HAURREKIN SEGURU BIDAIATZEA

"ZENBAT FALTA DA?"

FAMILIAN MUGITZEA ABENTURA BAT DA. ZAILA DA -GURASORIK LASAIENA ERE BERE ONETIK ATERATZEKO ARRISKUA IZATEN DA -, ETA ASKOTAN, HELDUEK ERE EZ DAKITE HAURREK NOLA BIDAIATU BEHAR DUTEN ETA NOLA BIDAIATU DEZAKETEN. HAIEN SEGURTASUNA BESTE EZER BAINO HOBETO ZAINTZEKO, HAR ITZAZU KONTUAN ARGIBIDE HAUEK.
1 maiatza de 2019

"ZENBAT FALTA DA?"

Autobian batetik bestera joatea lau leihoak beheraino jaitsita abuztuko bero itogarria arintzeko. Lau neska-mutikoak atzeko eserlekuetan, maletategia beteta, lehertzeko zorian, eta auto barrenean den atzerako ispilutik ia ezer ikusten ez dela. Bizikletak auto gainean eta telebista oinen azpian. Urruti samar gelditu zaigu gure haurtzaroko irudi hori, udako oporraldia iristean ohiko bihurtzen zena.

Gaur egun, pentsaezina izango litzateke haurrekin era horretan bidaiatzea. Batez ere, segurtasunagatik: 12 urtez azpikoek euste sistema batekin joan behar dute eserita. Baina baita gaur egun autoaz gain aukera gehiago badagoelako ere bidaian joateko, motzetan bezala luzeetan, baita haurtxo txikiekin ere. Garraiobide bat edo bestea hautatzen dela ere, garrantzitsuena da adin txikikoek eroso eta seguru bidaiatu dezatela. Nola lortu? Ikus dezagun zer eskatzen duen garraiobide bakoitzak.

ERABILIENA: AUTOA.

Uda honetan, 90 milioi joan-etorri inguru izango dira Espainiako Estatuko errepideetan. Eta horietako askotan haurrak joango dira. Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) oroitarazten duen bezala, bederatzi leku arterainoko ibilgailuetan, haurrek 1,35 metro baino gutxiago neurtzen badute, atzeko eserlekuetan joan beharko dute eta eusteko sistema homologatuak erabili beharko dituzte, beren neurriari eta pisuari egokitzen zaizkionak. Araudiak hiru salbuespen onartzen ditu: ibilgailuak atzeko eserlekurik ez izatea, eserleku horiek beste adingabe batzuekin beteak egotea, edo horietan haurrei eusteko sistemarik jartzeko modurik ez izatea.

“Haurrentzako aulkitxoak dira txertorik onena”, esaten dute Mapfre Fundazioak eta Espainiako Emagin Elkarteen Federazioak Bebés y niños seguros en el coche gidan (Haurtxoak eta haurrak seguru autoan). Ibilgailuetarako aulkitxoak erabilita, %75 murrizten dira heriotzak eta %90 lesioak, halaxe dio DGTk. Eta lesio horiek ez dira nolanahikoak: 2 urte bitarteko haurretan, lepoari eragiten diote ohikoenek; 2 eta 4 urte artekoetan, buruari; eta 4 eta 10 urte bitartekoetan, sabelaldeari. “Gurasorik gehienek haurrei eusteko sistemetan esertzen dituzte neska-mutikoak. Hirutik bi, ordea, modu desegokian erabiltzen dira, eta horixe da kezkagarria”, ohartarazi du gidak. Ohiko hutsegiteak izaten dira, adibidez, haurrentzako aulkia atzerantz begira jartzea aurrealdeko airbaga aktibatuta duen jarleku batean, edo aulkitxoari eusteko uhala laxoegi uztea.

Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Profesionalak kanpaina bat jarri zuen abian, 12 meses, 12 consejos de salud (12 hilabete, 12 aholku osasun arloan), eta gomendio batzuk ematen ditu. Horien artean, buru-euskarriak erabiltzea altuera egokian eta aulkitxoei elementu osagarriak jartzea burua ez dadin jarrera desegokian gelditu lo hartzen dutenean. Funtsezkoa da uhalak ongi egokituta egon daitezen haurraren neurrira, “ez baita komeni ongi eutsi gabe gelditzea edo, aitzitik, uhalak gehiegizko presioa egitea”, azaldu du Jose Santosek, elkargoko idazkari nagusiak. Horrelakorik gerta ez dadin, haurrek ez dute joan behar arropa gehiegirekin, irrist egin baitezakete kolperen bat hartuz gero. Horretaz gain, arrautza erako aulkitxoak (0 multzokoak) ez dira egokiak ibilbide luzeetarako: luzaroan horietan eserita joatea kaltegarria izan daiteke bizkarrezurrerako.

IBILBIDE MOTZETAN: TAXIA EDO TIG-A.

Aireportura joateko edo hirian mugitzeko, aukera ona izaten da taxia edo Turismo Ibilgailu Gidariduna (TIG). Haurrekin ere bai? Bai. Neurriz 1,35 metrotik beherakoak badira, Haurrei Eusteko Sistemarik gabe (HES) joan daitezke hiri barneko errepideetan, baina atzeko jarlekuetan. Aldiz, errepide handiagoetara ateratzean, aulkitxoa erabili beharko dute, nahitaez. Halako batean joango ez balitz, zu izango zinateke erantzulea legearen aurreran, eta taxilariari geldiarazi egingo liokete ibilgailua HES bat jarri arte.

Mikel Garrido Haurren Segurtasunerako Espainiako Elkarteko presidentea da, eta gomendatzen du konpainiari egiten zaion eskarian adieraztea adingabe batekin joango garela eta aulkitxo bat beharko dugula. Baina konpainia guztiek ez dute egiten. “TIGek jakin dute eskaintza bereizgarria egiten. Beren autoak erabiltzen dituztenez, norbaitek aulkitxoak behar dituenean, enpresa horrek inguruan bilatzen du ezaugarri jakinak dituzten HESak dauzkan TIG bat, eta auto hori bidaltzen dute”, azaldu du.

ETXEA ALDEAN HARTUTA: AUTOKARABANAN.

Etxe gurpildun batean mundua ezagutzea aukera bikaina da familientzat. Eta autokarabanentzako araudia ohiko turismoenaren berdina da: 12 urtez azpikoek eta 1,35 m-tik beherakoek atzeko jarlekuetan joan beharko dute, beren neurriari eta adinari dagokien aulkitxo batean. Camper erako furgonetak, gainera (barreneko aldea etxebizitza gisa homologatuta dutenak), zehazki 2014ko azarotik aurrera eginak, seguruagoak dira txikientzat, gutxienez bi leku eduki behar baitituzte ISOFIX sistemarekin, haurrentzako aulkitxoak eroso eta modu seguruan muntatu ahal izateko; autokarabanak, aldiz, ez daude horretara behartura: M1 erako ibilgailu berezi gisa homologatuta daude.

NOLA HAUTATU HAURRAREN AULKITXOA AUTORAKO

Aulki homologatu batek etiketa laranja bat eduki behar du atzeko aldean, eta erreferentziazko araudiaren aipamenak agertu behar du bertan. Hauta ezazu beti berriena. Gaur egun, i-Size (ECE R129) eta ECE R44/04 dira. Erabiltzaileak eduki beharreko altuera eta pisua adierazten ditu sistema bakoitzak (gutxienekoa eta gehienezkoa); horretaz gain, alboko talkaren proba berri bat ere eransten zaie eta ISOFIX euste mota darabilte, instalazioa sinplifikatzen duena.

0 ETA 0+ TALDEA

  • 0-13 kg.
  • 40-85 cm (i-Size).
  • Urtebeteraino.

Segurtasun jarlekuetan joan behar dute (arrautza erakoetan), noranzkoaren aurkako zentzuan, edo kapazu homologatuetan bestela, zeinak atzeko eserlekuetan jarri behar diren, zeharka, eta burua ibilgailuaren erdialdean dutela.

I TALDEA

  • 9-18 kg.
  • Hasi 8 hilabetetik eta 3-4 urte arte.
  • 45-105 cm (i-Size).

Noranzkoaren aurkako zentzuan jartzea komeni da ahal den denbora guztian, haurraren egoera fisikoak uzten duen heinean, betiere.

II TALDEA

  • 15-25 kg.
  • Hasi 3 urtetik eta 7 urte arte.

Haurrak atzeko eserlekuan joan behar du, ahal dela gidariaren ondoan doanaren atzean, segurtasun uhala ongi doitua duela: zeharkako bandak lepauztaiaren gainetik pasatu behar du eta sorbaldaren gainetik, lepoa ukitu gabe, eta banda horizontalak, berriz, ahalik eta beherena joan behar luke, aldaken eta izterren gainean, eta sekula ez sabelaren gainean.

III TALDEA

  • 22-36 kg.
  • Hasi 6 urtetik eta 12 urte arte.

Haurra atzeko eserlekuetan joaten da, kuxin goratzaile batean (bizkarduna izan daiteke edo ez). Bizkarduna izatea komeni da haurrak 1,25 metro baino gehiago neurtu arte.

GORATZAILEA

  • Haurrak 1,35 m baino gehiago dituenean, goratzailerik gabe joan daiteke, baina 1,50 m-etara iritsi artean erabiltzea komeni da.

Uhala egoki doitu behar da: pelbisaren gainetik pasatu behar du, bularrezurraren erdialdetik eta lepauztaiaren erdialdetik, eta beti saihestu egin behar da urdailaren gainean gelditu dadin edo lepotik gertuegi. Sorbaldako bandak lepoa ukitzen badu edo kokotsaren azpitik pasatzen bada, haurrak goratzailea erabiltzen jarraitu behar du.

Iturria: DGT eta Mapfre Fundazioa.

Betiko zalantza: autobusean?

Bi ordutik behin gelditzen dira, ez zaitezke zutik jarri, guztiek ez daukate komunik eta ez dute aulkitxorik izaten 12 urtez azpiko haurrekin bidaiatzeko, Kidy Bus delakoa adibidez (Europan horixe da homologazioa lortu duen lehena). Zirkulazioaren Araudi Orokorrak esaten duenez, bidaiariak garraiatzeko ibilgailuek bederatzi leku baino gehiago dituztenean, 3 urtetik gorako haurrek euste sistema homologatuak erabili behar dituzte. Eta halakorik ez badago, segurtasun uhalak erabiliko dituzte, baldin eta egokiak badira haien neurri eta pisurako.

Autoko aulkitxo bat edo arnes bat jartzea izaten da beste aukera bat, hegazkinetan egiten den bezala, baina jarlekura ongi eutsita joan behar dute beti. Garraiobide hori aukeratzen baduzu (doakoa izaten da lau urtetik beherakoentzat), komeni da erosoa izatea eta komuna edukitzea. Zure haurrak berak bakarrik bidaiatu beharko balu, konpainiari galdetu beharko zaio zein adinetatik aurrera egin dezakeen zure baimenarekin, edo baden aukerarik zaintzaile baten zerbitzua eskatzeko (goi mailako zerbitzu batzuek izaten dute). Nazioarteko ibilbideetan, 16 eta 18 urte arteko gazteek pasaportea eta Poliziaren baimena behar dute bidaiatzeko.

EROSOTASUNA NAGUSI: TRENA

Segurua, erosoa eta merkea ere bai. AVEk eta Avant-ek egiten dituzten bidaietan eta Renfe-k distantzia luze eta tartekoetan egiten dituenetan, haurrek lau urte baino gutxiago eduki eta eserlekurik hartzen ez dutenean, ez dute txartelik ordaintzen, baina “haurren doako txartela” behar izaten dute. Hamalau urteak bete ez dituztenek deskontu bereziak izaten dituzte. Ez da behar ez aulki berezirik eta ez segurtasun uhalik ere, nahiz eta, Mikel Garridoren ustez, aukera hori ere eskaini behar luketen seguruago joateko.

Komunetan, haurtxoei fardela aldatzeko etzalekuak izaten dituzte eta haurrarekin mugitu zaitezke hara eta hona; haur-kotxeak, ordea, tolestuta eraman behar dira, eskuko ekipajetzat hartzen dituzte eta. Ezintasuna duten pertsonentzako eserlekuetan bakarrik eraman ahalko dira irekita, horiek hutsik daudenean.

Zu bakarrik bazoaz haurtxo bat kotxetxoan eta maleta bat aldean dituzula, txartela erostean eska ezazu Atendo zerbitzua (doakoa da), ezintasuna edo mugikortasun murriztua duten bidaiarientzat izaten dena. Erraztu egiten dizu geltokietan ibiltzea, eta baita trenera igo eta jaistea ere, salbu eta Aldirikoetan eta Feve trenetan. Eta bakarrik doana zure alaba edo semea denean, 6 eta 13 urte artean eduki behar ditu, Gorengo klasean bidaiatu (edo Club delakoan, trenak halakorik izanez gero), eta trenak 22:00ak baino lehen iritsi behar du. Baina badira baldintza gehiago ere: heldu batek erosi beharko du txartela irten baino 48 ordu lehenago, menua aukeratu beharko du eta adingabearekin batean aurkeztuko da 30 minutu lehenago. Helmugara heltzean, bidaia baimentzen duen dokumentuan ageri den pertsonak jaso beharko du.

ERRESERBA GARAIZ EGITEN BADUZU: HEGAZKINA.

Lasaitasuna. Hegazkinean azkar bidaiatzen da, baina haurrekin garestia izaten da (beti ordaintzen dute, tarifaren %10 gutxienez), eta denbora behar izaten da ondoz ondoko txartelak hartzeko, ekipajea erregistratzeko, kontrolak pasatzeko, lehenbizikoak edo azkenak ontziratzeko… eta hori astuna gerta daiteke haurrentzat. Haurtxoek jaio eta bi egunetara bidaiatu dezakete, baina hobe da astebete igaro arte itxarotea hegaldi motzetan, eta hiru aste iraupen luzekoetan. Eskubidea dute beren eskuko ekipajea eramateko, tartean sendagaiak, esneak eta garbiketa produktuak; horiek guztiak likidoak dira, eta, hortaz, dagokien araudia bete beharko dute.

Hegazkin konpainia batzuek sehaskak eskaintzen dituzte kontinente arteko bidaietarako, baina kopuru mugatua izaten dutenez, lehenbailehen jakinarazi behar da haurtxo batekin joango garela. Hala ere, arnes bat edukitzeko aukera izango duzu, zure uhalera lotzen dena; Garridoren esanetan, dena den, sistema hori “oso deserosoa” da haurtxoarentzat, eta “segurtasun gutxikoa”. Haurrek autoan erabiltzen duten aulkitxoa eraman dezakete, baina lehenik homologatu egin beharko du konpainiak; bestela, Cares izeneko arnes ezaguna eraman dezakete, zeina eserlekuari eta uhalari lotzen zion lau puntutan. Haurrek bakarrik bidaiatu dezakete 5 eta 12 urte artekoak direnean, baina konpainia bakoitzak bere baldintzak jartzen ditu.

Eska ezazu zerbitzu hori egun bateko aurrerapenarekin gutxienez, joan zaitez aireportura aski denborarekin eta, jakina, egon zaitez bertan hegaldia irten arte. Haurrak poltsa bat eskuratuko du txartelarekin, nortasun agiriarekin, gurasoen baimenarekin eta identifikazio fitxa batekin, non agertuko diren helmugan jasoko duen pertsonarekin harremanetan jartzeko datuak.

ZERBITZU BAT BAINO GEHIAGO: ITSASONTZIA.

Familiarekin itsas bidaian joatea modan jarria dago, baita haurtxoekin ere. Eskaintza ugari izaten da, gainera. Arau orokor gisa, gutxieneko adina sei hilabetekoa izaten da ohiko itsas bidaietarako, eta 12koa berezietarako (hor sartzen dira, adibidez, ibilbide transatlantikoak). Baliteke ontzian bertan eskaintzea sehaskak, kotxetxoak, bainuontziak… eta zaintzailea ere bai, baina onena da konpainiarekin egiaztatzea zer-nolako zerbitzuak eskaintzen dituzten eta zenbat kostatzen diren. Erreserba egitean, azpimarratu ezazu logelaren kokapenak ona izan behar duela haurrak ez zorabiatzeko eta gustura lo egiteko.

Ferry-etan, adin txikia duten haurrak (1-2 bi urte artekoak, enpresaren arabera) gurasoen besoetan joan daitezke, eta ezer gutxi ordainduko dute, tasak eta gutxi gehiago. Tarifan deskontuak izaten dituzte 13 urteak bete bitartean, eta 15 urterekin eurek bakarrik bidaiatu dezakete Estatuan, nortasun agiria aldean daramatela. Batzuetan, etzalekuak ere izaten dituzte haurrak aldatzeko, aulki altuak eta sehaska tolesgarriak. Eta ontzi batzuek segurtasun uhalak ere eskaintzen dituzte, baina ez dira izaten “adingabeetara egokituak”, halaxe dio Haurren Segurtasunerako Espainiako Elkarteko presidenteak. Dena den, beti eraman dezakezu etxeko HESa zure haurra modu seguruan joan dadin Eivissatik Mallorcara.

DOKUMENTU ETA GUZTI

  • 14 urtez azpikoak, agurasoekin doazenean: dokumentaziorik gabe bidaiatu dezakete Espainian, baina hobe da beti Familia Liburuarekin joatea.
  • 14 urte beteta, beti Nortasun Agiriarekin.
  • 14 urtez azpikoek Nortasun Agiria behar dute EB-n ibiltzeko edo Schengen eremuan; gainerako herrialdeetan, pasaportea beharko dute, eta, batzuetan, bisa ere bai, baita familia osoarena ere; hortaz, aurrez galdetu egin beharko da enbaxadan edo kontsuletxean. Eta herrialdetik kanpora joaten direnean, bakarrik edo gurasoetako batekin edo beste helduren batekin, justifikatu egin beharko dute bidaia eta dagozkien dokumentuak aurkeztu.
HONELA BIDAIATZEN DUTE FAMILIEK ESPAINIAN
  • Norbere ibilgailuan: %90,9
  • Hegazkinean: %14,2
  • Trenean: %6
  • Ibilgailu alokatuan: %4,7
  • Itsasontzian: %3,2
  • Autokarabanan: %2
  • Autobusean: %1,3