Bizkar-zorroak: arindu zorroak, arindu bizkarra

Esku-zorroak eta orgatxoak baino egokiagoak dira ikasmateriala eramateko, baina ez dira zamatu behar haurrak duen pisuaren % 10etik gora
1 urria de 2010
Img salud listado 697

Bizkar-zorroak: arindu zorroak, arindu bizkarra

Jakintza buruan pilatzen omen da, baina bizkarrak ere badaki zerbait. Eskola adinean dauden haurrei galdetu bestela. Koaderno, hiztegi eta liburu astunez zamatuta ibiltzen dira haien bizkar guri eta egin gabeak. 13 eta 15 urte arteko mutilen erdiak eta nesken % 70 bizkarreko minez egonak dira behin edo behin, horixe diote Espainian egindako kalkuluek. Eta horrek nabarmen handitzen du helduaroan arazo kroniko bihurtzeko arriskua, Kovacs fundazioak ohartarazi duen bezala (bizkarrari lotutako gaietan espezializatua dago erakunde hori). Ehunekoak aldatu egiten dira sexu batetik bestera, zeren neskek, oro har, muskulu-masa gutxiago izaten baitute, eta kexatu ere lehenago eta ozenago egiten dira bizkarreko mina sumatzean, komunikatzaileagoak dira eta. Zenbaitetan, hilerokoak eragindako mina ere gerrialdeko arazotzat jotzen dute.

Egoera horiek saihesteko, adituek behin eta berriz esaten dute beharrezkoa dela bizkar-zorroak arintzea (pisuak sekula ez du izan behar haurrak duen pisuaren % 10 baino handiagoa), eta horretarako, besteak beste, faszikuluka doazen liburuak eta euskarri digitalean datorren materiala erabiltzean hasi beharko litzateke.

Bizkar-zorroa da egokiena

Etorkizuneko ikasgela digitalak iritsi bitartean, bizkarraren arloko adituen aholkuei jaramon egitea beste aukerarik ez zaie geratzen gurasoei, euren seme-alaben bizkarrak ongi zaindu nahi badituzte. Aholku horien artean daude, besteak beste, EROSKI CONSUMERen Bizkar Eskolak eman dituenak (http://escuelas.consumer.es/web/es/espalda), Kovacs fundazioarenak eta zenbait guraso elkartek landu dituztenak.

Ikasmateriala eramateko modu asko daude: esku-zorroetan, orgatxoetan, soinean gurutzatzeko zorroetan edo poltsetan, baina horiek guztiak baino egokiagoa da bizkar-zorroan eramatea, eta halaxe nabarmentzen dute aholku guztiek. Esku-zorroak ez dira egokiak, pisu guztia besagain bakarrean zamatzen dutelako, eta, ondorioz, jarrera asimetrikoak hartzera behartzen dute haurra. Gurpil-zorroek edo orgatxoek, nahiz eta ez izan guztiz desegokiak, helduleku moldagarria eduki behar dute, haurraren neurrira egokitu eta eroso eta modu ergonomikoan eraman ahal izan ditzaten. Gainera, orgatxoari esku bakarrez heldu beharrean, haurrak ikasi behar du bi eskuekin heldu eta aurrerantz bultzatuz eramaten. Era horretan egingo dio kalterik gutxien gerrialdeari, gainerakoan bizkarra okertuta ibili beharko luke eta.

Gorputz-pisuaren % 10, ez gehiago

Sei urtetik gorako hiru ikasletik batek bere pisuaren % 35 eramaten du bizkarrean, zorroa eta barreneko gauzak kontuan hartuta. Egokiena litzateke haurrak ez dezala eraman bere pisuaren % 10 baino gehiago. Horrek esan nahi du, 40 kiloko ikasle batek ez lukeela hartu behar 4 kilotik gorako bizkar-zorrorik. Gehienezko muga hori gainditzen denean, 1,3 eta 3,4 aldiz handitzen dira gerrialdeko minak.

Ikasleek ez dute egiten ariketa fisikorik,
eta, ondorioz, bizkarreko muskuluek
indarra galtzen dute eta mina jasateko
arriskua handitzen da

Arrazoi horrexegatik, Kovacs fundazioak eta Erakunde Mediku Kolegiatuak (OMC) kanpaina bat antolatu zuten iaz, Ez eman bizkarrik zure bizkarrari, 13 eta 15 urteko ikasleei zuzendua. Aurten, berriz, adin txikiagoei bideratua dagoen kanpaina abiarazi dute. Haur txikietan ez da hain ugari agertzen bizkarreko mina (10 urtetik beherakoen % 10ek izaten dute), baina 10 urteak bete ondoren, gero eta gehiagok izaten dute. Hori dela eta, prebentzio-aholkuak zabaldu dituzte adin txikiagokoentzat. Aurreko kanpainan, Bizkarraren komikia erabili zuten nerabeak arazo horren jabe egin zitezen, eta oraingoan, berriz, Juanen lunbagoa izeneko ipuinaz baliatuko dira, 6 eta 8 urte arteko haurrei mezua helarazteko. Bizkarraren web-orrian ikus liteke (www.espalda.org).

Nola jarri ikasmahaian eta ordenagailu aurrean
  • Jarrera: Ipurdia atzerantz eraman behar du haurrak, ahalik eta gehien. Oinak lurrean jarri, eta belaunak aldaken parean edo gorago geratzen badira, orduan egongo da ongi eserita. Gorputz jarrera maiz aldatzea komeni da, eta 45-60 minutuz behin aulkitik altxatu eta pixka bat ibiltzea.
  • Ikasmahaia: hankak oso-osorik mahaiaren azpian sartzeko modukoa izan behar du mahaiak, eta altuerak ere egokia izan behar du besaurreen gainean jarrita egon ahal izateko.
  • Jarlekua: gurpilduna izatea komeni da, eta altuera moldagarria izan behar du, horrek aukera ematen baitu haurraren neurrira egokitu ahal izateko hura hazten den neurrian, eta oinak lurraren gainean jarrita eduki ahalko ditu. Bizkarraldeak altua izan behar du, lepoak ere atseden har dezan. Ordenagailu aurrean dagoela, teklatutik ahalik eta hurbilen egon behar du jarlekuak, haurrak ez dezan izan gorputza aurrerantz makurtu beharrik.
  • Pantaila: 45 cm-tara egon behar du, aurrez aurre ikusten dela, begien parean edo zertxobait beherago.
  • Teklatua: mahai gainean jarrita, gehienez ere, 25 º egon behar du goratua, eta sekula ez da lan egin behar teklatua belaunen gainean jarrita. Eskumuturrak eta besaurreak mahai gainean ditugula, lerro zuzena marraztu behar dute teklatuarekiko, eta ukondoek tolestuta egon behar dute, 90 º-ko angelua osatzen dutela, gutxi gorabehera.
  • Sagua: haurraren neurrikoa izan behar du, haren eskuentzat egokia.

Zama arindu: faszikuluak eta euskarri digitalak

Espezialista askok eta askoz ohartarazten dute behar-beharrezkoa dela bizkar-zorroen zama arintzea. Alternatibak ere proposatu dituzte, eta horien artean daude, esaterako, eskolan armairutxoak jartzea ikasleak ez daitezen egunero ibili materiala eraman eta ekartzen, liburuak faszikuluka argitaratzea eta teknologia berriak erabiltzea, bai eskolan eta bai etxean. Hasi berri dugun ikasturte honetarako, adibidez, zenbait argitaletxek faszikuluka atera dute materiala. Murtzian egina dute esperientzia pilotu bat, eta moduluka aurkeztu dituzte liburuak.

Ikasgelak digitalizatzen ari dira etengabe, eta horrek ere asko aldatuko du ikasleen egunerokoa. Poliki-poliki, papera baztertu eta euskarri digitaletan eskuratuko dituzte edukiak (CDetan, esaterako), eta web-orrietatik ere ekarri ahal izango dute beharrezko zaien materiala.

Ikasleen bizkarreko mina: eragilerik ohikoenak

Bizkarreko mina ez du eragiten arrazoi bat eta bakarrak, eta ezin zaio egotzi bizkar-zorroen pisuari soilik, nahiz eta horrek eragin nabarmena duen. Eskolako altzari desegokiek ere badute zerikusia ikasleek gerrialdeko mina izan dezaten (jarrera txarrean eduki behar izaten dute gorputza), baita ariketa fisikorik ez egiteak eta beti egonean egoteak ere, horren ondorioz indarra galtzen baitute bizkarreko muskuluek eta mina jasateko arriskua handitzen. Gainazal gogorregien -edo gurien- gainean lo egitea ere kaltegarria da: ez dute uzten bizkarraren kurbak ongi egokitu daitezen koltxoira, eta kakotu egiten da bizkarra.

13 eta 15 urte arteko mutilen % 50 eta
nesken % 70 bizkarreko minez egonak
dira behin edo behin

Bizkarreko minik ez edukitzeko, neurri erraz batzuk hartu beharra dago: bizkar-zorroen pisua arindu, ikasketa-altzari egoki eta ergonomikoak aukeratu, eta sendotasun ertaineko gainazaletan lo egin. Kirola ahaztu gabe, jakina. Bizkarra indartzeko, funtsezkoa da kirola egitea. Baina kirola ere ez da nolanahi egitekoa, gaizki egiteak ere kalte egiten ahal diolako haurren bizkarrari; egokiena izaten da entrenatzaile prestatu baten aginduetara aritzea.

Nolakoa behar du bizkar-zorro aproposak
  • Funtsezkoa da bizkar-zorroa haurraren neurrikoa izan dadin, haren adinari dagokion bezalakoa. Behar baino zorro handiagoa bada, erabat betetzera jotzen da, eta hainbeste zamatzeak kalte egiten dio bizkarrari.
  • Zorroaren eta barrenean sartzen denaren pisua ez du izan behar haurrak pisatzen duenaren % 10 baino handiagoa.
  • Armazoiak erdibiguna izan behar du, haurraren anatomiara egokitu ahal izateko.
  • Zorroek uhal zabalak eta bigungarridunak eduki behar dituzte, 4 cm zabalekoak, gutxienez, bizkarraldea egokitzeko (hori ere bigungarriduna behar du). Gerrikoa ere ezinbestekoa da. Gerrira lotzen du bizkar-zorroa, eta ez du uzten kulunka ibil dadin. Hori ere bigungarriduna izatea komeni da.
  • Klip bidezko euste-sistema eduki behar du bularraldean edo gerrian. Gorputzak jarrera hobea hartu ohi du pisuak garraiatzerakoan, eta erraztu egiten du pisua bi besagainetan banatzea.
  • Hobe da zorroak atal bat baino gehiago eduki dezan, zama hobeki antolatzeko.
  • Zer materialekin egina dagoen, hori ere aintzat hartzeko kontua da. Zurruna eta sendoa izan behar du, pisuari eutsi ahal izateko.

Hala ere, ezaugarri horiek guztiak betetzen dituen bizkar-zorro batek ez du deusetarako balio, ez bada egoki erabiltzen.

Bizkar-zorroa ongi erabiltzeko:

  • Behar dena soilik sartu. Laneguna bukatzean, aztertu eta garbitu zorroa, behar ez den guztia ateratzeko.
  • Materialik astunena eta handiena bizkarrari itsatsita kokatu behar da, bertikalki.
  • Haurrak bi besagainetatik helduta eraman behar du zorroa, eta pisua berdin samar banatu behar du alde batera eta bestera. Hola eginez gero, tente joan ahal izango da.
  • Zorroa ahal bezain goian jarrita eraman behar dela esan ohi da, omoplatoen artean, baina ez da hala; hobe da behean eramatea, gerrialdean edo aldaken artean. Gorputzetik ahal bezain gertu lotuta eraman behar da.
  • Ez da komeni besagain bakarretik zintzilik eramatea, zama ez baita joaten simetrikoki banatuta, eta bizkarrezurra alde batera makurtzen da.
  • Zorroa oso zamatuta badago, bi eskuekin heldu behar zaio altxatzerakoan, belaunak tolestu eta zangoekin egin behar da indarra.
  • Bide luzeetan eta eskailerak igo eta jaisterakoan, bularreko eta gerriko uhalak erabiltzea komeni da, motxila ongi lotuta joan dadin. Gainera, egiaztatu egin behar da uhalak ongi egokitu ditugula, pisua bizkarreko ornoen gainean gera dadin.

Iturria: EROSKI CONSUMER, Kovacs fundazioa eta F.A.P.A. Francisco Giner de los Ríos