Turroiak: Eguberrietako gozoak

Kaloria asko ematen dituzte turroi guztiek, eta, beraz, oso noizbehinka jatekoak dira, gutizia gisa
1 abendua de 2011
Img alimentacion listado 757

Turroiak: Eguberrietako gozoak

Eguberriak eta turroia. Turroia eta Eguberriak. Bikote bereizezinik baldin bada, horixe izango da bat. Inguruotan, izan ere, elkarri lotu-lotuta joan ohi dira ospakizunak eta otorduak. Ohiturak ohitura, ordea, turroia ezin da izan ohiko jakia (ohikotzat hartzekoa), kaloria asko ematen dituelako: berdin du ohiko turroiak izan (gogorra, guria edo gorringoz egina), edo “azukre erantsirik gabea” izan edo “azukre gutxikoa”. Turroiak osagai energetikoak ditu oso (almendrak eta beste fruitu lehor batzuk, eztia edo azukrea, gantza -esne-gaina-, arrautza, eta abar), eta, beraz, zatirik txikienak ere (25-40 gramo) kaloria asko ematen ditu. Osasunaren mesederako, zentzua erabiltzea komeni da, eta oso noizbehinka jatea, gutizia gisa.

Aholkua: gehiegikeriarik ez gozo hauekin

Eguberrietan ohiko izaten diren gozoek (era guztietako turroiek, mazapanek eta polboroiek) azukre eta gantz mordoa eduki ohi dute, eta, beraz, elikagai oso energetikoak dira. Gustagarria izaten da zati txiki bat jatea, baina neurria hartu behar zaio, eta are gehiago gizentasun arazoren bat edukiz gero, pisu gehiegia, mellitus diabetesa (I edo II motakoa) edo dislipemiak (hiperkolesterolemia, hipertriglizardemia). Alergia jakin batzuk eta zenbait elikadura-intolerantzia dauzkatenentzat, gainera, ez da komeni turroia jatea. Turroien osagai batzuk, izan ere, bereziki arazotsuak dira, eta horietatik zenbat eta gehiago eduki, orduan eta kontu handiagoa eduki beharko dute: ia guztiek daukate fruitu lehorren bat eta albumina (arrautzaren proteina), badira esnearen proteina daukatenak (kaseina) edo haren eratorriak (kaseinatoak), irina edo gari-almidoiak, laktosa… Osagai horiek alergia edo intolerantziarik sortuz gero, hobe da batere ez jatea, gaixotzeko arriskua izaten da eta. Eritasun kronikoak dituztenek, berriz (diabetesa edo bihotz-hodietako eritasunak, adibidez), zertxobait jan dezakete; horiek ere hobe lukete jan gabe geratzea, baina jatekotan, kaltegabeenak jatea onena.

Turroien ezaugarriak, banan-banan

Lehengaien eta osagaien arabera sailkatzen dira turroiak. Eztia eta azukreak egosiz lortzen da orea, eta horri arrautza-zuringoa edo albumina erants dakioke. Eztiaren ordez, azukreak eta haren eratorriak soilik erabiltzeko aukera ere ematen du arauak. Gogorra edo guria izaten da turroia, eta osagai hauek izaten ditu mota batekoak bezala bestekoak ere: almendrak, eztia, azukreak, arrautza-zuringoa edo albumina, ura eta gehigarri baimenduak.

  • Turroi gorrak eta guriak: funtsean, osaera bera dute bi turroi motek; osagaien proportzioa aldatzen da, eta almendra kantitatearen arabera, lau sail bereizten dira: gorena (gogorrak % 60 izaten du almendra, eta guriak, % 64), estra (gogorrak % 46 eta guriak % 50), estandarra (% 40 eta % 44, hurrenez hurren) eta oinarrizkoa (gogorrak, % 34 gutxienez, eta guriak, % 30).

    • Ohar dietetikoa. Kalitate gehienekoak egiteko, almendrak, azukrea, eztia, arrautza-zuringoa eta olata soilik erabiltzen dituzte. Almendrek ugari edukitzen dituzte gantz saturatugabe osasungarriak, eta, beraz, horiek izango dira egokienak hiperkolesterolemia edo hipertentsioa daukatenentzat, baina ez, ordea, triglizeridoen maila goi samarrean daukatenentzat, azukre ugari daukate eta. Zeliakoek eta gariarekiko intolerantzia dutenek, berriz, turroi guria hautatuko dute, olatarik ez duena, baina arretaz irakurri beharko dute osagaien zerrenda, arauak onartu egiten baitu turroi guriek fekula edo irina eduki dezaten (turroi gogorren zatiak aprobetxatzen dituztelako gertatzen da hori, olata ere badaukaten zatiak). Arrautzak alergia edo intolerantzia sortuz gero, ezingo da jan ez bata eta ez bestea.
  • Turroi askotarikoak: arau jakina dago turroi askotarikoak esaten zaien horientzat ere, eta benetako turroiarekin alderatuz (gogorrarekin edo guriarekin), bestelako osaera eta osagai batzuk izaten dituzte. Askotariko turroietan, almendraren ordez, beste fruitu lehor batzuk erabil daitezke lehengai gisa (hurrak, intxaurrak, pinaziak, anakardoak, pistatxoak, kakahueteak) eta beste osagai batzuk ere erants dakizkioke oreari (kokoa, kakaoa, txokolatea, kafea, esnea edo esne-gaina, arrautza-zuringoa edo -gorringoa, gelatinak, fruta xehatuak…). Hainbeste aukera izanik, mota askotako produktuak egin daitezke: gorringozko turroia (errea edo txigortua), mazapan-turroia, frutazkoa, kokozkoa, praline erakoa, esne-gainez egina, kakaoz, txokolatez… Lau sail izaten dira horietan ere (gorena, estra, estandarra eta oinarrizkoa), eta horiek ere almendra kantitateak bereizten ditu, edo, almendrarik ez badu, osagai nagusiaren kantitateak (kokoa, gorringoa, kakaoa…).

    • Ohar dietetikoa. Produktu sail honekin kontu handia eduki behar dute elikadura-intolerantziak eta alergiak dauzkaten pertsonek (esnea, arrautza, garia, fruitu lehorrak… jan ezin dituztenek); osasun-arriskurik hartu nahi ez badute, arreta handiz irakurri behar dute osagaien zerrenda, eta baztertu egin behar dituzte zalantzaren bat sortzen dieten produktu guztiak. Gerta liteke osagaien artean ez egotea arazotsutzat jo daitekeenik, baina turroi horiek egiten dituzten lekuan beste batzuk ere prestatzen dituztenez, baliteke alergeno batzuen arrastoak edukitzea, zeinak kutsadura gurutzatuaren bidez iristen baitira makinetara. Hori gertatzen denean, ekoizleak oharra jarri behar du produktuan bertan, esanez balitekeela halako edo bestelako osagairen arrastoak edo zatiak edukitzea.
  • Ordezko gozoak: benetako mazapana, jatorrizkoa, almendra eta azukrea baino ez dituena, oso egokia da turroiaren ordez jateko, ez dielako arazorik sortzen alergiak edo intolerantziak dauzkatenei (salbu eta fruitu lehorrak jan ezin dituztenei). Ziurtatu egin behar da, dena den, ez dela fekulaz egindako mazapana, zeren hori ezin baitute jan zeliakoek eta gariarekiko intolerantzia dutenek.

Kaloria gutxiagoko turroiak

/imgs/20111201/alimentacion3.jpg
Azukreak, eztiak eta fruitu lehorrek hornitzen dituzte turroiak kaloriaz. Azken urteetan, osasuna zaintzeko helburuz eta gizentasunari aurre egin nahian, asko ugaritu dira kaloria gutxiago ematen dituzten turroiak. Izan ere, urte guztia dieta zaintzen eman ondotik, jendeak ez du nahi Eguberrietan ahalegin hori zapuzterik.

  • “Azukrerik gabeak”. Era askotakoak daude merkatuan: turroi gogorrak, guriak, gorringo txigortukoak, txokolatezkoak edo praline erakoak… Legez, turroi horiek, gehienez ere, 0,5 gramo azukre eduki behar dute, 100 gramo bakoitzeko. Ez da gauza bera produktu bat ‘azukrerik gabea’ izan edo ‘azukre erantsirik gabea’. Azken horiek, gehienez ere, 5 gramo azukre eduki ditzakete (karbohidrato guztiak aintzat hartuta), 100 gramo bakoitzeko. Turroi osasungarriago gehienek 1,5 eta 5 gramo artean daukate azukrea, 100 gramo bakoitzeko (jatorrizkoek baino 7 aldiz azukre -ez kaloria- gutxiago batzuek eta 30 aldiz gutxiago beste zenbaitek). Turroi horiek, beraz, “azukre gutxikoak” dira, baina ez “azukrerik gabeak”.
  • “Azukre erantsirik gabeak”. Arauak dio turroi horiei ezin dietela erantsi ez monosakaridorik (glukosa, glukosa-ziropa, fruktosa, fruktosa-ziropa), ez disakaridorik (sakarosa, ohiko azukrea edo laktosa dira ohikoenak), ez eta bestelako eztigarririk ere (eztia, esaterako). Eta elikagaien berezko azukreak baldin badituzte (fruta zatiekin egina dagoelako, adibidez), honako ohar hau jartzera behartzen du arauak: “Elikagaien berezko azukreak dauzka”.

Definizio horiek halako doitasunez eta zehaztasunez eginda, gaur egun ez dago aukerarik, adibidez, ‘azukrerik gabea’ den turroi batek, azukre erantsirik ez edukita ere, fruktosa eduki dezan. Orain arte, bazen aukera hori, eta fruktosarekin kontuz ibili behar dute gizentasun-arazoak dauzkatenek, II motako diabetesa dutenek (pisu gehiegiak eragina izaten da gehienetan) eta hipertriglizeridemiarekin dabiltzanek.

Mazapana edo polboroia?

Mazapanek eta polboroiek balio energetiko handi samarra dute (450-500 Kcal/100 gramo bakoitzeko); alde horretatik ez dago alde handirik bien artean, baina bai gantzen kalitatean. Polboroia egiteko, txerri-gantza izaten da oinarrizko osagaietako bat, eta txerri-gantzak, nahiz eta gantz azido monosaturatugabe asko eduki -are gehiago iberiar txerriaren gantza bada-, gantz azido saturatuak eta kolesterola ere baditu, eta horiek neurrian jatekoak dira bihotz-hodietako eritasunak saihesteko. Mazapanetan, aldiz, almendrak izaten dira lehengai gantzatsuak, eta almendrek, gantz azido saturatugabeak dauzkate, eta kolesterolik ez batere; mazapana, hortaz, produktu hobea da bihotz-hodien osasunarentzat.

Polboroiek, gainera, mazapanek ez bezala, irina izaten dute, eta, beraz, ez da egokia zeliakoentzat edo glutenarekiko intolerantzia dutenentzat. Jatorrizko mazapana almendrak eta azukrea nahasiz egiten da, ez du izaten beste osagairik, salbu eta “mazapan fekuladunak”: fekula edo irinak eransten dizkiote horri, eta zeliakoek ezin dute jan.

Irtenbidea: Gantz gutxiagoko polboroiak

Mantekado mota bat da polboroia, eta txerri-gantza ez ezik, almendra ere izaten du (gutxiago edo gehiago); askotan, ordea, ez dira bereizten mantekadoak eta polboroiak, eta berdin izendatzen dira. Gaur egun, merkatuan badira elikadura-osaera osasungarriagoa duten polboroiak: izaera hobeko gantzak dituzte, azukre gutxiago eta kaloriak ere gutxiago.

Polboroi berrietan, txerri-gantzaren ordez, landare-olioak erabiltzen hasi dira (ekilore-olioa edo oliba-olioa), eta, ondorioz, asko hobetu da gantzen kalitatea, nahiz eta jaki gantzatsua eta energetikoa izaten jarraitzen duen. Azukrearen ordez, berriz, hain energetikoak ez diren eztitzaileak erabiltzen hasi dira (maltitola, adibidez), eta horri esker, kaloria gutxiagoko produktua egitea lortu dute, jatorrizkoaren itxura eta testura bertsuarekin.