Haurrak eta elikadura

Jatea ez da jolasa, baina jaten ikastea izan daiteke

Elikadura arloko espezialistek adierazten dutenez, batzuetan hamar aldiz saiatu behar da haurrak zapore eta testura berrietara ohitu daitezen
1 iraila de 2011
Img alimentacion

Jatea ez da jolasa, baina jaten ikastea izan daiteke

Haurrak mahaira eseri, eta helduen gisa joka dezaten nahi izaten dugu maiz. Zintzo-zintzo jarri eta ez daitezela mugitu, platerean ateratako guztia jan dezatela, txukun-txukun, gainera. Hori, ordea, ezinezkoa da, eta alferrekoa izaten da aginduak, baldintzak, mehatxuak eta zigorrak erabiltzea: “Egon geldi!”, “ez altxa mahatik guzti-guztia jan arte”, “fruta bukatu gabe, ez dago izozkirik”… Haurrentzat oso nekeza da otordu osoa mahaian eserita egotea, eta are nekezagoa ez zikintzea:jaten hasten direnean, saiatuta ere, beti zikinduko dira.

Horiek guztiak erreakzio normalak dira; oso arraroa da haurrei zapore guztiak gustatzea, eta ahalegin handia egin behar izaten dute zapore eta testura berriak probatzeko. Etxe guztietan gertatzen dira halakoak, eta haurren bilakaera normal eta osasungarriaren barnean sartzen dira jokabide horiek guztiak. Hori dela eta, haurrek jaten ikasteko, lehenbizi gurasoek barneratu eta onartu behar dituzte oinarrizko arau batzuk, eta aurren-aurrena, hauxe: ulerberak eta sentiberak izan behar dute haurrekin, eta pazientzia eduki. Ez da erraza, jakina, eta are gutxiago garaiotan, non gauza guztiak ahal bezain azkar eta ahalik eta ahalegin txikienarekin lortu nahi ditugun. Horrek, baina, ez du balio seme-alabei modu osasungarrian jaten erakusteko, tentsiorik eta gatazkarik gabe. Txiki-txikitatik elikadura orekatua egiten erakusteak denbora eta ahalegina eskatzen du.

Elikadura orekatua zer den jakitea erraza da, elikadura orekatua egitea baino gehiago. Haurrek bi edo hiru fruta ale jan behar dituzte egunean, bi berdura-errazio, arraina astean hirutan edo lautan, lekaleak astean bitan… Gomendio edo jarraibide horien berri edukitzea oso garrantzitsua da, baina teoriarekikoak egitea ez da hain zaila (haur-elikadurari buruzko edozein liburuk erakutsiko digu zer egin behar den). Gurasoei sortzen zaien erronkarik handiena teoriarik praktikara jauzi egitea izaten da, liburuetan ikasitako hori etxeko sukaldean gauzatzea. Ongi jaten ikasteak, beste deus baino gehiago, norberaren desira izan behar du, konbentzimendu barneratua. Jaiotzen den unetik beretik has daiteke haurra zapore berrietara ohitzen, bularreko esnetik abiatuta. Urteak igaro ahala, koherentziaz jokatu behar da, eta esaten denak bat etorri behar du egiten denarekin. Etxean jaten dutena izaten du haurrek eredu, eta, beraz, gurasoek arduraz jokatu nahi badute, eta familiaren osasunaren alde egin, elikagai osasungarriak hautatu eta prestatu behar dituzte.

Amaren esnea: elikagai berrietan lehena

Amak zer jaten duen, horren araberako zaporea izaten du haren esneak, eta aldaketa horiek lagundu egiten dute haurrak zapore berriak onar ditzan eta zaporearen zentzumena landu eta dibertsifika dezan. Ikerketa bidez frogatua dago amaren esnea hartu duten haurrak, formulako esnea eman dietenen aldean, gertuago egoten diela zapore berriak hobeki onartzeko. Amaren esnearekin elikatu dituzten haurrek zapore gehiago dastatzeko aukera izaten dute esne horren bidez, eta are gehiago amaren elikadura askotarikoa bada. Formulako esnea hartzen dutenek, berriz, ez dute izaten halako ugaritasunik. Horrexegatik, bularra ematen duen amak zenbat eta gauza gehiago jan eta zenbat eta jaki gutxiago baztertu, orduan eta aukera gehiago izango du haurra jale ona izan dadin.

Mugarik gabe

Haurrak bi urte egiten dituenean, denetarik jaten has daiteke (berdurak, frutak, arraina, lekaleak…), eta prestatu eta aurkeztu ere, modu batean baino gehiagotan egin daitezke jakiak. Une horretan, hortz-haginak aterata edukitzen dituzte haurrek, eta ongi murtxika ditzakete jakiak; digestio-aparatua, berriz, erabat garatua izaten dute. Hori dela eta, txiki-txikitatik denetarik jan dezatela komeni da. Eta gurasoen erantzukizuna da elikadura askotarikoa eskaintzea eta haurraren adinari eta bilakaerari komeni zaion neurrikoa. Izan ere, gehienetan, gurasoen ohiturek eta okerreko ereduek baldintzatzen dute haurrei gauza bat gustatzea eta beste bat ikusi ere egin nahi ez izatea.

Guraso askok harrituta ikusten dute beren haurraren adin bera duen beste batek entsalada bat jaten duela, garbantzu egosiak eta ez pure eginda, edo azalore zatiak. Ohikoa izaten da gurasoek aldez aurretik epaia ematea: “Hori ez zaio gustatuko”, “ez dut uste jango duenik”, “saiatu ere ez egin, ez du ahorik irekiko eta”… Gisa horretako esaldien mezuak ez dira batere egokiak, eta mezuaren araberako eragina lortzen dute. Haurrek adi jarraitzen dute helduek esaten duten guztia; guk uste baino gehiago entzuten eta ulertzen dute, eta horren arabera jokatzen.

Janariarekin esperimentatu

Haurrari lehenengo hortzak atera zaizkionean eta gauzak hartu eta ahora eramateko trebezia gehiago eskuratzen duenean, oso une ona izaten da elikagaiekin esperimentatzeko. Onuragarria izaten da elikagaiak uki ditzan, testurak proba ditzan, ahora eramaten saia dadin, eta ahoan murtxikatzen edo desegiten (galletak, fruta oso umotua edo guria, arrain birrindua…). Ekintza horiek guztiek lagundu egiten dute haurraren bilakaera psikomotorra eta elikadura-jokabidea.

Bi edo hiru urteetatik aurrera, haurrak daukan autonomiaren eta bilakaeraren arabera (esku-trebetasuna, koordinazioa, oreka, arreta eta kontzentrazioa), garrantzitsua da haren autonomia errespetatzea, sustatzea eta txalotzea, gertutik zainduta betiere, eta askatasuna ematea gauzak bere kabuz egin ditzan.

Horregatik, oso txikiak direnean, zenbait ekintza modu autonomoan egitera bultzatu behar dira haurrak: bakarrik edan, koilara erabili, baita platerak eta mahai-tresnak bildu ere. Jateko tartea luzatu egiten da, denbora gehiago behar izaten da, baina inbertsio ona da heziketa-ikuspegitik. Urteekin, hainbat gauzatan lagunduko dute: ogi txigortua prestatzen, zukuak zerbitzatzen, antxoak arrautza-irinetan pasatzen, mazedonia egiteko platanoak zuritzen, bizkotxoari jogurta botatzen… Haurrei izugarri gustatzen zaie parte hartzea, eta haiek lagunduta prestatuz gero, gehiago eta hobeki jango dute, segur aski. Hori kontuan hartuta, ideia ona izan daiteke gutxien gustatzen zaizkien jakiak prestatzeko gonbita egitea: frutak, berdurak eta arraina. Oso ongi pasatuko dute fruta-brotxeta koloretsuak eginez, barazki-pizza bat prestatuz, legatzezko haragi-bolen orea nahasiz edo bakailao-kroketena.

Familian jatea: elkarrekin jatea baino gehiago

“Gurasoek erantzukizun handia daukagu gure seme-alaben elikadura-jokabideetan, betidanik garrantzitsu jo diren beste zenbait alderditan adinakoa edo handiagoa: irakurtzen ikastea, matematikak ulertzea edo mahaian jendetasunez jokatzea”. Gogoeta horrekin, Marta Garaulet doktoreak argi utzi nahi du, haurrei elikadura-jokabide osasungarriak erakusteko, giro egokia lortu behar dela eta heziketarik onena eman (Niños a comer. Evita la obesidad del niño y del adolescente liburutik hartua da aipua). “Jaten ikasteko” ikasgaia etxean hasten dela, alegia. Eta lehenik ikasi beharrekoa, berriz, familian jaten izan behar luke. Ohitura atsegin horrek salbuespen izateari utzi behar lioke, eta eguneko otordu guztietara hedatu behar litzateke, gosaritik bertatik hasita.

Etxean hasi behar dute haurrek jaten ikasten

Jose Manuel Moreno Villares doktoreak ere badu artikulu jakingarri bat: “La comida en familia: algo más que comer juntos” (Familian jatea: elkarrekin jatea baino gehiago). 12 de Octubre Ospitaleko Nutrizio Klinikoaren Unitateko kidea da Moreno, eta hainbat ikerketaren aipamenak egiten ditu, zeinetan frogatu baitute familian jateak hobetu egiten duela dietaren kalitatea eta lagundu egiten duela ohitura onak barneratzen, fruta, berdura, labore… gehiago jateko joera izaten delako, eta jaki frijitu eta freskagarri gutxiago. Beste ikerketa batzuek erakutsi dute elkarrekin maizago jaten duten familietako nerabeengan murriztu egiten direla ohitura arriskutsuak (erretzea, alkohola edatea edo drogak hartzea), eta hori gertatzen da, neurri batean, estutu egiten delako gurasoen eta seme-alaben arteko harremana. Zenbait txostenek, berriz, lotura ikusten dute elkarrekin jatearen eta hizkuntza eta komunikazio-gaitasunak hobetzearen artean, zeren mahaian elkarrekin ematen duten denbora horretan aukera izaten baita solasaldi garrantzitsuak egiteko, istorioak kontatzeko eta esperientziak trukatzeko. Gainera, funtsezkoa da kide guztiek esku har dezatela elikadurarekin zerikusia duten jarduera guztietan: erosketa, menua erabakitzea, platerak landu eta prestatzea, mahaia zerbitzatzea, eta abar.

Etxea eredu

Elikadura-ohituren inguruan etxean ikusten dutenak berebiziko garrantzia izango du haurrek etorkizunean izango duten jarreran. Etxeko menuan elikagai askotarikoak ikusten badituzte, errazagoa izango da haurrak ere ugaritasun-zaleak izan daitezela eta elikagai mota gehiago onar ditzala. Aitzitik, etxeko otorduak ez badira osasungarriak edo elikagai gutxi batzuetara mugatzen badira, haurrak nekez ulertuko du denetarik jan behar duela. Haurrak, izan ere, helduen jokabidek imitatzen eta islatzen ditu. Horregatik, mezua eraginkorra izan dadin, bat etorri behar dute haurrari ematen zaizkion aholkuek eta norberak dauzkan ohiturek.

Hutsik egiten ez duten hiru aholku
  1. Hamar aldi ere bai: Elikadura arloko espezialistek adierazten dutenez, batzuetan hamar aldiz saiatu behar da haurrak zapore eta testura berrietara ohitu daitezen. Adituek diotenez, haurrek ez dituzte berez onartzen zapore eta jaki berriak, eta behin baino gehiagotan hartu behar izaten dituzte beren elikaduran onartu arte. Funtsezkoa da pazientzia edukitzea eta ahaleginean jarraitzea.
  2. Ez galarazi elikagairik: Elikadura-alergiak edo -intolerantziak tarteko izan ezean, elikadura-pedagogiaren ikuspegitik, ez da batere ona elikagai batzuk galaraztea. Elikagai galarazia gehiago irrikatzea baino ez da lortzen jokabide horrekin. Sekula ez zaio esan behar ezetzik elikagai bati; kopuruak eta maitasunak soilik ardura du. Ez dago elikagai txarrik, eta, era berean, ez dago elikagai miragarririk. Garrantzitsuagoa da elikagai onak jaten ikastea, hain osasungarri ez direnak galaraztea baino. Askoz etekin hobea ateratzen da ona denaren alde eginez eta horiek beharrezko direla sinetsaraziz.
  3. Txalotu aurrerapenak: Haurrak jokabide egoki bat erakusten duen bakoitzean, oso ona eta beharrezkoa izaten da zoriontzea edo hitzez goraipatzea. Ongi egin duenean, gustatzen zaion zerbait ematea gomendatzen dute (beti ez du zertan izan apetazko jaki bat), eta gustatzen ez zaion egoera edo zeregin bat kentzea. Bi kasu horietan, onura bat lortzen du egoki jokatzeagatik, eta, saria lortzearren, berriz ere hala egingo du, segur aski.