Erosketa gida: tomate saltsa

Tomate saltsa: arrakasta gastronomikoa

Munduan gehien hedatu den saltsetako bat da, eta aukera asko eskaintzen duenez, edozein plateri kolorea eta zaporea ematen erabiltzen da
1 apirila de 2017
Img alimentacion listado 1199

Tomate saltsa: arrakasta gastronomikoa

/imgs/20170401/inicio-salsa.jpg

Tomate freskoekin egiten da tomate saltsa. Sutan edukitzen dira trinkotasun lodi bat lortu arte, eta hortik aurrera, saltsa motaren eta herrialdearen arabera, barazkiak eta espeziak eransten zaizkio. Saltsa, Salda eta Zopa Ekoizleen Espainiako Elkarteak (AEFSCS) dioenez, tomatea Europan agertu zenean (Ameriketatik zetorren) hasi ziren etxeetan tomate saltsa egiten.

Nahiz eta tomate saltsa bera ez den agertzen XVII. mendea arte, oinarrizko osagaia Hernan Cortesen eskutik heldu zen Espainiara, zeinak Mexikotik ekarri baitzuen. Tomatea landare apaingarri gisa erabili zen hasieran, eta gero ekin zioten elikagai gisa erabiltzeari.

Solanazeoen familiakoa da tomate landarea (Solanaceae), Ameriketakoa jatorriz eta mundu guztian landatzen dena, fruitu jangarria ematen baitu. Argi dago landare landatua Mexikotik datorrela, baina espezie hori Peruko Andeetan sortu zen. Espainiarrak Ameriketako lurretara iritsi zirenerako, amerikar haiek mendeak zeramatzaten fruitu hori landatzen eta jaten.

Lehenbiziko haziak XVI. mendean iritsi ziren konkistatzaileen eskuetara. Petrus Matthiolus farmazeutiko eta botanikoak sailkatu zuen tomatea produktu jangarri gisa, eta barazki hura azkar batean bihurtu zen ezinbesteko sukaldean. Espainiako Estatuko hizkuntzetan, tomatea, tomate, tomàquet deitu zioten (tomatl zuen jatorrizko izena); Europako beste herrialde batzuetara iritsi zen ondoren, eta italiarrek, esaterako, poma dóro izena eman zioten, segur aski iritsi ziren lehenbiziko tomateak horiak zirelako.

Tomate saltsa aipatzen duen lehenbizikoetako liburua L’Apicio moderno izan zen, 1790. urtean Francesco Leonardi italiar sukaldariak idatzia. Tomatearen jatorria Ameriketan dagoen arren, tomate saltsaren historia Espainian hasi zen, eta handik iritsi zen Italiara, Frantziara eta beste herrialde batzuetara.

Ondoren, saltsa hori modu industrialean ekoizten hasi ziren 1876an, Ameriketako Estatu Batuetan, eta osagai ezinbesteko bihurtu zen ez bakarrik pasta laguntzeko, baita bestelako elikagai batzuk ere. Espainiako Estatuan, XX. mendearen erdialdean hasi ziren tomate saltsa modu industrialean egiten, halaxe dio AEFSCS erakundeak, eta garai hartan agertu zen merkatuan lehenbizikoz izen hori zeraman saltsa.

Aukera asko

Sukaldaritzaren munduan arrakasta gehien duten saltsen artean dago tomatearena. Osagai bat gehiago izan daiteke edo laguntzaile gisa erabil daiteke hainbat errezeta eta plateretan: pastak, arrainak, arrautzak kazola eran, itsaskia, haragi bolak, zopak, pureak, pizzak, patatak…

Hala ere, tomate saltsa munduan dagoen saltsarik ezagunenetakoa izan arren, leku guztietan ez da berdin egiten. Mexikon, adibidez, beste zenbait osagai eransten dizkiote, txile gorriak, martorria, tipula, ozpina, limoia eta gatza; Espainian eta Italian, berriz, tipulak, albaka, gatza, olioa, baratxuria eta zenbait espezie gehitzen dizkiote, aurrez frijituta.

Munduko gastronomia batzuetan erruz erabiltzen dute tomate saltsa, Greziako sukaldaritzan adibidez, non kanelarekin eta beste zenbait espezierekin ontzen duten. Beste herrialde batzuetan, esaterako Australian, Zeelanda Berrian, Indian, Venezuelan eta Erresuma Batuan, tomate saltsa esaten dutenean (tomato sauce) ketchupari buruz ari dira, hau da, tomatearekin egindako saltsa azukredunari buruz.

Ezaugarriak

Saltsa egiteko erabiltzen diren tomateak hautatzeko orduan, tomate mota eta heldutasun egoera hartzen dituzte kontuan nagusiki, behar bezala helduta egon behar baitute emaitza ona izan dadin.

Neurria ezaugarri garrantzitsua da tomateak osorik edo laukitxoetan moztuta aurkezten direnean, adibidez tomate naturalez egindako kontserbetan, baina kalitatearen inguruko ezaugarriak are garrantzitsuagoak dira, adibidez azidotasuna, azukre kantitatea eta materia lehorra.

Hori dela eta, entsaladako tomateak eta udare tomateak erabiltzen dira gehien saltsa egiteko, mamitsuagoak direlako eta ur gutxiago dutelako; horri esker, probetxu gehiago ateratzen zaie.

Elaborazioa

Tomate saltsa (edo tomate pasta) barazki horren mamiarekin egiten da nagusiki, eta zapore sakon eta gozoa izaten du, mikaztasunik eta azidotasunik gabea, eta gozotasun handi-handirik ere ez du izaten. Saltsak berekin izaten ditu elaborazio prozesuan erabiltzen diren espezien lurrinak, eta beste saltsa batzuk baino lakatzagoa da, testura horrek iraun egiten baitu tomateak birrindu ondoren ere.

Elikaduraren Espainiako Kodeak ematen duen definizioaren arabera, tomate saltsa nahasketa bat da, tomate mamia, landare olio jangarria eta gatza dituena, eta sutan prestatua. Tomate saltsa ontziratua egiteko, legeak ezartzen dituen baldintza zorrotzak zaindu behar dira. Mahaiko saltsei ezartzen zaie araudi tekniko-sanitarioak eskatzen du, besteak beste, saltsaren trinkotasuna “homogeneoa eta pikorrik gabea” izan dadila, eta Bostwick neurgailu batekin aztertzen da alderdi hori (trinkotasuna neurtzeko izaten da).

Tomate saltsaren eta tomate frijituaren arteko aldea da lehenbizikoa frijituz lortzen dela bigarrena. Prozesu horretan olioa erabiltzen da, eta lurrundu egin behar izaten da ahalik eta ur gehiena.

Saltsa motak

Tomate frijitua

858/1984 Errege Dekretuak, martxoaren 28koak, honela deskribatzen du tomate frijitua: “Tomatetik abiatuta formulatzen den produktua, edozein dela erabiltzeko modua (naturala, zuku eginda, purean, pasta gisa edo kontzentratua), Espainiako Elikadura Kodean definitzen diren bezala, eta egoste prozesu bat ematen zaiona landare olio jangarriarekin, zeinari aukeran erantsi dakizkiokeen Araudi honen laugarren tituluan ageri diren osagaiak, eta ontzi hermetikoki itxietan datorrena eta tratamendu termiko egokiaren bidez kontserbatzen dena”.

Ezaugarri organoleptikoei dagokienez, zaporea, usaina eta itxura tomate frijituari berez dagozkionak izango dira. Kolorea, berriz, ohiko gorria izango da, tomatearekin egindako produktuena edo haren eratorriekin egindakoena (betiere tomate helduak erabiliko dira eratorriak egiteko). Kolore gorria biziagoa edo apalagoa izan ahalko da, baina ez horixka, eta beti bete beharko ditu indarrean dauden kalitate arauak.

Eta tomate frijituaren ezaugarri fisiko-kimikoez hitz egiten hasita, tomate kopuruak %25ekoa izan behar du gutxienez; kontzentrazio hori BRIX gradutan adierazi behar da, eta 28-30 bitartekoa izan behar du. Azidotasunak, berriz, %0,2 eta %0,8 artekoa izan behar du, eta azido zitriko anhidrotan adierazi behar da. Kloruroak, %2,5 gehienez, iodo klorurotan adierazita. Eta pH-ak ez du izan behar 4,6tik gorakoa. Azukre erantsiek ez dute izan behar %5 baino gehiago, eta horrekin batean, %3tik behera eduki behar du koipeki erauzgarria.

Tomate frijituaren osagaiak

Tomate frijitua egiteko, tomate naturalak hartu, garbitu, xehatu eta berotu egiten dituzte (produktuaren segurtasuna bermatzeko), eta, azkenik, tamizatu egiten dituzte. Saltsa egiteko tomatea zuku eginda egon daiteke, purea izan daiteke, pasta edo kontzentratua. Bat izan edo bestea, tipularekin eta landare olioarekin frijitzen da, eta beste osagai batzuk eransten zaizkio gero (gatza, azukreak, espeziak, loditzaileak, barazkia) eta legeak baimentzen dituen beste materia batzuk (jateko diren saltsak arautzen dituen legedian ageri da zein diren).

Produktu honetan, galarazia dago koloratzaileak erabiltzea. Kontserbagarriei dagokienez, honako hauek bakarrik onartzen dira, segurtasun eta higiene arrazoiengatik: E-200, E-201, E-202, E-210, E-211, E-212, E-214, E-215. Ontzia 2 kg-koa edo handiagoa bada, E-216 eta E-217 erabili behar dira. Beraz, ekoizle batek etiketan zera esaten badu, saltsa hori “kontserbatzailerik gabea” dela, ez da ari gauza handirik esaten, legez ez bailuke halakorik eduki behar. Bestalde, elikagaiei zapore-emaileak eransteko joera zabaltzen ari da, monosodio glutamatoa (E-621) esaterako, baina guk aztertu ditugun tomate saltsetan ez dugu halakorik antzeman.

Gainerako osagaietan, honako hauek ageri dira maiztasun handienarekin saltsa guztietan:

  • Gatza. Espainiako Osasun Ministerioaren esanetan, elikagai batek gatz ugari dauka 1,25 gramo gatz edo gehiago dituenean 100 gramo bakoitzeko. Aztertu ditugun tomate saltsetan eta tomate frijituetan, 0,7 eta 1,7 gramo artean ibili da gatza 100 gramo bakoitzeko. Ministerioaren irizpideak aintzat hartuta, gehienak “gatz gutxikoak” direla esan daiteke, baina beti komeni da etiketa irakurtzea.
  • Azukrea. Tomate saltsek azukrea ere izaten dute, baina egungo sistemarekin ez daitezke bereizi azukre erantsiak eta produktuak berez dituenak. Argitu beharreko kontu bat bada azukrearen inguruan. Askotan entzuten da tomate saltsek azukre gehiegi izaten dutela, baina ez da hala. Legeak, izan ere, %5eko muga jartzen dio osagai horri. Azukrea, kopuru txikietan, azidotasuna doitzeko erabiltzen da. Karbohidrato kopurua %3,6koa izan daiteke tomate birrindu batean eta %15ekoa artisau eran egindako tomate frijitu batean. Zifra horretan sartzen dira tomatearen beraren fruktosa, eta baita azukre erantsiak eta fekulak ere.
  • Gantzak. Araudiak dio koipeki erauzgarriak %3tik gorakoa izan behar duela. Garrantzitsua da azpimarratzea tomate frijituak duen gantza osasungarritzat jo daitekeela, landare jatorriko oliotik baitator. Ekilore olioa eta oliba olioa izaten dira ohikoenak, eta, hain zuzen, bi horien nutrizio profila da onena, nutrizio arloko adituen esanetan. Olioa hautatzeko orduan ere zaindu behar izaten dira alderdi batzuk, besteak beste azidotasun maila eta mintzeko aukera. Modu industrialean egindako tomate saltsak zikindu egiten du, eta hori izaten da egosaldian parte hartzen duen olioak erraztu egiten duelako likopenoa erauztea (tomatearen koloragarri naturala da) eta disolbaezin bihurtzen du uretan. Tomate frijituarentzat, olioa emultsionatua izan daiteke edo emultsionatu gabea.
  • Barazkiak. Baratxuria eta tipula izaten dira ohikoenak, baita piperra eta azenarioa ere, baina kopuru txikietan agertzen dira (produktu guztiaren %5-6 artean hartzen dute); ondorioz, espeziekin gertatzen den bezala, ez du eragiten kontsumitzailearen dietan. Hori jakinda, gomendio ona litzateke etxean begetal gehiagorekin prestatzea.
  • Espeziak. Albaka, oreganoa eta perrexila erabiltzen dira gehien, eta ukitu mina eman dezaketen beste batzuk ere bai, esaterako piperbeltza edo pipermina. Oso kopuru txikietan erabiltzen dira beti, baina kopuru txiki horrek ere oso emaitza lurrintsua eta gustagarria ematen die.
Saltsen arteko aldeak

Tomate poto bat, brik bat edo lata bat hautatzean, oso garrantzitsua da ez nahastea oliotan frijituta dagoen saltsa eta beste prestakin batzuk, tomate birrindua esaterako, batzuk eta besteak kaloriatan ez baitabiltza berdin, eta nutrizioaren ikuspegitik ere nahiko osaera desberdina dute:

  • Tomate birrindua oso garbi bereizten da, itxuragatik, testuragatik eta nutrizio osaeragatik. Tomate naturala bano ez da, birrindua eta prozesu termiko baten bidez kontserbatzen dena. 100 gramo bakoitzeko, 16,3 kcal baino ez du ematen. Azukreak, berriz, 2,9 gramo izaten ditu 100 gramo bakoitzeko, eta gatza oso-oso gutxi, ia batere ez (0,1 gramo).
  • Tomate natural osoa tomate zuritua izaten da, hori ere prozesu termiko baten bidez kontserbatzen dena, baina birrindu gabea. Tomate birrinduaren antzeko ezaugarriak ditu nutrizioaren aldetik. Aurkezteko moduak bereizten ditu, eta azukre kopuruak ere bai, naturalak zertxobait gutxiago izaten baitu (2,6 g/100 g-ko).
  • Saltsa prestatuak. Tomate saltsaren aldaera ugari dago merkatuan: napolitarra, bolognarra, albakaduna, pizza egiteko saltsa, tomate saltsa gaztaduna (ricotta, parmatarra…). Horiek guztiek dakartzaten osagai bereziak hobeto egokitzen zaizkio plater jakinei.
  • “Etxean egindakoak”. Gero eta ohikoagoa da markek gisa horretako tomateak eskaintzea, “etxekoa”, “etxean egina” edo “etxeko errezetarekin”. “Etxekoa” izendapena asko estimatzen dute kontsumitzaileek; tomate saltsa horiek etxeko errezetekin eginak izaten dira, eta hortik datorkie izena. Horri dagokionez, Osasunerako Mundu Erakundearen Códex Alimentarius delakoak onartzen du zenbait termino erabiltzea, “naturala”, “etxean egina”, “organikoki landua” eta “biologikoki landua”, baina horiei ezingo zaizkie erantsi legez kanpoko osasun-aipamenak, eta aipu horiek daramatzaten produktuek bat etorri behar dute “elikagaia saltzen den herrialdeko jardun moduekin”. Espainiako Estatuan, araudiak onartzen du izen hori daramaten saltsak merkaturatzea, baina ekoizleak produktuaren inguruan ematen duen azalpenak “behar bezain zehatza” izan beharko du, “erosleak jakin dezan egiaz zer den eta ongi bereizi dezan nahasteko arriskua dakarten beste batzuetatik”. Tomate horien elaborazio baldintzak eta etxekoak ez diren tomate frijituenak oso antzekoak dira, eta gehienean kaloria eta gantz gehiago ematen dute “etxeko” horiek beste batzuen aldean.
  • Merkatuan badira, halaber, light erako tomate saltsak, gatz gutxikoak eta azukrerik gabeak. Light erako saltsei gutxienez %30 murrizten dizkiete kaloriak (“light” izena daramaten produktu guztietan gertatzen da hori). Gatz gutxiko saltsei ez zaie sodiorik eransten ekoizteko prozesuan. “Azukre erantsirik gabeko” tomate frijituari ez zaizkio azukreak eransten. Tomate frijitu ekologikoa egiteko, berriz, modu ekologikoan landutako osagaiak erabiltzen dira (prozesu horiek gehiago errespetatzen dute ingurumena).

Kontsumoa eta analisi nutrizionala

Zer leku hartu behar dute dietan

/imgs/20170401/pescado-salsa-tomate-limon.jpg

Enkid azterketak dioenez (Estatuko haur eta gazteen elikadura ohiturak eta nutrizio egoera neurtzen ditu), 24 urtez azpiko herritarrek, batez beste, 50 gramo tomate saltsa jaten duten egunero. Horrek esan nahi du urtean 18 kilo baino gehiago hartzen dutela. Helduek, berriz, urtean 3,5 kilo pasatxo hartzen dituzte.

Datu horiek argi erakusten digute herritarrek zer-nolako lehentasunak dituzten elikadura arloan, eta horrekin batean, arrasto bat ere ematen digute produktu mota horretan herritarrek zenbat gastatzen duten jakiteko.

Eremu geografikoei dagokienez, ekialdean tomate gordin gehiago jaten dute (Katalunia, Valentzia eta Balearrak sartzen dira hor), eta iparraldean, berriz, tomate saltsa gehiago.

Nutrizio arloko semaforoa

Tomateak kaloria gutxi ematen du: 100 gramo tomatek 20 kcal baino ez dituzte. Ura izaten du pisuaren zatirik handiena (%95). Azukre sinple batzuk izaten ditu, eta gozotasun arin bat ematen dio horrek; azido organiko batzuk ere baditu, tomateak berezkoa duen zapore azido hori ematen diotenak.

Tomate frijituak, dena den, 77 kcal ematen ditu 100 gramo bakoitzeko, tomate zuritu eta birrinduarekin egindako kontserbak halako 5 ia. Gantzak, berriz, 5,3 gramo izaten ditu 100 gramo bakoitzeko (tomate birrinduak 0,1 gramo baino ez). Azukrea, aldiz, tomate heldu gordinak baino %30 gutxiago izaten du tomate frijituak (2,5 gramo azukre 100 gramo bakoitzeko).

Saltsa mota batzuk noizbehinka hartzekoak dira, baina tomate frijitu industrialak egunero hartzeko modukoak izan daitezke, neurrian betiere, horien osaera ez baita hain kezkagarria nutrizioaren ikuspegitik. Platerei kolorea eta zaporea ematen diete, eta nutrizio arloko semaforoan azaltzen den bezala, merkatuan dauden tomate saltsek ez dute eragozpenik sortzen “mantenugai arazotsuak” esaten zaien horiekin (kaloriak, gantz saturatuak, azukreak eta gatza).

Nahiz eta tomate saltsak ez diren azukre gutxiko elikagaiak (salbu eta gatzik gabeko tomate frijitua edo ‘light’ erakoa, gainerakoek baino gutxiago izaten dute eta), azukre horiek ez dute gorabeherarik sortzen dieta bere osoan hartuta, azken batean tomate saltsa nahiko kopuru txikietan kontsumitzen da eta (heldu batek egunean 10 gramo hartzen ditu, batez beste).

Tomateak ugari ematen ditu zenbait mineral, potasioa eta magnesioa esaterako. Bitaminei dagokienez, A, B1, B2, B5 eta D nabarmentzen dira, eta beste osagai hauek ere baditu: azido folikoa, betakarotenoa, flabonoideak eta likopenoa (kolore gorria ematen dion pigmentua da). Tomate mota berriak sortzen joan diren neurrian, horietako batzuk propio landatzen dira nekazaritza arloko industrian erabiltzeko; horren adibide izan daitezke freskoan jateko tomateek baino likopeno gehiago daukatenak.

Nutrizio arloko semaforoa osatzeko, 45 gramoko errazioa finkatu dugu (hiru koilarakada izango lirateke, zopakoak). Ikus daitekeen bezala, merkatuan dauden tomate saltsek eta tomate frijituek ez dute kezkatzeko arrazoirik ematen “mantenugai arazotsuak” esaten zaien horietan (kaloriak, gantz saturatuak, azukreak, gatza).

Osagaiak eransteak eta oliotan frijitzeak areagotu egiten dute azken produktuaren kaloria kopurua. Horrela, aztertu ditugun saltsa guztietan, tomate frijituak du kaloria gehien. Gantzetatik dator saltsa mota horrek emate duen energia gehiena.

Likopenoa: toma azalak dituen onurak

Likopenoa karotenoide bat da, herdoilaren aurka egiteko gaitasun handia duena eta nagusiki tomatean agertzen dena. Prozesatu ondoren ere eutsi egiten die bere ezaugarri funtzionalei, ez du izaten toxikotasunik eta berak ematen dio kolore gorria barazki horri. Kopuru aipagarrietan ageri da likopenoa tomatean, eta gure osasunarentzat oso onuragarriak izan daitezkeen ezaugarriak ditu.

Likopenoa eraginkorragoa da tomateak prozesatu edo sutan prestatu ondoren, hau da, produktu landuetan, besteak beste tomate saltsa frijituan. Olio kopuru txikiekin prozesatu edo egin den tomateak askatu egiten du tomate gordinen azalean dagoen likopenoa (zelula pareta hautsi egiten da egosaldian, eta organismoak errazago xurgatzen du likopenoa). Tomate gordinak 3 mg likopeno ditu 100 gramo bakoitzeko, pizza egiteko saltsak 12, ketchupak 15 eta tomate frijituak 22.

Likopenoa hartzea prebentzio neurria eta neurri terapeutiko ez-farmakologikoa izan daiteke zenbait gaixotasunentzat, baina nutrizioaren eta osasunaren arloko profesionalek lan gehiago egin behar dute jendea elikaduraren inguruan hezteko eta osagai hori kopuru handiagoetan har dezaten lortzeko, eta, horrekin batean, ikerketa zientikoen emaitzetan oinarrituta, egunean hartu beharreko kopurua finkatu behar lukete, gaur egun komeni baino txikiagoa dela dirudi eta.

Gastronomia arloko aholkuak eta aurrezteko gakoak

Erosketa egiteko gomendioak

Oinarrizko tomate saltsa era guztietako platerak prestatzeko erabil daiteke: pasta, arrainak, haragiak, itsaskiak, lasagnak… Edonola ere, saltsa horiei osagai bat edo bestea eranstean, aldatu egiten dira zaporea eta trinkotasuna.

Beti da aukera ona berdura eta haragi erregosiak etxean prestatzea edo, gazta erantsi nahi bazaio, norberak atsegin duena hautatzea. Denbora hartu behar horretarako. Horri esker, oinarrizko saltsak zapore gehiago izango du, eta, gainera, norberak nahi duen osagaiak edukiko ditu.

Jakin beharrekoa da produktuak hainbat hilabeteko iraupena duela, eta luzaroan eduki daitekeela etxeko biltegian. Behin irekita, hozkailuan gorde behar da beti, eta egun batzuetan ongi iraun dezakeen arren, ez da komeni 48 ordutik gora edukitzea.

Pasta laguntzeko.

Espagetiak edo tallarinak prestatuko badira, napolitar saltsa izango da egokiena, lurrintsua eta leuna. Nahi izanez gero, oliba oliotan egindako tipula erantsi diezaiokegu saltsari eta usain belarren bat, adibidez oreganoa. Pastaren zaporea aldatu egiten da osaeraren eta formaren arabera. Hortaz, pasta zulodunentzat (rigatoni, tortiglioni, penne rigate, maskorrak, marrazoak…) bolognar saltsa da aukerarik onena, trinkoagoa eta sendoagoa baita; saltsa horrek osagai solidoak ere izaten ditu, eta horiek beteko dituzte pastaren hutsarteak. Saltsa hori egiteko, frijitu su eztian baratxuria eta tipula haragi xehatuarekin eta ardo zuri pittin batekin; ardoa lurruntzen utziko dugu tomate saltsarekin batean, eta lurrin ukitu bat emango diogu gero, albaka edo oreganoarekin.

Haragiak laguntzeko.

Gisatuak eta haragi erregosiak prestatzeko, beti izaten da aukera ona tomate natural birrindua. Tomatearen zukuak eta gainerako begetalenak eta haragiarenak, oliba olioarekin batean, saltsa atsegin bat emango digute, etxeko zapore gustagarriarekin, batez ere mantso-mantso egiten bada. Haragi erreentzat puttanesca saltsa erabil daiteke, olibak, kaparrak eta perrexila dituena.

Arrainentzat.

Atuna eta beste arrain batzuekin egindako platerentzat, aukera bat baino gehiago dago; itsastar saltsa izan daiteke bat, tipula frijitua, tomate saltsa, arrain salda, perrexila eta piperrauts gozoa daramatzana. Beste aukera bat da pisto bat eranstea tomate saltsari, tipula, piper, baratxuri, berenjena eta kuiatxoz egina (gure dietan begetal gehiago sartzeko modua emango digu). Zapore minak ere ongi datoz arrainarekin, eta hori lortzeko, baratxuria, piperbeltz beltza eta pipermina erantsi ditzakegu oinarrizko tomate saltsara.

Haurrentzat.

Haur gutxik esango diote ezetz tomate saltsa gustagarri bati, haurrei jaki zaporetsuak gustatzen zaizkie eta. Tomate natural birrindua har daiteke, poto handi bat, eta saltsa bikaina prestatu tipula erdia, 2 azenario, oliba olio txorrotada bat, azukre pittin bat eta gatz pittin bat erantsita. Era horretan, kontrolatu egiten da ongailuen kantitatea, zaporerik galdu gabe. Garrantzitsua da elikagaiak ez ezkutuan gelditzea saltsa kopuru handien artean. Etxean kalitatezko begetalekin edo haragiekin osatzea ere oso lagungarria da haurren elikadura hobetzeko.

Diabetesa dutenentzat.

Tomate saltsa egokia izango litzateke begetal kopuru on bat daramana (baratxuria, tipula, piperra…), tomate naturala (laukitxoetan edo birrindua) eta oliba olio birjina estra; ondoren, espezia batzuk erantsiko genizkioke azukrerik erabili beharrik ez izateko, adibidez albaka edo piperrautsa.

Kaloriak zenbatzen dituztenentzat eta zaindu egin nahi dutenentzat.

Oinarrizko gomendioa izango litzateke ez gehiegikeriarik egitea tomate saltsekin. Beti arreta jarri behar zaio etiketari, eta gatz, azukre eta kaloria gutxien dutenak aukeratu. Kontuan hartu behar da gantz gutxiago izateak ez duela esan nahi hobeak direnik; olioa olibarena bada eta neurrian erantsi badiote, orduan izan daiteke hobea, nutrizio arloko profila hobea da-eta saltsa horietan. Are hobea izango litzateke kontserban datozen tomate osoak hautatzea, birrinduta edo laukitxoetan moztuta; horiek tomatea eta gutxi gehiago izaten dute.

Aurrezteko aholkuak

Erosketa saskiak eratzeko, helduek eta haurrek batez beste hartzen duten kopurua erabili dugu: egunean 10 gramo tomate saltsa helduentzat eta 50 gramo haurrentzat.

Saski guztietan, oinarrizko tomate naturala jarri dugu eta tomate frijitua ere bai; aukerarik sinpleenak dira horiek, eta tomate naturala hautatzeko orduan, gainera, aukera guztietan osasungarriena bereizi dugu. Tomate saltsa prestatuak ere sartu ditugu; garestiagoak dira, baina praktikoagoak ere bai askotan, berotu eta zerbitzatu besterik ez baita egin behar.

Gauza jakina da markak, ontzi motak eta produktu motak eragin zuzena dutela azken prezioan. Adibidez, ekoizlearentzat merkeagoa da tomate birrindua latan prestatzea saltsa frijitu bat egitea baino, barazkiekin eta espeziekin, eta beirazko ontzi batean merkaturatzea. Noizbehinkako eskaintzez eta sustapenez baliatu ezean, kontsumitzaileak gehienean sumatu egiten ditu alde horiek bere gastuetan.