Argi ibili arazo elektrikoekin!

Etxean edozein matxura elektriko konpontzen hasi aurretik, korrontea kendu behar da. Eta zalantzarik txikiena sortzen denean, profesional bati deitzea izaten da onena.
1 martxoa de 2010
Img bricolaje listado

Argi ibili arazo elektrikoekin!

Autorik gabe erraz samar pasa liteke egun bat, baina elektrizitaterik gabe nekez. Argindarraren menpe bizi gara erabat, gauza guztietarako behar dugu, eta joaten denean, deus ere egin ezinik geratzen gara; etxea hil dela ematen du. Urduritu egiten gara halakoetan, eta zerbait egin behar eta, han eta hemen ukitzen hasten gara, ongi jakin gabe matxura konpontzen ari garen edo are gehiago hondatzen. Fusibleen kaxa irekiko dugu eta ukitzen hasiko gara, eta hori aski ez bada, entxufeei edo lokiei ekingo diegu, edo susmo txarren bat sortu digun beste zernahiri. Baina argindarra ez da txantxetako kontua: istripuak gerta daitezke, eta oso larriak, gainera. Espainiako Kontsumo Institutu Nazionalak DADO txostena argitaratzen du urtero, eta han esaten denez, urtean 8.000 istripu gertatzen dira etxeetan argindarrarekin. Ez dira asko, egia esan (Espainiako etxeetan gertatzen diren istripuen % 0,5 baino ez), baina beste datu batzuk ere hartu behar dira aintzat: jendea ospitaleratzeko arrazoien artean, zazpigarren lekuan daude esposizio termiko eta elektrikoak (halaxe jakinarazi du PRIE erakundeak, Instalazio Elektrikoak Berrikustearen aldeko Plataformak). Hori guztia esan ondoren, argi samar geratu da ezin dela nolanahi ibili argindarrarekin, eta entxufeak eskuztatu behar ditugunean, etengailuren bat aldatu behar dugunean edo instalazio elektrikoa berrikusi behar dugunean, arau batzuei jarraitzea komeni dela.

1973. urtea baino lehenagoko etxeak: arrisku elektrikoa

Hamar etxebizitzatatik seik 1973. urtea baino lehenagoko instalazio elektrikoak dituzte Espainian (urte horretan sartu zen indarrean instalazio elektrikoen segurtasun araudia). Eta 1985. urtea baino lehen eraiki zituzten etxeek ez daukate etengailu diferentzialik (horrexek eteten du hornidura zirkuituan korronte-galeraren bat gertatzen denean). Etengailu hori eduki ezean, jartzea komeni da, eta hori ezin du edozeinek egin: Industria eta Energiako Zuzendaritza Nagusiak baimendutako norbaitek egin behar du.

Potentzia kalkulatu eta dirua aurreztu: nola?

Nola kalkulatu zenbateko potentzia behar den?

Kalkuluek diotenez, behar baino potentzia txikiagoa dute kontratatua 16 milioi etxebizitza inguruk. Endesa eta Iberdrola enpresek gomendatzen dute euren web orrietako simulagailu elektrikoak erabiltzea kalkulua egiteko. Etxean zenbat eta tresna elektriko gehiago eduki, orduan eta potentzia handiagoa beharko da, baina eredu batzuekin joka daiteke: esaterako, argia, hozkailua, ur-berogailua, xurgagailua, lisaburdina eta garbigailua erabiltzen diren etxean, 4,6 kW (kilowatt) beharko dira. Horrez gain, ontzi-garbigailua, labe elektrikoa, bitrozeramika eta lehorgailua ere erabili nahi badira, 7 kW beharko dira. Eta berogailuak elektrikoak badira eta aire girotua baldin badu, gutxienez 9 kW-eko potentzia jarri beharko da. Etxebizitzarik gehienek 2,5 eta 5 kW arteko potentzia kontratatzen dute, eta 5 eta 10 kW artekoa ere aski ohikoa izaten da. Dena den, 2,2 kW baino gutxiagorekin ere moldatu liteke argia eduki eta etxetresna txikiak erabiltzeko. Etxebizitza berriek, ordea, ezin dute eduki 5,7 kW-etik beherako potentzia, nahiz eta gero erabiltzaileak aldatzeko aukera izaten duen, bere beharretara egokitzeko.

Entxuferik ez dadila falta izan

Etxe askok tresna asko eta entxufe gutxi izaten dituzte, argiaren etengailuak leku desegokietan egoten dira eta telebista-harguneak ere falta izaten dira. Beraz, etxeko instalazio elektrikoa berritzeko asmotan bagabiltza, aholku hau aintzat hartzekoa da: beldurrik gabe jarri argi-puntuak, entxufeak eta telefono- eta telebista-harguneak. Beti eskas geratzen dira horiek guztiak, eta ugari jarrita, berriz ere berritze-lanik egin beharrik ez dugu izango. Egongelak 10 m2 baditu, aski izango da argi-puntu bat jartzea, entxufe bat, berogailu elektrikoarentzako hargune bat eta aire girotuarentzako beste bat. Egongela handiagoa bada, bikoiztu egin behar da hornidura. Logela bakoitzak, berriz, argi-puntu bat behar du, etengailuarekin, hiru entxufe, berogailu-hargune bat eta, behar balitz, aire girotuarentzat ere bai beste bat.

Nola ordaindu gutxiago argindarra: 10 argibide
  1. Argindarretan egiten dugun gasturik handiena berogailuak eragiten du (gastu guziaren % 41 ere har dezake). Merezi du neurriak hartu eta gastua gutxitzen saiatzea. Hona hiru aukera erraz: ohitu egin behar da etxea ez hain bero edukitzera, leiho eta ateen zirrikituak estali egin behar dira beroak ihes egin ez dezan, eta iluntzen denean, pertsianak eta gortinak itxi behar dira. Horiek guztiak eginda, % 30 gutxitu dezakegu berogailuaren gastua.
  2. Ahal den guztietan, argi naturala erabili.
  3. Ohiko bonbillak kendu, eta kontsumo txikikoak jarri. Argi bera ematen dute, zortzi aldiz gehiago irauten dute, eta % 80 aurrezten dute energia.
  4. Zenbait lekutan, luzaroan eduki behar izaten da argia piztuta (sukaldea, portxea); leku horietan hodi fluoreszenteak jartzea komeni da. Goritasun-bonbillek halako 8 edo 10 irauten dute, eta energia asko aurrezten dute: % 80 ere bai zenbaitetan.
  5. Fluoreszenteak pizteko energia gehiago behar izaten da, eta, beraz, ez da ibili behar itzali eta piztu. 20 minutu baino gutxiago egingo badute itzalita, merkeagoa izaten da piztuta uztea.
  6. Etxetresnak aldatzekotan bagabiltza, honako energia-ikur hauek dituztenak erosi: A+ eta A++. D ikurra duen batekin alderatuta, adibidez, % 70 energia gutxiago behar izaten dute.
  7. Sukaldean, ahal denean, mikrouhin labea erabili labe elektrikoaren ordez; % 60-70 energia gutxiago behar izaten da.
  8. Plaka bitrozeramika erabiltzerakoan, ontzia sutatik kendu baino lehen itzali, eta hondarreko beroaz baliatu. Suak hartzen duen biribila baino handixeagoa izan behar du ontziaren azpialdeak, eta bero-banatzailea eduki behar du: %20 inguru aurreztu liteke energia.
  9. Izozkailuak izotz-kaparen bat baldin badu, kentzea komeni da, bestela % 30 energia gehiago behar izaten du eta.
  10. Arropa- eta ontzi-garbigailuan, ez erabili tenperatura handia eskatzen duten programak: arropa-garbigailuak ura berotzen gastatzen du argindar gehien. Lixiba 30 ºC-tan egin edo 60 ºC-tan egin, bi halakotu egin liteke energia-gastua.

Istripuei aurrea hartu eta nola jokatu jakiteko

Komunean eta sukaldean, kontuz-kontuz!

Komuna eta sukaldea dira etxeko lekurik arriskutsuenak segurtasun elektrikoari dagokionez, esku eta gorputz bustiek tresna elektrikoren bat ukituz gero, edo entxuferen bat edo etengailuren bat, zirkuitu laburrak eta deskargak gertatzeko arriskua izaten da eta. Sukaldeak eta komunak lurra behar dute, eta sukaldean, txorrotak dauden lekutik metro batera baino gehiagora egon behar dute entxufeek. Hori baino gertuago egonez gero, tapa jarri behar zaie (haurrek hatzik sar ez dezaten jartzen diren horietakoak), horrela ez baitzaie urik sartuko. Harguneak non jarri ere aztertzeko kontua izaten da. Ongi begiratu behar da zenbat behar diren eta non. Sukalde batean, gutxienez, 10 anpereko (A) hargune bat baino gehiago jarri behar litzateke, hozkailua eta beste tresna batzuk konektatzeko (irabiagailua edo kafe-makina), 16 A-ko harguneak ontzi-garbigailuarentzat eta garbigailuarentzat, eta 25 A-ekoa mikrouhin labearentzat, labearentzat eta sukalde elektrikoarentzat.

Bainuontzia edo dutxa inguratzen duen eremuan, berriz, ez da entxuferik jarri behar hasi ontziaren oinetik eta 2,25 metroko tartean, ezta etengailurik eta argi-tresnarik ere. Bainuontzia edo dutxa inguratzen duen eremutik metro batera ezin da etengailurik jarri, baina bai segurtasuneko korronte-harguneak edo diferentzialekin babestuta daudenak.

Ezustekoak saihestu

Deskarga batek gure gorputza zeharkatzen duenean, zauri arinak edo larriak eragin ditzake (ikusi egin behar istripua zer baldintzatan gertatu den). Elektrokuzio bat zuzenekoa izan daiteke, korrontea pasatzen den guneren bat ukituta (entxufea, esaterako), edo zeharkakoa izan daiteke; hori gertatzen da, esaterako, berez korronterik eduki behar ez lukeen gune batek, arrazoiren batengatik, tentsioa daukanean eta ura ukitzen dugunean (tresnaren batekin kontaktua egiten duen kableren batek eragin dezake).

Korrontearekin edo etxeko tresna elektrikoren batekin lan egin behar dugunean, eskuak ongi lehortuta eduki behar dira, eta tresnak erabiltzerakoan, entxufera lotzerakoan edo handik askatzerakoan, ez dugu oinutsik egon behar edo oin hezeekin. Bainuontzian edo dutxan gaudenean ez dugu ukitu behar sare elektrikoari lotuta dagoen tresnarik, eta harraskatik gertu gabiltzanean, ez dugu erabili behar etxetresnarik. Eta instalazioan zerbait egin behar dugun aldiro, hornidura elektrikoa eten eta tentsiorik ez dagoela egiaztatu behar dugu ezertan hasi aurretik. Eta bonbilla bat aldatu nahi dugunean, adibidez, etengailu automatikoa deskonektatzea da gauzarik seguruena. Etxetresnekin ere arretaz ibili behar da: argibideetan begiratu behar da zer potentziarekin erabiltzeko eginak diren, eta erabili bakoitzean, entxufetik askatu egin behar dira, baina ez kabletik tira eginez, larakotik baizik. Eta kable urratuak dituzten tresnak, edo larako apurtuekin daudenak edo entxufe hondatuekin, ez dira erabili behar.

Istripua gertatuz gero

Istripu elektriko bat gertatzen denean, ez da urduritu behar eta berehala deskonektatu behar da etengailu nagusia edo, bestela, tresna entxufetik askatu. Hornidura etengo duenak gainazal lehor baten gainean jarri behar du eta tentu handiarekin ibili, berari ere istripurik ez gertatzeko. Eskuarekin iritsi ezin bada, objektu lehorren bat erabil dezake argindarra mozteko, baina ez dadila metalezkoa izan. Zauriturik izan bada, korrontea moztu ondoren soilik uki daiteke. Mediku-zerbitzuei deitzea izaten da egokiena, eta zauritua tapatuta eta jarrera erosoan edukitzea osasun-langileak iritsi arte.