Nutrizio arloko etiketak aurrez aurre

Munduan 10 etiketa mota baino gehiago daude ontzien aurrealdean jartzekoak, baina Nutri-Scorek bakarrik betetzen ditu Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako baldintza guztiak. Kritika batzuk jaso dituen arren, sistema horrek (Oxford-eko Unibertsitateak sortu zuen, 2005ean) hainbat abantaila eskaintzen du beste batzuen aldean, adibidez Txileko ohar sistemaren eta NutrInform Battery Italiako apustu berriaren aldean.
1 uztaila de 2021

Nutrizio arloko etiketak aurrez aurre

Honezkero gehientsuenei ezaguna egingo zaie Nutri-Score izena. 2018ko azaroan, Espainiako Gobernuak iragarri zuen sistema hori ezarriko zuela ontzien aurrealdean, tresna egokia delakoan produktu ontziratuen nutrizio kalitatea alderatzeko eta aukerarik osasungarrienak sustatzeko. Kontsumitzaileak ahalduntzea, horixe da helburua. Gaur egun, Espainiako Estatuan haren inguruan eztabaidan ari dira Diputatuen Kongresuan, eta Europan, berriz, 269 ikertzailek eta medikuen 21 elkartek osaturiko talde batek Europako Batzordeari eskatu diote Nutri-Score nahitaezko etiketa gisa izenda dezala bertako kide diren herrialde guztietan.

Azken hilabeteetan ez da eztabaidarik falta izan nutrizio arloko etiketa horren inguruan, eta kritikak eta zehaztasun handirik gabeko esamesak ere izan dira. Elikagai industriaren zati batek eta nutrizio arloko profesional batzuek mesfidantza agertu dute Nutri-Score-ri buruz eta zenbait gezur ere zabaldu da sistema horren inguruan, zeinak hiru urte baitaramatza arrakastaz funtzionatzen zenbait herrialdetan, adibidez Frantzian, Herbehereetan eta Alemanian. Urrutiago joan gabe, interes pribatuei mesede egiten diola leporatu diote, eta produktu ultraprozesatu batzuen alde lerratzea naturalagoak diren beste batzuen gainetik.

Zientziaren babesa 

“Ez dago etiketa sistema perfekturik”, onartu zuen Alberto Garzon Espainiako Kontsumo ministroak Consumer aldizkariari eskaini zion elkarrizketa batean, “baina Nutri-Scorek lortu du adostasun gehien eta, gainera, zientziak babes handi-handia eman dio”. Izan ere, 80 zientzialarik, nutrizionistak eta osasun arloko profesionalek (kardiologoak, endokrinoak, onkologoak…) gutun bat sinatu dute Nutri-Score azkar eta premiaz ezar dadin Espainian, eta ez diete baliorik eman “tresnaren izen ona zikintzeko gauzatu diren kanpainei”.

“Ezagutza falta nabarmena da. Jendea ez dago ongi informatua. Gainera, industriak ez du nahi etiketa batek leku kaskarragoan utz dezan elikagai bat bestearen aldean”, azaldu du Jordi Salasek, Nutri-Score sisteman aditu eta Kataluniako Osasun Agentzia Publikoko Adituen Sareko kideak. “Ontzien aurrealdeko etiketa bat izan litekeena baino gehiago izan dadila eskatzen zaio. Nutri-Scorek, beste semaforo batzuek bezala, nutrizioaren ikuspegitik baloratzen ditu elikagaiak. Gaur egun, Europako legediaren arauak betetzen ditu, eta legedi horiek ez dute behartzen, adibidez, elikagaiari zenbat azukre erantsi dioten esatera. Nola kuantifikatuko du Nutri-Scorek produktuen etiketan agertu ere egiten ez den zerbait?”, erantsi du Salasek. “Etiketa guztien artean, Nutri-Scorek bakarrik betetzen ditu Osasunaren Mundu Erakundeak nutrizio arloko balorazioa egiten duen edozein sistemari oniritzia emateko behar diren jarraibide guztiak”, azaldu du Salasek. Helburu horietako bakoitzak, gainera, bete beharreko azpiatal bat baino gehiago du. “Eta 40 ikerketa zientifikok baino gehiagok frogatu dute Nutri-Score eraginkorra dela erosketak nutrizioaren ikuspegitik egiteko orduan”, azpimarratu du Salasek.

Beste sistema batzuek ere betetzen dituzte OMEren jarraibideetako batzuk, baina ez guztiak. “Osasun publikoan gisa horretako politika bat ezartzen bada, zentzuzko denbora bat eman behar zaio sistema behar bezala egokitzeko elikadura arloko testuingurura”, nabarmendu du Nancy Babiok, zeina Giza Nutrizioaren Unitateko ikertzailea baita Rovira i Virgili Unibertsitatean. “2016an Txileko etiketa sistema ezarri zenean, adibidez, denbora bat eman zitzaion mugak eta kalkulu estatistikoak berriz marrazteko. Etiketa sistema bat eraginkorra izan dadin, lehenik bete egin behar ditu OMEren irizpide guztiak, eta ondoren konponduko dira hutsuneak”.

Etiketa batek bete beharreko jarraibideak, OMEren arabera
  1. Helburu bat ezartzen du. Etiketak honako helburu hauetako bat eduki behar du: elikagai osasungarrien aukeraketa sustatu, elikagai zitrikoak nabarmendu eta elikagaien nutrizio kalitatea alderatu.
  2. Erraz ulertzeko moduko diseinu grafikoa dauka. Koloreak, hitzak eta sinboloak eduki behar ditu ahalik eta sinpleena izan dadin eta erraz irakurtzeko modukoa.
  3. Zehaztu egiten du algoritmoaren kalkulua. Mugak ezartzen ditu elementu bakoitzerako eta kalkulu estatistikoak diseinatzen ditu nutrizio profiletarako.
  4. Ikerketa zientifikoen bidez egiaztatu behar da haren eraginkortasuna.
  5. Monitorizazio prozesuekin kontrolatua dago. Neurtu egin behar dute zein eremutan ezartzen den eta zer-nolako eragina duen kontsumitzaileen erosketetan eta produktuen birformulazioan.

Iturria: Manual to develop and implement front-of-pack nutrition labelling, Osasunaren Mundu Erakundea.

10 sistema, denak desberdinak

Gaur egun, nutrizio arloko hamar etiketa inguru daude munduan; horietako batzuk abian daude dagoeneko, eta beste batzuk aurki egongo dira. Batzuk borondatezkoak dira, adibidez Nutri-Score, zeina onartua baitago Portugalen, Espainian, Austrian, Belgikan, Frantzian, Alemanian, Luxenburgon eta Suitzan; eta berdin Keyhole sistema ere, zeina ezarria baitago Danimarkan, Islandian, Lituanian, Norvegian eta Suedian, edo Traffic Light Erresuma Batuan. Beste batzuk, berriz, nahitaez erabili beharrekoak dira jatorriko herrialdeetan, adibidez Txile, Peru, Brasil, Ekuador, Israel eta Australiako nutrizio zigiluak.

Etiketak bi multzotan sailkatu daitezke: mantenugaiei erreparatzen dietenak (osasunarentzat kritikoak diren osagaien inguruko informazioa bakarrik ematen dute, adibidez azukrearen, gantzen eta gatzaren ingurukoa) eta laburpen sistemak, zeinak produktuaren ebaluazio global bat eskaintzen duten nutrizio edukiari dagokionez eta sinbolo, ikono edo puntuazio bakarrean sintetizatzen duten produktuaren kalitatea. Hor sartzen da Nutri-Score. Sistema bakoitzak, ordea, bere prozesua dauka. “Nutri-Scorek eta Australiako sistemak bakarrik hartzen dituzte kontuan mantenugai guztiak, eta beste batzuek, aldiz, gatz kantitatea edo gantz azido saturatuena bakarrik nabarmentzen dute. Baina Australiakoarekin, adibidez, inor ez zen kexatu orain Nutri-Score-rekin bezala”, adierazi du Salasek.

Industriaren proposamena

Espainian ezarriko zutela iragarri bezain laster, “etiketen gerra” baten erdian egokitu zen Nutri- -Score: elikagaien arloko 10 korporazio handienetatik bostek (Mondelez, Nestlé, PepsiCo, Coca- -Cola eta Unilever) beren etiketa sistema atera nahi izan zuten, koloreetako irizpide eta kode batzuetan oinarrituta (eredutzat elikagaiaren 100 gramo hartu beharrean, errazio bat hartu nahi zuten, nahiz eta neurri hori ez duen arautu elikagaien arloko ezein erakundek). Azkenerako, hala ere, Nutri- -Score nagusitu zen, eta beste proposamen hori baztertu egin zen, “ulertzen ez zelako”. Nancy Babiok argitu duenez, “ontzien atzealdean izaten den etiketa tradizionalaren itzulpena baino ez da Nutri-Score. Etiketa bizia da eta, beste guztiek bezala, doikuntza txiki batzuk behar ditu, baina ez diezaiokegu gehiago eskatu, egoki betetzen baitu gaur egun nahitaezkoa den guztia”.

Nutri-Score sistemaren aldeko literatura zientifikoa oso handia da. Journal of Behavioral Nutrition and Physical Activity aldizkarian argitaratu da ikerketarik berrienetakoa, eta hor ageri denez, Nutri-Score zigiluak %3,4ko prebentzio tasa lor lezake dieta kaskarrak eragindako heriotzetan, eta beste batzuek, berriz, adibidez Health Star Rating System delakoak (Australia) eta Traffic Light-ek (Erresuma Batua) %2,8ko eta %1,1eko tasa izango lukete”. Bestalde, Frantziak egin dituzten azterketa esperimental batzuek erakutsi dute Nutri-Scorek bakarrik laguntzen duela nabarmen murrizten lipidoak, gantz azido saturatuak eta sodioa erosketa saskian. Beste etiketa batzuekin alderatuta, Nutri-Score agertu da eraginkorrena kontsumitzaileen jokabideetan eragiteko (bereziki produkturik merkeenak erosten dituztenengan).

Nor dago nutri-score etiketaren atzean? 

Nutri-Scorek oinarrian duen algoritmoa 2005ean sortu zuen Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaile talde batek, eta helburua zen haurrentzako elikagai osasungaitzen publizitatea arautzea. Ondoren onespena eman zioten Elikagaiak Arautzeko Agentziak (Erresuma Batua) eta 36 ikerketa zientifikok baino gehiagok. Horren ondotik, 2017an Frantziak erabaki zuen ezarri egingo zuela, osasun sistema modernizatzeko legea betetzeko helburuz, non aurreikusia zegoen etiketa bat sortzea elikagaiek nutrizio arloan ematen duten informazioa errazago ulertzeko; Nutrizio arloko Epidemiologia Ikertzeko Taldearen laguntza izan zuen horretarako: batzorde publiko bat da horrako hori, Serge Hercberg Nutrizioko katedradunak zuzendua eta Frantziako Elikagaien Segurtasun Agentziak eta Osasun Publikoaren Goi Kontseiluak gainbegiratua.

“Hiru helbururekin sortzen da Nutri-Score. Lehenbizikoa da familia bereko elikagaien nutrizio kalitatea alderatzea: adibidez, olo malutak eta zereal txokolatedunak, edo haragi lasagnak eta arrainez edo espinakaz eginak. Bigarrenik, baliagarria izan nahi du marka batek eta besteak mota bereko elikagaiak eskaintzen dituztenean horiek alderatzeko. Hau da, alderatu egin ditzake txokolatez beretiko zereal marka batek eta beste marka batek eskaintzen dituzten produktuak”, azaldu du Babiok. “Azkenik, familia desberdinetako elikagaien kalitatea ere alderatzen du. Hemen garrantzitsua da elikagai horiek egoera edo une berean jatekoak izan behar dutela (postreak izan dai tezke, adibidez jogurtak eta arroz esnea)”. Sistema hori ezartzeko, azaldu du Salasek, interesa duen herrialde bakoitzak bi zientzialari independente izendatu ditu sistema zaindu dezaten eta beren jakintza eskain dezaten algoritmoa hobetzeko, horretarako beharra dagoenean. “Behin gutxienez bildu da batzordea lanari ekiteko”, adierazi du.

Hobetzeko tartea

Zenbait analisi estatistiko egin ondoren ezarri zen Nutri-Scorek darabilen algoritmoa. “Sortu zenetik, dena den, Frantziak hainbat hobekuntza estatistiko egin du gaur egun denera hurbildu arte”, azaldu du Babio. Eta Salasek zera erantsi du: “Ingeles agentziak ezarri zituen lehenengoz muga horiek mantenugaietan, oinarri-oinarrizko balioetatik abiatuta. Gero fruta eta berdura erantsi zizkioten, proteinak… Laburbilduz, egokitu egin zen osagai zitrikoetatik harago baloratzeko, eta gure ustez ere hori da modu bakarra elikagaiaren dimentsio osatua eskaintzeko nutrizioaren ikuspegitik. Horrela, algoritmoak puntuak ematen ditu elikagaiak osagai hauek izanez gero: frutak, berdurak, lekaleak, fruitu lehorrak eta zenbait olio, zuntza eta proteinak. SUN ikerketak (Segui miento de la Universidad de Navarra) Espainian egin duen azterketa batek ondorioztatu duenez (11 urtez, 20.503 parte-hartzaile behatu dituzte), Nutri-Scorek darabilen algoritmoa koherentea da Espainiako osasun publikoak ematen dituen gomendioekin eta dieta mediterraneoarekin.

“Oraingoz ez daiteke aldatu Nutri-Scorek 2015ean finkatu zuen kalkulua”, ohartarazi dute bi adituek. Nolanahi ere, urte batzuen buruan algoritmoa berriz definitzeko asmoa dago, ezagutza zientifiko berrietara doitzeko, sortu dituen eraginetatik atera diren ondorioak txertatzeko, herrialdeetan ezarri ondoren agertu diren egoeretara moldatzeko eta Europako legediaren bilakaera kontuan hartzeko. Eskumena duten ministerioetan hasiak dira gogoetan eta eztabaidan duela zenbait hilabete.

Nutri-Score ezarriko bada, beste edozein etiketarekin gertatzen den bezala, heziketa kanpaina baten beharra izango da. “Sistema batek bikain funtzionatzen duenean osasun publikoari dagokionez eta frogatu duenean eraginkorra dela dozenaka mila elikagaitan, ez daiteke guztia zalantzan jarri salbuespen jakin batzuk agertzen direlako, beste sistemetan ere berdin gertatzen baita adibidez oliba olioarekin”, adierazi dute bi adituek. Era horretan, haien iritziz, Nutri-Scoreri buruzko informazio kanpainen helburua izan behar du gutxi prozesaturik dauden jakietan (freskoetan) oinarritzen den elikadura sustatzea eta elikagai ontziratuen kontsumoan sistema horrek emandako puntuazioa kontuan hartzea.

Txileko zigiluak

Nutri-Score kritikatzen dutenek Txileko zigiluekin alderatzen dute. Etiketa hori 2016. urtean ezarri zuten herrialde hartan, eta behartu egiten du ontzietan zigilu beltz bat jartzera kopuru handietan ematen dituenean azukreak, gantz saturatuak, sodioa edo kaloriak. Nancy Babioren iritziz, ez dago bi etiketa horiek alderatzerik, biek helburu zeharo desberdinak baitituzte. “Txileko etiketak osagai zitrikoen berri ematen du, ez besterik, elikadura osasungarria egiteko; ez du nutrizio arloko laburpen bat egiten Nutri-Scorek bezala. Elkarren osagarriak ere izan litezke: Nutri-Scorek ondorio orokorra eskaintzen du eta Txileko zigiluak, berriz, produktuaren osagai “txarrak” nabarmentzen ditu. Baina Txileko etiketak ere baditu bere mugak eta birformulazioak”.

Aldaketak mugetan

Txileko etiketa eguneratu eta doitu egin dute azkenaldian. “Orain dela bost urte ezarri zutenean, osagai bakoitzaren mugak oso goian jarri zituzten. Adibidez, 2016an erabaki zuten, elikagai batek gatz asko zuela esateko, 800 mg sodio eduki beharko zuela. Hori izugarri da. Bi urte pasatu ondoren, sistemak 400 mg-ra murriztu zuen muga. Antzeko zerbait gertatu zen azukrearekin”, azaldu du Babiok.

Produktuen birformulazioa 

Nutri-Scoreri buruz esan izan da trikimailuak erabiltzera eraman ditzakeela enpresak puntuazioa hobetzeko, zenbait produktu birformulatuz, adibidez azukrea murriztuta edo zuntz asko duten mantenugaiak erantsita. Baina Txileko etiketak ere eragin ditu birformulazioak. FAOk eta Txileko Unibertsitateko Nutrizioko eta Elikagaien Teknologiako Institutuak (INTA) egindako ikerketa batek ondorioztatu zuen azterturiko produktuen %15etan ekoizleek birformulatu egin zituztela guztizko azukreen eta sodioaren kantitateak. Horrela, %7k moldatu egin zituzten formulak, “azukre asko” zuten elikagaien sailean sartuta zeudelako, eta %5ek berdin egin zuten “sodio asko” zuten saileko elikagaiekin. Elikagaiak multzoka hartuta, hestebeteetan egin zen aldaketa gehien, gosariko zerealetan, esneetan eta edateko esnekietan.

Marka batzuek –Nestlé, En Línea eta Quaker-ek esaterako– eztitzaileak erabili dituzte azukreen ordez zigilua ontzietatik desagerrarazteko, sistema horrek ez baititu kontuan hartzen, eta, gainera, ez dute horien berri adierazteko betebeharrik, Espainian ez bezala. Jordi Salasen iritziz, dena den, birformulazioak onak izan daitezke. “Hori da azken helburuetako bat: enpresek lan egin dezatela produktu osasungarriagoak ekoizteko. Tranpa salagarri batzuk egon daitezke, baina produktu bat birformulatzea gatz eta azukre gutxiago eduki dezan, albiste ona da hori”.

Mantenugaien konbinazioa ez da kontuan hartzen 

“Mantenugai kritikoetan bakarrik oinarritzen diren etiketek muga deigarri samarra izaten dute: egon liteke elikagai bat gatzean puntuzio txarra duena baina askoz mantenugai baliotsuagoak dituena”, azaldu du Babiok. Merkatuan ehunka konbinazio dago eta horrek zaildu egiten du kontsumitzaileen erabakia: zer da hobea, gatz asko izatea edo gantz saturatu asko? Alderdi horretan, hainbat analisi eta azterketak onartu du Nutri-Scorek duen indargunerik handiena hauxe dela: begiratu batean erraz interpretatzeko modua ematen duela. Kontsumitzaileek ere horixe diote: Kontsumitzaile eta Erabiltzaile Kooperatiben Espainiako Konfederazioak (Hispacoop) Espainiako Kontsumo Ministerioaren laguntzaz egindako inkesta batean ageri denez, hamarretik bederatzik adierazi dute Nutri-Scorek lagundu egiten diela produkturik osasungarrienak bereizten.

NutrInform Battery, Italiako aukera

Etiketa sistema berria da NutrInform Battery; 2020. urtean sortu zen, beste aukera bat proposatu nahian NutriScoreren ordez. “Frantziako sistemak Italian jaso duen aurkakotasuna ez dago lotua osasun publikoko estrategiei, barneko politikarekin zerikusia duten gaiei baizik”, nabarmendu du Jordi Salasek. Italiako lau ministeriok proposatu dute Nutri-Inform; baterien sinboloak darabiltzan logotipoa da, eta esan egiten du elikagai errazio batek zenbat kaloria, gantz, gantz saturatu, azukre eta gatz duen (ez darabil 100 gramoko kopurua Nutri-Scorek bezala).

Errazioa ekoizleak zehazten du

“OMEren eta osasun publikoaren arloko erakundeen gomendioa da 100 gramoko kopurua erabiltzea erreferentzia gisa, aukera ematen baitu elikagaiak modu objektiboan alderatzeko oinarri beraren gainean, eta saihestu egiten du estandarizatu gabe dauden zatiak hartzea neurri gisa, askotan ekoizleek eurek ezartzen dituztenak gainera”, azaldu du Salasek. “Europan ez daukagu errazio estandarizatu bat eta enpresek erabili egin dezakete hori zatiaren neurria beren mesedetan aldatzeko eta semaforoaren koloreak aldarazteko: adibidez, pizza gaztadunetan, zati gomendatua 100, 123 edo 150 gramokoa izan daiteke, marka bakoitzaren arabera”, erantsi du Salasek.

Sistema ez oso argia 

Monokromatikoa izateaz gain, baterien sistema konplexuagoa eta ulergaitzagoa da. “Ez da erraz interpretatzen, hasteko, informazio asko daramalako oso leku gutxian, eta bigarrenik, intuizioaren aurkako funtzionamendua duelako: ohiko bizitzan, balio positiboa ematen diogu, adibidez, smartphone baten bateria betea egoteari, eta etiketan, aldiz, bateria beteak esan nahi du gehiegizko kopuruan daukala mantenugai bat eta, ondorioz, ez dela hartu behar”, adierazi du Babiok. Kexu hori agerian jarri dute kontsumitzaileen elkarteek, bereziki Italian (Altro-Consumo) eta Europan ere bai, non Europako Kontsumitzaileen Elkarteak (BEUC) baztertu egin duen sistema. “Hori gutxi balitz bezala, Italiako bateria sistemak oinarrian ez dauka txosten zientifiko seriorik. Metodologian aipatzen dituen bi ikerlan bakarrak aski pobreak dira”, erantsi du Salasek. “Nekazaritzako elikagaien arloko presio taldeek bakarrik babesten dute, eta bitarteko egokitzat jotzen dute Italian egindako produktuen irudia zaintzeko”.

  1. Errazio baten datuak ematen ditu, eta ekoizleak finkatzen du errazioa.
  2. Bateria batean azaltzen dira kaloriak, gantzak, gantz saturatuak, azukreak eta gatza: zenbat eta beteagoa egon osagai bakoitzarekin, orduan eta okerragoa.
  3. Portzentajeen erreferentzia gisa, batez besteko pertsona heldu batek hartu beharrekoa darabil (2.000 kcal eguneko).
  4. Kaloriak 100 gramo bakoitzeko.

Informazio bera, hiru aurkezpen

Ontzien aurrealdean doazen etiketa guztiak al dira lagungarriak kontsumitzaileentzat? Honela agertzen dira bost produktu hauek Nutri-Score, Txileko zigilu eta Nutrinform Battery sistemekin.