Gose emozionala: janaria bihurtu zait kontsolagarri

Emozioak baretzeko helburuz janaria erabiltzeak nahasmendu larriagoak eragin ditzake.
1 azaroa de 2021

Gose emozionala: janaria bihurtu zait kontsolagarri

Nork ez du maite jatea? Gazta gratinatu baten testura urtua, puntu-puntuan egosita dauden berdura batzuen leuntasuna, txingarretan egindako haragi zati baten zapore leherketa… Janaria plazerari lotua dago, eta ospakizunetan ere ezinbesteko osagaia izaten da. Pandemia garaian, pantaila aurrean jarri ginen lagunekin trago bat eta mokadutxo bat hartzeko. Aperitiboak ere prestatu genituen mimo handiz senideekin partekatzeko distantziak gorabehera. Ekintza horietako zenbat egin ote genituen gosea edo egarria genuelako? Ezin da ukatu bizi garen testuinguruan plazeragatik jaten dugula askotan. Horri esaten zaio gose emozionala.

Gose fisiologikoa eta emozionala

Ordu batzuk egiten ditugunean ezer jan gabe, gure gorputzean prozesu multzo bat hasten da “protesta” egiteko eta mantenugaiak behar dituela jakinarazteko. Hesteko zelulek grelina jariatzen dute, gose eta asetasun irudipenarekin zerikusia duen hormona bat, eta gure pankreak intsulina sortzen du; ondorioz, jaitsi egiten da glukosa maila eta hainbatetan ahuldadea sentitzen dugu goseak gaudenean. Seinale horiek guztiak garunera iristen dira eta elikagai beharra dugula ikusarazten digute. Prozesu hori ez da berehalakoa. “Ondoez sentipen bat izaten da, gutxika-gutxika handituz joaten dena, eta maila gorenera iristen denean, edozein elikagai mota desio izaten dugu. Ez du axola izaten zer gustatzen zaigun gehiago eta zer gutxiago”, azaldu du Daniel Ursua dietista-nutrizionistak.

Jaten hastean baretu egiten da sentipen hori eta beste prozesu batzuk hasiko dira aseta gaudela ohartarazteko, baina horiek ere ez dira izaten berehalakoak. Asetasunaren seinaleak 20 minutu ere behar izaten ditu garunera iristeko. Badago, ordea, beste gose mota bat ere, “emozionala” esaten zaiona, eta hori ez dago lotua mantenugai faltari. Marc Ruiz psikologoa eta psikoterapeuta da, elikadura arloko jokabideen nahasmenduetan espezializatua, eta honela definitzen du: “Badaude elikagaiei loturiko sentipen atseginak, jan ondoren hor gelditzen direnak, erlaxatu egiten garelako. Izan daitezke zapore jakinek eragindakoak ere. Horrek esan nahi du, epe motzean, janaria bitarteko bat izan daitekeela antsietateari aurre egiteko. Janaldi emozionala horixe da, elikagaiak jatea ongi sentitu edo emozio desatseginak baretu daitezen”.

Gose fisiologikoa esango geniokeena ez bezala, gose emozionala bat-batean sortzen da, ez du zertan bat etorri otorduak egiteko izaten ditugun orduekin, eta elikagai jakin bat edo multzo jakin bat nahi izaten da. “Eguneroko hainbat egoeratan gertatzen da. Lanean egun bereziki gogorra izan dugunean, etxera iritsi eta pizza bat nahi izaten dugu, hanburgesa bat edo plazera eta ordain irudipena emango digun edozein janari mota”, erantsi du Daniel Ursuak.

Baina ez da gertatzen emozio ezkorrekin bakarrik. Otordu bat prestatzen ari garenean eta normalean jaten ez ditugun elikagai eta produktuak sartzen ditugunean eta ohi baino kopuru handiagoetan, hor ere gose emozionala agertzen da.

Publizitatea: emozioak salgai

Elikagaien industriako enpresa handiek diru asko inbertitzen dute asmo jakin batekin: saltzea. Pertsona bakoitzak gustu eta interes batzuk ditu. Mundu guztiak ez du maite txokolatea, pizza edo alkohola, baina denek badugu gauza bat: emozioak. Denek eduki dezakegu egun txar bat, nekatuta egon gaitezke edo zerbait ospatzeko gogoa eduki dezakegu. Iragarki askok jotzen dute emozio horietara modu batean edo bestean. Marka gutxik saltzen dituzte produktuak, gehienek esperientziak saldu nahi izaten dituzte.

Arazoa da iragarki horiek denek ikusten dituztela, janariarekin harreman ona dutenek eta ez dutenek ere bai. Eta egunero ikusten ditugun kanpaina askok jokabide arriskutsuak azaleratzeko bidea eman dezakete. Halaxe frogatu zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak eta Pompeu Fabra Unibertsitateak ean elkarrekin egin zuten ikerketa batek. Ondorioetan ageri denez, “publizitatean zenbait balio islatzeak modu erabakigarrian eragiten dio elikagaiekiko jokabide nahasien arazo sozial larriari”. Horren adibide dira janaria familiako gatazken “bitartekari” gisa darabilten publizitate kanpainak. Berdin gertatzen da sari gisa aurkezten dutenean lanegun gogor bati akabera jartzeko, gimnasioan saio bat egin ondorenerako edo harreman bat etendakoan egoerari buelta emateko.

Txarra al da emozioek bultzaturik jatea?

“Behin gose mota hori identifikatuta, ulertu behar dugu berez ez dela arazo bat. Den bezala ikusi behar dugu. Eskura dugun beste baliabide bat plazera lortzeko”, azaldu du Ursuak. Non egon liteke arazoa? Elikadura mota hori izatea baliabide bakarra gure emozioekin harremanetan egoteko.

Irudika dezagun, gure haurrak negar egiten duen bakoitzean, marrazki bizidunak jartzen dizkiogula mugikorrean. Berdin du zergatik den, logalea, asperdura, gosea… Beti marrazki bizidunak. Argi ikusten dugu mugikorra ez daitekeela izan gure baliabide bakarra. Baditugu beste aukera batzuk, adibidez liburuak, jostailuak edo gu geu saiatzea haurraren arreta geureganatzen. Janariarekin eta emozioekin berdin gertatzen da. Irakurtzea, paseatzea, kirola bizi-bizi egitea, lagunekin hitz egitea, film bat ikustea… Garrantzitsua da eskura baliabideak edukitzea gure emozioak kudeatu eta horiei erantzuteko. Bai emozio onei eta bai ezkorrei. Gainerakoan, arazo larriago bat sorraraz dezake, adibidez elikagaiekiko jokabideen nahasmenduak.

Noiz bihurtzen da nahasmendu

Espainian 400.000 lagun inguruk daukate janariarekin zerikusia duen nahasmenduren bat, eta gehienak –300.000 inguru– 12 eta 24 urte arteko gazteak dira, datu hori eman zuen 2019an Elikadura arloko Jokabide Nahasmenduak Ikertzeko Espainiako Elkarteak (AEETCA). Adituen iritziz, datu horiek motz gelditzen dira. “Oso zaila da zehaztasunez jakitea zenbat pertsona ari den arazo horren aurka borrokan, egiaz dagoen baino kasu gutxiago diagnostikatzen baita”, azaldu du Mariana Alvarezek, nahasmenduetan espezializatua dagoen dietistak.

Gauza bat argi dago: gero eta jende gehiagori eragiten diote. Azken 18 urteetan, bikoiztu egin dira elikagaiekiko jokabideen nahasmenduak. 2000. urtean munduko biztanleen %3,4ri eragiten zieten arazo horiek, eta 2018rako, berriz, %7,8ra igo zen zifra, halaxe ageri da The American Journal of Clinical Nutrition aldizkarian argitaratu zen ikerlan batean.

“Elikagaiekiko jokabideen nahasmenduak gero eta ohikoagoak diren arren gure inguruan, tratamendurako erabiltzen diren baliabide publikoak asko aldatzen dira Espainian, ez bakarrik autonomia erkidegoen arabera, baita pazientea hartzen duen osasun arloaren arabera ere”, adierazi du Ursuak. Paziente horiekin lan egiten duten psikologoek behin eta berriz eskatzen dituzte osasun arlo guztietan espezializatuta dauden taldeak, frogatua baitago horrek lagundu egiten duela kasuak hobeto identifikatzen, eta murriztu egiten dituela ospitaleratzeak eta berriz erortzeko arriskua.

Norengana jo

Arlo bakoitzak ikusiko du nola jokatu kasu bakoitzean, baina paziente horiekin lan egiten duten profesionalen iritziz, desiragarriena litzateke Lehen mailako Arretako medikuak egitea beti gaitza antzemateko diagnostikoa. Zenbaitetan, batez ere kasurik larrienetan, programa edo unitate espezifikoetara bideratzen dituzte, halakorik dagoenean. Beste batzuetan, Buru Osasuneko Unitateak bahetze bat egiten du aurretiaz edo beste espezialitate batzuek ere bai, adibidez Endokrinologiak edo Digestio Unitateak.

Nolanahi ere, onena izaten da gure familiako medikuari galdetzea beti, inork baino hobeto jakingo baitu nolako baliabideak dauden eskura eta horietara bideratuko gaitu komeni bada. Halako baliabiderik ez balego edo behar adinakoak izango ez balira, beti bila ditzakegu elikagaiekiko jokabideen nahasmenduetan espezializatuta dauden psikoterapeutak. Hain zuzen, egokiena litzateke dietista-nutrizionistekin edo dietetikako goi teknikariekin eskuz esku lan egiten duten profesionalak aurkitzea. Gure erkidegoko psikologoen elkargoan galdetu dezakegu informazio gehiago izateko.

Zer egin eta zer ez

Iruditzen bazaigu gure inguruko norbaitek era horretako nahasmenduren bat eduki dezakeela edo, besterik gabe, kezkatzekoak iruditzen bazaizkigu haren jokabidean antzeman ditugun aldaketa batzuk, lehentasunezkoa izaten da profesional baten laguntza jaso dezala, baina beti ez da ahalko, berak ere prest egon beharko baitu pauso hori emateko. Laura Hernangomez psikologo klinikoa da, eta Elikagaiekiko Nahasmenduen Unitatean aritzen da, Toledon; gako batzuk eman dizkigu nola jokatu jakiteko:

  • Sintometatik harago ikustea. Pertsonaren egoera emozionalari begiratu behar zaio, nola dagoen jakin, zer-nolako emozioek eraman ote duten sintoma horiek agerrarazi dituen “larrialdi irteera” erabiltzera.
  • Ez diegu ez ikusiarena egin behar alarma zantzuei. Jarrera edo jokabideren batek kezka sortzen badigu, salatu egin behar dugu. Epaitu gabe, inor errudun egin gabe, gure kezka jakinaraziz baino ez.
  • Ez erabili xantaiarik, tranpa duen galderarik edo zeharkako iruzkinik. Pertsona horri ikusarazi egin behar diogu lagundu egin nahi diogula. Arazo konplexua da, eta “taldea osatzea” izango da helburua.
  • Oso garrantzitsua da pertsona horrek ikusi eta uler dezala kezkatuta gaudela. Erabat ohar dadila haren esanetara gaudela eta prest dagoenean lagundu egingo diogula.

Laura Hernangomezen iritziz, nahi gabe bada ere, min eman diezaiokegu pertsona horri, eta garrantzitsua da horretaz jabetzea. “Ez dugu nabarmendu behar senide, lagun edo ezagun batengan aldaketa fisikoak ikusten ditugunean. Ez dakigu zerk eragin duen, eta guri onuragarria dela iruditu arren, pertsona horrek agian ez du berdin ikusiko”, azaldu du. Arau orokor gisa, ez genuke beste inoren alderdi fisikorik aipatu behar, baldin eta ez bada hiru segundoan alda daitekeen zerbait. Adibidez, ilea nahasia duela, edo hortz artean zerbait daukala… Norbait negarrez ikusten duzunean ezin jakin dezakegun bezala gauza on batengatik edo txar batengatik ari den, ez dakigu pisua zergatik hartu edo galdu duen ere.

“Egunero jaten dugu eta garrantzitsua da ekintza hori sinplea izan dadila eta ez dezala eragin inolako arazorik. Garrantzitsua da, halaber, janariarekin gozatzea eta, horregatik, arreta jarri behar diogu janariarekin dugun harremanari eta erne egon behar dugu zerbait ongi ez doalako zantzuren bat sumatzen ote dugun”, azaldu du Daniel Ursuak.

Elikagaiekiko jokabideen nahasmenduak 

Elikagaiekiko jokabideen nahasmenduetan arazo handietako bat izaten da oso zaila dela diagnostikoa egitea. Horiek pairatzen dituzten pertsonek askotan isildu egiten dituzte harik eta jasanezin bihurtzen diren arte. Gainera, osasun sistemak ez dienez arreta homogeneo bat ematen, zaila da gutxi gorabeherako zifra batzuk lortzea. Bestalde, paziente batengan aldatu egin daiteke diagnostikoa sendatze prozesuan zehar. Nahasmendu horiek tratatzen dituzten profesional guztiek aitortzen dute behar baino diagnostiko gutxiago egiten dela. “Ohikoa da gure inguruan ezagutzea gisa horretako arazoak eduki dituen norbait eta, batez ere, kontuan hartu behar dugu ez dela beharrezkoa nahasmendu bat izatera iristea elikagaiekin dugun harremana zaintzeko”, ohartarazi du Daniel Ursua dietista-nutrizionistak.

Buru Nahasmenduen Diagnostikoa eta Estatistika egiteko Eskuliburua (DSM-5) erabiltzen dute espezialistek nahasmendu mota hori tratatzeko. Hor aipatzen dira anorexia urduria, bulimia urduria eta betekada bidezko nahasmendua, besteren artean. Sintoma asko elkarrekin dituzte zenbait nahasmenduk, eta pertsona batek sintoma bat edo batzuk eduki ditzake, eta bilakaera bat ere egon liteke. “Etiketa horiek gorabehera, janariarekiko harremanean arazo bat dagoen aldiro, garrantzi handiagoa edo txikiagoa izan, garrantzitsua da arreta jartzea eta bitartekoak bilatzea ez dadin areagotu”, erantsi du Ursuak.

Nola jakin arazoa larria den

Janaldi emozionalak, luzera begira okerreko harremana sorrarazten duenean janariarekin, egoera kezkagarriagoak agerraraz ditzake. Mariana Alvarez  psikologoa da, elikagaiekiko jokabideen nahasmenduetan espezializatua, eta haren esanetan, alerta seinaleak asko eta askotarikoak izaten dira. Garrantzitsua da jakitea zein diren seinalerik ohikoenak eta lehenbailehen esku hartzea, nahasmendu horien larritasuna handitu egiten baita egunez egun. Honako hauek dira alerta seinaleetako batzuk:

Sintoma fisikoak 

  • Gorabeherak gorputzaren pisuan, eta horien artean, pisu galtze edo hartze oso nabarmenak. Horrek esan nahiko luke pertsona horrek murriztu egiten dituela elikagaiak bolada batzuetan (luzeagoak edo laburragoak izan daitezke).
  • Etengabe hotzez egotea. Pisu galera handiak kalte egin diezaioke gorputzak tenperatura doitzeko duen gaitasunari.
  • Gorabeherak hilekoaren zikloan. Hilekoa galtzearen atzean arrazoi bat baino gehiago egon daiteke, eta pisua galtzeak ere aldarazi egin ditzake hormonak eta hilekoa eten.
  • Zorabioak, nekea, gogo falta, buruko minak eta ondoez orokorra. Energia faltak gisa horretako sintomak eragin ditzake.
  • Digestioarekin edo janaldiarekin zerikusia duten kexuak (trabak, haizeak, astuntasuna, sabeleko minak…). Ohikoa da paziente mota horrek digestioari loturiko eragozpenak izatea.

Jarrera sozialak

  • Elkarrizketa guztiak itxura fisikoaren, modako dieten, kirolaren… ingurukoak izaten dira. Izan ere, itxura fisikoa, dietak eta estetika inguratzen duen guztia egoten da beren interesen erdigunean.
  • Etengabe aitzakiak jartzen dituzte janariari loturik dauden planak egiteko edo, batzuetan, baita elkarrekin egoteko ere. Bilkura sozialak janariaren edo edariaren inguru izaten dira gehienean eta, beraz, une zailak izaten dira pertsona horientzat.

Aldaketak elikagaiekiko harremanean

  • Otorduak huts egitea edo 12-24 orduko baraua egitea. Nork bere buruari goitika eginaraztea edo janaria botarazteko beste metodo batzuk erabiltzea.
  • Uko egitea (gehienean oso modu erradikalean) elikagai ultraprozesatuei eta lehentasuna emateko osasungarriagoei/real food motakoei/eko, bio erakoei.
  • Gehiegi edatea. Ura izan daiteke, infusioak edo azukre gabeko freskagarriak.
  • Janaria ezkutatzea logelan edo haiek bakarrik ezagutzen dituzten etxeko txokoetan.
  • Pisua maiz-maiz zaintzea, modu obsesiboan. Pertsona horiek egunero pisatzen dira eta zenbaitetan behin baino gehiagotan egun berean, zerbait hartu edo jan aurretik/ ondoren.
  • Elikadura beste norbaiten esku uzteko zailtasuna; aldi berean, denbora asko pasatzen dute haiek probatu ere egingo ez dituzten platerak prestatzen (bereziki gozoak).
  • Gehiegizko interesa agertzea elikagaien kaloriekin eta modako plater, errezeta eta dietekin.
  • Bakarrik daudenean jateko joera. Pertsona horietako batzuek utzi egiten diote familian jateari.