Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Artikulu hau itzulpen automatikoko sistema batek itzuli du. Informazio gehiago, hemen.

Euskarara itzultzeko sistemek aurrerapen handiak izan dituzte azken urteotan, baina oraindik badute zer hobetua. Hobekuntza horren parte izan nahi? Aukeratu esaldi osoak nahieran, eta klikatu hemen.

Erosketa Gida: pasta : Gure aukera

Oinarrizko elikagaia da gure dietan, onura handiak dakartzalako (ia egunero jan daiteke); modu onean eros liteke, eta aurreztu ere bai dezente, ongi aukeratzen jakinez gero

Gure aukera

Askotan, zenbat eta aukera handiagoa izan produktuetan, orduan eta gaitasun txikiagoa izaten du kontsumitzaileak aukera egiteko. Buruhausteak saiheste aldera, beti-betiko pasta erostera jotzen dugu gehienean; hau da, makarroiak, espagetiak eta zopako fideoak. Aukera hori pixka bat osatzeko, erosketa egiten laguntzeko eta pasta mota berri batzuk probatzeko, honako iradokizun hauek egin nahi izan ditugu, zenbait kontsumitzaile mota eta erabilera kontuan hartuta.


Praktikoenentzat

Badira oso erraz konformatzen direnak edo sukaldean asmo berezirik gabe aritzen direnak eta betiko proposamenetara mugatzeko joera dutenak. Halakoetan, komeni da xehetasun bat kontuan hartzea, platerei zapore eta ahogozo hobea ematen lagunduko digu eta. Esan bezala, pasta egiteko gari gogorra, erdi-gogorra, guria edo horien nahasketa izaten da abiapuntua, eta horien semola, semolina edo irina eta ura nahasten dituzte. Gari gogorraren edo erdi-gogorraren (Triticum durum) semolarekin edo semolinarekin soilik egina dagoenean, kalitate gorenekotzat jotzen du pasta hori Espainiako legediak. Itxuraz bigarren mailakoa den kontu horrek zenbait abantaila eskaintzen dizkio platerari eta gure osasunari: gari gogorrak ezaugarri hobeak ditu sukalderako, trinkotasun handiagoa izaten du egosita eta proteina gehixeago, beste semola batzuekin eginda daudenen aldean. EROSKI Basic pasta (eta EROSKIren gainerako sailetakoak ere bai) eta Gallo etxekoa, adibidez, kalitate gorenekoa da. Era horretan, espageti plater xume bat tomatearekin jarri nahi dugunean alderdi hori aintzat hartzen badugu, gustagarriagoa geratuko da.

  • Paketearen prezioa ( 500 g): 0,49 eta 0,78 euro artean
  • Kiloaren prezioa: 0,98 eta 1,56 euro artean
  • Errazioaren prezioa (80 g): 0,07 eta 0,12 euro artean


Entsaladak egiteko

Pasta-entsalada bat jatea modu ezin egokiagoa dieta orekatuak eta osasungarriak eskatzen dituen bi betekizuni erantzuteko: bazkaritan eta afaritan berdurak eta barazkiak jatea (bietako bat entsalada gisa hartzea komeni da, gordinik alegia) eta pasta astean sei egunez hartzea, gutxienez. Berdura eta barazki gordinez osatutako entsalada bat agian ez da oso tentagarria izango neguan, hotza jaten da eta; pasta erantsita, gustagarriagoa izan daiteke. Plater epelak prestatzea izan daiteke entsaladei uko egin beharrik ez izateko modu bat, eta pasta izan daiteke osagai epel hori. Kasu horretan, hobe da neurri ertaina eta handia duten pastak erabiltzea, EROSKIren farfalle begetalak edo Barilla etxeko normalak, adibidez, hobeto nahasten eta bateratzen baitira entsaladako gainerako osagaiekin. Originaltasuna eta kolorea emateaz gain, lehenbizi aipatu ditugunak berdurekin eginak daude (tomatea, azenarioa eta espinakak, nagusiki), eta horrek zapore berezia emango dio platerari, beste pasta mota batzuek ez bezalakoa. Oroitu behar da, dena den, bi proposamenek ukitu berdea emango dioten arren, sekula ezin direla izan berdura plater baten ordezkoak.

  • Paketearen prezioa (500g): 1,05 eta 1,29 euro artean
  • Kiloaren prezioa: 2,10 eta 2,58 euro artean
  • Errazioaren prezioa (40g): 0,08 eta 0,10 euro artean


Haurrentzat

Pastak oso harrera ona izaten du haurren artean. Bitxikeria gisa esan daiteke inkesta bat egin berri duela haurrentzako telebista-kate batek Espainiako Estatuan, eta gehien gustatzen zaien janaria aukeratzeko eskatu diela 6 eta 14 urte arteko neska-mutilei; hain zuzen ere, gehienek pasta hautatu dute. Behin bada ere, bat etorri dira gustuk eta gomendio dietetikoak. Pasta elikagai funtsezkoa da helduen dietan, eta ezinbestekoa haurrenean. Karbohidrato ugari ematen ditu, eta horixe da organismoaren erregai nagusia. Gorputzak mantenugai hori erabiltzen du mugitzeko, pentsatzeko eta lan egiteko. Ekintza horiek guztiek erabateko garrantzia dute haurrak hazten eta garatzen ari diren garaian. Pasta platera jatea are atseginagoa izan dadin, merkatuan badira bereziki haurrentzat pentsatuta dauden proposamenak, forma deigarria duten pastak, adibidez; besteren artean, Galloren bizikletak eta ohiko letrak. Dena den, norberak ere erabil dezake irudimena haurrentzako otorduak prestatzean. Esaterako, ohiko espageti batzuk saltxitxa baten muturrean sartu eta guztia elkarrekin egos daiteke, edo begetalak dituzten pastak erabil daitezke, kolore bizi eta erakargarriak izaten dituzte-eta haurrentzat. Merezi du pixka bat saiatzea zapore eta aurkezpen berrietara ohitu daitezen.

  • Paketearen prezioa (500g): 0,88 eta 0,92 euro artean
  • Kiloaren prezioa: 1,76 eta 1,84 euro artean
  • Errazioaren prezioa (80g): 0,14 eta 0,15 euro artean


Ospakizun berezi baterako

Lehen esan dugun bezala, pasta egiteko erabiltzen den semola zer motatako garitik datorren, kalitate maila bat edo bestea ematen zaio produktuari. Eta elaboratze-prozesuak berak ere ezaugarri organoleptiko jakinak eransten dizkio elikagai honi. Gaur egun pastarik gehiena modu industrialean egiten da, baina ez guztiak: EROSKIren SeleQtia pasta, adibidez, brontzezko moldean lantzen dute, Italiako tradizioak agintzen duen bezala, eta Garofalo etxeko plumaconi direlakoak Italiako zenbait pastaren eredura moztuta daude.

  • Paketearen prezioa (500g): 2,45 eta 2,75 euro artean
  • Kiloaren prezioa: 4,90 eta 5,50 euro artean
  • Errazioaren prezioa: (80g): 0,39 eta 0,44 euro artean


Dieta are gehiago zaintzeko

Osoko zerealak (osoko ogia, pasta edo arroza) hobeak dira zereal finduak baino, lagundu egiten dutelako hainbat eritasuni aurre hartzen: 2 motako diabetesa, hipertentsioa, kardiopatia eta minbizi mota batzuk. Garia fintzen denean (eta berdin beste edozein zereal) galdu egiten du berez dituen bitaminen, mineralen eta zuntzaren ia erdia, eta 200 eta 300 aldiz murrizten zaizkio osasuna babesten duten substantzia jakin batzuk, fitokimikoak hain zuzen. Osoko elikaduraren alde apustu egiten hasteko, abiapuntu ona izan daiteke zuntzez hornitua dagoen pasta hautatzea. Ohiko pastaren antzeko zaporea izaten du, baina zuntz gehiago ematen du eta, esan bezala, lagundu egiten du organismoak ongi funtziona dezan eta fisikoki ongi senti gaitezen. Hona hemen bi proposamen: EROSKI Sannia saileko pasta (zuntzez hornitua) eta Barilla etxeko osoko pasta.

  • Paketearen prezioa (500g): 0,99 eta 1,49 euro artean
  • Kiloaren prezioa: 1,98 eta 2,98 euro artean
  • Errazioaren prezioa (80g): 0,15 eta 0,23 euro artean


Behar bereziak dituztenentzat

Pastak glutena izaten du, eta, beraz, zeliakoek (glutenarekiko intolerantzia dutenek) ezin dute jan, non eta ez diren glutenik gabekoak. Gallo etxeak, adibidez, baditu glutenik gabeko espagetiak, makarroiak eta fideoak, arrozarekin eginak gariarekin beharrean (ondorioz, kolore zurixka izaten dute). Era berean, zaindu egin behar da pastaren osaera eta etiketa nutrizionala, batzuek arrautza izaten dutelako osagaien artean, eta badira arrautzari alergia diotenak.

  • Paketearen prezioa (500 g): 2,35 euro
  • Kiloaren prezioa: 4,70 euro
  • Errazioaren prezioa (80 g): 0,37 euro

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak