Erosketa Gida: jogurtak

Jogurtak: hozkailuan falta ez diren elikagaiak

Askotariko prezio, zapore eta formatotan saltzen dira eta kalitatezko proteinak eta kaltzio ugari ematen dute. Azken urteetan asko handitu da horien kontsumoa. Batez beste, heldu batek 53 gramo hartzen ditu egunean, eta haur batek 120 gramo
1 otsaila de 2015
Img alimentacion listado 1007

Jogurtak: hozkailuan falta ez diren elikagaiak

Ez dago erabat argi noiz eta non sortu zen jogurta, baina bai nola sortu izango zen. Milaka urte egin behar da atzera (auskalo zenbat), herri nomaden garairaino iritsi arte. Batetik besterako ibilian, esne freskoa ere eramaten zuten, ahuntz larruz egindako zakuetan, hain zuzen. Beroak, eta zaku horietan izango ziren bakterioek, hartzitu egingo zuten esnea, eta horrela sortuko zen jogurta.

Non gertatu ote zen hori? Zenbait historialarik Balkanetan jartzen dute jogurtaren jatorria (Bulgarian edo Erdialdeko Asian); beste askok, berriz, Turkian izan zela esaten dute. Azken hipotesi hori nahiko sinesgarria da; izan ere, jogurt terminoa turkierazko jugurt hitzetik dator, eta hitz horrek, era berean, lotura du yogmak hitzarekin: hizkuntza horretan zaharkitua gelditu den aditza da, eta ‘mamitu’ edo ‘gatzatu’ itzuliko litzateke. Gauza jakina da, hori bai, hartziduraren teknika, jogurtak eragiten duena bezalakoa, aspaldi-aspalditik erabiltzen dutela gizakiek elikagaiei luzaroago iraunarazteko. Esnearen mantenugaiak kontserbatzea, jogurtak egiten duen bezala (edo beste esneki batzuek), oso garrantzitsua izan da giza nutrizioaren historian.

Antzinako garaietatik gaur egunera etorrita, bistan da jogurta oso ohiko elikagaia dela gure etxeetan. Bilakaera hori ulertzeko, berriz ere atzera egin beharra dago, eta idazki zaharrek Plinio Zaharraren ahotan jartzen dituzten aipamenak ekarri (gure aroko 23. urtean jaio zen). Pliniok idatzi zuen “herri barbaro” batzuek bazekitela “nola loditu esnea eta nola bihurtu azidotasun atsegina zeukan substantzia”. Handik mende batera, Pergamoko Galeno medikuak (Grezian jaio zen, 130. urtean) esan zuen jogurtak on egiten ziela urdaileko arazoei.

/imgs/20150201/portada-guia194.jpg

Edonola ere, XX. mendea abiatzearekin bat hasi zen jogurta herritarren ohiko elikaduran lekua hartzen. Eta, neurri handian, Isaac Carasso-ri esker egin zuen, hura izan zen-eta jogurta merkaturatu zuen lehen enpresaburua, 1919an. Jogurtak egiteko negozio txiki bat sortu zuen Bartzelonan, eta Danone izena jarri zion enpresari, bere semeetako baten ohorez, zeinak Daniel izena zuen (etxean, nonbait, Danon esaten zioten). Marka hura Ameriketako Estatu Batuetara zabaldu zen, Dannon izenarekin (oraindik ere izen hori dauka). Carassoren ekimenak arrakasta handia izan zuen, zalantzarik gabe. Gaur egun jogurt marka asko eta asko daude munduan, eta jogurt motak ere amaigabeak dira ia. Hain da horrela, ezen batzuetan zaila baita supermerkatu batean jogurt naturalak aurkitzea.

Munduan

Munduan barrena, modu tradizionalean egin izan da jogurta, bai ahuntz esnearekin eta bai ardi eta behi esnearekin ere. Kefirari -behi esnearekin egiten da- “Bulgariako jogurta” esaten zaio, eta Kaukaso ingurutik datorrela esaten da. Koumis delakoa ere -Erdialdeko Asian sortu zen- behi esnearekin egiten da, nahiz eta behorrarena ere erabil daitekeen. Herrialde anglosaxoietan ere badute behi esnearekin egiten den esneki hartzitua: buttermilk (gurin gazura). Munduan badira beste hainbat esneki hartzitu ere. Hungarian tarho, Txekiar Errepublikan biokys, Indian dadhi… Horietako bakoitzak mikroorganismo jakinen anduiak ditu, eta horrek ematen dio bakoitzari bere lurrin, testura, azidotasun eta zapore berezia.

Aukera asko

/imgs/20150201/hombrecomprando.jpg

Betiko jogurt naturala ez da desagertu, baina haren ondoan, hainbat eta hainbat produktu hartzitu agertu dira. Lehenbizi, jogurt azukreduna sortu zuten, gero fruta zaporekoak edo fruta zatiak dituztenak (biak ere azukredunak), horien ondotik agertu ziren jogurt gaingabetuak eta eztitzaile kaloriagabeak dituztenak. Zerrenda hortxe bukatuko zela zirudien, baina inola ere ez. Jogurt likidoak etorri ziren ondoren, bifidusa dutenak, L-Casei dutenak, zuntz dietetikoa daramatenak edo esterol begetalak dituztenak (kolesterola murriztu dezaketen substantziak).

Esaten da mikroorganismo batzuen anduiek (bifidus, L-Casei…) onura nabarmenak egiten dizkiotela osasunari, baina Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agentziaren arabera, ez dago horri eusteko froga zientifiko sendorik. Bestalde, esterol edo estanol begetalak (fitoesterolak edo fitoestanolak) dituzten jogurtek badute eragina kolesterolean, eta %7 eta %11 artean murriztu dezakete hiperkolesterolemia duten pertsonetan 2 edo 3 asteren buruan. Hala ere, dietistak edo medikuak aholkatuta hartu behar dira produktu horiek, eta ez da ahaztu behar kopuru handiagoetan jateak ez dakarrela murrizketa handiagoa.

Zenbatero har daiteke? Eta zenbat?

Zer leku hartu behar du dietan

AECOSAN erakundeak (Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia da), ENIDE inkesta egin du (Espainian Dieta bidez hartzen denari buruzko Inkesta Nutrizionala), eta hor esaten denez, Espainiako herritarrek komeni baino kaltzio gehiago hartzen dute, “generoa eta adina gorabehera”.

Ez dago adostasun argirik egunean hartu beharreko esneki kopuruaren inguruan, eta jogurtak ere sartzen dira hor. Orain dela urte batzuk arte, eredutzat hartzen ziren erakundeek esaten zuten egunean 2-4 esneki errazio hartzea komeni zela, baina berriki egin diren berrikusketa batzuek besterik diote. Harvardeko Osasun Publikoko Eskolako Nutrizio Departamenduak egin du horietako bat, eta Mediterraneoko Dieta Fundazioak bestea, eta hauxe izan da bien gomendioa: egunean 1-2 esneki errazio hartu behar liratekeela, eta, ahal dela, gaingabetuak izan behar dutela. Jogurtaren kontsumoak goranzko bilakaera izan du urteetan, eta halaxe ageri da dokumentu honetan: Espainiako Dietaren Balorazio Nutrizionala, Elikadura Kontsumoaren Panelari jarraiki (Espainiako Nutrizio Federazioak eta Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak egina da). Azken urteetan, gainera, igoera hori ikusgarria izan da. 1964. urtean, egunean jogurt gramo bat hartzen zuten herritarrek (izan ere, farmazietan bakarrik eros zitezkeen). 1991n, pertsona bakoitzak 21 gramo hartzen zituen egunean, eta 2008. urterako bikoiztu egin zen zifra hori (42 gramo pertsonako eta eguneko). Egun, egunean 53 gramo inguru hartzen ditu herritar bakoitzak. Ohiko jogurt ontziak 125 gramokoak direnez, horrek esan nahi du astean 2,5 jogurt jaten ditugula.

/imgs/20150201/tarros.jpg

Edonola ere, zifra horiek helduenak dira: haurrek dezente jogurt gehiago hartzen dute. Hala, enKid azterketaren arabera (Espainiako haur eta gazte populazioaren lagin adierazgarri baten kontsumoa aztertu du), herritar talde horrek, batez beste, 120 gramo jaten ditu egunean. Beste azterketa batzuek ere antzeko emaitzak ageri dituzte. Hau da, haurrek eta gazteek ia jogurt estandar bat jaten dute egunean.

Egunero

Jogurt mota guztien arteko alderik aipagarrienak, nutrizioaren ikuspegitik, gantzetan eta azukreetan daude. Maiz-maiz jaten bada, ongi aztertu behar da etiketa; 6,5 gramo azukre baino gutxiago eta 5,2 gramo gantz baino gutxiago eduki behar lituzke. EROSKI markako produktuak badira, mantenugai horiek kolore berdez agertuko dira etiketan (semaforo nutrizionala).

Beste muturrean, oso noizbehinka jatekoak diren jogurtak daude. Errazio batean 18 gramo azukre edo gehiago ematen dutenak dira, 14 gramo gantz edo gehiago ematen dutenak edo 4 gramo gantz saturatu. EROSKIren semaforo nutrizionalean kolore laranja izango lukete. Odolean kolesterol asko ez duten pertsonek, berriz, ez lituzkete jan behar esterol edo estanol begetalak dituzten jogurtak.

Semaforo nutrizionalean ageri den bezala, 20 jogurt mota eta bi soja postre aztertu ditugu (125 gramo errazioa bakoitzean). Mantenugai guztiak kolore berdez ageri dituzten bakarrak honako hauek dira: jogurt gaingabetua (naturala edo natural eztitua), bifidus gaingabetua, L-Casei 0% duen jogurta, esterol begetalak dituena (naturala edo marrubi zaporekoa) eta soja postre eztitua. Bestalde, bereziki aipagarria da zenbat azukre duen jogurt oso frutadunak eta edateko jogurt azukredunak (azken horretan, 200 gramo aztertu dira), eta zenbat gantz saturatu duen greziar jogurt naturalak.

Gerta al daiteke gehiegizko kopuruetan jatea?

/imgs/20150201/actimeles.jpg

Ez da erraza galdera horri erantzutea. Zenbait elikagairekin oso argi daude mugak, eta ez da komeni horiek gainditzea. Baina jogurtarekin besterik gertatzen da. Gizakion nutrizioan eredutzat hartzen diren erakundeek ez dute deus ere esaten jogurt gehiegi jateak argi eta garbi ekar ditzakeen kalteen inguruan.

Edonola ere, gauza jakina da jogurt gehiegi jaten duenak utzi egingo diola beste elikagai batzuk hartzeari, besteak beste landare jatorriko elikagai gutxi prozesatuak jateari, eta horiek dira elikadura osasungarriaren oinarria. Espainiako Dietaren Balorazio Nutrizionala, Elikadura Kontsumoaren Panelari jarraiki dokumentuaren arabera, jogurta da “Espainiako dietan indar handienarekin sartu den elikagaietako bat, eta, bereziki, ‘ohiko postre’ gisa”. Horrela, postrerako ohikoak ziren beste elikagai batzuen lekua hartu du, fruta freskoarena esaterako.

Jogurta eta osasunari buruzko kezkak

Nutrizio arloko “miraria”?

Nutrizio arloko miraria beti izan da (eta izango da) orokorrean dieta osasungarria egitea, eta ez mantenugai, osagai edo elikagai jakin bat modu isolatuan erabiltzea (edo neurriz kanpo hartzea). Eztabaidaezina da jogurtak kalitate handiko proteinak ematen dituela, erraz barneratzen direnak, baina egia da, halaber, Espainiako herritarrek komeni baino proteina dezente gehiago hartzen dutela. Kaltzioa ere asko izaten du jogurtak, baina herritarrek lehendik ere hartzen dute behar eta komeni adina kaltzio.

Elikagai horretan ageri diren bakterioek egiten omen dituzten onurei dagokienez, Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agentziak ez du onartu inolako osasun aipamenik; aipamen bakarra egiteko baimena eman du, lakotasaren digestioari dagokiona, eragina izan baitezake azukre mota horri intolerantzia dioten pertsonetan.

Esandako horiek guztiek, hala ere, ez diote garrantzirik kentzen elikagai gustagarri honi, zeinak lagundu egiten baitu osasunarentzat garrantzizkoak diren mantenugaiak hartzen. Kontuan hartu behar da, dena den, honako hau: “Gehiago ez da hobea”, eta edozein elikagai neurriz kanpo kontsumitzeak berekin dakarrela beste produktu batzuk baztertzea (kasu honetan, batez ere fruta freskoz osatutako betiko postrea).

Jogurtak argaldu egiten al du? Salbuespen batzuk kenduta, jogurtek ez dute izaten kaloria askorik, gehienak esne partzialki gaingabetuarekin edo erabat gaingabetuarekin egiten dituztelako. Ez da harritzekoa, beraz, eskura dauden azterketetan lotura bat agertzea jogurt kontsumoaren eta gorputz pisua hobeki kontrolatzearen artean. Hala ere, ez dira azterketa erabakigarriak. Oso litekeena da jogurta maiz jaten duten pertsonen zenbait ezaugarrik murriztea egiaz gizentasuna izateko arriskua (adibidez, maila sozioekonomiko handiagoak, ariketa fisiko gehiago egiteak, alkohol gutxiago edateak…). Horregatik guztiagatik, ez daiteke esan jogurtak “argaldu” egiten duenik.

Edonola ere, gogoan hartu behar da jogurt batzuek kaloria asko izaten dutela. Oro har, honako hauek ematen dute kaloria gehien: jogurt azukredunek, fruta zaporekoek (edo frutadunek), eta greziarrek.

Araudia

2014ko apirilaren 11n Kalitate Arau berri bat onartu zen jogurtarentzat (271/2014 Errege Dekretua). Sektorearen lehiakortasuna hobetzeko helburua du araudi horrek, eta berrikuntzen artean, honako hau nabarmentzen da: aurrerantzean, elikadura enpresetako langileek zehaztuko dute produktuaren bizitza erabilgarria kontsumo-data gomendatuan. Data hori pasatuta jaten bada jogurta, osasunarentzat ez da arriskurik izango, esne pasteurizatuarekin egiten delako, nahiz eta azidotasun handiagoa izan dezakeen. Arau berriak, gainera, honela sailkatzen ditu jogurtak:

  • Jogurt naturala.
  • Jogurt natural azukreduna.
  • Jogurt eztitua.
  • Jogurt frutaduna, zukuduna eta/edo beste elikagai batzuk dituena.
  • Jogurt lurrindua.
  • Hartzitu ondoren pasteurizatu den jogurta (galdu egin du eske-bakterioen bideragarritasuna).

Jogurtaren gantzak

Jogurtek beren esne-zatian duten koipeki kopuruak %2koa izan behar du gutxienez, salbu eta jogurt erdigaingabetuetan (%2koa baino txikiagoa eta %0,5ekoa baino handiagoa izan behar du) eta gaingabetuetan (%0,5ekoa edo txikiagoa). Ikus daitekeen bezala, erdigaingabetuak eta gaingabetuak ez diren jogurtetan ez dago gehienezko gantz kopururik; horrek esan nahi du gantz asko samar duten jogurtak ere aurki daitezkeela, legedia betetzen dutenak.

Zenbait komunikabidetan esaten da osasun arloan badela eztabaida bat, produktuek osotara dituzten gantzak eta gantz saturatuak komenigarriak ote diren edo ez, baina adostasun zientifikoek nabarmentzen dute dieta osasungarriek gantz saturatu gutxi izaten dutela. Gantz asko duten esnekiek ere izan dezakete lekutxo bat dieta osasungarrian, zalantzarik gabe, baina gutxi edo oso neurrian hartuz gero.

Laburbilduz, etiketa aztertzea komeni da eta oroitzea onen-onena dela errazio batek 5,2 gramo gantz baino gutxiago izatea. Jogurtak 14 gramo gantz baino gehiago ematen baditu edo 4 gramo gantz saturatu baino gehiago, produktu hori desegokia izango da maiz jateko.

Jogurtak eta osasuna
  • Bifidus 0%: merezi al du diru gehiago gastatzea? Esaten da bifidus jogurtek on egiten diotela digestio sistemari, immunitate sistemari eta babestu egin lezaketela patogenoetatik. Esanak esan eta edonola ere, Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agentziak ez du onartzen produktu horiek inolako osasun aipamenik izan dezaten, ez baitago frogarik esateko bifidobakterioak dituzten jogurtak hobeak direla ohikoak baino.
  • Probiotikoak. Probiotikoak mikroorganismo biziak dira, teorian eragin osasungarriak dituztenak hesteetako floran, eta horrek on egin diezaieke, zeharka, gorputzeko beste organo eta sistema batzuei. Jogurtak Lactobacillus dekbrueckii izaten du, bulgaricus motakoa, eta Streptococcus salivarius ere bai, thermophilus motakoa. Nahiz eta Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agentziak ez duen onartu probiotikoen ustezko onuren inguruan egin dizkioten 129 proposamenetatik bakarra ere (adibidez, “defentsak hobetzen ditu”, “hesteetako flora erregulatzen du”, “hesteetako mugimendu onak sustatzen ditu”…), onartu egin du honako aipu hau ager dadin: “Hobetu egiten du laktosaren digestioa hori digeritzeko zailtasuna dutenengan”.

Jogurt edo esne hartzitu batek aipu hori eduki ahal izateko, produktuak baldintza jakin batzuk bete behar ditu: produktu gramo bakoitzak gutxienez kolonia abiarazleen 108 unitate eratzaile eman behar ditu Lactobacillus dekbrueckii delakoarenak (bulgaricus motakoak) eta Streptococcus salivarius delakoarenak (thermophilus motakoak).

Zein erosi?

Erosketa egiteko gomendioak

Jogurtak oso ohikoak dira gure etxeetan. Supermerkatuetan aukera handia izaten da begien aurrean, eta horrek zaildu egiten du aukeraketa. Hozkailu erraldoi horien aurretik pasatzean, maiz galdetzen diogu geure buruari zein komeni ote den une bakoitzerako eta pertsona mota bakoitzarentzat. Hona hemen gomendio batzuk. Zein jogurt da onena…

Egunero jateko

Egunean esneki errazio bat edo bi hartu behar direla gomendatzen dute (esnea, jogurta edo gazta), eta esneki errazio bat ohiko bi jogurt izango lirateke (125 gramokoa bakoitza). Semaforo nutrizionalean ageri den bezala (ikus taula), honako hauek dira jogurtik egokienak: gaingabetuak (naturala edo natural eztitua), bifidus gaingabetua eta L-Casei 0% duen jogurta Hortaz, jogurt horietatik bi ale har daitezke egunean. Beste esneki errazioa, berriz, baso bat esne izan daiteke edo gazta fresko errazio bat.

Sukaldean erabiltzeko

Jogurta oso osagai erabilgarria da zenbait plater egiteko: entsaladak, arrainak eta plantxan egindako haragi zuriak ontzeko saltsak prestatzeko, saltsa epelak egiteko eta gozogintzan erabiltzeko. Jogurt naturalak erabiltzea da egokiena; greziar jogurtak ere erabil daitezke, baita ardi esnearekin egindakoak ere. Baina azukrerik gabeak izan daitezela, jogurt horien ukitu azidoa oso ongi baitator hainbat errezeta osatzeko.

Haurrentzat

Haurrei zuzentzen zaizkien produktu asko daude itxuraz jogurtak ematen dutenak baina, egiaz, esnearekin edo gaztarekin egindako esne postreak direnak (jogurta izateko, legearen arabera, esne bakterioekin egina izan behar du). Hori dela eta, garrantzitsua da produktu horien etiketa aztertzea, horietako askok azukre ugari izan dezakete eta. Edonola ere, helduentzat egokienak diren aukera berberak komeni zaizkie haurrei ere: jogurt gaingabetua (naturala edo natural eztitua), bifidus gaingabetua edo L-Casei 0% duen jogurta. Kolesterol arazoak dituzten helduentzat

Esterol edo estanol begetalak dituen edozein jogurtek zertxobait murriztu dezake odoleko kolesterola. Merkatuan eros daitezkeenek ez dute izaten azukre, gantz eta gatz askorik eta edozeinek balio dezake, baina jogurt mota horiek hartzeak ez du esan nahi medikuaren esana ez dela aintzat hartu behar eta utzi egin behar zaiola bizimodu osasungarria egiteari.

Diabetesa dutenentzat

Diabetesa duten pertsonek, zenbat azukre hartzen duten zaintzeaz gain, ohartu behar dute gehiegizko pisuak handitu egiten duela bihotz-hodietako gertaera bat izateko arriskua. Pertsona horiek jogurt gaingabetuak eta azukre erantsirik gabeak lehenetsi behar dituzte, eta oso noizbehinka jateko utzi jogurt azukredunak, fruta zaporekoak (edo frutadunak) eta greziarrak.

Idorreriari aurre egiteko

Idorreriari aurre egiteko modurik onena medikutara joatea da edo dietista-nutrizionista batengana. Aholkurik onenetakoa izaten da zuntz dietetiko gehiago hartzea, landare jatorriko elikagai gutxi prozesatuetan ageri dena (osoko arroza, fruta, lekaleak, fruitu lehorrak…), eta elikagai aberastuetan ere bai. Badira zuntz dietetikoa erantsita duten jogurtak edo zenbait bakterio dituztenak, teorian hesteetako igarotze prozesua laguntzen dutenak, baina Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agentziak ez du onartzen produktu horiei idorreriaren edo beherakoaren inguruko aipamenik egitea, kontsumitzaileek ez dezaten uste izan arazo horiek hobetu egingo liratekeela jogurt horiekin. Edonola ere, ongi dago zuntz erantsia duten jogurtak hautatzea, betiere barazkiak eta fruta jateari utzi gabe (fruta errazio batek zuntz gehiago izan dezake zuntza erantsi dioten jogurt batek baino).

Noizbehinka jateko

Egun berezietarako, hiru jogurt izan daitezke gutiziarik onenak. Esne osoarekin egindako jogurt frutaduna (errazio batek egunean hartu behar liratekeen azukre guztien %20 ematen ditu), edateko jogurt azukreduna (azukreen %31 ematen ditu) eta greziarra (hartu behar liratekeen gantz guztien %18 ematen ditu eta gantz saturatuen %40 ia).

Aurrezteko aholkuak

Markak, formatuak, ontziak eta osagai erantsiak. Aldagai horiek baldintzatzen dute, nagusiki, jogurtaren prezioa. Produktu mota bat edo beste bat hartu, asko aldatzen da prezioa, eta aldeak ez dira nolanahikoak. Ez da zentimo kontua: jogurtik garestienaren eta merkeenaren artean, euro batzuen aldea dago. Merkeenek halako zazpi balio dute garestienek. Datua argia da, eta oso garbi ikusten da zer-nolako tartea dagoen: kilo bat jogurtek 1 euro eta 7 euro artean balio du. Prezioak alderatuta ikusten da hori. Ez da hain argi ikusten, ordea, non dagoen alde horren arrazoia, jogurtaren prezioa ez baitu alderdi bakarrak baldintzatzen. Zenbaitetan, marka jakin batekoa izateagatik da garestiagoa. Beste batzuetan, jogurta aurkezteko formatuak edo ontzia egiteko erabili den materialak egiten du aldea. Eta, nola ez, osagai erantsiek ere berebiziko eragina dute: zerealak, marmelada edo fruta, eta baita kaltzioa, zuntza eta esterol begetalak ere, batzuk aipatzearren.

Oro har, beirazko ontzietan saltzen diren jogurtak garestiagoak dira plastikozkoetan saltzen direnak baino. Era berean, botilatxoak -handiagoak izaten dira, 750 ml-koak- merkeagoak izaten dira banakako ontziak baino. Hala ere, ohiko neurria duten ontzi sortak ere (laukoak eta zortzikoak izaten dira gehienean) oso kontuan hartzekoak eta merkeak dira. Jogurt motari dagokionez, beste osagai batzuk erantsita dituztenak (zerealak, fruta, txokolatea…) eta “funtzional” gisa aurkezten direnak (zuntza dutenak, kaltzioa…) garestiagoak dira ohikoak baino. Eta, horien artean, gehiago ordaindu behar izaten dira zaporezko jogurtak eta azukredunak, oinarrizko jogurt naturala baino.

Edonola ere, kontuan hartu behar da lerro nagusi horiek beti ez direla betetzen. Zenbaitetan, lausotu egiten ditu “marka faktoreak”. Horrela, espero izatekoa litzatekeenaren aurka, fruta edo zuntza duen jogurt bat, marka jakinekoa delako, merkeagoa izan daiteke beste marka bateko jogurt sinplea baino. Adibide gisa: Lactebal etxeko jogurt naturalak, 200 gramokoak, 0,85 euro balio du. Diru horrekin, EROSKI etxeko jogurt sorta oso bat erosi dezakegu (500 gramo), basoko frutak dituena, edo Danone etxeak marrubiekin aberastuta saltzen duen jogurta (280 gramo).

Orduan, zer egin daiteke erosterakoan aurrezteko? Abiapuntu ona izaten da zer jogurt mota maite dugun zehaztea edo zein jan nahi dugun erabakitzea, merkatuan hainbesteko aukera izanik, ez baitago modurik jogurt mota batzuk eta besteak alderatzeko (ez da gauza bera, adibidez, edateko jogurt natural bat edo ahabiak dituen jogurt krematsu bat). Gure nahietara edo beharretara egokitzen dena hautatu ondoren, sail horretakoen artean prezioak alderatzeko modua izango dugu. Jogurt naturalen eta zaporezkoen artean, ontziaren eta markaren araberakoa izango da prezioan dagoen aldea. Baita osagaiak edo mantenugaiak erantsita dituztenen artean ere. Zenbat eta antz handiagoa izan postre batekin eta ez jogurtarekin, hainbat eta garestiagoa izango da produktua..