Erosketa gida: katiluan hartzeko txokolateak

Katiluan hartzeko txokolateak, ontzia bete tradizio

Helduek hilean 81 gramo txokolate hartzen dute batez beste, eta kezkatzeko moduko kantitatea ez den arren, osasun arloko adituek oroitarazten dute noizbehinka baino ez dela hartu behar, azukre ugariko elikagai guztiak bezala
1 martxoa de 2016
Img alimentacion listado 1101

Katiluan hartzeko txokolateak, ontzia bete tradizio

/imgs/20160301/portadachoco.jpg

“Txokolate hotza, errekara”. Halaxe dio esaera zaharrak, txokolatea bero zerbitzatzekoa dela alegia. Baina ez gehiegi ere, txokolateak “gutxi egosia eta gutxi mugitua” behar duelako. Bi esaera horiek argi erakusten dute txokolateak zer-nolako garrantzia duen gure inguruko folklorean.

Produktu gustagarri hori XVI. mendearen hasieran iritsi zen Europara. Mitoz inguratuta egin zuen, gainera: aspaldiko jainko-jainkosen dietako osagaia omen zen edo ahalmen terapeutiko, suspertzaile eta lasaigarriak omen zituen. Noiz iritsi zen Espainiara? Ez dago argi, baina badirudi Aragoiko zistertar fraideak izan zirela dastatu zuten lehen espainiarrak. Gauza jakina da XVII. mende hasiera arte ez zela findu txokolatea egiteko modua eta jakina da, halaber, XX. mende hasiera arte herritarrek edari gisa hartzen zutela. Orain, aldiz, txokolatea entzun eta produktu solidoa etortzen zaigu burura, giroko tenperaturan hartzen dena.

Herritarrek txokolate on bat egiten ikasten duten unetik aurrera, txokolatadak edo txokolate-janak antolatzen hasten dira, hau da, txokolatea taldean hartzeko ohitura zabaltzen da, hainbat koadrok eta grabatuk islatzen duten bezala.

XVII. mendea bukatu baino lehen, txokolate beroak utzi egingo zion aristrokrazioaren gutizia izateari eta etxe guztietan hasiko ziren hartzen. Txokolatearen unerik gorena, hala ere, XVIII. mendean izan zen: leku guztietara hedatu zen, eta Madrilen, adibidez, ohikoa zen txokolatea buztinezko kikara txikietan saltzen zuten hainbat postu ikustea kaleetan barrena.

Hurrengo mendean, txokolatea zen Europako jende askoren ohiko gosaria, eta zer esanik ez Espainian. Merkea zen, kaloria ugari ematen zuen eta, batez ere, oso zapore berezia zuen, gozoa eta mikatza aldi berean; horrek ekarri zuen txokolatearen arrakasta eta, bide batez, baita txurro dendena ere. Hor dago, esaterako, “Can Culleretes” izenekoa Bartzelonan, 1786an sortua, edo are zaharragoa den beste bat, “Can Joan de S’Aigo”, Palma de Mallorcan sortua, 1700. urtean. Madrilen ere izan dira aski famatuak, “Doña Mariquita” esaterako (egun desagertua dago).

Katiluko txokolatea laguntzeko, leku guztietan ez zuten elementu bera erabiltzen. Bartzelonan, adibidez, papereko bizkotxoekin eta sequilloekin zerbitzatzen zuten, Valentzian porrekin eta kruxpetekin eta Madrilen txurroekin (hain zuzen, txokolategi askori “txurro denda” esaten zaie egun). Txokolategi horiek guztiek bazuten, hala ere, gauza bat elkarrekin: txokolatearen testura lodi-lodia izaten zen, Europako gainerako herrialdeetan baino askoz gehiago.

Katilutik hartzeko txokolatea gure dietan lekua galtzen hasi zen txokolate solidoa agertu ahala (tabletak eta bonboiak), 1870. urte inguruan. Txokolate mota hori egiteko, aurrerapen teknologiko handiak behar izan ziren, eta horiekin batean egin ziren ospetsu txokolatearen industriako izen batzuk: Suchard, Lindt eta Nestlé, esaterako. Espainian ere garaitsu horretan sortu ziren txokolate enpresa entzutetsu batzuk: Nutrexpa, Elgorriaga, Valor eta Lacasa, adibidez. XX. mende hasieran, txokolate ontzen arrakasta erabatekoa zen, eta askaritarako ez zen beste aukera hoberik izaten: txokolatea eta ogia.

Gerra Zibilak murriztu egin zuen txokolatearen kontsumoa, ez baitzen hornidurarik iristen, eta ordezko jakiak sortu ziren, algarrobo txokolatea esaterako. Katiluan hartzeko txokolateari beste “aurkari” bat ere sortu zitzaion ustekabean: kafetegiak. Txokolatea lagunartean edo familian hartzeko ekintza soziala indarra galduz joango da, eta kafea hartzeko ohituta hedatuko da. Kontsumitzaileek gero eta gehiago joko dute kafetegietara, txokolategien kaltetan (horiek oraindik ere estimu handia izaten jarraituko dute neguan).

Nolanahi dela, gaur-gaurkoz, kafetegietarako txokolatea ekoizten duten herrialdeen artean garrantzitsuenetakoa da Espainia, eta kontsumoa gero eta gehiago ari da handitzen.

Motak

Katiluan hartzen den betiko txokolateari “espainiar erako txokolatea” esaten zaio. Harrigarria dirudien arren, urarekin egiten da, eta ez esnearekin.

Lau katilu egiteko, litro bat ur berotzen da eta, beroa dagoenean, 250 gramo txokolate eransten zaizkio, eta egosten utzi. Disolbatzen denean, berriz berotzen da, irakiten duen arte. Irakiten hasten denean, sutatik atera egiten da kazola eta burbuilak egiteari utzi arte itxaroten da. Une horretantxe, kazola berriz jartzen da sutan, eta irakiten hasi arte itxaroten da. Prozesu hori hiru aldiz egin behar da (zurezko koilara batekin eragiteari utzi gabe). Txokolatea lodi-lodia ateratzea da helburua.

Ura beharrean esnea erabiltzen bada, orduan “frantziar erako txokolatea” esaten zaio, eta txokolate katiluari esne-gain harrotua eransten bazaio (erdia txokolatea eta erdia esne-gaina”, “suitzar erako txokolatea” izango da.

Nolanahi ere, honako hiru hauek dira katiluan hartzeko txokolatea prestatzeko produkturik ohikoenak merkatuan:

  1. Kakao hauts azukredunarekin egiten dena.
  2. Txokolate tabletekin egiten dena.
  3. Hartzeko prest dagoena (berotu besterik ez da egin behar).

Elikagaien analisia eta kontsumoa

Zer leku hartu behar du dietan

Azukre asko duen edozein elikagaik bezala, kontuan hartu behar dugu txokolatea gehiegizko kopuruan hartzeak desorekatu egingo lukeela gure dieta. Helduen eta haurren gizentasun zifrek gauza asko esaten dute gure elikadurari buruz, besteak beste azukre gehiegi hartzen dugula (egunean 100 gramo inguru). Ulertu egin behar dugu zer-nolako aldea dagoen noizbehinkako kontsumoaren (hilean gutxi batzuetan) eta ohiko kontsumoaren artean (astean zenbait aldiz). Katiluan hartzeko txokolateari dagokionez, noizbehinka hartzeak aukera emango digu haren zapore paregabearekin gozatzeko, gero geure burua zigortzen aritu gabe.

Nolanahi ere, Dieta bidez barneratzen denaren Inkesta Nazionalaren arabera (ENIDE), Espainiako Estatuko helduek, batez beste, hilean 81 gramo txokolate hartzen dute katiluan. Horri erantsi behar zaio hilean beste 73 gramo txokolate beltz hartzen dutela eta 14 gramo txokolate esnedun (biak ere tableta eran).

Ikus daitekeen bezala, zifra horiek ez dira osasun arloko agintariak kezkatzeko modukoak. Kezkagarriagoa eta larriagoa da, dena den, haurrek zenbat txokolate eta zenbat produktu txokolatedun jaten duten: haurrei azukre gehien ematen dieten produktuen artean daude horiek, eta, gainera, ez da ahaztu behar ia haurren erdiek gehiegizko pisua dutela. Berriki argitaratu den ikerlan batek erakutsi du, urtearen buruan, haurrek beren pisua adina azukre hartzen dutela eta, hortaz, neurritsuak izateko mezuak eman behar dira produktu azukretsu baten aurrean gaudenean, haurrek lehendik ere aski azukre hartzen baitute.

Ildo horretan, txokolateak zeregin garrantzitsua du gero eta ohikoagoa den gaitz batean: hortz-haginetako txantxarra. Espainiako Estatuko hamar herritarretatik ia batek jateko arazoak ditu hortz-haginetako arazoak direla eta.

Txantxarrak mina ematen du eta arazo fisiko eta mekanikoak eragiten ditu, baina, horretaz gain, komunikazioari ere eragiten dio eta, garrantzitsuagoa dena, baita elikatzeko gaitasunari ere. Eta autoestimuari: txantxarrak jotako hortz-haginek zuzenean eragiten diote kanpo itxurari. Zenbait ikerlanek aurkitu izan dituzte loturak txantxarraren eta nahasmendu sozialen artean.

Horregatik guztiagatik, bai helduek eta bai haurrek ongi eskuilatu behar dituzte hortz-haginak elikagai azukredunak jan ondoren, eta hor sartzen da txokolatea ere (izan katilukoa, tabletakoa edo produktu txokolatedunek dutena).

Semaforo nutrizionala

Semaforo nutrizionala egiteko, katiluan hartzeko hiru txokolate motak erabili dira: kakao hauts azukredunarekin egiten dena, txokolate tabletarekin prestatzen dena eta hartzeko prest saltzen dena.

Energiari dagokionez, semaforo nutrizionalak erakusten du tabletako txokolatearekin egindako errazio batek 80 kilokaloria gehiago dituela beste bi prestaerek baino. Txokolate mota horrek, izan ere, gantz gehiago dauka (gainerako prestaerek baino hamar gramo gehiago).

Nolanahi ere, energiaren atalean, horiz ageri dira aztertu ditugun produktu guztiak, eta horrek esan nahi du ez dela gehiegikeriarik egin behar produktu honekin, batez ere gure pisuaren bilakaerak kezkatzen bagaitu edo argaltzeko asmoa badugu.

Ildo horretan, hartzeko prest dauden txokolateek, nahiz eta besteek baino dezente gantz gutxia izan (erdia batzuek, heren bat gutxiago besteek), ia kaloria kopuru bera ematen dute. Txokolate horiek esne gaingabetuarekin eginak daude, eta horregatik dute gantz gutxiago; azukreak, aldiz, besteek baino gehiago dituzte, eta horregatik ematen dute ia haiek adina kaloria. Baliteke zaporea indartzeko eranstea azukre gehigarri hori, gantza kenduta zaporea ere kendu egiten baitzaie.

Txokolate tabletarekin egindakoek, berriz, gantz saturatu gehiago daukate (laranjaz ageri dira semaforoan). Dena dela, txokolatearen inguruan egin diren ikerlanek ez dute ikusi elikagai horren gantz saturatuek kalterik egiten dutenik (gantz saturatuetan mota batekoak baino gehiagotakoak daude, eta guztiek ez dute eragin bera organismoan). Hain zuzen, gero eta ikerlan gehiagok nabarmentzen dute hobe dela elikagaiaren profil orokorrari begiratzea eta ez mantenugai jakin bati (azukrearen eta gatzaren kasuan izan ezik).

Azken hamarkadan, ikerketa askok baieztatu dute gatza eta azukrea direla gaixotasun kronikoak izateko arriskuarekin zerikusi handiena duten mantenugaiak. Gatza ez da kezkatzekoa katiluan hartzeko txokolateetan, baina bai azukrea. Semaforoan, laranjaz ageri dira aztertu ditugun produktu guztiak, eta horrek esan nahi du azukre asko dutela, eta gehien, hartzeko prest datozenek (8 gramo gehiago dituzte katiluko, bi koilarakadatxo alegia).

Gatzari dagokionez, esan bezala, aztertu ditugun txokolateek ez dute ematen kezkatzeko arrazoirik.

Zuntz dietetikoari dagokionez, txokolatea landare jatorriko elikagaia izaki, zuntz dezente duen elikagaia da; zehazki egunaren buruan hartu behar litzatekeenaren %5 eta %10 artean ematen du.

Azkenik, katiluan hartzeko txokolatea esnearekin egiten bada, kaltzioa ere emango du, eta mantenugai hori aski mesedegarria da hezurrentzat eta hortz-haginentzat. Dena dela, ez da pentsatu behar kaltzio gehiago hartzeak hein berean egingo dienik mesede hezurrei (nutrizioaren arloan, gehiago hartzea beti ez da hobea), eta azkenaldiko ikerlanek ere horixe azpimarratzen dute. Txokolatea esnerik gabe egiten bada eta txokolate asko erabiltzen bada, gerta liteke zenbait mikromantenugai ere ematea, adibidez selenioa eta zinka.

Hala ere, bi mantenugai horiek egin dezaketen onura baino aipagarriagoak izango lirateke produktu horrek emango lituzkeen kaloria eta azukre kantitate handiak. Azken hori ona izan liteke jaki eskaria dagoen garaian, baina ez da hori gure egoera; gu beste muturrean gaude, eta nutrizioaren arloan, gizentasuna da gaur egun daukagun arazo nagusietakoa, bai helduetan eta bai haurretan.

Txokolatea eta kafeina

Txokolateak duen kafeina kantitatea kezka iturri da guraso askorentzat eta haurdun dauden emakumeentzat, baina neurtzen hasita, nabarmen ikusten da txokolateak askoz kafe gutxiago duela kafeak baino edo “edari energetikoak” esaten zaienek baino.

Kafe espres katilukada estandar batek edo 250 ml “edari energetikok”, adibidez, 80-100 miligramo kafeina ematen dute, eta katiluko txokolate errazio batek 20 miligramo. Gomendioak dioenez, haurdunek ez dute hartu behar egunean 4,6 mg kafeina baino gehiago haiek pisatzen duten kilo bakoitzeko, eta haurrek, berriz, egunean 2,5 mg pisatzen duten kilo bakoitzeko.

Zaila da haurdunek eta haurrek kopuru horiek gainditzea txokolatea hartuz. “Edari energetikoak”, ordea, desegokitzat jotzen dira haurdunaldian eta adingabeetan, susmatzen baita eragin kaltegarriak eduki ditzakeela fetuan eta haur eta nerabeetan.

Gaizki interpretaturiko mitoak eta azterketak

Hobetu egiten al du libidoa?

Txokolate bero bat hartzeak balio al du afrodisiako natural gisa? Aztekek libidoa hobetzeko erabiltzen zuten, sinetsita baitzeuden afrodisiakoa zela. Eta badakigu XVII. mendean Europan ere osasun arloko profesional askok sinesten zutela txokolatearen ustezko ahalmen afrodisiakoan. Baina aztekak eta Europako mediku haiek oker zebiltzan.

Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agentziak (EFSA) ez zuen froga zientifikorik aurkitu txokolateak edo haren osagaiek gogo-aldarteak hobetzen dituztela esateko, ezta libidoa eta sexu osasuna ere. Uste horren atzean, segur aski, txokolatearen zapore bikaina eta ahogozoa egongo dira.

Egiaz, txokolate asko hartzeak baliteke epe luzera kalte egitea gure sexu osasunari, azken batean kaloria dentsitate handiko elikagaia baita. Txokolatea maiz janez gero, areagotu egingo da gizentzeko arriskua eta 2 motako diabetesa izatekoa, eta bi gaitz horiek sexu osasuna okertzea dakarte. 2010. urtean British Medical Journal aldizkarian agertu zen ikerlan bat harago joan zen: baieztatu zuen osasun ona duen norbaitek bi aldiz aukera gehiago dituela sexuarekin interesa izateko osasun txarra duen norbaitek baino.

Txokolatearen ezaugarri zalantzazko batzuk

Aztekek naturaz gaindiko ezaugarriak aitortzen zizkioten txokolateari eta erlijio ospakizunetan erabiltzen zuten; gaur egun, berriz, herdoilaren aurka egiteko gaitasuna aitortzen diote askok, eta badira bizi estilo on baten ordezko gisa erabiltzen dutenak ere. Dena dela, merezi du ezaugarri horiek guztiak egiazkoak ote diren galdetzea.

Zenbait azterlanek ikusi dute txokolate beltza jatea onuragarria izan daitekeela (katilu batean gutxiago edo gehiago egongo da, erabili den kantitatearen arabera), baina horien emaitzak ez dira erabatekoak. Onura horietako bat arteria tentsioa zertxobait apaltzea izan daiteke.

Gai horren inguruko azken berrikusketa zientifikoa Dariush Mozaffarian doktoreak egina da, Harvardeko Unibertsitateko Nutrizio Saileko kideak. Nutrizioaren arloan munduan dagoen aditurik handienetakoa da Mozaffarian, eta bihotz-hodien osasunean eragina duten hainbat elikagairen inguruko ikerketa zorrotza egin du berriki. Circulation aldizkarian argitaratu zuten ikerlan hori, eta hor esaten da kakaoak edo txokolateak eragin ditzaketen ustezko onurak txikiak direla. Oroitarazten du heterogeneotasun handia dagoela eskura dauden ikerlanen artean; haren esanetan, oraindik ez dago epe luzera egindako ikerlanik (beharrezkoak dira atariko ikerlanen aurkikuntzak berresteko), eta ez dakigu ba ote dagoen erantzun-dosirik (zenbat eta kakao gehiago, onurak ere gehiago?). Laburbilduz, azaltzen du oso gai eztabaidatua dela eta zalantza gehiegi daudela.

Txokolatearen inguruko azterlanak gaizki interpretatzen direnean

Txokolatea eta Nobel saria: harremana bai, kausalitaterik ez

Duela urte batzuk, azterlan bat egin zuten jakiteko ea bazegoen loturarik herrialde bateko txokolate kontsumoaren eta herrialde horrek irabazitako Nobel sarien artean. Zehazki, ikusi zuten Suitzak, Austriak, Danimarkak eta Norvegiak, adibidez (txokolate gehiago jaten da herrialde horretan), Nobel sari gehiago dituztela.

Komunikabide askok nabarmendu zituzten lan horren emaitzak eta arrakasta akademiko eta intelektualarekin lotu zuten txokolatea, baina azterlanaren egileek eurek zehaztu zuten haiek hauxe frogatu nahi zutela: harremana izateak ez duela esan nahi kausalitaterik dagoenik. Hau da, txokolateak eta Nobel sariek badute harremana, baina bat ez da bestearen arrazoia edo kausa. Eta harreman horrek badu azalpena: maila sozioekonomiko eta kultural handiko herrialdeetan, non bategatik edo besteagatik txokolate gehiago jaten den, logikoa da Nobel sari gehiago lortzeko aukera izatea.

Txokolatea, energia dentsitatea eta gizentasuna

Nobel sarien adibidearekin gertatzen den bezala, txokolatea eta gizentasuna lotzen dituzten zenbait ikerlan ere oker interpretatu izan dira.

Horrela, 2014. urteko otsailean argitaratu zen ikerlan batek lotura antzeman zuen txokolate kontsumoaren eta gizentasun tasa txikiagoen artean. Ikerlan hark ez zuen frogatu txokolatea jateak eragiten zuela gehiegizko pisuan zifra txikiagoak agertzea, baina komunikabide askok gaizki interpretatu zituzten emaitzak eta neurriz kanpoko ondorioak atera zituzten.

Gertaera horrek, izan ere, azalpen asko izan ditzake, eta zori kontua ere izaten da (ez gutxitan, gainera). Azalpen horietako bat hauxe da: gizentasunik ez duten haurren gurasoek txokolate gehiago jaten uzten diete haurrei, ez dutelako zertan kezkatu haien osasunagatik. Izan liteke, halaber, haur argalen gurasoek txokolate gehiago jartzea haien eskura, gizendu daitezen hain zuzen. Edo, Nobel sariekin gertatzen den bezala, baliteke maila sozioekonomiko hobea duten familiek txokolate gehiago izatea etxean (maila sozioekonomiko ona eta gizentasun tasa txikiagoak izatea elkarri lotuta agertu ohi dira).

Begi bistako kontua da txokolatea energia dentsitate handiko elikagaia dela, hau da, kaloria asko ematen dituela bolumen gutxian. Eta gauza jakina eta frogatua da energia dentsitate handia duten elikagaiak maiz jateak (fruitu lehorrak salbu) epe luzera handitu egiten duela gizentasun arriskua. Gizentasunari aurre hartzeko eta hori tratatzeko moduei buruz Espainian adostu zuten dokumentuan (2012. urtean argitaratu zen), ondorioztatu zuten energia dentsitate handiko dieta ereduek lagundu egin dezaketela helduek pisua har dezaten. Eta adierazi zuten pisu igoerari aurrea hartzeko modu bat izan daitekeela energia dentsitate txikia duten elikagaiak jatea.

Elikagai batek 225-275 kilokaloria baditu 100 gramo bakoitzeko, gizentasun arriskua handitu egiten duela jotzen da. Bai txokolate beltzak eta bai txokolate esnedunak bikoiztu egiten dute zifra hori.

Zein aukeratuko dut?

Erosketa egiteko gomendioak

Katiluan hatzeko txokolateak nutrizioaren ikuspegitik aztertu ondoren, eta kontuan hartuz noizbehinka hartzekoa direla bai helduentzat eta bai haurrentzat, zenbait gomendio emango ditugu hemen, edozein asetzeko modukoak.

Horretarako, katiluko txokolatea erabili dugu eta baita txokolatezko estalkia ere (fondant ere esaten zaiona), purutasun handiagokoa edo txikiagokoa. Ildo horretan, kontuan hartu behar da txokolatea mikatzagoa izango dela zenbat eta puruagoa izan (kakaoa %60-70 duena, eta abar), eta desegiteko erraztasuna kakao gantzak ematen diola, asko baitu.

Askaritan hartzeko.

Eguneko une horretarako, txokolate arindua hartzea komeni da, esnearekin arindua edo urarekin eta esnearekin. Txokolate hori ezin hobea izango da bizkotxo batekin edo txurroekin laguntzeko.

Bizkotxo bat edo tarta bat estaltzeko.

Ez da komeni katiluko txokolatea erabiltzea bizkotxo bat edo tarta bat estaltzeko. Txokolatezko estalki bat erabiltzea da onena, fondant ere esaten zaiona. Estalki horrek, oro har, ez du eduki beharko purutasun handia, mikatz ukitua emango bailioke produktuari. Aski izango da kakaoa %60 edukitzea.

Frutekin konbinatzeko.

Berriz ere, txokolatezko estalkia edo fondant delakoa da aukerarik egokiena frutekin nahasteko. Purutasuna %70ekoa edo hortik gorakoa eduki dezake, horiek egokitzen direlako ongien fruten testurara eta aukera ematen dutelako fruten gozotasuna eta txokolate puruaren mikaztasuna konbinatzeko. Nahasketa aparta izaten da.

Haurrentzat.

Haurrek gozatu egingo dute gosaritan edo askaritan txokolatea katilutik hartuz. Jateko, ordea, hobe da txokolate esneduna. Nahiz eta gozoagoa den, leunagoa ere bada haurren aho sabaiarentzat. Hori bai, kontuan hartu behar da txokolate mota guztiak noizbehinka jatekoak direla (hilean egunen batean), azukre asko izaten dute eta.

Ba al dago txokolatearekiko mendekotasunik?

Pertsona askok eta askok esaten dute mendekotasuna dutela txokolatearekiko. Hala ere, osasun arloko profesionalen ustez, mendekotasunak ezaugarri jakin batzuk bete behar ditu, eta ez dirudi halakorik gertatzen denik txokolate asko jateko joera dutenengan. Ezaugarri horiek zerrendatu egin zituen Nutrizioko eta Dietetikako Akademiak (AND) 2012. urtean. Haren iritziz, substantzia batekiko mendekotasunak edo adikzioak zazpi irizpide hauetako hiru bete behar ditu uneren batean urtean zehar.

  • Tolerantzia. Hartzen den substantziaren dosiak gero eta handiagoa izan behar du eragin bera sumatzeko.
  • Abstinentziari argi lotutako sintomak agertu behar dute.
  • Substantziaren kontsumoak gero eta handiagoa izan behar du eta aurreikusitakoa baino denbora luzeagoan.
  • Pertsona horrek desira iraunkorra eduki behar du substantzia kontsumitzeko edo ezintasun nabarmena agertu behar du substantzia horren erabilera murriztu edo kontrolatzeko.
  • Norbanakoak denbora asko gastatu behar du substantziaren bila edo hura kontsumitzen, edo hark gorputzean sortzen dizkion eraginetatik lehengoratzen.
  • Substantziaren erabilerak kalte egin behar die eguneroko jarduerei.
  • Norbanakoak substantzia kontsumitzen jarraitzen du, nahiz eta begi bistako kaltea egiten dion.

AND-ren hitzetan, ez dago frogatuta txokolatearekiko mendekotasuna badenik. Harvard-eko Unibertsitateko Nutrizio Saileko zenbait adituren iritziz, interesgarria da mendekotasuna sortzen duten elikagaiak badirelako hipotesia, baina ez dago frogatua ikerlan zorrotzekin. Aditu horien iritziz, izan liteke, txokolateak duen zapore handiarekin batean, eragin nabarmena izatea produktu mota horren inguruan egiten diren publizitate kanpaina handiek ere.

Nola aurreztu

Aurrezteko aholkuak

Gustu adina formatu. Horrelaxe laburbildu daiteke atal honetako ideia nagusia. Katiluan hartzeko txokolateak noizbehinkako produktua izan behar du, gozatzeko hartzen dena, eta, hortaz, batez ere norberak zer maite duen ikusi behar da formatu bat edo bestea hautatzeko orduan. Baina norberaren gustuaz edo lehentasunaz gain, zer gehiago hartu daiteke kontua erabakitzeko orduan.

  • Denbora (eta energia) aurreztu nahi izanez gero, prestatuta datorren txokolatea da egokiena eta praktikoena: berotu eta kito, ez du besterik behar. Txokolate hautsa ere oso erabilgarria da, nahiz eta denbora gehixeago eskatzen duen. Azkenik, tabletako txokolateak tradizioari lotuko gaitu, nahiz eta denbora gehiago eskatuko digun, bai guri eta bai suari. Nahiz eta ez den alderdi guztietan garrantzitsuena, gogoan izan behar da katiluko txokolatea tableta betekin egiteak energia gehiago erabilaraziko digula prest datorren txokolatea berotzeak baino.
  • Txokolate hautsak, oro har, besteak baino merkeagoak dira. Prezioan badira aldeak, dena den: kilo bat 3,30 euro baino gutxiago kosta daiteke (EROSKI) edo 11 euro baino gehiago (Valor, azukrerik gabea). Kontuan izan behar da, ordea, txokolate hautsaren kilo batekin askoz txokolate gehiago (lau aldiz gehiago) egin daitekeela hartzeko prest datorren txokolate litro batekin baino.
  • Hartzeko prest dauden txokolateek antzeko prezioak dituzte etxe batetik bestera. EROSKI eta Ram dira merkeenak, biak ere 1,90 euroren azpitik (litroa). Txokolate hautsekin alderatuta, garestiagoak dira, kantitate gutxiago egin litekeelako. Horiek duten gauzarik onena da ez zaiela beste deus ere erantsi behar, ez urik, ez esnerik, ez azukrerik… eta sutan ere ez direla luzaroan eduki behar.
  • Tabletako txokolateek badute abantaila bat besteen aldean: aukera gehiago dago. Segur aski, modurik tradizionalena delako katiluko txokolatea prestatzeko, marka eta neurri gehiago daude merkatuan. Badira 200 gramoko tabletak, 250 gramokoak eta 300 gramokoak, eta horrek aukera ematen du txokolatea hartuko duen pertsona kopuruaren arabera hautatzeko formatua. Prezioetan ere alde aipagarriak daude: merkeenaren kiloak 5 euro baino zerbait gutxixeago balio du, eta garestienean, berriz, ia 11,50 euroan ateratzen da kiloa. Markarik merkeenak EROSKI, Valor eta Lacasa dira. Garestienak Corona eta Pedro Mayo berezia.