Erosketa gida: zorroko patata frijituak

Zorroko patata frijituak: zapore leherketa kurruskatsua

Zizka-mizken saileko produktu honen aldaera asko daude eta oso gustagarriak dira baina nutrizio arloko piramidearen muturrean jartzen dute, oso noizbehinka jateko elikagaien taldean alegia
1 maiatza de 2016
Img alimentacion listado 1117

Zorroko patata frijituak: zapore leherketa kurruskatsua

/imgs/20160501/inicioGuia.jpg

Leku handi samarra hartzen dute mahai mota guztietan: kandelak itzaltzen direnetan, jaiotzak ospatu, kartetan jolastu, bideo-jokoetan… Guztiek atsegin dituzte eta era askotakoak daudenez -15 mota baino gehiago aurki daitezke merkatuan-, jende gutxik egiten die uko haien zaporeari. Patata frijituen industria etenik gabeko bilakaeran dago, formula erakargarriak sortu nahian; oinarrian, dena den, antzeko osagaiak dituzte guztiek: gantzak, gatza eta patataren almidoia, zeina gustagarria izateaz gain, mendekotasun-sortzailea ere baden.

Elikadura arloko industriarentzat zizka-mizka “gozoa” da oso, zalantzarik gabe; gorantz egiten ari da, eta salmentak %5 handitzen dira urtetik urtera. Aperitibo Ekoizleen Elkartearen arabera (AFAP), Espainiako Estatuko herritar bakoitzak 1,39 kilo patata frijitu jan zituen 2013. urtean. Sekula ez zuen halakorik pentsatuko George Crum-ek, patata frijituen sortzaileak, 1853. urtean bezero bati lezio bat ematea erabaki zuelarik. Sukaldari horrek Moon Lake Lodge’s jatetxean lan egiten zuen, New Yorken, eta nazkatuta zegoen ohiko bezero bat beti kexaka aritzen zitzaiola, patatak behar bezain fin mozten ez zituelako, nonbait. Harekin aspertuta, fin-fin moztea erabaki zuen, sardexkarekin hartu ahal izateko baino finago. Bezeroa harrituta gelditu zen, eta oso gustura. Berehala, bezero guztiak hasi ziren espezialitate berri eta bitxi hura eskatzen. Izena ere jarri zioten: Saratoga Chips. Arrakastak jarraitu egin zuen, eta 1920. urtean patatak zuritzeko lehen makina asmatu zuten, eta chip erakoak gaur egun ezagutzen ditugunak bezalakoak hasi ziren izaten.

Era guztietakoak

Baten batek pentsa lezake Aperitibo Ekoizleen Elkarteak (AFAP) emandako datua ez dela hainbesterako ere, baina patata frijituek lekua ‘jaten’ diete elikagai osasungarriagoei. Gure gizartean, gero eta larriagoak dira gizentasunaren zifrak eta mokadu bakoitza da garrantzitsua. Otordu artean zizka-mizka horiek jateko ohitura izanez gero, aldatu egin daiteke dieta osasungarriaren eredua, eta ez bakarrik patatak jateagatik, baita patatekin batean gisa bereko beste zizka-mizka batzuk jateko joera izaten delako, horiek ere nutrizio dentsitate apalekoak. Askotan, ohikoa izaten da edari azukretsuak eta/edo alkoholdunak hartzea horiei “bultza egiteko”.

Ezberdinak?

Lauak, kizkurtuak, zaporezkoak, hautatuak, light erakoak… Nutrizioaren ikuspegitik denak berdintsuak dira, light erakoak eta moreak izan ezik. Komeni da jakitea, dena den, zer-nolako aldea dagoen zizka-mizken eta zorroko patata frijituen artean:

  • Zizka-mizkak: ale bakoitzeko pisu gutxi dute, gehienean produktu jakin batzuen almidoietatik abiatuta manufakturatzen dira: patata, artoa, arroza, garia eta landare jatorriko beste elikagai batzuk. Horietaz gain, elikadura arloko beste osagai batzuk ere izaten dituzte. Estrusio bidez, trokelatuz edo bestelako bitarteko batzuk erabiliz egiten dira, eta jateko balio duen oliotan edo gantzetan frijituta egon daitezke.
  • Patata frijituak: osasuntsu dauden patatekin egiten dira, zuritu, garbitu, moztu eta frijitu ondoren (oliba oliotan edo beste olio eta gantz begetal batzuetan).

Azken batean, aperitiboen mundua oso zabala da. Zizka-mizkak eta patatak antzeko produktuak dira. Izena desberdina dute, bistan da, baina nutrizio balioa oso antzekoa, eta hori dela eta, dieta osasungarri batean oso noizbehinka jatekoak dira, eta neurrian betiere.

Kolaren eta arrain zopa mikatzaren zaporekoak

Izugarrizko aukera dago patata frijituen zaporeetan. Espainiako Estatuan, joera tradizionala da nagusi, eta urdaiazpiko zaporea dutenak maite ditu gehien jendeak, gazta zaporekoak, tipula zaporekoak eta barbakoa erakoak. Baina Txinan, esaterako, “Pepsi and Chicken” izeneko patatak daude (oilaskoa eta kola) edo “Hot and Sour Fish Soup” erakoak (arrain zopa mikatz eta minaren zaporea duten patatak). Ameriketako Estatu Batuetan, berriz, hanburger eta gazta zaporekoak edo cappucino zaporekoak. Eta askoz gehiago.

Industria arazorik gabe egokitzen da kontsumitzaileen gustuetara. Eta nola egiten duen? Behin xerratu eta frijitu ondoren, ontzian sartzeko prest egoten da patata. Justu ontziratu aurretik, danbor erraldoi batzuen bidez, abiadura handian biraka jartzen dituzte eta orduan estaltzen dituzte gatzez edo zapore bakoitzari dagokion estraktuz. Zapore-emailea gainazalean gelditzen denez, berehala sumatzen da ahoan sartu orduko. Batzuetan, gatz kopuruarekin lotu ohi dugu, baina berez ez da horregatik. Zapore- edo lurrin-emaile horiek ez dute zertan izan lurrin artifizialak besterik gabe. Gero eta maizago, industriak elikagai naturalen hautsak erabiltzen ditu patatak gazitzeko. Horrelaxe lortzen da gazta edo urdaiazpiko zaporea ematea. Horrek garestitu egiten du produktua, baina, era berean, aperitibo askoz “naturalagoa” aurkezteko aukera ematen du.

Zer-nolakoa da bere kontsumoa?

Dietan duten lekua

Elikadura Osasungarriaren Gida lanean (Nutrizio Komunitarioko Espainiako Elkarteak egina), elikadura arloko piramidearen oinarrian ageri da patata eta talde horretako elikagaietatik, egunean 4-6 errazio hartzea gomendatzen da. Patata frijitu industrialak, ordea, piramidearen goiko muturrean ageri dira, hau da, oso noizbehinka jateko elikagaien taldean.

Denok atsegin ditugu patata frijituak. Zerk egiten du hain erakargarri produktu hori? Ahogozo atseginak, asetzeko gaitasun txikiak, hartzeko erraztasunak, gure ahoan desagertzeko duten azkartasunak eta, agian, baita gure ordain-sistema aktibatzeak ere. Horregatik guztiagatik, mendekotasun-sortzaile diren elikagaien artean sailka daitezke zorroko patata frijituak. Gainera, dibertigarriak iruditzen zaizkigu crunchy erako jakiak. Testurak nahasten dituzten produktuak bilatzen dira, eta hor bereziki nabarmentzen da testura kurruskatsua. Izan ere, freskotasunarekin eta zapore handiarekin lotzen dugu testura hori. Teknika horrekin, Maillarden erreakzioa gertatzen zaio patatari, eta lurrin eta zapore oso gustagarriak askatzen ditu.

Horregatik guztiagatik, garrantzitsua da gure elikadura osoaren testuinguruan kokatzea eta kontsumo maiztasun osasungarri bat ezartzea. Ez dago adostasunik zenbat jan litezkeen esateko orduan baina garrantzitsua da azpimarratzea zorro txikiak hautatu behar direla, ebidentzia zientifikorik berrienak baieztatu egiten baitu errazioen neurriak eragina duela jaten dugun horretan. Eta aholku horrek are garrantzi gehiago hartzen du elikagai ultraprozesatuez ari garenean (gaur egun erruz ditugu eskura).

Osasungarria nahiago

Marketinaren arloko adituek ikusi dute gazteek gero eta interes handiagoa dutela nutrizioaren ikuspegitik profil hobea eta osasungarriagoa duten zizka-mizkak jateko. Eta, hain zuzen, ekoizleak ere hasi dira produktuen formulak berritzen eta osagai naturalagoak erabiltzen. Adibidez, zapore indartzaile gisa monosodio glutamatoa erabili beharrean, piperrautsaren gisako ongailuak erabiltzen dituzte. Koloragarri artifizialen ordez landare jatorriko pigmentuak erabiltzen hasi dira, azatik, azenariotik eta erremolatxatik lortuak. Olioa, berriz, olibarena eskatzen du jendeak, eta ez beste olio eta gantz batzuk.

Ildo horretan, nabarmendu behar da elikadura arloko industriak erabiltzen dituen gehigarri guztiak seguruak direla, osasun erakundeen bermea dutelako. Besterik da gehigarri horiek lagungarriak ote diren produktu horiekin harreman osasungarria edukitzeko. Erantzuna oso argia da: ez. Osasunaren eta elikaduraren arloko profesionalen iritziz, industriak aldatu egin behar du eta saiatu egin behar du produktu osasungarriagoak egiten, batez ere zalantzarik gabe haurrentzat diren patatak egiten dituenean.

Zenbait enpresak, adibidez, pentsatu izan dute fruta hautsa eranstea patatei, aberasteko eta nutrizioaren ikuspegitik hobetzeko, kopuru handiagoetan erantsita zuntza, bitaminak eta mineralak. Azterketak ere egin dituzte konpainia horiek, eta badakite onarpen ona izango luketela. Hori, dena den, alderdi bat baino ez da zer-nolako patatak nahi ditugun hautatzeko orduan. Sekula ez da erabili behar fruta freskoa ordezkatzeko. Modu osasungarriagoan formulatuta egonagatik, beti izango dira aperitiboak. Kontutan hartzekoa da, edozein kasutan, elikadura osasungarriaren alde kontsumitzaileek egindako eskariak nola eragin duen aldaketa positiboa ekoizleen aldetik.

Elikagai jasangarriak al dira?

Dietisten-Nutrizionisten Espainiako Elkarteko Berrikusketa, Azterketa eta Jarrera-Hartze Taldea izan zenaren arabera (GREP-AEDN), elikadura osasungarriak, besteak beste, jasangarria eta lorgarria izan behar du. Patata frijitu industrialak ez daitezke jo jasangarritzat.

Patatari berari dagokionez, industriak errentagarriak zaizkion motak bakarrik erabiltzen ditu (Saturna, Bintje, Lady Roseta, Hermes eta Erntestolz motakoak erabiltzen dira bereziki), eta ekoizpen lantegia dagoen lekura eramaten ditu. Hortaz, bistakoa da karbono gastu handia sortzen dela lehengaia eramateko bakarrik.

Gainera, kalkuluek diote lau tona patata fresko behar izaten direla tona bat patata frijitu lortzeko. Kontsumitzaileek jakin egin behar lukete zenbat ur eta zenbat energia gastatzen den patata frijituetan eta zenbat hondakin sortzen den, eta hori kontuan hartu behar lukete erosketa egiteko garaian.

Komeni da kontutan hartzea industriak palma olioa erabiltzen duela batzuetan (gero eta gutxiago). Olio hori egiten duten fabrika batzuen praktika eskasak direla eta, ez da bere erabilera gomendatzen, ezta ere ustez kalitatea bermatzen duten zigiluak eramaten dituztenean ere (RSPO edo “green palm”delakoak).

Bilgarriari dagokionez, hermetikoki diseinatua dago, kontserbatzeko baldintzak eta elikadura arloko segurtasun arauak bete ditzan. 126/1989 Errege Dekretuaren aginduari jarraituz, patata frijituek ez dute eduki behar %3tik gorako hezetasuna. Baina poltsa horiekin ere badu erronka elikadura arloko industriak, eta etorkizunean lortu behar luke, gutxien-gutxienez, biodegradagarriak izan daitezela.

Azterketa nutrizionala

Nutrizio arloko semaforoa

Azterketa nutrizionala egiteko, merkatuan aurki daitekeen patata motarik adierazgarrienak aukeratu ditugu. Oinarrizkotzat jotzen diren 6 patata mota bereizi ditugu, zaporezkoak 5, hautatuak 4, txurro dendako 3 (“etxekoak” edo “tradizionalak”) eta light erako 4. Horretaz gain, kolore morea duten patatak ere aztertu ditugu. Patata horiek ugari izaten dute almidoia eta antozianinak (pigmentu horrek ematen die kolore morea) eta, hortaz, herdoilaren eta mikrobioen aurka egiteko gaitasuna dute. Patata more horiei, ordea, gourmet itxura ematen zaie eta oinarrizkoak baino 12 aldiz garestiagoak izan daitezke. Hori eragozpen bat da nutrizio komunitarioaren ikuspegitik, ez baitu laguntzen gizentasunari eta gehiegizko pisuari aurrea hartzen.

Nutrizio arloko azterketa (ikusi taula hurrengo orrialdean) 30 gramoko errazioetan oinarritu dugu. Gehienetan, zorro batek 120 gramo.

Kcal-etik gorakoa izaten dela batez beste, eta kopuru hori bazkari edo afari osasungarri batek eman behar lukeena da (hau izan daiteke otordu hori: entsalada berde ugaria, izokin xerra bat plantxan patata purearekin eta gari zainzuriekin, fruta eta osoko ogia, xerra bat).

Merkatuan badira light erako patatak ere. Legeak dioenez, jatorrizko produktuak baino %30 kaloria gutxiago izan behar dute light izena hartzeko (kopuru aipagarria da energiaren ikuspegitik). Hori lortzeko, denbora gutxiago edukitzen dituzte frijitzen eta, azkenik, labean sartzen dituzte. Produktu horiek, hala ere, oso energetikoak izaten jarraitzen dute: 460 Kcal ematen dituzte 100 gramo bakoitzeko.

Bestalde, aztertu ditugun patata frijituek karbohidratoak dituzte, barazki horrek berezko dituenak; karbohidrato horiek produktu guztiaren %50 eta %60 artean dabiltza. Bitxia da, baina light erakoek kopuru handiagoetan ematen dute mantenugai hori jatorrizkoek baino (horiek gantz gehiago izaten dute).

Gantzei dagokienez, fin moztutako produktua izaten da patata, eta olio dezente xurgatzen du. Horrek esan nahi du, 100 gramo bakoitzeko, batez beste 20 gramo gantz izaten dutela light erakoek eta 35 gramo inguru betikoek.

Olio gehiago edo gutxiago xurgatzea bi faktoreren araberakoa izaten da: patataren lodiera eta osaera. Patata finek olio gehiago xurgatzen dute lodiek baino, eta, bestetik, patataz gain irinak edo patata fekulak erantsi badizkiote, horrek ere eragina izango du olioa xurgatzeko orduan, nahiz eta orduan ez litzatekeen izango patata frijitua, zizka-mizka prozesatua baizik.

Segur aski gantz gehiegi izan ez dezaten, “labean” egindako patatak merkaturatzen hasi ziren duela urte batzuk. Egia da patata horiek askoz olio gutxiago xurgatzen dutela, baina bada zeresana eta eztabaida horien inguruan ere. Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak badu agentzia bat elikagaiak, sendagaiak, kosmetikoak, gailu medikoak, produktu biologikoak eta odol-eratorriak arautzeko (FDA siglak ditu ingelesez), eta oroitarazten du, patatak labean egiten direnean, akrilamida kopurua hirukoiztu egin daitekeela frijituta dauden pataten aldean. Maillarden erreakzioaren eraginez sortzen den konposatu organikoa da akrilamida, eta zenbait elikagaitan agertzen da; adibidez, patata frijituetan eta labean egindako gailetetan. Konposatu horrek ematen die kolore eta zapore berezi hori elikagai frijituei, baina gizakientzat kantzerigenoa izan daitekeela esaten du Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak (IARC siglak ditu ingelesez).

Gantzaren kalitateari dagokionez, ekilore olioa eta landare jatorriko olioa erabiltzen dira gehien elikagaiak frijitzeko. Beste olio batzuekin ere frijitzen dituzte, dena den: arto olioa, oliba, ekilore olio oleiko ugarikoa eta oliba birjina estra ere bai. Ondorioz, alde handiak daude gantz azido saturatuen kopuruetan. Nahiz eta ekoizleek gero eta arreta gehiago jartzen dioten parametro horri eta hobetzen saiatzen diren, marka batzuk oraindik ere oso urruti dabiltza Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) egiten dituen gomendioetatik, eta portzentaje handietan ageri dituzte gantz horiek.

Patatek ematen dituzten proteinak, bestalde, balio biologiko handikoak dira (gure organismoak gaitasun handia du horiei probetxua ateratzeko). Dena den, patatak ez dira jotzen proteina iturri interesgarritzat, ez mota bateko patatak eta ez bestekoak. Zuntza ere izaten dute (2 eta 7 gramo artean ematen dituzte 100 gramo bakoitzeko), baina hori oso gutxi da frutekin, berdurekin eta barazkiekin alderatuta.

Gatza ere kontra

Mineralei dagokienez, gatza da patatek duten osagai osasungaitzena. Kopurua adierazteko orduan, gatz gramotan adierazi daiteke edo sodio gramotan. Azken modu hori erabiltzen dutenean, zehazki zenbat gatz duen jakiteko, sodio kopurua biderkatu egin behar da 2,5ekin.

OMEk esaten du egunean ez genukeela hartu behar 5 gramo gatz baino gehiago (edo 2 gramo sodio baino gehiago). Espainiako Estatuan, Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AECOSAN) hitzarmen bat sinatu du Aperitibo Ekoizleen Elkartearekin (AFAP), eta sektore horrek konpromisoa hartu du patata frijituei eta zizka-mizkei %5 murrizteko gatz kopurua hurrengo bost urteetan. Gauza gutxiren inguruan izaten da halako adostasun erabatekoa. Kontuan hartu behar da gatz gehiegi hartzeak nabarmen handitzen duela zenbait gaixotasun izateko arriskua: hipertentsioa, bihotz-hodietako gaixotasunak eta garun-hodietako istripuak.

Patata frijituen gatz kopurua aldatu egiten da ekoizle batetik bestera. Nutrizio arloko azterketan, argi ikusi da patata motak ez duela baldintzatzen gatz kopurua. Pentsa liteke zaporez hornituta dauden patatak edo “gatz puntuan” datozenak gaziagoak direla oinarrizkoak eta beste guztiak baino. Baina, egia esan, ez da hala. Ekoizleek darabilten formula bat baino ez da.

Nutrizio arloko semaforoan ageri denez, poltsa estandar batek (120 gramokoa), batez beste, 2 gramo gatz eduki ditzake, eta, hortaz, 3 gramo gatz baino ez litzaizkiguke geldituko egunaren buruan gehienez hartu beharreko kopurura iristeko. Kontuan hartzen badugu elikagaiek berez izaten dutela sodioa (urak ere badu), egunaren buruan jateko gelditzen zaizkigu elikagaiei oso gatz gutxi bota beharko genieke, ia batere ez. Dietaren bidez hartzen dugun sodioaren %10 inguru elikagai freskoetatik dator. Beste %15 bat elikagaiak prestatzean edo mahaira ateratzean eransten dena da, eta gainerako guztia elikagai prozesatuek dakartena. Hori jakinda, gatz gutxiko patatak kontuan hartzeko modukoak dira, eta ez bakarrik patologia jakinak dituzten norbanakoentzat, guztientzat baizik. Horrexegatik komeni da poltsa txikiak erostea eta ez handiak.

Azkenik, patatetan gehien ageri den bitamina C bitamina da, baina egunaren buruan hartu behar denaren zortziren bat lortzeko, adibidez, poltsa handi bat baino gehiago jan behar genuke, eta hori ez litzateke batere egokia. Berdin gertatzen da B1 eta B6 bitaminekin eta folatoekin ere. Askoz ere hobea da fruta edo barazki freskoak jatea.

Etiketetan, zehaztasuna

Europako araudia indarrean sartzen denean (1169/2011 araua), elikagaien etiketak gardenagoa izan beharko du. Arau horren indargune nagusia 14 alergenoren zerrenda eman beharra da. Definitu egiten du horietako bakoitza eta nola tratatu behar litzatekeen azaltzen du, kontsumitzaileek informazio guztia eskura izateko helburuz.

Era berean, gantzei eta horien deskribapenari ere egiten dio aipamena araudiak. Araudia indarrean sartzen denean, landare jatorriko olioak edo gantzak izendatzeko, “olio begetalak” edo “gantz begetalak” izena erabili ahalko da, baina, jarraian, zehaztu egin beharko da zehazki zein begetalena den.

Ez da ahaztu behar industriak palma olioa erabiltzen duela batzuetan elikagaiak frijitzeko, nahiz eta gero eta bakanago egiten duen. Gauza jakina da jardunbide desegokiak erabiltzen dituztela oliotarako diren palma landaketetan, eta, ondorioz, olio hori erabiltzen duen ezein produktu ez daiteke izan jasangarria, ezta RSPO zigiluak edo ziurtagiriak darabiltzatenak (Palma Olio Jasangarriaren gaineko Mahai-ingurua) edo GreenPalm delakoa ageri dutenak ere, horien inguruan ere ez baita falta polemika eta eztabaidarik.

Hortaz, espero izatekoa da aurrerantzean zehatz izendatzea patatak zein oliorekin frijitu diren, olio hori produktuaren zati delako osagaia den neurrian. Oraindik, dena den, itxaron egin beharko dugu zertxobait, zeren urte honetako abenduaren 13an sartuko baita behin betiko indarrean araudi horren zati hori.

Aholkuak eta aurrezteko gakoak

Erosketa egiteko gomendioak

Dieta osasungarri batean, zorroko patata frijituak oso noizbehinka jan behar dira, eta halaxe nabarmendu dugu behin baino gehiagotan gida honetan. Oso gustagarriak dira, hori bai eta aperitibo ederra egiteko aukera bikaina izan daitezke, tarteka. Hori kontuan hartuta, hona hemen baliagarri izan daitezkeen zenbait gomendioa:

Gorputza zaintzen dutenentzat.

Ia ezinezkoa da patata frijitu bat jan eta hurrengoari ezetz esatea. Hori kontuan izateaz gain, garrantzitsua da aperitibo gisa erabiliko ditugun patatak ongi aukeratzea ere. Light erakoak eta bestelako prestaera batzuk dituztenak dira egokienak (labean eginak, adibidez), jatorrizkoek baino gantz gutxiago izaten dute eta.

Hipertentsioa duten pertsonentzat.

Patata frijituek gatz asko izaten dute. Gaur egun, ia 10 gramo gatz hartzen ditugu egunean, komeni dena halako bi. Hortaz, pertsona guztiek zaindu behar dute zenbat patata jaten duten, eta are gehiago hipertentsio arazoak dituztenek. Gatz gutxirekin eginak daudenak dira egokienak dietan salbuespen bat egin nahi izanez gero.

Zapore berrien zaleentzat.

Patata frijituen sailera ere iritsi da elikadura arloko berrikuntza, eta gaur egun oso gauza bitxiak aurki daitezke: gazta zaporekoak, urdaiazpiko zaporekoak, ziape eta ezti zaporekoak, alioli erakoak, barbakoa… Eta zapore biziagoak maite dituztenentzat, badira txilea duten patatak eta ozpin saltsa erakoak.

Etxean egin nahi dituztenentzat.

Zuritu egin behar dira, azala berde badago eta atal beltz guztiak kendu behar zaizkie. Uretan gorde behar dira, ez daitezen herdoildu eta fin-fin moztu behar dira. Oliba olioarekin frijitzea komeni da, baina olio gutxirekin.

Aurrezteko aholkuak

Patata frijituena, mundu bat baino gehiago, unibertso bat da. Zapore, neurri eta itxura askotakoak daude, eta berdin gertatzen da prezioarekin ere. Aukerarik merkeenaren eta garestienaren artean, adibidez, 12 euroren aldea dago kiloko. Edo, bestela esanda: patata zorrorik garestienak balio duen diruarekin bost zorro eros daitezke merkeenetatik. Zer komeni zaigu? Nola aurreztu?

Oso noizbehinka eta neurrian jateko bada -horixe egin behar da dieta osasungarria egin nahi bada-, aurrezpenaren kontua ez da hain nabarmena izango. Noizean behin zorro txiki bat erosteak ez du alde handirik eragingo gure erosketa saskian. Batzuetan, ordea, gehiago erosten dugu. Adibidez, bilera bat daukagunea edo urtebetetze bat ospatu behar dugunean. Halakoetan, gustuak ez ezik, beste datu hauek ere kontuan hartzea komeni da:

  • /imgs/20160501/patatas_bol_verde.jpg
    Patata frijitu sinpleak, tradizionalak dira merkeenak. Horietan ere badira formatu eta marka garestiak (Sarriegui patatak adibidez, kiloa 13 euroan dutenak), baina gehienak merkeagoak dira. Aukerarik egokienen artean Eroski Basic, Lay’s super ahorro, Chips Artesanas Vidal eta EROSKIren “etxeko” patatak (“estilo caseras”) daude. Kiloa 3 eta 6 euro artean dabil horietan.
  • /imgs/20160501/patatas_pringuels.jpg
    Light erakoak, gatz edo kaloria gutxiago dutenak, garestiagoak dira. Eroski Sannia da aukerarik merkeena, eta ia 8 euro balio du kiloak. Noizean behin aurki liteke beste marka batzuen eskaintzaren bat, non aintzat hartzeko deskontua egiten duten bigarren alean.
  • /imgs/20160501/patatas_ajo.jpg
    Patata zaporedunak dira garestienak. Light erakoetan bezala, aukerarik merkeenaren kiloak ia 8 euro balio du (Lay’s etxekoak, ziape eta ezti zaporekoak). Garestienen artean, berriz, Kettle Chips izenekoak ageri dira (bi halako balio du kiloak).
  • /imgs/20160501/patatas_papel.jpg
    Garrantzitsua da ontzi motari arreta jartzea: zorro handiak eta aperitibo konbinatuen pack-ak merkeagoak izaten dira. Noizbehinkako eskaintzei ere adi egon beharra dago, etxe guztiek egiten baitituzte deskontuak eta sustapenak (batez ere, bi zorro erostean).
  • /imgs/20160501/Patatas-Bolsa.jpg
    Azkenik, komeni da oroitaraztea zorroan datozen patata frijituekin, kopuru txikia badute, aurreztu egiten dela denbora, olioa eta argindarra edo gasa. Hala ere, kopuru handiagoetan jateko badira, eta noizean behin, etxean presta ditzakegu. Erraz egiten dira, eta guk nahi bezala ondu ditzakegu. Gozoak egongo dira oso.