen, horren araberakoa izango da erabilera ere.
  2. Ortodontzia. Bruxismoak hortzak higatu ez dituenean erabiltzen da, baldin eta hortz-haginak gaizki kokatuta badaude eta hori bada arazoaren sorburua.
  3. Koronoplastia. Saio gutxi batzuetan, bruxismoak higatu edo erorarazi dituen hortzak berregiten dituzte, konpositeak erabiliz; erretxina sintetikoak dira konpositeak, eta hortzei berez zeukaten itxura ematen diete. Hortzei agerian geratzen zaien zatia osatzea izaten da kontua (punta edo koroa), kalteak jasan dituen hori, hain zuzen, eta behin osatuta, hortz-haginak berriz ere behar bezala ahokatzen dituzte, batzuk besteen kontra estutu ez daitezen. Konpositeak jarri aurretik, laborategi batean berregiten dituzte hortzak, marrazkiak eta eskemak erabiliz, eta gero konpontzen dituzte ahokoak. Mareque medikuak dionez, “hortzak ordubetean hazten direla dirudi”. Ferulak egiten duen funtzio bera egiten dute konpositeek, eta, beraz, behin koronoplastia amaituta, ez da beharrezkoa ferula erabiltzea.
  4. Masailezurreko kirurgia. Ordubete eta ordu eta erdi artean irauten du ebakuntza horrek, eta anestesia orokorra erabiliz egiten dute. Gaixoak egun bat eman behar izaten du ospitalean, eta senda-agiria ematen diote ondoren. Garrantzitsua izaten da masailezurraren edo barailaren kokapena zuzentzea, zeren, atzera joana badago, behartu egiten baita aurrerantz joan dadin (edo alderantziz), eta horrek mina eragiten du. Zango bat bestea baino luzeagoa denean ere, horixe bera gertatzen da: albo baterantz eginda ibiltzeko joera izaten da, eta horrek bizkarreko arazoak eta oinazeak ekartzen ditu. Kirurgia-teknika berriekin, ebaki txiki-txikiak egiten dituzte, eta titanio-plaken bidez kokatzen dute masailezurra. Garai batean, ahoa ezin mugitu zuela ateratzen zen gaixoa ebakuntza-gelatik, eta halaxe eduki behar izaten zuen hilabetez, eta jan ere, ezin zuen edozer gauza jan. Gaur egun, ordea, aurrerapenei esker, kirurgia egin eta astebetera, murtxikatuz jan behar diren elikagaiak jateko moduan egoten da gaixoa.
  • Bruxismoa duen norbaitentzat, egoerarik txar-txarrena izango litzateke sendabide horiek guztiak behar izatea. Hori gertatzen zaie hortzak gaizki kokatuta eduki eta, gainera, horiek barneratzen diren hezurrak ere kokapen desegokian dituztenei. Halakoetan, bi urte iraungo luke tratamendu osoak. Baina, soilik ferula edo koronoplastia behar badu, bi edo hiru hilabete aski izango ditu tratamendua bukatzeko.

Bruxismoa dudala esan didate; zer egin behar dut?

  • Joan profesional batengana, egoerari berri eman diezagun, eta jarri patologia maxilofazialean espezialista den norbaiten esku eta bruxismoan aski esperientzia duten beste profesional batzuen esku.
  • Hartu patxada eta pazientzia, behin diagnostikoa eginda, luze joaten da-eta tratamendua. 10 edo 15 urtez kokapen desegoki eta anomaloan egon den hori ezin da sendatu denbora gutxian.
  • Erabili ferula modu jarraituan, zeren tarteka baino erabiltzen ez badugu, muskuluen memoria ezabatu egiten baita, eta berehala jotzen dute okerreko kokapena hartzera.
  • Egon prest arazoaren muinera jo eta hori sendatzeko, ferulak ez baitu balio kasu guztietarako; hortz higatuentzat, gaizki kokatuentzat eta masaileko hezurrentzat soilik balio du.

Iturria: Javier Mareque Bueno, Teknon Zentro Medikuko kirurgialaria eta UICeko Kirurgia eta Inplantologia irakaslea

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak